Goi-bilera kapitalistak eta pobrezia


2005eko urriaren 23an
Azken hilabeteotan nazioarteko goi-bilera ugari izan da. Bilera horiek abenduan eta urtarrilean jarraituko dute, izendatzaile komun batekin: goi-bilera kapitalistak dira eta pobrezia euren aztergai nagusietako bat da. Uda ondoren, dagoeneko egin direnak honakoak dira: NBE, G-8, Munduko Bankua (MB) eta Nazioarteko Moneta Funtsa (NMF). Laster egingo diren goi-bilerak, aldiz, hauek dira: Munduko Merkataritza Antolakundea (MMA), Hong-Kongen abenduan, eta DAVOSeko Foro Ekonomikoa Suitzan. Nazioarteko goi-bilera horiek guztiak, urtez urte, munduko pobreziaz eta herrialde pobreen kanpo zorraz aritzen dira. Iritzi publikoaren begietara, ematen du pobrezia denen lehentasun eta ardura dela! Eta, hala ere, beti amaitzen dute urtez urte betetzen ez den promesaren bat eginez. Bitartean, milioika gizaki, umeak batez ere, hiesaren edo gosearen erruz hiltzen dira. Gure herrialdetik hurbil, "paradisu" europarrera heldu nahi duten hainbat pertsonen eskandalu beldurgarria ikusten ari gara, baita nola hiltzen diren edo dituzten ere. Goi-bilera horiek kapitalismoaren porrota berresten dute, sistema hori ez baita parekotasunik gabeko gizarte honi konponbiderik emateko gai.

Kanpo zorraren kasua nazioarteko hipokresia eta porrotaren adibide da. Herrialde txiroen kanpo zorra barkatzeaz hitz egiten dute, baina ez da esaten goi-bilera kapitalista horiek zenbait kontrapartida exijitzen dituztela: pribatizazioak, liberalizazioak, eta abar. Azken batean, elikaduraren subiranotasuna ukatu beharko lukete herrialde txiroek, egun nekazaritzari esker bizirauten duten arren. Horrek, gainera, herrialdeak are txiroagoak egiten ditu. Testuinguru horretan, Munduko Bankuak duela aste batzuk Boliviako, Nikaraguako eta Afrikako 38 herrialderen kanpo zorra bertan behera utziko zuela iragarri zuen. Ezin ahantz liteke, aldiz, Hego eta Ertamerikako herrialdeek dutela kanpo zorraren parterik handiena, 790.000 milioi dolar, zorra kitatzeko ordaintzen dutena baino txikiagoa izanagatik jasotzen duten laguntza.

G-8ak, munduko herrialde aberatsenen taldeak, urtero 49 bilioi dolarreko laguntza gehigarri bat emango duela iragarri zuen, baina 2010. urtetik aurrera ekingo dio aldaketari… ordurako, pobreziak 50 milioi neska-mutil hilko ditu! Gainera, igoerarena ez da egia, 20 bilioi dolar gehiago baino ez baitituzte emango. Gainerakoa aldez aurreko beste hitzarmen baten ondorioa da. Esan bezala, promesa ugari eta bete gutxiegi. Zein herrialdek betetzen du Barne Produktu Gordinaren %0,7 herrialde txiroei emateko konpromisoa? Eta hurrengo goi-bilerak ere promesak egingo ditu, multinazional handiek kontrolatutako iritzi publikoaren aurrean itxurak egiteko baino ez bada ere.

Azpiegiturak
Azken asteotan Abiadura Handiko Trenaren, Pasaiako kanpoko portuaren eta ofizialki inauguratu berri den Boroako zentral termikoaren aurkako mobilizazioak izan dira. Aste honetan bertan, larunbata 22an, AHT Gelditu erakundeak antolatu eta hainbat mugimendu ekologista, sozial, sindikal eta politikok babestutako manifestazio bat izango da Bilbon AHTaren aurka. Mugimendu herrikoiek zalantzan jartzen dute ezarri nahi den gizarte eredua eta erabaki politikoen jarraibidea. Eredu sozial horrek globalizazio kapitalista du oinarri eta etekin ekonomiko handiena bilatzen du, bizi-kalitatea eta ingurumenaren truke. Jarraibide politiko horrek bere erabakiak inposatzen ditu, aldez aurreko debate publikorik gabe, eta beharrezkoa izanez gero, herriaren borondatearen aurkako erabakiak hartzen ditu.

Lemoizko zentral nuklearraren kasua gaindituta, azken boladako eskandalurik adierazgarriena Boroako zentral termikoa da, herri borondatearen aurka martxan dagoena. Borondate hori hainbat mobilizazio herrikoiren bitartez azaldu zen eta, batez ere, erreferendum bidez. Erreferendumak, gehiengo izugarri bati esker, Zornotzako herritarren ezezkoa adierazi zion zentral termikoari. Kasu horretan bezala, AHT, Pasaiako portua eta beste hainbat azpiegitura inposaketa ildo beretik datoz. Lemoizkoa etorri zen moduan. Errauskailuen bide beretik. Boroakoa izan den bezala, eta abar. Okerreko bidea!

Laborantza Ganbara
Euskal Herriko Laborantza Ganbara berriki Ipar Euskal Herriko laborariek Hegoaldeko hainbat erakunde sozial eta sindikatu abertzaleren laguntzarekin sortutako erakundea da. Frantziako gobernuak, bere poliziaren eta Pirinio Atlantikoetako prefektuaren aginduen bidez, duela bi aste aipatutako erakunde abertzalearen egoitza interbenitu zuen eta bere lehendakaria interrogatu du. Poliziaren interbentzio horrek ez du justifikaziorik eta Hegoaldean izandako beste hainbat gogorarazten dizkigu. Laborari euskaldunek elkartu, antolatu eta behar dituzten erakundeak sortzeko eskubide osoa dute eta gobernuek errespetatu eta bultzatzekoa. Errepresioa bide okerrena da. Beti izaten ditu ondorio latzak. Frantziako Gobernuak jakin beharko luke. Eta horren arabera jardun.


ASTEKARIA
2005eko urriaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude