Net Hurbil: Aizu, kazetari, bukatu al zen Nigerreko gosetea?

  • Urak kalte egiten die Nigerren eta Afrikako beste eskualde batzuetan gosez hiltzeko zorian dauden herritarrei. Asiako tsunamiak estali zituen joan den neguan haien laguntza eskeak. Abuztutik hona berriz, AEBetan gertatzen ari diren urakan eta uholdeek desagerrarazi dituzte nigertarrak komunikabideetatik.

Telebista bada zure informazio iturri bakarra, jadanik ahaztua izan behar duzu Niger izeneko basamortu inguru batean gosetea dagoenik ere. Orobat munduaren martxaz irratiz enteratzen bazara. Baina okerragoa dena: prestigio handiko egunkari indartsu serioetako orrietatik ere hegan joana zaizu Nigerreko hondamendia.

Interneten hasi gara bilaka, beraz, ea abuztuko alarma deien eta irudi lazgarri haien ondoren gauzak zertan diren jakiteko. Google bilatzailean «Niger» eta «food» (janaria) ipini eta azaldu zaigun lehen informazioetako bat BBC irrati-telebista britainiarrarena da. Tituluak dio: «Nigerrek ez omen du jada behar janariz laguntzerik». Hama Amadou lehendakariak deklaratutakoa hartu du BBCk izenbururako. Irailaren 14ko kronika da. «Orain hasi eta iraila amaitu artean »dio lehendakariak» uztak bilduak izango ditugu eta pozik gaude uzta horiek kalitate onekoak direlako, Nigerreko herritarrek ez dute gehiago beharko kanpoko laguntzarik. (...) Gure duintasuna minduta dago».

Argazkietan ondo elikatua ageri den presidentea duintasunak kezkatzen du, baina BBCk Nigerren duen kazetari Hilary Anderssonek erantsi du bere kronikan milioi bat baino gehiago direla janari behar gorrian egon eta oraindik ezer eskuratu ez dutenak. Kazetariak dio orain ere ume asko hiltzen direla antolatu diren laguntza guneetan. Iritzi berekoa da Mugarik Gabeko Medikuak erakundea; honek ere jakinarazi du laguntza eteteko goizegi dela.

Afrikako aktualitatea gertutik jarraitzeko komunikabide digital interesgarria www.allafrica.com da. Afrikan eta afrikarrek egina da, AEBetako Rockefeller fundazioaren laguntzarekin. Irailean bere lehen orria bisitatu izan duena harrituko zen Nigerreko larrialdiaz hor kasik albisterik ez aurkitzeagatik. Sudango Darfur eskualdeko albiste asko, Namibiako uranio meategien inguruko gorabeherak, Boli Kostako bake prozesua, Liberiako hauteskundeak, Nazio Batuen batzar historikoa Afrikako begietatik ikusita... Nigerren arrastoak aurkitzeko ordea artxiboetan arakatu behar da.

All Africako kazetariek ez dute ia albisterik sortu Nigerreko egoeraz. Dauden informazio urriak Oxfam GKEaren eta Nazio Batuen Erakundearen prentsa agiriak dira.

NBEaren eskualdeko informazio sareak -UN Integrated Regional Information Networks- irailaren 12ko agiri bati izenburu hau ipini dio: «Goseteak emakume gazte asko beren gorputzak saltzera behartu ditu». Niamey hiriburutik bidalita dago baina bidaltzailearen sinadurarik gabe. Idatzi duenak datu gordinak ematen ditu. Bi edo hiru dolarren truke gau batean behin baino gehiagotan jo daiteke larrua emakume oso gazte batekin. Neska asko azaldu dira hiriburuko eta herri handietako kaleetan azken hilabeteotan, 1974ko eta 1984ko goseteetan gertatu zen moduan. Asko egunez neskame lanetan ari dira eta gauez prostituzioan. Neskametzan hilabetean 37 dolar inguru irabazten dute, eta gaurik «onenean» kaleko lanean 9 dolar irabaztera iritsi omen daitezke.

Irailaren 14ko beste prentsa ohar batek biltzen du Mugarik Gabeko Medikuek (MSF, frantsesezko siglatan) ordura arte egindako lanaz egiten duten balorazioa. MSFk bere kezka adierazi du dohaineko janaria ez delako iristen ari behar duen jende guztiarengana. Dagoenekoz desnutrizio erdi mailakoa duten haurrei azkar janariak ematen ez bazaizkie, uste dute laster desnutrizio larrian egongo direla, eta hiltzeko arriskuan.

Afrika Hegoaldean hurrengo alarma

MSFek irail erdiko balantzean dio elikadura falta larria duten gero eta haur gehiago datozela beren zentroetara. «Edozer egiten dugula ere, ez gara behar bezain azkar ari (...) MSFk biziak salba ditzake baina herritarrei janaria iristen ez bazaie, arazoak berdin segituko du».

MSFren laguntza guneetan iraila arte 30.000 haur artatu zituzten, eta urte bukaerarako kopurua 50.000ra iritsiko dela diote. Hori heriotz arriskuan dauden umeak bakarrik kontatuta. Gainerakoan, zerealen prezioak oso altuak direla eta eskualde askotan janari bankurik ez dagoela salatzen dute. Agiri horretan aitortzen dute aurten uzta oso ona izatea espero dutela, baina Munduko Janari Programak Nigerreko operazioa ondo burutzeko eskatu zituen 57,6 milioi dolarretatik soilik 33,5 milioi jaso dituela. Atzerapen hori berdintzen zaila izango da.

All Africaren artxiboetan miatuz Oxfamen irailaren 8ko oharra aurki daiteke. «Herrialde aberatsek Nigerrek erakutsi duenari ezikusia egiten diote eta bitartean Afrikako Hegoaldean gosete gogorrak datoz». Azarotik hasi eta otsaila bitarteko epean lehertuko omen dira krisi berriak. Jadanik Oxfam hasia da Malawin janaria banatzen. Baina ondoko hilabeteetan, 4 milioi herritar Malawin, 4 milioi Zimbawen, milioi bat Zambian, 400.000 Mozambiken, 500.000 Lesothon eta 200.000 Swazilandian, jendetza horiek guztiak (10 milioi) janaririk gabe aurkituko dira, eta asko jadanik gosez daude.

Krisi berri honen eragiletzat Oxfamek honakoak izendatu ditu: lehortea, hiesa eta gobernuek ezarritako liberalizazio ekonomikoa. Nigerren ez bezala, Afrikako Hegoaldean hiesak eta txirotasun orokorrak eragin dute larrialdia. Euriak iritsi eta uztak ondu direnean horiek bilduko dituen indarrik ez dagoelako herrietan.

«Egoera oso ezberdina da -dio Oxfamek- baina printzipioa bera. Herrialde aberatsak dirua emateko berriro geratzen badira hona telebista kamerak noiz iritsi zain, Afrikako Hegoaldeko herritarrek ordainduko dute zabarkeria horren kaltea».

Baina krisiok hain larriak ote dira? Niger bertako prentsa irakurrita ere dena asmakizuna dela pentsatu beharko genuke. Niamey-ko Le Republicain egunkariaren gunean, esaterako, leku nagusia dute liskar politikoek, gobernuaren eta sindikatuen arteko akordioak, albiste ekonomikoek, edo Lawan Didi Manzo futbolari zaharraren heriotzak. Gosetea txoko batean dago, dosier gisa bildua.

Dosierrean, artikulu batean O.K. izeneko batek dio 2,7 milioi herritar daudela egoera zailean, horietatik 850.000 egoera kritikoan. Beste batean, Aghali Abdelkader batek «Azawak eskualdean dohaineko janarien banaketa gaizki hasi da» idatzi du. Antza denez, Azawak eskualdea ez dute sartu lehentasuneko lurraldeen zerrendan, udaberriko uholdeetan sekulako galerak jasan zituen arren. Abdelkaderrek kontatu du Azawakeko Tamaya herriraino ze laguntza iritsi den: «36 zaku arroz, 7 zaku arto, 3 kartoi datil, 3 kartoi esne, 3 kartoi tomate eta 12 pakete gaileta.... ia 10.000 pertsonarentzako! Rofaminir-en, 5.000 pertsonarentzako, hau iritsi da: 10 zaku arroz, zaku bat mandioka irin, 4 pakete gaileta, kartoi bat datil eta kartoi bat esne. (...) Laguntza moduan miseria hau bidali dutenek uste al dute honela konpontzen dutela zertxobait eskualde bateko gosetea? Zergatik mespretxu hau?»

Adierazpen askatasunaren aldeko Kanadako erakunde batek salatu du Nigerreko gobernuak errepresaliak hartu dituela goseteaz informazioa eman duten kazetarien kontra. Horrek esplika dezake hango isiltasuna. Baina hemengo prentsarena zuritzeko, kazetariok aitzakia hobea beharko dugu.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude