German Kortabarria «Konfrontazio demokratikorik gabe jai dugu»


2005eko urriaren 23an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Normalizazioa, prozesua edota konfrontazio hitzak azaldu dira elkarrizketan. Kontzeptuak kontzeptu, hona German Kortabarriak zehaztutako bat: «Ezker abertzalea kontzeptua baino ENAM (Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua) izendatzea hobesten dut». Sarreran aipatutako Hausnarketarako agiriaren "Burujabetza irabazteko konfrontazio demokratikoa prestatu" izenburuko txostenak sorrarazitako erreakzioak baloratuz abiatu dugu solasaldia.

Zein da erreakzioez egiten duzun balorazioa?
Dirudienez, txostenak batzuei hausnarketarako aukera eman die, eta beste batzuei buruko edo tripako mina. Gure asmoa ez da inori inolako mina ematea izan. Guk aldian aldiko egoera politikoaren azterketak egiten ditugu. Aldion, batetik, itxaropenerako arrazoiak ikusi ditugu. Jarrera eta tonu politikoak aldatu dira, borondate eta konpromisoak mahai gainean agertuz joan dira, orain urte bat ez zeudenak. Bien bitartean, «ELAk zer dio?» entzun dugu han-hemenka. Horiek horrela, gure ekarpena egin dugu, baita zuhurtzia handiz egin ere.

Baten batek aldion joka-lekutik kanpo edo missing egon zaretela esan du.
Ez, inola ere ez. Guk ez dugu onartzen missing egon garenik. Batzuek joka-lekuak ezartzen dituzte eta, gure ustez, era unilateralean ezarri ere. Hasteko komeni da gogoratzea gu sindikatu bat garela, ez daukagu aspertzeko astirik, ez gara missing ibiltzen. Eguneroko lanean aldarrikapen eta lan gogorrak egiten ari gara, baita erakunde mailan egin ere. Alde horretatik ELAk badu zereginik. Hori batetik, eta bestetik, gu arlo politikoan egon gara eta egongo gara.


Pernando Barrenaren hitzetan "kezkatuak omen zaudete konponbidearen egunaren ondoren sor daitekeen joka-leku politikoarekin".
Inondik inora ere ez. ENAMn badago horrelako irakurketa bat, eta horrek harritu egiten nau. Tankera horretako iritziei ez diet antzik ematen. Gu konponbidearen egunaren ondoren kezkatuak? Irakurketa hori, batzuek erakunde eta alderdien arteko harremanak lehia klabean ulertzen dituztelako da. Eta gu ez gaude klabe horretan. Aitzitik, guk alderdi eta erakundeen arteko harremanak eta aliantzak irabazteko egiten direla pentsatzen dugu. Eta ez, nik zure kontura irabazi eta zuk nire kontura, baizik alde biek irabaziz. Lizarra-Garaziko Akordiora iristeko klabea hori izan zen.

Lizarra-Garaziko Akordiora iristeko eskema ulertzea funtsezkoa da, antza.
Garai hartan LAB eta ELAren artean diferentzia handiak ziren, dudarik gabe, egoera bera ere oso gogorra zen eta elkarlanak oztopo handiak gainditu behar zituen, baina helburu bateratu batzuk genituen. Lizarra-Garaziko Akordioa bi sindikatuen elkarlanak ahalbidetu zuen -beste askoren lana ahaztu gabe-. Abertzaleok batuz gero, geure helburuak hobeto lortzeko indar eta errespetu gehiago, baita mobilizaziorako eta borrokarako gaitasun gehiago genuela ohartu ginen orduan. LABek «ELArekin batera ondo goaz, irabazten ari gara» pentsatu zuen, eta guk ere bai. Baina Lizarra-Garaziko Akordio garaian LABek, ELArekiko elkarlana sendotu beharrean, lehiari lehentasuna ematea erabaki zuen. Hori da behintzat gertatutakoaz egiten dugun irakurketa. Eta, noski, lehia kezka nagusi bihurtzen denean, elkarlana hondatuz doa. Ez orduan eta ez orain, gu ez gaude esparru-lehiari begira, denoi irabazteko balioko digun esparrua eraikitzeari begira baino.

ENAMn PSOErekin bidea jorratzeko aukera ikusten dute nonbait.
Eta guri hori oso ondo iruditzen zaigu. Guk, aldiz, hainbat gai ez ditugu nahiko landuak eta garbiak ikusten. Hala ere, gai delikatuak dira eta ari denari egiten utzi behar zaiola pentsatzen dugu. Alde horretatik guk zuhurtziaz eta errespetu osoz jokatu dugu, eta gurekin aldiz ez da horrela jokatu. Guk denbora luzea daramagu egurra jaso eta jaso. ELA deskalifikatzen ari dira. Gu errespetatzen ari gara besteak egiten ari direna, baina gu ez gara sartuko gure burua ikusten ez dugun lekuan. Eta eskema batzuetatik kanpoan geratzea erabaki badugu ere, ez dugu beldur eszenikorik. Hala ere, ELAk gizartearekiko ardura dauka, eta aurrena bere afiliatuekiko ardura. Eta alde horretatik, zuhurtziaz eta tentuz bada ere, egoerari buruz dugun iritzia adieraztera behartuta geunden; horregatik erreakzio batzuk lekuz kanpo daudela iruditzen zaigu.

Nazio Eztabaidaguneak azken jardunaldia Zarautzen burutu berri du. LAB bertan dago. ELA ez. Zertan dago bi sindikatuen arteko elkarlana?
Oraindik arlo batzutan elkarlanari eusten badiogu ere, oro har ez dago elkarlanik. Guk Nazio Eztabaidaguneari hauxe galdetu genion: "Zer egiten dugu, adibidez, lan harremanen esparruan? Horretaz eztabaidatzen hasten bagara Nazio Eztabaidagunean, norekin aurkituko gara? LABekin, ezta? Eta nola daude gure eguneroko harremanak? Oso gaizki. Horri heldu behar zaio beste ezer egin baino lehen, oinarrizko eztabaida eta akordioak gauzatu ezean gune sinbolikoek ezer gutxirako balio baitute.

Alderdi politikoen arteko mahaia nola ikusten du ELAk?
Alderdien arteko mahaiak "normalizazioa" ekar lezake. Baina prozesu honetan "normalizazio" hitzak zentzu ezberdina du eragile edo parte bakoitzarentzat. Hau da, normalizazioaren bidez ziklo armatuari irtenbide bat bilatzen lagundu dakioke. Balio dezake halaber, gutxienez, alde guztien parte-hartze politikoa bermatzeko, eskubide zibil eta demokratikoak finka daitezen, eta hori guretzat aurrerapauso handia litzateke. Oso ondo, eta laguntzeko prest gaude, lagundu ahal bagenezake behintzat...

Baina?
Baina beste kontu bat da prozesu bide horrek izan ditzakeen mugei buruz egiten dugun azterketa. Eta gure azterketan erratuak egon gaitezke. Baina ulertu gaituztela pentsatzen dugu, bestela ez zuten horrela erreakzionatuko. Erreakzioak prozesu honen ahultasunaren adierazle izan daitezke, gure hausnarketarekin zalantzan jarri badugu prozesua. Zertaz ari dira? Zein da benetan prozesuaren sendotasuna? Ulertzen dugu diskrezioa gorde behar dela, baina gai politikoez ari garenez jendeak ez al dauka eskubiderik gauzak zuzen eta garbi entzuteko, argi mintzatzeko?

«Konfrontazio demokratikoa» beharrezko dela diozue. Josu Jon Imazek ez du horrela uste, antza.
Gure agiriaren aurkako erreakzio nabarmenena Josu Jon Imazena izan da. Alderdi Egunean bera ez dagoela konfrontazio demokratikoaren alde esan zuen. Guk, aldiz, konfrontazio demokratikorik gabe jai dugula uste dugu. Eta Ramon Jauregi ere ez dago konfrontazio demokratikoaren alde. Jarrera horiek oso adierazgarriak dira. Hau da, alderdi espainol nazionalista bakoitzak badu bere proiektua, eta aldi berean alderdiek proiektu bateratua dute. PP eta PSOEren artean badute funtsezko adostasuna: Espainiaren subiranotasuna eta Estatuaren eredua zein den, eta boterea non den adostua dute. Guk abertzaleok ez dugu halakorik, eta gainera, hori izatea debekatzen zaigu. Ramon Jauregiren erantzuna oso bortitza izan da. Zergatik?

«Konfrontazio demokratikoa» kontzeptuak ez dirudi egokia Estatuko ordezkariekin negoziatzeko beraz.
Horrela dirudi. "Hitz hori ez dakit egokiena ote den, konnotazio gatazkatsua duela ematen du", esan zidan lehengoan batek. Orain buen rollito garaia dela ematen du. Bada ez. Konfrontazio demokratikoa espainol nazionalisten eta euskal abertzaleon proiektuak kontrastatzea da. Egungo indar korrelazioak ikusita, ez dut uste arazoa mahai baten inguruan soilik konponduko denik. Konfrontazio demokratikoa da ere gizarteak erabakitzea. Eta gizarteak proiektu horren alde lanean irabazi behar du erabakitzeko gaitasuna.

Kontzeptuak kontzeptu, konfrontazio hitza ez da denen gustukoa.
Guk konfrontazioari ez diogu inolako kutsu agonikoa ematen, agonismoak kalte gehiegi ekarri du herri honetara. Konfrontazioa gure planteamenduei heltzeko modua da, baita borroka gizartean hedatzeko modua ere. Inoiz edo behin entzun izan dugu Lizarra-Garaziko Akordioak huts egin zuela PSOE barnean ez zegoelako. Guk ez dugu hori uste. Jakina, PSOEk akordioan egon behar du, denok gure lekua izan behar dugu. Guk baina, egoera aztertzerakoan, akordiora iristeko lehenik oinarrizko baldintzak behar direla diogu, uneon euskal erabakigunea onartuko duen akordio baterako nahiko indar korrelaziorik ez dago eta baldintzak hobetu behar ditugu. Hasteko, autodeterminazioaren alde gaudenok gutxieneko adostasuna behar dugu. Telesforo Monzonen tesia lurperatu dute. Maltzagaraino abertzaleok elkarrekin joatearena, alegia. Maltzaga EAJrekin akordioa egitea zen eta guk beti esan dugu "egin ezazue akordioa ahal duzuenarekin, ez itxaron Maltzaga hori gauzatu arte». Baina, tira, orain Maltzaga ahaztu eta Estatua eta PSOErekin negoziatzeko bidea landu nahi dute. Segi aurrera, baina...

Baina...
...biharamunean autodeterminazio eskubidearen eta eraikuntza nazionalaren aldeko borrokan segitu beharko dugu. Egun, adostasun minimoa balego denok ahalegin egin beharko genuke fase honetan gauzatzen ari omen den prozesuari babesa emateko. Ados. Gu ez gaude jeloskor kanpoan gaudelako, baina mugimendu sindikalaren barruan ondo ikusiko genuke adostasun bat prozesu honi bestelako babesa eta indarra emateko. Eta agian garbiago hitz egin beharko litzateke, herri honetako jendeak antzematen baititu egoeraren aukerak eta mugak.

«Prozesu soziala eta klase-gatazka aintzat hartuko duen" prozesua landu nahi duzuela diozue. Nola?
Guk gakoa autodeterminazio eskubidean jartzen dugu. Batzuen ustez beste fase batean sartzear gaude, abertzaleren batek esan duenez, eskubide hori ia lortuta dago. ELAren ustez, aldiz, autodeterminazio eskubidea lortzeko borroka latza egin beharko dugu oraindik. Estatu subiranoa azken helburu izan arren, autodeterminazioa puska baterako helburu estrategikoa dela iruditzen zait; autodeterminaziorako prozesuak jendearen borondatea eta konbentzimendua irabazten lagundu behar digu. Herri bezala erabakitzeko konbentzimendua irabazteko faktore batzuk daude, identitateko faktorea funtsezkoa da, baina baita ere gizarte orekatuagoa eta baldintza sozial hobeagoak izango dituena. Hau da, herritarrek eta langileok parte hartzeko aukera emango duen joka-leku politikoa irabazi behar dugu. Izan ere, prekarietatearen aurka eta babes sozialaren alde dauden sektoreek autodeterminazioaren alde izan behar dute. Prozesuan ezin dira identitateko eta gizarte-ereduaren ezaugarriak bereizi. Eta gu langile erakundea gara eta premia horiei erantzun behar diegu.

Azkenik, zer gogoeta egiten duzu Iparraldeko Laborantza Ganbaraz.
Laborantza Ganbara konfrontazio demokratikoaren eredu bikaina da. ELB eragile nagusia izan da, baina bere estrategia nagusia indarrak biltzen joatea izan da. Laborari batzuk Laborantza Ganbarara euskal identitatea dela-eta hurbildu dira, beste batzuk, berriz, Ganbarak bere interesak ondo kudea ditzakeela ikusi dutelako. Konfiantza dute haiengan lana ondo egiten duen jende serioa delako. Babes sozial zabala bilatu dute, Batera plataformaren barruan, esaterako. ELB laguntzea erabaki genuen eta harreman egokiak garatu ditugu. Iparraldeari begira urrats garrantzizkoa eman dugu Robles-Arangiz Fundazioaren bidez. Horrekin lurraldetasunari gure ekarpena egiten ari gara. Guk ez dugu Iparraldean helburu zehatzik planteatzen, bertako egoera dinamizatzen lagundu nahi dugu Fundazioaren bidez. Ezer egiten bada Iparraldetik bertatik egin beharko da-eta.


Azkenak
2025-08-30 | Patxi Aznar
Beste urrats oker bat

Duela gutxi, Netanyahuren gobernuak, AEBen baimenarekin, legez kanpoko jarduerarekin jarraitzea erabaki du Gazan, eta zerrenda osoaren kontrola hartzea. Historia pixka bat egingo dut ez zaidalako zuzena iruditzen komunikabide edo kazetari batzuek Gazan gertatzen ari dena 2023ko... [+]


2025-08-29 | Egiari Zor
Elkarbizitza demokratikoak begirunea eta neurritasun instituzionala eskatzen ditu

Abuztu honetan polemika berri bat piztu digute, beste behin, belarrondokoa ematea baino larriagoa izan dena. Azken hamabost urte baino gehiagoan, Glen Cree ekimenetik hasi, Estatu bortxaren biktimei aitortza legala emateko mekanismoen sorreratik segitu eta herri honetan ireki... [+]


Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea epaituko dute lurrak nitratoz kutsatu dituelakoan

Irailaren 2an izango da epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegian, ustez 2021ean makroetxaldeak haren inguruko lurrak minden hondakinekin kutsatzeagatik. Sasoi hartan Valle de Odieta makroetxaldeko administrazio kontseiluan ari ziren bost pertsona epaituko dituzte.


Maila altua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons.
Bakarlaria: Isabelle Faust (biolina).
Egitaraua: Pärt, Dvorak eta Sibeliusen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Eskoletako euskalduntzea “arriskuan” ikusita, Aiaraldeko dozena bat ikastetxek konpromisoen dekalogoa adostu dute

Gordin esan dute Aiaraldeko ikastetxeok: euskalduntzea “arriskuan dago” eta ikastetxeek, bakarrik, ezin diote aurre egin “egoera larriari”. Autokritika egin, eta hamar konpromiso hartu dituzte, hezkuntza komunitateek praktikara eramatekoak. Era berean,... [+]


Atlantikoko korronte baten kolapsoa adituek uste baino gertagarriagoa da

Ikerketa batek ondorioztatu du adituek uste baino AMOC korrontearen kolapsoa egoteko aukera handiagoak daudela. Korrontean aldaketa handiek eta azkenengo kolapso batek euri tropikaletan eraldaketa handiak eragingo lituzke, Europan negu oso hotzak eta uda lehorrak izango... [+]


Gutxienez 23 hildako izan dira Errusiak Kieven egin duen aire erasoan

600 misil eta dronetik gora bota ditu Errusiak Ukrainako hiriburuaren aurka. Gerra hasi zenetik egindako aire eraso handienetakoa da. Zelenskik nazioarteari eskatu dio erantzun dezala, Putin Trumpekin bildu eta bi aste eskasera.


2025-08-29 | Joan Mari Beloki
Trump bake bila?

Abuztuaren 15ean Vladimir Putin eta Donald Trump Alaskan bildu ziren. Ofizialki, Ukrainako gerrari amaiera emateko bidean beste urratsen bat emateko. Baina Gazan milaka pertsona hiltzeko gupidarik ez duen politikariak serio esan al dezake penagarria eta tristea dela Ukrainan... [+]


Poligono eolikoak: oportunismo gutxiago eta plangintza demokratiko gehiago

Duela egun gutxi 6.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Azantzan eta Sarbilen poligono eoliko berri bat eraikitzeko proiektuaren aurka. Antzeko beste proiektu batzuetan bezala, herritar eta talde antolatuen ahaleginari, antolaketari eta lanari esker egin da alegazioendako... [+]


Nafarroako informazioaren arloko profesionalek Gazako kazetarien sarraskia salatu dute

Informazioaren arloko dozenaka profesional bildu dira ostegun arratsaldean Iruñeko Gazteluko Plazan, Gazan kazetari lanetan ari direnen aurka Israelgo armada egiten ari den sarraskia salatzeko.


Semaforo gorria

Artikulu bati zer nolako izenburua jarri ez da aise hautatzen, ezta? Hasiera batean, “euskaldun gezurti, tranpatiak” bezalako izenburua idazteko asmoa nuen, baina inor mintzeko gogorik ez dudanez, goikoari eutsi diot, ene gogoetaren muina hobeto ulertaraziko... [+]


Kai Nakaik, Marenek eta Olatz Salvadorrek gezurtatu egin dute Bilboko Udalak esandakoa: ez zien beste eszenatoki bat eskaini

Bilboko Udalak ostegunean adierazi du Abandoibarrako kontzertua bertan behera geratu eta gero, Plaza Biribileko agertokia eskaini ziela hiru artistei, baina ezezkoa eman zutela. Abeslariek bertsio hori ukatu eta zehaztu dute: bakarrik Kai Nakari eskaini zioten.


Bigarren aldiz moztu dute Espainiako Vuelta Israelen parte-hartzea salatzeko

Bigarren aldiz gelditu dute Katalunian Espainiako Vuelta Israel-Premier Tech taldearen parte-hartzea salatzeko. Hainbat pertsonak Palestinako banderak atera dituzte eta txirrindularien bidea oztopatu dute Oloten.


“Bero jasangaitza” eta “arreta urria” salatu dute Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan

Nafarroako Osasun Departamentuak iragarri du ospitaleko solairu gehienak klimatizatuko dituztela 2026 amaierarako. ARGIAk elkarrizketaturiko bi erizain laguntzaileek nabarmendu dute premiazkoa dela banako gelak, komun irisgarriak eta aire girotua izatea.


Araba eta Nafarroa zeharkatzen zuten Forestaliaren bi autopista elektriko bertan behera geratu dira

Araba eta Nafarroa zeharkatu behar zituzten goi-tentsioko bi linea elektrikoren proiektuak ez dira gauzatuko. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Aragoiko Tueste herrian Forestaliak egin behar zituen lau poligono eolikoen proiektuak artxibatu ditu.


Eguneraketa berriak daude