Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arabera, legezkoa da islamdar zapia edo hijaba debekatzea. Leyla Sahin-ek, emakumezko turkiar batek, salatu zuen ez ziotela Istambuleko Unibertsitatean sartzen utzi zapi islamdarra eramateagatik. Areago, ez zioten azterketak egiten utzi ez eta matrikula ere. Sahinek Estrasburgora eraman zuen auzia, bere iritziz, hiru eskubide ez zaizkiolako bermatzen: erlijio askatasuna, hezkuntzarako eskubidea eta intimitatearen errespetua. Haatik, Auzitegia berdintasun sekularraren printzipioan oinarritu da, eta badirudi ez direla hiru eskubide horiek urratzen.
Nork nahi duen bezala jantzi dezakeela badirudien arren, jantzi zehatz batzuk debekatzen dituzte gaur egun. Hijabaren kasuan eman ohi den argudioa da zapi erlijiosoa dela -nolanahi ere beti ez dela horrela iruditzen zait niri-, eta ustezko integrazioa lortzeko hobea bide dela gisa horretako adierazgarriak ezabatzea. Hala ere, hitz egin daiteke integrazioaz, zure identitatearen zati bat ukatzen badizute? Ez al da funtsezkoa eramateko ala ez eramateko eskubidea bermatzea, alegia aukeratzeko eskubidea?