Julio César Díaz, erlezaintza eta apiterapian aditua: «Gripearentzako onena, propolia»


2005eko azaroaren 20an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Julio César Díaz (1954) Argentinako San Luis probintzian bizi da, Buena Esperanza herrian. San Luis probintzia aski pobrea da eta irakurleak karta geografikoan Buenos Airesetik Ande mendietara abiatu eta Txileko Santiagorako erdi bidean aurkituko du. Mediku zirujau ikasketak egin zituen Diaz doktoreak, eta Apiterapia berriz liburuetatik eta Kubako medikuengandik ikasi zuen. Medikuz gain erlezaina ere bada, eta Argentinako Erlezainen Elkarteko ordezkaria da San Luisen.

Bero hitz egin eta bero idazten duen gizona da Julio Cesar Diaz. Berotasun bera darabil gizartearen arazoak aztertzerakoan, eta horrek hainbat buruhauste, mehatxu eta kolpe zikin ekarri dizkio bizi den herrian. Euskal Herrian askok ezagutu dute Diaz doktorea Tolosako Luis Mari Intza erlezainaren bitartez eta ondoren arazoren bat edukitzeagatik kontsulta egin diotelako, posta bidez. Beti erantzuten du Juliok. Hori bai, ironia ondo ulertu behar zaio.

Konta iezaguzu nola den zure bizitzako aste bat San Luisen. Gure irakurleek zure jardueraren argazkia eduki dezaten.
Ez naiz langile eredugarria, egia esan. Nire kontsultategian astelehenetik ostiralera 9:00etatik 12:00etara egiten da lan, eta han batez ere erretiratu eta pentsionisten kontsultak hartzen ditut. Honek ez du dirurik ematen, baina egin beharra daukat, 2.500 biztanleko herri honetan mediku partikular bakarra naiz eta.

Normalean ordu horietan -gaixo bat joan eta bestea etorri bitartean- ikasten, idazten, eta botika homeopatiko, apiterapiako eta landaretakoak prestatzen aritzen naiz. Arratsaldeak ematen ditut erlauntzetan, parkean eta mintegian. Lorategi botaniko bat daukat desertuan munduko leku askotako espezieekin eta mintegian oihan berriak landatzeko bertako landareak ekoizten ditut. Hobby hutsagatik. Urtean 10.000-15.000 zuhaitz landare produzitzea ez da erraza pertsona bakarrarentzako, baina plazerra da. Neguko arratsalde luzeetan zurean grabatuak eta tailak egiten ditut.

Ostiral eta larunbat arratsaldeetan homeopata eta apiterapeuta lana egiten dut, hainbat lekutan pasatzen ditut kontsultak eta asteburu guztietan bidaiatzen dut, mediku lanetan nahiz hitzaldiak edo ikastaroak emateko. Igandeetan etxean saiatzen naiz egoten. Etxetik auto lasterketak ikustea maite dut. Zorionak ematea badaukazue zuen bizilaguna den Alfonso Alonsori.

Zuk zure maputxe sustraia aldarrikatzen duzu.
Gure amonaren ama Epumer Payné (Zeruetako Bi Azeriak) kazikearen arreba zen. Epumer izan zen zuri inbaditzailearen aurrean amore eman ez zuten hiru buruzagietako bat. Familiak ezkutatu egin zidan hori baina amonak kontatu zidan 24 urte nituenean. Gero arakatu nuen informazioa, leku eta datak, eta amandreak egia zioela jakin nuen. 91 urterekin hil zenean burua argi zuen eta bere maputxe aurpegiarekin ezin zuen gezurrik esan.

Maputxeak Andeen bi aldeetan bizi ziren, nahiz eta historiagileek txiletarrak direla dioten. Ezin jakin non egon ziren: beren denbora "zirkulu-formakoa" zen eta ez lineala gurea bezala; "atzo" esan eta izan daiteke atzo bezala duela 200 urte. Ez zuten idazten; ez zuten behar: idatzitik haratago doan ondarea utzi zuten, hala nola 28 eguneko 13 hilabetez osatutako egutegia, bere solstizio eta ekinozioekin, perfekzio harrigarria duena.

Gainerakoan baditut odol belgikar, arabiar eta italiarra. Zer iruditzen nahasketa? San Luisen ez dago ia batere interesik jatorrizkoaz, nahiz eta agintariek ere baduten odol aborigenaren arrastoa. Egia esan, salbuespen jatorren batzuk kenduta, honetaz ez dago interesik Argentinako inongo eskualdetan.

Zein etorkizun ikusten diozu maputxe jendeari?
"Lurraren Nagusiak" esan nahi du maputxe hitzak. Maputxeen herri edo nazioa jadanik ez da existitzen. Nahastu gabeko bakar batzuk bizi dira "erreserba" direlakoetan, irabazlearen karitatetik biziz, lan egitea baino erosoagoa delakoan. Norberari min egiten dio bere jendea horrela bizitzen ikusteak, baina trobadoreak ez du errealitatea asmatzen, kontatu egiten du.
Mugimendu indigenistak gero eta sendoagoak dira eta ozenago entzuten zaie, baina geratzen den pixka horretatik zerbait salbatzea besterik ezin dute egin, eta ez da gutxi. Beharbada, gaur inportanteena partaide izatearen harrotasun hori izan daiteke. Ez ahaztu garaituak ez direla ondo ikusiak izaten sekula. Jatorrizko herriok garaitu egin gintuzten eta belaunaldiz belaunaldi herri horietako kide izatearen lotsa irakatsi ziguten. "Indio izatea" mozorrotu egin behar zen.

Asko dira gaur egun beren sustraiak ezagutzen ez dituztenak, eta beste asko jatorrizko arbasoak eduki ez arren lur hauetako biztanle autentikoen defendatzaile sutsuak direnak. Guk zera sinestu dugu: "Lurra ez da gizakiarena, baizik eta gizakia lurrarena"; eta horregatik Turner, Stallone, Bennetton eta hemen bertako zenbait traidorek gure lurrak bereganatu dituzte. Inperio erromatarra erori bazen, Berlingo harresia ere bai... nori axola zaio etnia bat edo hamar gehiago edo gutxiago egon? Hori norberari baino ez zaio axola, bere buruaren eta herri baten kide izatearen harrotasunagatik.

Nola piztu zitzaizun erleekiko eta apiterapiarekiko zaletasuna?
Beti izan dut erleekiko interesa eta hori mamitu nuen bizitzera landa herrietara etorri nintzenean. Erleekin hasi eta berehala, 1992an, propoliaren sabotaia gertatu zen hemen, Argentinan. Gero Kuban Ana González Gerra doktorea entzuteko aukera izan nuen, medikuntza osagarri eta humanistikoak ikasten ari nintzenean. Apiterapiara efizientziagatik pasatzea berez etorri zen.

Zertan aldatu da apiterapia zu hasi zinenetik gaur egunera bitartean?
Kontuz ibili behar dut galdera hau erantzutean, harroputz ezjakin baten itxura eman dezaket eta. Argentinan apiterapian dagoen guztia ez dut ezagutzen. Baina bai esango dizut zabalkundea eman diodala, mistizismozko distira kendu diodala. Horretarako egin ditut aipatu dituzun liburuak, argitalpen elektronikoak eta grafikoak, hitzaldiak: ezaguna izan dadin eta erlezainek ikas dezaten produktua ateratzeko unean ez hondatzen. Apikulturaren propagandista izan naiz.

Txirotasun handia dagoen leku batean ari zara lanean. Mundua banatuta dagoen moduan, aberatsentzako apiterapia eta pobreentzako apiterapia ezberdinak al daude?
Diru gutxi daukatenak egokitu zaizkit... beti izan dut zorte txarra. Argentinan "pobreekin" bakarrik egiten dugu lan, aberatsak munduko beste herrialdeetara doaz sendatzera (eta bide batez turismoa egitera), garesti ordaintzen dituzte efikaziarik gabeko tratamendu kaltegarriak, baina seguru daude erremedio merke bat ezin dela ona izan. Apiterapiako erremedioek Argentinan botika kimikoen laurdena edo herena balio dute. Botika merkeekin lan egiteak esan nahi du behartsuek eskuratu ditzaketela, ez behartsuentzako medikuntza dela. Nire aldetik, ez daude tratamendu ezberdinak aberatsentzako eta txiroentzako. Nik gizakiak artatzen ditut. Beren lantegia ezagutu nahi dut horri dagozkion gaitzengatik, ez irabazten duten kopuruagatik.

Nolako harremana duzu inguruko mediku alopatekin? Hemen artatzen gaituzten mediku gehienek ez dakite ia deus apiterapiaz...
Nire herrian oso mediku gutxi daude eta sistema estatalean daude, etengabe ari dira aldatzen. Beren buruak ez dituzte bertakotzat eta niri bidaltzen dizkidate edo sendaezinak edo gogaikarri egiten zaizkienak. Ia ez dugu elkar ezagutzen mediku horiek eta nik. Beste leku batzuetan kolegek eta mediku taldeek arbuiatu egiten gaituzte, "petrikiloak" baino okerragotzat gauzkate (nahiz eta unibertsitatean haien burkide izan garen), beren ezjakintasunarekin egiten dute lan eta inoiz ez dute eztabaida seriorik onartzen.

Mediku horietako bakan batzuek (gero eta gehiagok) beren familietakoak bidaltzen dizkigute, eta onartzen hasi dira gizakiak era integralean artatu behar direla. Unibertsitatean ikasi duelako medikuari sinestarazten zaio errealitatea unibertsitatean ikusten dena bakarrik dela. "Unibertsitateak gauzok erakusten ez baditu, ez dira existitzen" sinesten dute. Horregatik ez dakite zer gertatzen den beste terapiekin eta gero gaixoen aurrean oso gaizki geratzen dira.

Orain hemengo farmazietan publizitatea egiten zaie propoli+erregina-jelea+eztiz egindako produktuei, adibidez. Multinazionalek berenganatuko ote dute apiterapia ere?
Ez dakit gauzak hor zehazki nola egongo diren, baina pentsatzen dut hemengoen antzera samar izango direla. Aspalditik daude botikak apiterapiako osagaiak dituztenak. Bat ezagutzen dut polenez egina, eta lau aldiz garestiago saltzen dute polenaren estraktu biologikoa dela esanez. Eztia botika askotan egoten da eta propolia ari da bere lekua hartzen, erregina-jelea liofilizatua ere bai (horrelako nahasketetan efikazia txikiagoa eduki arren). Baina pixka bat besterik ez dute erabili nahi, ez dadila gehiegi zabaldu jendearen artean; korrontearen kontra ez egon eta aldi berean "bezeroak" ez galdu. Ez ahaztu konpainia handiek apiterapian ezin dutela patenterik eduki eta ondorioz ezin dutela prezioa igo. Beste landare-estraktu askorekin gauza bera gertatzen da: botiketan sartuz doaz -ukatu arren- ezin direlako bazterrean gelditu.

Aktualitateko kontu bat: hegaztien gripea, gainean omen duguna. Apiterapeutak badauka aholku bereziren bat?
Gripea harrapatzeko, izaki bizidunen -tartean gizakion- beste edozein gaitz bezala, pertsonak behar ditu: batetik berezko joera eta bestetik defentsak baxu edukitzea. Horretarako joerarik ez duena ez da gaixotuko ezta defentsak apal edukita ere. Joera daukana berriz, gaixotu egingo da, arinki bederen, baita defentsak indar betean eduki arren ere. Hein batean, kontua da genetikan suertea izatea, janarietan kontuz ibiltzea eta bizimodu sanoa edukitzea. Gripearen aurrean, erlauntzak eskaintzen dizkigu propolia eta pozoia. Propolia antibirala da, baina gainera defentsak indartu eta soina garbitzen ditu. Erlearen pozoiak defentsa sendotu eta bere ezaugarri fisiko-kimikoekin zuzenean eragiten die birusei, hauek ezin diote aurre egin. Pozoia izango litzateke azken arma, eta onena oraindanik propolia hartzen hastea da.

Galdera gaizto bat. Erlezainek beren erleen gaitzak -barroa eta lokea, adibidez- antibiotikoekin borrokatzen dituzte. Hau kontraesanean dagoela dirudi propoliak dauzkan dohain antibiotikoekin. Zuk horretaz esaten duzu zerbait zure liburuan.
Gaitz horiei bi modutan egin diezaiekegu aurre. Bat da arazoari tratamendua ezartzea. Propolia bakterioen eta akaroen kontra efikaza da (zientifikoki frogatuta dago eta liburuan esplikatzen dut nola eragiten duen) eta ez ditu eztiak kutsatzen. Beste modua da arazo hori ez edukitzea: gaixotuko ez diren erleak lortu behar dituzu (eta erlezainak berak ez gaixoaraztea). Argentinan erraza da erle erresistenteak aurkitzea, beharbada zuen lurraldean -dena hain arautua dagoenez- ez da hain erraza izango, baina beti daude. Egia da sistema hau ez dela sinpatikoa: erlauntzak bere horretan utzi, akabatu edo hustu direnak erre, eta bi urteren buruan bakan batzuk geratuko zaizkigu. Bizirik atera badira, gaitzari kontra egin diotelako da. Hauek ugaldu behar ditugu.

Zure idatzietan Fidel Castro eta Hugo Chávez defenditzen dituzu, eta Argentinako agintariak jipoitzen. Nola bizi zarete San Luisen eta Argentinan?
Nik azpimarratu nahi dut zein gobernuk zaintzen dituzten beren herritarrak eta zeintzuk kondenatzen dituzten; ez zaizkit izenak askorik inporta. Argentinan gaur egun herritarren %50az goiti txirotasun marraren azpitik bizi da. Lege Federalari "esker", ikasleek porrot egiten dute unibertsitatean sartzerakoan. Hemengo polizia ez da sanoa, egunero aurpegiratzen zaio segurtasun falta. Ez da berme konstituzionalik -behin-behineko kartzelaldia urtetan luza daiteke-, ez gobernu zentralak eta ez federalek ez dute Konstituzioa betetzen, eta handitzen ari dira jadanik ordaindu ezinezkoa den kanpo zorra. Hutsaren trukean oparitu zituzten hemengo enpresa eta kapitalak. Atzerritarrek erosten dute gure lurra eta leku turistikoetara sartzea debekatzen dute. Transnazionalek hemen lortzen dute onartzea beste herrialdeetan oraindik probatan dauden transgenikoak. Horiek eta askoz gauza gehiago konta daitezke Argentinan eta San Luisen gertatzen denaz.

Liburuan oso kezkatuta azaltzen zara oreka ekologikoarekin eta bioaniztasunarekin. 51 urte bete berriekin, zein da zure itxaropena arlo horretan?
Egia esan, gauzak hobetuko diren esperantza handirik ez daukat. Errealista izan beharra daukat, ez dut lortzen nire burua engainatzea. Gauzak jakinarazteak eta batez ere ezagutarazteak zerbait hobe lezake, suntsipena mantsoago gerta dadin. Baina ezin dut geldiarazi deforestazioa, bertako espezieak desagertzea, gobernuek bultzatzen dute-eta politika hori. Egin dezakedana da -eta hala egiten dut- bertako landare eta zuhaitzak sortzea, gero horiek ahal den lekuan landatu ditzaten. Eremu zabaletan milaka hektarea birlandatzea ez dut lortuko agian, baina parke, plaza eta eskoletan nire bilobek ikusi ahal izango dituzte gizakiaren eskuak suntsitu zituen espezieak. Patua engainatzen dudala sinesteko modu ironikoa da.


Azkenak
Mirentxu Loyarte hil da, euskal zinemagile aitzindaria

Zinemagile iruindarrak, ibilbide labur baina baliotsua egin zuen zinemagintzan 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, zuzendari lanetan emakumerik apenas zebilenean. Irrintzi lanarekin garai hartako errepresioa islatu nahi izan zuen, eta Ikuska proiektuan euskal emakumeak erretratatu... [+]


2025-09-04 | ARGIA
Hizkuntza politika “ausart eta berrituaz” eztabaidatuko dute TMeLaborategiaren udako eskoletan

Irailaren 9an eta 12an egingo dituzte udako eskolak. Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintzaren Laborategiak hizlari potenteak gonbidatu ditu, besteak beste, Iñaki Iurrebaso, Olatz Altuna, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel, Josu Aztiria, Iñigo Urrutia eta Miren Zabaleta... [+]


2025-09-04 | Aitor Aspuru Saez
Sara Fantova
“Ez dugu film feminista edo bolleroa egin nahi izan, baina gure esperientzia hori da eta islatu dugu”

Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan filma zinema aretoetara helduko da irailaren 12an. Pelikula komunitarioa sortu du Kaskagorri eta Kranba konpartsekin, Bilboko Aste Nagusian girotuta baitago amodioa, jaia, gaixotasuna eta zaintza ardatz dituen istorioa.


Barkoxeko pastoralaz

Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.


Elizondoko Benito Menni egoitzako langileek 60 greba egun bete dituzte

Greban dira Benito Menni egoitzako langileak joan den abuztuaren 25etik, irailaren 8ra bitarte. Hermanas Hospitalarias enpresak agindutako kaleratzeen eta unitate itxieren aitzinean, Nafarroako Gobernuak ez duela arduratsuki jokatzen ari salatu dute.


2025-09-04 | El Salto
Genoako portuko zamaketariek Israelerako bidalketak blokeatuko dituzte, sionistek elkartasun ontzidiari eraso eginez gero

2010ean "Mavi Marmara" itsasontzia abiatu zenetik, Palestinarekiko elkartasun itsas operaziorik handiena osatzen du Global Sumud Flotillak. Israelgo Gobernuak terroristatzat jo ditu nazioarteko ekintzaileak.


Espainiako Vueltako Bilboko etapa geldiarazi dute Israelen aurkako protestek, eta ez dira helmugara iritsi

Bilboko erdigunean amaitu behar zuen txirrindularitza etapak, baina Deustun sartzear zirela antolakuntzak erabaki hori hartu du, helmuga ingurua manifestariz beteta zegoelako. Aurretik ere igaro dira helmuga puntu horretatik, eta istiluak izan dira. Ertzaintzak gutxienez hiru... [+]


Jerusalemgo tranbiaren proiektuaz “gogoeta etikoa” eskatu dio CAFi Pradales lehendakariak

Kontratua segi ala eten, enpresaren erabakia "errespetatuko" lukeela argi utzi nahi izan du Imanol Pradales lehendakariak, Euskadi Irratiari egindako elkarrizketan. Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza.


Valle de Odietako makroetxaldearen epaiketa
Digestato kutsadura handia izan zen, eta isurketa, antza, Valle de Odietak eragin zuen

Astearte honetan egin da Valle de Odietako makroetxaldearen aurkako epaiketa Iruñeko Justizia Jauregian. Epaileak ebatzi behar du ea 2021ean haien lur sailetan egindako isuri baten ondorioz, lur eremu horiek larri kutsatu zituzten ala ez, eta nork eragin zuen. Aditu... [+]


2025-09-03 | ARGIA
Baionako Atalante zinema-ohia jarduera politiko eta kulturalerako okupatu du Kontseilu Sozialistak

Baionako Herriko Etxearen jabetzapean, eraikinak bost urte daramatza hutsik, eta espazio hori hartu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, “elkartzeko, kolektiboki pentsatzeko eta borrokak antolatzeko”.


Euskalduntze prozesu osoa doakoa izateko pausoak eskatu ditu AEK-k

Aurtengo ikasturtean A2 mailara arteko ikastaroetako dirua itzuliko dute EAEn, baita C1ekoak 16-18 urteko ikasleei ere. Nafarroan A1 mailan matrikularen prezioa itzuliko diete.


2025-09-03 | ARGIA
Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen aurkako protestek Vueltaren Nafarroako etapa hartu dute

“Israelgo Estatuaren enbaxadore” gisa datozen txirrindulariei parte hartzen uzteagatik, zale ugarik protesta egin du Vueltaren aurka, hamargarren etapan. Irunberrin, errepidea mozten saiatu diren herritarrak baztertu eta bi pertsona identifikatu ditu Poliziak.


Venezuelak gezurtatu egin du AEBek ontzi baten aurka egindako erasoa

Trumpek asteartean baieztatu du Venezuelako ontzi bati eraso egin eta bertan zeuden 11 lagunak hil dituela. Hildakoak Tren de Aragua "talde terroristako" kideak zirela eta droga trafikoan ari zirela adierazi du Donald Trumpek. Venezuelak dio bideoa Adimen Artifizialez... [+]


Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua:
“Jaurlaritzarena zehaztasunik eta daturik gabeko txosten politikoa da”

Pentsioak osatzeko 145.000 sinadura bildu dituen herri ekinaldi legegilea eztabaidatzeari ezezkoa eman ondoren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua oso gogor agertu da Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin eta "bi aldiz engainatuta" sentitu direla azaldu du. EH Bilduk eta... [+]


Eguneraketa berriak daude