Autolaguntza liburuak: ustezko zoriontasun pilulak

  • Autolaguntza liburuak, arrakasta lortu duten beste gauza asko bezala, AEBetan sortu ziren orain dela zenbait hamarkada. Gaur egun, generoa ezin osasuntsuago dabil. Milaka izenburu topa ditzakegu, arlo ugari eta modu ugaritan jorratzen dituztenak. Oro har, ezaugarri bi edukitzen dituzte: erraz irakurtzen dira, eta gure bizimodua hobetzeko bitartekoak ematen omen dizkigute.

2005eko irailaren 18an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gero eta liburudenda gehiagok eskaintzen diote atal bat autolaguntza deritzon generoari. 15.000 izenburu inguru ditugu merkatuan, eta gero eta argitaletxe gehiagok daukate autolaguntza sailen bat. Asko idazten da, asko irakurtzen delako. Eta autolaguntza liburuak etengabe agertzen dira gehien saldutakoen zerrendetan, fikzioz bestelakoen alorrean behinik behin. Hala ere, eta aurrera jarraitu aurretik, argitu dezagun autolaguntza liburu asko, fikziotzat hartuak ez izan arren, narrazio gisa emanak daudela. Izan ere, horiek izan ohi dira salduenetakoak, Ediciones Urano argitaletxe espainiarreko Carmen Garcia-Trevijanok dioskunez.

Hain zuzen ere, Ediciones Uranok argitaratu zuen, Espainiako Estatuan, Spencer Johnson estatubatuarraren Who moved my cheese? (Quién se ha llevado mi queso?), azken hamarkadako autolaguntza libururik ospetsuenetako bat. Narrazio laburra da, ziztu bizian irakurtzen dena, eta metafora erraz batzuen bidez bizitzaren aldaketei modu egokian aurre egiteko aholkuak ematen dituena. Beste liburu batzuek gure seme-alaben adimena indartzeko modua azaltzen digute, edo gure enpresako langileen lan-gaitasuna handitzekoa, edo geure sentimenduak behar bezala adieraztekoa. Adibide bakanak besterik ez dira. Izan ere, hamaika azpigenerok aurkitu dute babesa autolaguntzaren altzo ezin zabalagoan: osasun-teknikak, norberaren garapena, ongizatea, medikuntza alternatiboa, giza-harremanak...


Gazta batek iraulitako generoa

Who moved my cheese? orain zazpi urte argitaratu zen AEBetan »hemen, urte bi geroago», eta salmenta kopuru itzelak erdietsi zituen. "Enpresaren batek 25.000 ale erosi zituen, langile guztiei bana emateko", dio Garcia-Trevijanok. Beraren ustez, liburu hura argitaratzeak autolaguntzarenganako jarrerak aldatzea eta generoak gora egitea eragin zuen, Espainiako Estatuan behinik behin.

"Ordura arte, era honetako liburuek kritika latzak jasotzen zituzten, komunikabideengandik batez ere. Baina Quién se ha llevado mi queso?ren arrakastaz geroztik, argi geratu zen jendeak halakoak nahi zituela, irakurterrazak eta ideia ulerkor eta erabilgarriz osatuak. Dagoeneko ez da inor autolaguntza liburuak erosteaz lotsatzen; lehen bai". Nolanahi, eta salmentak salmenta, Johnsonen liburuak oso kritika txarrak jaso zituen, literatur-kritikoengandik batik bat. Alde horretatik ere, autolaguntza generoaren paradigma dela esan dezakegu.


Zenbateraino lagungarri?

Benetan laguntzen al dute autolaguntza liburuek? Era guztietako iritziak daude horretaz, baina bereziki interesgarria iruditu zaigu psikologoena ezagutzea. Eta haiek ondoko ideia hau azpimarratu gura izan dute, batez ere: autolaguntza liburuak irakurtze hutsak ez dio inori laguntzen. Zerbait lortzekotan, profesional baten gidaritzapean lor liteke, eta ez liburu guztiekin gainera.

Consuelo Rico psikologoaren ustez, autolaguntza liburu batzuk kaltegarriak ere izan daitezke benetako arazoak dauzkan norbaiten eskuetan: "Depresioa daukan norbaitek, esaterako, honelako liburu bat irakurtzen duenean, ‘egizu hau eta gainditu egingo duzu’, ‘zuk bakarrik gainditu dezakezu’ eta halako mezuak jaso ditzake. Jakina, pertsona hori konturatzen denean ezin duela bere kabuz depresioa gainditu bere buruari botatzen dio errua, eta beraren gaitzak okerrera egiten du". Dena den, Ricok ez lituzke autolaguntza liburuak gaitzesi nahi, "gehienetan ez baitute kalterik egiten. Mesede handirik ere ez, bestalde. Nola aldatuko du norbaitek bere portaera liburu bat irakurtze hutsagatik? Ia ezinezkoa da".


Tratamenduen osagarri izan daitezke

Monica Alonsok, Bilboko Tadi zentroko psikologoak, berretsi egin ditu, nolabait, Ricoren berbak: "Iruditzen zait zenbait autolaguntza liburu irakurrita norberak ergeltzat jo dezakeela bere burua: ‘Ez zara gauza izan zeure arazoak gainditzeko? Oso erraza da bada!’, esango balute bezala". Antza, AEBetatik datozen liburuetan ohikoagoa da halako mezuak topatzea, Europakoetan baino. "Han zabalduago dago 'edonor iritsi daiteke presidente izatera' pentsamoldea", dio Consuelo Ricok.

Hala ere, eta Ricok bezala, Alonsok ez du aditzera eman nahi autolaguntza liburu guztiak kaltegarriak direnik: "Liburu eta irakurleen araberakoa da hori. Badaude benetako profesionalek idatzitako liburu onak. Baina ez dute ezertarako balio beste profesional baten aholkupean irakurtzen ez badira. Tratamendu baten osagarri dira, ez tratamendua bera. Edozelan, nik neuk ere erabili egiten ditut, neure lanerako, egokiak iruditzen zaizkidan batzuk".

Bere magalean denetik biltzen duen etiketa

Sarritan lauso samar ageri zaizkigu autolaguntzaren mugak. Zenbait idazleren lanak muga horien alde batetik bestera jauzika egoten dira, kritika egileen ikuspegiaren arabera, ustez literatura "arrunta" -hala esatea zilegi bazaigu- egiten duten arren. Paulo Coelho, Isabel Allende, Susana Tamaro, Jorge Bucay… Milioika ale saltzen dituzten idazleez ari gara, beti ere.
Aipatu dugunetako batek, Jorge Bucay argentinarrak, bere liburuak ez direla autolaguntzakoak aldarrikatzen du, liburutegi askotan errotulu horren azpian topa baditzakegu ere. Bucayk autolaguntza kontzeptua malguegia izateari leporatzen dio hori: "Orain 30 urte, argitaletxe batek AEBetan self improvement zeritzan liburu batzuk argitaratu zituen Espainian eta Argentinan. Baina itzulpena -norberaren garapena- ez zen oso erakargarria, eta haren ordez autolaguntza erabiltzea erabaki zuten. Gero denetik sartu zen izendapen horren baitan. Baina zentzu hertsian, autolaguntza liburu batek arazo zehatzetarako irtenbide zehatzak proposatu beharko lituzke, zenbait ariketaren bidez. Alde horretatik, nire liburuak ez dira autolaguntzakoak, irakurtzen dituztenen zoritxarrerako. Nahi nuke izatea, baina nire liburuetan galdera asko eta erantzun gutxi egoten da".
Edozelan ere, Bucayk aitortu egiten du ez daukala bere burua idazletzat; "idazten duen terapeuta naiz, gehienez ere". Idazle petotzat agertzen den Paulo Coelhok, berriz, zera esan zuen behin, autolaguntza idaztea leporatzen ziotenei erantzunez: "Ni idazlea naiz, eta norbaitek arimarentzako bideak bilatzen baditu nire liburuetan, berarena da arazoa". Kontuak kontu, begibistakoa da autolaguntza generoa ez dela, inondik ere, literatur-kritikoen lar gustukoa.

Alex Rovira, idazlea: «Liburu hauek, irakurtzeko errazak izateaz gain, modu atseginean mezu batzuk ematea beste helbururik ez dute»
Zein ondorio atera duzue urtebete ondoren?
Autolaguntza generoa AEBetan sortu zen, eta han dago oraindik egile gehien. Hala ere, gero eta idazle gehiago dugu Europan. Azken urteotan salmenta-zerrendetan arrakastatsu ibili denetako bat Alex Rovira katalana da. Bi best seller eman ditu haren lumak: La brújula interior (Barneko iparrorratza) eta La buena suerte (Zorte ona), biak ere narratibakoak. Lehenengoaren milioi erdi ale saldu da, eta bigarrenaren bi milioi.

Zure liburuak autolaguntza generokoak direla uste al duzu?
Bost axola niri definizioak, baina bai, autolaguntza generoaren barruan koka ditzakegu, edo enpresa-literatura atseginaren barruan. Hau da, ulertzeko zailegia izateko asmorik ez duen literatura.

Baina laguntza emateko asmoa zenuen, idazterakoan?
Nahia badago, noski. Lehenik eta behin norberarentzat idazten da, baina gogoeta erabilgarri batzuk konpartitzeko gogoz ere bai. Uste dut "autolaguntza" hitzak oso eremu zabala betetzen duela: asteburu batean tenisean jokatzen irakasten dizuten egileak aurkitu ditzakegu, eta baita ere oso mezu hertsia ematen ez dutenak, bizitzari buruzko hausnarketa batzuk baizik.

Zergatik dute horren arrakasta handia?
Hutsune bat betetzen dutela uste dut. Liburu hauek, irakurtzeko errazak izateaz gain, modu atseginean mezu batzuk ematea beste helbururik ez dute. Eta jende asko dabil erantzun bila. Depresioak, antsietateak, beren buruaz beste egiten dutenen kopuruak… izugarri gora egin dute Mendebaldean. Zenbat eta garapen ekonomiko handiagoa, orduan eta psikologia-arazo gehiago.

Posible al zenuke zure lan bien laburpentxoa egitea?
La brújula interior nire bizipen batzuen ondorioz sortutako hausnarketa sorta da. La buena suerte, berriz, nire umeentzako ipuin modura hasi zen, baina argitaratzaile baten senak enpresa-narrazio bihurtu zuen. Laburbilduz, zera dio: zorte ona norberak egindako lanaren araberakoa dela, ez dela nahikoa besterik gabe haren zain egotea. Ipuin klasikoen ereduari heltzen die, eta La brújula interior baino arinago irakurtzen da.


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude