Gas Naturalek Endesari egindako Erosteko Eskaintza Publikoak espainiar nazionalismo gotortuenaren erreakzio gordina ekarri du. «Badatoz katalanak, adi!» oihua lau haizetara barreiatu dute Espainia batuaren beren diskurtsoa kontraesanez betez. Espainiaz kanpoko kapitala nahiago dute askok katalanena baino. Espainiako diskurtso nazionalista sotilago batek, aldiz, lasai egoteko dio eta guztiz kontrako jarrera agertzen du, La Caixaren eta Kataluniako kapitala Espainiako ekonomian gero eta indartsuago izatea bera izango dela Kataluniako abertzaletasun erredakalaren galgarik eraginkorrena eta Katalunia Espainiara lotzeko bermerik egokiena. Euskal Herrira etorrita, MCCrekin antzeko hausnarketak egiten dira sarri. Esate baterako, burujabetza kontuetan batera edo bestera egin beharko balu, norantz bultzatuko luke bere saltoki handien ehuneko esanguratsua Espainiako lurretan dituen Eroskik? Edo, ekonomi botereei buruz sarritan aipatzen den bezala, ez luke inorantz bultzatuko?