Landareak: Kolonizatzailearen xarma


2005eko urriaren 09an

Uda txatxua udazkenaren aurrean makurtzen hasten denean loratzen da kolonizatzaile kolonia. Cortaderia selloana, panpako belarraren lumatzarrak ederki ikusten dira sasoi honetan; lorategi ugaritako amon hauen hazi ugariek bide ertz, betelan eta orokorrean lurra mugitua topatzen duten edozein txoko erraz harrapatzen dute. Ur gazia eta geza nahasten diren errioetan gero eta maizago topatuko duzu Baccharis halimifolia alua; oraintxe lore zuriztaz estalia. Errioaren ura erabat gezatzen den ibai eta erreketan Reynutria japonica berak uste zuena baino samurrago nagusitzen ari zaio bertako beste edozeini eta erriberatako lur beltzak lorategietara saltzen diren eran zabalkunde ederra bermatzen zaio; lotsagabe erakusten ditu lore-mordo zintzilikarioak. Errepide erraldoien maizter, Oenothera biennis-ak onil-itxurako lore horiz limurtzen gaitu.
Kanpotik ekarri diren landare guztiak ez ditugu gustuko. Lorategietarako dotoreak zirelako ustetan ekarri ziren batzuk eta modako gustu txepela aldatu ordurako abandonatuta, inguruko biotopoetan bizirauteko adinako tartea topatzea beste aukerarik ez dute izan. Beste batzuk itsasontzietako lasta osatzeko sartzen zen lurretan nahastutako hazietatik zabaldu zaizkigu; herri berrian ernetu eta bertakotu nahian hemen dabiltza paperik gabeko.
Geurera egokitu landare hauen zabalkundea bertako landaretzaren oreka kolokan jartzen ari da. Txingudi, Urdaibai eta izen apalxeagoko baina haiek bezainbesteko balore ekologikoa duen makina bat tokietan kolonizazio latza gertatzen ari da eta gu hanka hankari emanda lasai. Eskozian, Kantabrian... buru belarri ari dira kolonizazio hau kontrolatu nahian. Geurean, Ibarretxek hainbestetan errepikatzen duen eran errenta edo sakela lehen mundukoa, zentzua hirugarrenekoa...


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude