Aurreskuaren ohorea


2005eko irailaren 25an
Honek ez dauka neurririk. Oraintxe bertan jaso dut eskaera gure herriko udaletik. Herri malkartsua da gurea, mendiari lapurtutako aldapetan bizi gara, eta orain Corte Inglesean bezala ibiltzen gara gora eta behera, eskailera mekanikoetan. Asteburuan eskailera mekanikoen zati berri bat irekiko dute eta inaugurazio ekitaldian aurreskua egiteko eskaera egin digute. Beste bat. Dagoeneko dozena erdi eskailera mekaniko inauguratu ditugu beste horrenbeste aurreskurekin. Ezin duzue imajinatu zein tentel senti daitekeen bat eskailera batzuei begira dantzan ari dela.

Ezetz esan genezake noski. Saiatu gaitezke eskailera mekaniko batzuei dantza egitearen absurdua azaltzen. Baina ulertuko al dute? Izan ere, edozein toki eta baldintzatan, edozein ospakizun, protokolo, inaugurazio eta xelebrekeriatan aurreskua ikustera ohitu gara, eta orain, "zertara datoz hauek beren eskrupuluekin?". Omenaldiak, agintariei harrerak, eraikinen inaugurazioak, presoen etorrerak, ezteiak, sari-emateak, errepide eta errotonden irekitzeak… Nire lagun Enrikek esaten du itzal handiko omendu baten aurrean dantza egitea dantzariarentzat berarentzat izaten dela ohore. Baina horrelakoak gutxi izaten dira. Oso gutxi. Eta bestelakoak gehiegi.

Edozer eta dena loratzen da gaur ditxosozko aurreskuarekin. Aurreskuaren booma bizi dugu. Aurreskuaren inguruan dagoen nahasmenak ere ez du asko laguntzen. Soka-dantzak izendatzeko erabili izan da aurreskua batzuetan. Soka-dantzaren buru egiten duena, alegia, lehen dantzaria, aurreskua edo aurreskularia da ere. Gaur egun edozein funtzio publikotan dantzari bakar batek egiten duen dantza da aurreskua gehienentzat.

Soka-dantzatik kanpo dantza hori bestelako funtzioetan eskaintzeko ohitura ez dirudi oso zaharra denik. XIX. mende bukaeran aurreskulari txapelketen bidez hasi zen ezagutarazten aurreskua sokatik kanpo, baina XX. mendearen bigarren erdian hasiko da protokolo funtzioetarako zabaltzen. Azken hamarkadetako aurresku inflazioak dantzariak egoera xelebreenetan jartzeaz gain erabat debaluatu du dantza bera.

Ezkongaiek ezteiak gogoangarriak izateko baldintzen artean jarri dute aurreskua: soinekoa polita izan dadila, bazkari ederra eta aurresku hunkigarria. Koadrilako lehenengoak ezkontzeko asmoa agertu eta berehala poz-pozik etorri zitzaidan: "Aurreskua egingo didak ezta?". Purrustada prest neukan, "Ni dantzan ikustera inoiz ez haizenez etorri, pentsatu diat ez haizela oso dantza zalea izango, eta beraz, ez haut nire dantza kontuekin aspertu nahi hire bizitzako egunik pozgarrienean". Ez zuen ezer ulertu noski. "Primeran! Osaba bat txistularia izandakoa duk. Idoia izugarri poztuko duk".

Eraikin, errepide edo errotonda baten inaugurazioan, porlan tona batzuen aurrean jarri eta dantza egitea baino gauza ergelagorik nekez bururatzen zait. Ba horrelako makina bat eginda gaude. Erakundeetako ordezkariak ere beti prest ditugu aurreskua "jasotzeko". Inaugurazio-zinta prestatu eta ez dira ba politikari eta enpresariak zintaren aurrean jartzen aurreskuarekin "ohoratuak izateko" prest? Baina zer meritu dute horiek egunero zazpi aurresku jasotzeko? Gure diruak kudeatzeko hautatzen ditugu, ez beren buruaren gurtze-ekitaldiak antolatzeko.

Eta asteburuan eskailera mekanikoen zazpigarren fasea… Ulertuko al du udaleko ordezkariak aurreskuaren kontzientzia-eragozle naizela esaten badiot?


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude