Net Hurbil: Apartheid globala eta kolonialista zintzoen errukia


2005eko irailaren 25an
Kolonialistak garela aitortu behar diogu gure buruari. Euskal Herrian, abertzale ezkertiarren artean, asko eztabaidatu da ea zenbateraino den gurea herri kolonizatua, zenbateraino dauzkan euskal kulturak kolonialismoaren ezaugarriak. Franz Fanon, kolonizatuaren pentsaera... Baina Europa aberatseko kide nahiko dirudunak garen heinean, nekezago ikusten ditugu gure jokabideetan kolonizatzaileen arrastoak. Eta bai, mundu globalizatuan gu metropoli kolonialistaren partaide gara.

Azken hamarkadotan globalizazioak hartu duen abiadurarekin, ideologia kolonialistak are estuago lotu ditu mundu aberatsean bizi garenon pentsamenduak. Berrikitan Le Monde Diplomatique hilabetekarian Rony Braumanek Mission civilisatrice, ingerance humanitaire idatzi du gai honen inguruan. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko lehendakari izana da Brauman, eta hilabete honetan La fracture coloniale liburua plazaratu du. Bertan Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) autokritika gogorra egiten du.

George Bushen gobernuan kanpo arazoetako ministro zenean, Colin Powellek honela definitu omen zuen GKEen betebeharra: "Gure borroka taldearen osagai garrantzizkoak dira. (...)Helburu beraren bila gaude denok konprometituta: gizadiari laguntzea, munduan beharrean eta goserik dagoen gizon eta familia bakoitzari laguntzea, denok izan dezagun etorkizun ederrago bat amesteko aukera". Horra, beraz, inperioa gizarte justuago baten alde lanean, eta bere lankidetza eskaintzen GKEei. Hauek berriz, beren lana egitekotan agintariekin kolaboratu beste biderik ez daukate.

Braumanek kokatzen ditu GKEak betidanik kolonialismo barruan egon den korronte humanistaren erretenean. Espainiarrek kolonizazioa ez Amerika modernizatzearen izenean, baizik eta salbajeak kristautzearen aitzakian justifikatzen zutenean, Bartolomé de las Casas-ek esklabotasuna eta tratu krudelak kondenatzen zituen, baina beti ere kolonizazioa defendatuz. Azken finean, espainolok indiarren artetik ezabatu omen genituen jokabide barbaroak, hala nola giza sakrifizioak, kanibalismoa, poligamia, homosexualitatea, eta abar.

Beranduago, XIX. mendean Gurutze Gorria sortu zenean, bere aurreneko lehendakariak erakundea Ebanjelioaren moralean oinarritzen zela zioen, honela idatziz: "Errukia zer den ez dakite kanibalismoa praktikatzen duten tribu salbaje horiek. (...) Zuriek lagundu egin behar diete larruazal beltzeko jendeei, eta eskura ipini zibilizazio modernoak dauzkan tresnak beren bizimodua hobetu dezaten".

Braumanek badaki horrelako hitzak gaur ez lituzketela inongo erakunde solidariotan onartuko, baina jarrera bera ikusten du gaurko jokabide askotan. Egun ere eskuzabaltasunaz hitz egiten da eta modernizatzeaz. Eta -dio Braumanek- garapenerako laguntzak garai bateko oinarri berak dauzka solidaritate estalkiaren azpian.

Adibide zehatz bat analizatu du Braumanek: osasun programetan lan egiten duten milaka erakunderen kasua. Mendebaldean zabalduta dagoen uste bat barneratuta, plan horiek aurreikusten dute Hirugarren Munduko gaitz gehienak garbitasunik ezak eragin dituela. Ondorioz, kanpaina asko eta asko egiten omen dira xaboiaren eta komunaren bertuteak promozionatzeko, eta ura irakitea eta eskuak sarritan garbitzea zabaltzeko. Baina eginahal horretan, GKEetako hezitzaileek bertako jendearen etxeak eta sukaldeak inbaditzen dituzte. "Asko ez dira konturatzen -dio Braumanek- sarritan etxekoek gogor erreakzionatzen ez badute lotsagatik eta etxera etorri denari zor zaion begiruneagatik dela. Beren jakintza askatzaileak bultzatuta doazenez, hezitzaileok ez dira ohartzen besteren intimitatean lezioak ematera sartzea zenbateraino den mingarria".

Ea, esan buruzagi afrikar baten izena

Romy Braumanek honela bukatu du bere artikulua: "Etxeetan muturra sartzea osasunaren izenean gauza bat da eta gizadiaren balio nagusien izenean armaz eskuhartzea beste bat, baina bien atzean printzipio bera ikusten da: biek uste dute abangoardia direla usadio zaharren eta sistema politiko arkaikoen preso bizi diren herriak askatzera datozenak; hala erakusten du Iraken inbasioa `eskuhartze humanitarioaren' izenean egin izanak".

Ildo berean idatzi du Open Democracy gunean John Lonsdale historiagile ingelesak "Nola ikasi Afrika: biktimismotik ordezkaritzara". Afrika baita bat izatekotan gaur neokolonialismoaren biktima nagusia. Lonsdalek nostalgiaz gogoratzen ditu 1950 eta 1960ko hamarkadak, zeinetan Afrikako liderrek pisu bat lortu baitzuten Europako iritzi publikoetan. Ez diktadurapean bizi ginen Espainia eta Portugalen, baina Europako beste potentzia kolonialetan oihartzun handia lortu zuten Patrice Lumumba-k, Leopold Senghor-ek, Kwane Nkrumah-k, Jomo Kenyatta-k, Julius Nyerere-k... Zer esanik ez Suezeko gerran frantsesak eta ingelesak umildu zituen Gamal Abdel Nasser egiptoarrak.

"Gaur aldiz -dio Lonsdalek- zenbat europarrek eman dezakete Afrikako gizon ezagun bakar baten izena, ez bada Robert Mugabe-rena mutur batean eta bi santure bestean, Nelson Mandela eta Desmond Tutu? (...) Zenbat europarrek espero du afrikarrak gai izango direla beren arazoak konpontzeko?".

Komunikabide nagusiek egunero eraikitzen duten Afrikaren irudian, itxaropenik gabeko eta historiarik gabeko "bestea" dira guretzako, proposamenez eta historiaz gainezka gauden aberatsontzako. Live 8 antolatu zuten Geldof eta Bono bezalako artistek, -nahiz eta historiagile honek aitortzen dien politikariak mugiarazi izanaren meritua- beren buruak halako saindu edo heroi dragoi-akabatzaile moduan aurkezten dituzte, txirotasunean, ezjakintasunean eta gaixotasunean itota dauden afrikar gizajoei lagundu nahi dietenak. Komunikabideok berriz infantilizatu egiten ditugu bai afrikarrak eta bai europarrak, arazoak sakonetik aztertzeko ordez voyeurrentzako kontsumo produktuak eskaintzen ditugu eta.

Afrikarekiko Europak egiten duena ulertzeko proposamena ere luzatu du artikuluan Lonsdalek. Mendebaldeko herritarrok (nahi dugunok) haserre eta aktibo jarriko gaituena. "Gehiegi esatea ote da gaur politika eta gizarte aldetik zatituta baina ekonomiaz bateratuta dagoen mundua atzo Hegoafrikan zegoen apartheidarekin aldera daitekeela? Oso antzekoak gara gauza askotan. Herrialde aberatsetako inmigrazio eta asilo legeek Hegoafrikako pasabide legeen oso antzera funtzionatzen dute. Iparraldeko nekazariek prezio garantizatuak eta esportaziorako laguntzak dituzte, laborari zuriek baserritar beltzetatik babesteko zituztenak bezalakoak. (...) Afrikako langile trebeenak kontratatzen dituzte herri aberatsetako osasun zerbitzuek; horien hezkuntza Afrikako estatu txiroek ordaindu dute gero etekinik ez ateratzeko. Berdin-berdin, Hegoafrikan Bantustanetan sortzen ziren langile migratzaileak, gero kosterik gabe hirietako zuriek kontratatzen zituztenak".

Asmo oneko ekintza solidarioetan ere azaltzen da sarri apartheid mentalitatea. Protagonistak beti geu.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude