Iruñeko Udaleko euskararen ordenantzak berriz ere aldatuta
UPNk eta CDNk bat egin dute eta irailaren 15ean Iruñeko Udaleko euskararen ordenantzak aldatzea erabaki zuten. Euskararen ordenantzak 1997an onartu ziren PSOEren, Ezker Batuaren eta CDNren botoekin. Lanpostuetako hizkuntz profilak teknikariek eta Administrazioko eta sindikatuetako ordezkariek osatutako batzordeak zehaztuko zituztela erabaki zuten. Batzordeak egin zuen bere proposamena: 130etik gora lanpostutan izango zuen tokia euskarak. Batzordeari entzungor egin eta 1997ko ordenantza bertan behera utzi dute orain. Urte horietan hiritarrek 256 alegazio aurkeztu dituzte; alferrik. Euskararen ordenantzak aldatu eta gero CDNko Luis Ibero zinegotziak esan du «aldaketek lortu nahi dutela hiritarrek Administrazioari euskaraz zuzendu ahal izatea». Erabakiaz kexu, Oinarriak elkarteak elkarretaratzea egin zuen urriaren 6an, Iruñeko Udalaren aurrean. Han bildu ziren beste hainbat talde ere: Iruñea Berria, Batzarre, Aralar, ESK, LAB, ELA, Administrazioan Euskaraz Taldea eta Euskara Kultur Elkargoa.
Eusko Jaurlaritzak euskara Justizian normalizatzeko egindako dekretuak ez du aurrera egin
Eusko Jaurlaritzak Justizia Administrazioko euskararen erabilerari buruz egindako dekretua atzera bota du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Auzitegi Konstituzionalak adierazi bezala, euskara meritutzat har daiteke baina inoiz ez ezinbesteko baldintza.
Joseba Erkizia HABEko zuzendari berria
1983az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiko Itzulpen Ataleko arduraduna izan da Joseba Erkizia andoaindarra eta orain Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko zuzendari izendatu du Eusko Jaurlaritzak. Erkiziak Jokin Azkueren tokia hartuko du.
Euskararen Jatorriaren I. Biltzarra Arantzazun
Azaroaren 19an egingo den biltzarra Mikoleta, Euzko Izaera, Bizi-Hitza eta Ena elkarteek antolatu dute. Besteak beste, Imanol Mujika, Felix Zubiaga eta Pako Iriarte arituko dira hizlari. Bittor Kapanagaren euskararen hiru substratuen teorian ere sakondu nahi dute.