Emakume alargunak. Mina biderkatuta


Alargundu zenean 60 urte eta bost seme-alaba zituen Luisa Landeta Basauriko Alargunen Elkarteko sortzaile eta presidenteak. Beste asko bezala, zer egin ez zekiela, noraezean ibili zen senarra hiltzean. Emakume fededuna izaki, komentuan sartzea pentsatu zuen. Badaezpada, 15 eguneko froga egitea erabaki zuen, baina ez zekien egonaldia ordaindu ahal izango zuen. Komentuko Ama Nagusiari galdetu eta hark esan zion azkenean bertan geratzea erabakiko balu egonaldia debalde izango zela. «Debalde? Bai zera!» dio gaur Luisak, «ez zitzaidan erantzun hura gustatu, susmo txarra hartu nion». Ama Nagusiak komentuko sukaldariari hots egin zion orduan eta hark sukaldean zer moduz moldatzen ote zen galdetu zion. Beste moja bat hurbildu eta hark josten ba ote zekien galdetu zion. Luisak baietz, modista izana zela. «Hau pagotxa!» esan zioten lekaimeek. «Han inork ez zidan galdetu zergatik joan nintzen haiengana edo zer moduz nengoen» eta orduan erabaki zuen Luisa Landetak komentuan ez zela geratuko. Handik aurrera alargunen alde borrokatuko zuen, bere egoeran zeuden eta egongo ziren emakumeen alde egingo zuen. Bizpahiru urte geroago, 1984an, Basauriko Alargunen Elkarteak ateak zabaldu zituen.

Egun Luisa Landetak 85 urte ditu eta elkarteak 150 bazkide. Guztiak emakumeak dira. Badira tankera honetako elkarte mistoak ere, baina Basauriko alargun hauek gizonezko eta emakumezko alargunen errealitateak ezberdinak direla deritzote. Batetik, emakume alargunak askoz gehiago dira gizonezkoak baino, emakumeen bizi itxaropena luzeagoa baita. Horren adibide Eibarko kasua da. Altzoa Eibarko Alargunen Elkarteak 10 urte bete ditu aurten eta horregatik azterketa burutu dute. Azterketa horren arabera, Eibarren 2.382 pertsona daude alargun; horietatik 2.000 emakumeak dira eta gizonezkoak 382 baino ez.

Basaurin emakume alargunak 6.000 inguru direla esan digute elkartean, baina gizonezkoen datu ofizialik ez dutela. Datu ofizialik ez, baina Cloti Pinedo kideak badu datu esanguratsu bat: «Nire blokean 32 pertsona bizi gara, emakume alargunak 9 gara eta gizonezko alargunik ez dago». Cloti Pinedok 51 urterekin galdu zuen senarra eta egun 63 ditu. Alargundu zenean, alaba eskolan zuen eta semea unibertsitatean hasi berri. «Ez nekien ikasketak ordaintzen jarraitu ahal izango nuen, baina azkenean, nola edo hala, aurrera egin genuen». Kopuruaz gain, gizonezko eta emakumezko alargunen arteko alderik handiena egoera ekonomikoa da.

Senarra falta, dirua ere bai

Emakumea apurka-apurka lan munduan sartzen ari da. Baina oraindik, alargun geratzen diren emakumeen gehiengoak ez du soldata propiorik. Gure solaskide guztiek, esaterako, etxetik kanpoko lana utzi zuten ezkondu zirenean. Horrek esan nahi du bikotea hiltzen denean, hark kobratuko lukeen pentsioaren erdia baino ez duela jasoko emazteak. Eta igoerak igoera -duela lau urte %45 jasotzen zuten eta egun %52- alarguntasun pentsio txikiek egoera larrian uzten dute alargun asko eta asko. Aipatutako Eibarko azterketak dioenez, bertako emakume alargunen %78rentzat pentsio hori da diru sarrera nagusia eta %37k hilean 200 eta 400 euro bitarteko pentsio baino ez du jasotzen. Nafarroan berriz alargunen batez besteko pentsioa 369 eurokoa zen 2002an eta alargunen %88ak jasotzen zuena gutxieneko soldata interprofesionalaren azpitik zegoen.

Basauriko beste emakume batek bere kasua kontatu digu: Josefa Diez da, 71 urte ditu eta duela 21 hil zitzaion gizona. Orduan hilean 28.000 pezeta ematen zizkioten berarentzat eta hiru seme-alabentzat. «Lanerako ni bakarrik nengoen, baina jateko lau ginen, eta etxerik ere ez genuen, errentan bizi baikinen». Ahal zuen tokietan garbitzen hasi zen diru gehiago lortzeko: «Goizeko seietan hasten nintzen portalak garbitzen, gero hiruzpalau etxe nituen garbitzeko eta hauek amaitutakoan, bulego batera joaten nintzen han ere garbiketa lanak egitera». Familia aurrera ateratzea lortu du Josefak, baina egun, 71 urterekin, oraindik garbiketa lanetan dihardu.

Seme-alabak hazi eta diru-sarrera lortzen dutenean, ama alarguna ekonomikoki laguntzeko gai izan daitezke. Baina askotan seme-alabengatik dena eman duten horiek dira bueltan laguntza ukatzen dutenak. Clotirentzat, «tristea da seme-alabei eskatzen ibili beharra» eta Josefa ere iritzi berekoa da: «Ez diet seme-alabei sekula euro bat bera ere hartu».

Alargun elkarteen eskakizuna alarguntasun pentsioa gutxienez %70era iristea da. 1999an Espainiako Estatu osoko 2.800 alargun bildu ziren Madrilen gobernuari pentsio duinagoak eskatzeko. Luisa Landeta ere han zen: «Hitz politak entzun genituen orduko gobernuarengandik, baina gero ezerezean geratu ziren». Azken urteetako igoerez galdetuta Cloti Pinedok hartu du hitza berriro: «Igoerak guretzako opariak bezala iragartzen dituzte, baina hor ez dago oparirik, orain lehen kentzen zigutena baino gutxiago kentzen digutela besterik ez. Eta gainera kobratzeko kopuruetatik bakarrik kentzen digute, telefonoa, ura edo argiaren fakturetan ez digute kenketarik egiten».

Alargunen elkarteen helburu nagusia hutsuneak betetzea da, baina hutsune ekonomikoa betetzea ez dago haien esku. Hala ere, erakundeei baldintza hobeak eskatuz, euren alde ez ezik, datozen belaunaldietako alargunen alde ere ari dira.

Lagun berriak bizitza berrirako

Ekonomikoak ez diren hutsuneak betetzen saiatzen dira elkarteak. «Hona etortzen direnean, eskaintzen diegun lehenengo gauza konpainia da eta on egiten die, asko depresio sakonean daudelako» dio Luisak. Elkartera alargundu eta hilabete batzuetara edo urtebetera hurbildu ohi dira emakumeak. Lehen bi urteak oso gogorrak omen dira eta gehienei etxetik irteteak bakarrik ahalegin handia eskatzen omen die. «Ez dago laguntza sistematizaturik, ez dago ezer propio prestatuta alargunei psikologikoki laguntzeko» salatu du elkartearen sortzaileak. Eta Cloti Pinedok gaineratu du: «Gehienez medikuarengana joan eta hark nahi badu psikologoarengana bidaliko zaitu, eta nahi ez badu, ez».

Gainera, askotan senarra hil ondorengo arazoetaz hitz egiten da eta, gaixotasunak medio, hil aurretik emazteek pasa behar direnak ahaztu egiten zaizkigu. Ama Birjinaren eguna zen senarrak Cloti Pinedori sabeleko mina zuela esan zionean. Handik aurrera bere osasunak okerrera egin zuen apurka. Lau urte gaixo egon ondoren hil zen. «Eta zuk hor egon behar duzu, senarra zaintzen, nola hondatzen den ikusten. Horrek markatu egiten zaitu, burdin goriak animalia markatzen duen bezala» kontatu du Clotik.

Altzoa Eibarko Alargunen Elkarteak egindako azterketak dio bertako 2.000 emakume alargunetatik 900, bakarrik bizi direla. Josefa eta Luisa ere bakarrik bizi dira, eta Clotik seme-alabak oraindik etxean ditu. Egoitzara elkarteko diruzain Carmen Umbreras sartu berri da. Bera ere ez da inorekin bizi, baina etxean bakarrik bizitzearen eta benetan bakarrik egotearen artean dagoen aldea azpimarratu du: «Gutako batzuentzat konpainia bakarra senarra zen eta hura joanda ezer gabe geratu ginen. Hona etorri eta lagunekin hitz egiten dugu, gimnasia egiten dugu, edo eskulanetan aritzen gara. Eta etxera beste modu batera itzultzen zara».

Astearte eta ostegun goizetan egiten dute soinketa Basauriko Alargunen Elkartekoek. Arratsaldetan berriz eskulanetako tailerrak izaten dituzte. Astelehenetan hitzaldiak antolatu ohi dituzte eta asteazkenetan merienda. Tarteka bidaiaren bat ere antolatzen dute. Bazkide bakoitzak urtero ordaintzen dituen 12 euroei esker eta Basauriko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Emakunderen laguntzaz lortzen dute ekintza hauek aurrera eramatea.

Aisialdia funtsezkoa da elkartearen sortzailearentzat: «Alargunak pozik sentitzeko ahalmena berreskuratu behar du, zerbaitetan parte hartzen duela sentitu behar du. Eguneko ordu luzeak betetzea garrantzitsua da, batez ere lanik egiten ez dutenentzat».

Alargun gazteenek ez dute elkarteetan biltzeko joerarik eta, hain zuzen, gero eta gehiago etxetik kanpo lan egiten dutelako gertatzen da hori. Cloti Pinedok azaldu digunez, «lan bat izateak, batetik, soldata duzula esan nahi du, eta alarguntzan arazo ekonomikoak zertxobait arinduko zaizkizula. Baina bestetik, lanera doanak egunaren zati handi bat betea du eta horrek ere garrantzia handia du. Horregatik alargun batzuk erretiroa hartuta etortzen dira elkartera, handik aurrera ordu asko libre izango dituztelako».

Elkarteko bazkideak soilik emakumezkoak izateak ez du esan nahi bikote berri bat sortzeari uko egiten diotenik. Maria Luisa izeneko kidearen adibidea ipini digute: alargunduta elkartean sartu zen; bikote berria ezagutu eta berriro ezkondu zen, baina hura ere hil eta alargun geratu zen berriro; orain hirugarren bikotekidea topatu du -baina badaezpada ez omen dute ezkontzeko asmorik-. Maria Luisak ez dio utzi elkarteko kide izateari urteotan. «Bikote berririk bilatu ez dugunok ere ondo ikusten dugu hori. Bakoitzak nahi duena, eta sarritan ahal duena, egiten du bizitzan aurrera egiteko. Eta besteok ez ditugu erabaki horiek juzkatu behar» dio Clotik.

Alargun izatetik pertsona izatera

Luzaroan alargunen erabakiak gogor juzkatu izan ditu gizarteak, batez ere erabaki horiek alargunei ezarri izan zaien rol hertsia gainditzen bazuten. «Lehen egunero kalean senarrarengatik negar egitea eskatzen zizuten» dio Cloti Pinedok, «eta kalean ez zaio inori negar egin behar, hori etxean egin behar da. 30 urterekin alargun geratzen bazinen, lutoa jantzi eta lutoz hilko zinen 80 edo 90 urterekin. Alargun bakoitzak nahi duena egin behar du, berriro ezkondu nahi badu, ezkon dadila, bakarrik jarraitu nahi badu, hala jarrai dezala... erabaki guztiak errespetatu behar dira».

Luisa Landetaren ustez, alargunek zerbait lortu badute arlo honetan lortu dute: «Lehen jendeak alargun taldea kalean ikusten zuenean ‘begira, han dira alargunak!’ esaten zuen. Ez ginen Luisa, Cloti, Josefa edo Carmen, alargunak ginen. Hori asko aldatu dela esango nuke, orain pertsonak garela nolabait, errespetu apur bat lortu dugula».

Loteria txartela eta aholkua

Basauriko Alargunen Elkarteko kideek baikor amaitu nahi izan dute solasaldia. Carmen Umbrerasek dioenez, «senarra hiltzean zure zati handi bat ere hiltzen da, eta berriro bizitzen ikasi behar duzu». Clotik baietz dio buruarekin eta zera gaineratu du: «lehen zenuen bizitza ez duzula berreskuratuko ulertu behar duzu, beste bizitza bati ekingo diozula». Baina bizitza ezberdina izateak ez du esan nahi okerragoa izango denik. Hala uste du behintzat Luisak: «85 urte ditut, bakarrik bizi naiz, sekulakoak pasatzea egokitu zait, baina zoriontsu sentitzen naiz».

Loteria txartelarekin eta alargunentzako aholkuarekin irten gara. Txartelak emaitzarik izango ote duen ikusteko abenduaren 22ra arte zain egon beharko dugu. Aholkua, aldiz, hauxe da: «Ez da urrutira begiratu behar. Egunero jaikitzean egun berria duzu aurrean eta ez dakizu zer ekarriko dizun. Baina egun hori pasako da eta beste bat etorriko. Egunak joan, egunak etorri, azkenean aurrera egin duzula ikusiko duzu».

Pentsioen bilakaera
2002a baino lehen, alargunek oinarri erregulatzailearen %45 jaso zezaketen soilik, hots, bikoteak erretiratzean jasoko lukeen pentsioaren erdia baino gutxiago. Urte horretan %46ra igo zen portzentajea, 2003an %48ra eta egun %52an dago. Horrek esan nahi du 2002an 65 urte baino gehiagoko alargunek 385,50 euroko gutxieneko pentsioa zutela eta aurten 438,71ra iritsi dela kopurua. 60-64 urteko alargunen pentsio minimoa 408,78 eurokoa da eta handik beherakoek 326,20 eurokoa dute.

Alargunak antolatuta daude
EAEn bakarrik Basaurikoa bezalako beste 16 elkarte daude beste hainbeste udalerritan. Gainera lurralde bakoitzeko elkarteak ere badaude. Guztiak autonomia erkidego bakoitzeko federazioetan biltzen dira -Nafarroako federaziora jo nahi duenak 948 27 65 94 telefonoan izango du horren berri eta EAEn berriz 94 493 81 64 zenbakira deitu behar da-, eta hauek halaber Espainia osoko konfederazioan (CONFAV).

Bego Zuza, 40 urterekin alargun: «Heriotza hor dagoela ikasi dut eta gaurkoa egun ederra izan daitekeela»
Urriaren 5ean 5 urte bete ziren Bego Zuzaren senarra hil zela. 40 urte zituen orduan eta bere bi semeek, 7 eta 12. Emakume alargun gehienak baino gazteagoa da eta etxetik kanpo egiten du lan. Horregatik alargunen egoera zertan aldatzen ari den ikusteko adibide egokia da. Baita zertan ez den aldatu ikusteko ere.

Alargun geratu zinenean zuk zure lana zenuen. Hala ere, zer ekarri zizun horrek ekonomikoki?
Hori senarrak zuen lanaren araberakoa da. Nik 600 euro inguru jasotzen ditut guztira hilero, seme bakoitzeko jasotzen dudan laguntza barne. Baina zaharrenak 18 urte beteko ditu eta zati hori kendu egingo didate, hain justu unibertsitatean sartu behar duenean eta gastuak igoko direnean. Berak badaki, adibidez, unibertsitate pribatu batera joaterik ez duela, horrek guretzat garrantzia berezirik ez duen arren. Norberaren soldatak edo geratu zaizun ondasunak, noski, zeresan handia du horretan. Gure kasuan pisuaren hipoteka oraindik ordaintzeko daukagu. Baina niretzat arazo ekonomikoa gutxienekoa da. Hori asko aldatu da, gero eta emakume gehiagok duelako bere soldata. Egoera berrira egokitu behar duzu, baina guk nahikoa badugu aurrera egiteko.

Galera ekonomikoa baino, galera afektiboa izango da gainditzen zailagoa. Beste alargunek esan didate urtebete edo bi urte behar izaten direla zulotik ateratzen hasteko.
Nik hiru urte direla esango nuke. Eta heriotzaren aurretik urtebeteko gaixotasuna pasa behar izan genuen. Oso gogorra da pertsona hondatzen ikustea. Nik beti diot senarra bi aldiz hil zitzaidala, gaixotasunak bueltarik ez zuela esan zidatenean eta hil zenean. Bietan sentsazio berdina izan nuen: hustuta geratu nintzen, azala besterik ez nintzen, flotatu egiten nuen.

Eta hutsune hori nola betetzen da?
Ez da betetzen. 17 urte nituela, anaia hil zitzaidan. Emakume batek esan zidan orduan berriro biziko nintzela, mundua ez zela bukatuko, baina bihotzeko puska bat beti faltako zitzaidala. Zulo hori hor dago.

Alargunek ez dute sistematikoki laguntza sikologiko profesionalik jasotzen. Beharrezkoa dela uste al duzu?
Laguntza sikologikoa behar da eta ez dago sistematizatua. Baina nik uste dut gaur egun baditugula baliabideak laguntza hori lortzeko. Askotan arazoa norberak bere buruarekin dauka, zein indartsua den demostratu nahi duelako. Zure buruari esaten diozu egoerari aurre egin behar diozula, ezin duzula erori, batez ere seme-alabak badituzu. Noski, seme-alabei argi adierazi behar diezu gertatzen dena, baina pisu handiena zuk hartzen duzu. Nire kezka nagusia semeak ziren, banekien nik aurrera egingo nuela. Orduan, besteei erakusten nien ni primeran nengoela. Azkenean, hiru urte pasata, erori egin nintzen.
Baina inguruak asko lagundu dit. Koadrilan sikiatra bat ere badugu. Agian ni pribilegiatua izan naiz zentzu horretan: familiak eta betiko lagunek babes handia eman didate. Egun guztia betetzen dizute, pentsatzeko denbora ere ez dizute uzten, gero, gaua heltzean, ohera bakarrik joan behar baduzu ere. Lanak ere ordu asko kentzen dizkizu.

Gertuko ingurua aipatu duzu. Baina, oro har gizarteak alargunak ikusteko modua aldatu duela uste al duzu?
Diskurtsoan dena ondo ikusten dugu, alarguna alai egotea, festetan ibiltzea, beste bikote bat topatzea... Baina praktikan bi perfil bereiztuko nituzke. Zure benetako lagunek zu ondo egotea nahi dute beti, eta erabakitzen duzuna erabakitzen duzula, errespetatu egingo dute. Beste batzuk badira beti norbaitez hitz egin behar dutenak, eta alargun gaztea baldin bada, hobeto. Batzuen aurretik pasatzen zarenean begiradak-eta sentitzen dituzu, "gaixoa, honi ere tokatu zaio" esanez bezala. Eta hori ez da behar duzuna. Lagun bat dut oso gazte alargun geratu zena eta hark esan zidan: "Zu guapa jarri eta kalera burua tente atera. Urte betez, senarra gaixo zela, egin behar zenuen guztia egin duzu eta duin gainera. Hemendik aurrera ez diozu inori ezer zor, ez diozu inori penarik eman behar". Sentsibilitate berezia garatzen duzu, badakizu hurbiltzen zaizuna zertara datorren eta hesiak jarri behar dituzu. Onargarria iruditzen zait lastima sorraraztea, baina gero alde egiten dutenean ez dira kezka horrekin joaten, lastima ez dute laguntza bihurtzen.

Alargun gazteek ez omen duzue alargun elkarteetara jotzen.
Alargun geratu eta gutxira, lagun batekin kalean nenbilela, adineko alargun batekin egin genuen topo. "Gure klubekoa zara", esan zidan eta nire lagunak erantzun zion: "Ez, hau bi seme dituen ama ezkongabea da". Hor dago duela urte batzuetako eta oraingo alargunen arteko aldea. Lehen senarraren emazteak edo alargunak ginen. Orain pertsonak gara. Gure kasuan bi pertsona elkartu ginen proiektu bat egiteko, baina bi pertsona ginela ahaztu gabe. Eta hori garrantzitsua da bizitza berria kudeatu ahal izateko.

Eta zu gai izan al zara bizitza berri horretan aurrera egiteko?
Bizi egin behar duzu. Ni gaur lanera mendiko bidetik etorri naiz, askoz politagoa delako. Kanta bat ipini dut, Serraten Hoy puede ser un gran día. Ilargia bete-betea, handi-handia ikusten zen. "Hau ikusteagatik bakarrik gaur jaikitzea merezi zuen" pentsatu dut. Orain ez dut etorkizunerako plan handirik egiten. Heriotza hor dagoela ikasi dut, eta gaurkoa egun ederra izan daitekeela.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude