Agenda 22


2005eko irailaren 18an

Oporrak

Uztailak eta abuztuak beti izan dute gogor ospea bertsolarion artean. Beste urte sasoietan baino gehiago ibiltzen gara hara eta hona, herrietako jaiak ere ugaldu egiten direlako. Izaten diogu beraz, halako izu bat udaren bihotzari. Aurten ordea, arrazoirik gabeko izua dela ohartu gara. Uztailean eta abuztuan dena da samurragoa, tabernarien lana salbu. Gu gabiltzan artean mundua geraturik sumatzen dugu, ez datorrela gurekin. Hartara, zorabio arriskurik ez da izaten. Inor gutxik deitzen du etxera; ez da ez-usteko bilerarik izaten; plazako entzulea ere erlaxatuago eta jolastiago agertzen da; umeak bere erara dabiltza eta helduak umeturik... Ondorioa begi-bistakoa da: aukera-aukeran, ia nahiago dugu zuek opor izatea, geuk izatea baino.


Euskal selekzioak

Aspaldi batean, uztailaren hasieran, Algortan izan ginen ESAITek antolaturiko egunean. Bertsotakoa hainbestean joan zen eta eguna ondo. Itzuleran ordea, Sustrai eta biok bagenuen erresumin txiki bat: antolatzaileen lana eta grinari zegokion neurriko erantzunik ez ote zen izan jendearen partaidetzaren aldetik. "Jendetik mehe" gure hiztun jatorrenek esango luketen eran. Euskararen eta ikastolen aldeko jaietan jendetza trumilka biltzen den bezala, euskal selekzioen aldarriak gehienen onespena jasotzen du, baina nahi baino gutxixeagoren partaidetza. Algorta urrun geratzen dela esan dezake munduaren zilbortzat etxe-ataria duenak. Uztailaren hasieran bakoitzak bere planak eta asmoak dituela, eta mendi-hondartzek tiradizo handia dutela botako dizu beste batek. "Ibilaldia" pasa berri, "Araba euskaraz" ere bai, ikastola eta ikastetxeetako ikasturte bukaerako jaiak oraindik eztarri-zuloan... Mila izan daitezke arrazoiak, edo bakar bat ere ez.


Egunsentian

"Ez da edozein!" esamoldeari bueltaka ari naiz nire burua hobeto ezagutu nahian. Udak horretarako era ere eskaintzen du eta edozein bazterretan, edozein txosna-ertzetan, edozein hondartza-malekoitan aurki zenezake zure burua edozeinekin bertsotan. Txirritatu egiten gaitu udak, nahiz eta nekez irudikatzen dudan Txirrita, sandaliak arrastaka, galtza piratak eta garagardo-botila eskuetan batetik bestera. Txirritatzeak edozeinekin kantatzea dakar. Kontua da, beti ere geure aldartearen arabera, inor ez dela edozein. Denak dira norbait. Eta bertsolagintzak badu harro egoteko arrazoirik horretan behinik behin. Bernan, Amuritza, Mañukorta eta hiruok aritu ginen Mikelekin. Mutil jatorra da Mikel, ernea. Begiak ditu bereziak… eta bihotza ere bai.


Kontrasteak

Ur hotz eta bero bainuak tartekatzea ona omen da gorputzarentzat. Askok egiten du horrelakorik gaur egun. Goizean Unibertsitatean eskolak eman eta segidan Urbian artzainekin batera bazkaltzea ere ona da, buruarentzat. Azkar-usteek bizkor aldegiten dute. Gutxik dugu ordea, horrelako zerbait gozatzeko zoria.


Ume

Umetu egin da lehenez gainera Joan Mari. Gurekin batera egiten die urteroko bisita Urbiako artzainei, abuztuko egutegi-orria gorritzera doala. Ez da isiltzen, eta hala ere, galdezka ona da. Urtero galdetzen dit bertso bikain bat botatzeko zer egin behar den. "Balekoa ez eh, balekoa ez zait interesatzen. Bikaina nola sortzen duzue?". Zer erantzun ez dakidala geratzen naiz urtero. Harritu egiten nauelako bere jakinminak. Badakidalako, bertso bikaina ere ez zaiola interesatzen. Interesatzen zaiona da, bertso bikaina egitearen prozesua nondik nora joan daitekeen, gero, ikasia bere lanean egokitu ahal izateko. Jakinmina, hitz-jarioa, galdera mordoa... umeen ezaugarri dira. Eta ez dira osagai txarrak bere lanean, dena dela, aurrera eginez segi nahi duen nagusiarentzat ere. Arzaki ezin zaio aurkitu-nahi hori behintzat ukatu.


Sormenik ez dela?

Bertso-paper lehiaketa bateko epaimahaian partaide izan naizen azken aldietan, aho-zapore mingotsarekin amaitu dut. Jakineko kontua da neurtezina ez daitekeela ongi neurtu, eta ondorioz gaizki ere ez, eta arrazoi horrek aski behar zukeen epaile lanak lasaiago burutzeko. Bertso-paperetan ordea, ohiko zailtasunari beste bat erantsi beharrean gaude: jenero desberdinetako lanak etortzen zaizkigu joko-zelai berean neurtzera. Bertso-sorta batzuk, ongi sartzen dira, lehenengotik, belarrira. Beste batzuk, bihotza hunkitzen dizute, belarria arretaz eta behin baino gehiagotan luzatzen badakizu. Eta badira, bihotz-belarriak gutxiago, baina garuna geziz joa uzten dizutenak ere. Belarri, bihotz, muin... harategietako iragarki-txartela dirudi honek eta ez bertso-paperak neurtzeko irizpide saila. Kontuak kontu, "Basarri" sarira aurkeztu ziren hogeitabi lanak miatu ondoren, harro esan dezaket, ekartzeko poema-liburuak, abestien letrak, publizitate-iragarkien testuak... non bertso horietan baino poesia pila metatuagoa topa daitekeen. Erronkan ari naiz, baina ez gezurretan.


Martuteneko trena

Zezenketan badirela maila desberdinetako plazak daukat aditzera. Lehen mailakoak, bigarrenekoak, hirugarrenekoak… Konpromiso handiagoko eta txikiagoko plazak eta ganaderiak ere bai nonbait. Toreroek erabakiko dute batzuetan zein besteetan nola jokatu. Guk ez dugu, propio bederen, horrelako sailkapenik sekula egin izan. Plaza batera joaterako egingo duzu kalkulua zenbatsu entzule izan daitezkeen, zenbateko arretaz segituko duten saioa, gai-jartzaile nor izan daitekeen... beti ere joandako urteetako eskarmentua oinarri. Susmoa hartuta nago ordea, etorkizun hurbilean etxean deia jasotzen dugularik beste kalkulu batek gidatuko dituela gure baiezko-ezezkoak: leku horretan aparkatzeko dagoen zailtasunaren handi-txikiak. Zarauztar bati samurragoa zaio Donostiako Parte Zaharrean aritzea baino Zornotzan aritzea, esaterako. Horiek horrela, Txirritak bertso-paperetan aipagai izan zuen hark, Uztapideren sasoian ezinbesteko lagun zuten hura beharko dugu guk ere garraiobide: trena. Eta Baztan edo Malerreka aldera goazelarik, Paulo Txikia eta Mitxelena bezala joango gara, bizikletan. Egia esan, ez dut imajinatzen Sebastian Lizaso... trenean!


Azkenak
PSC irabazi ditu hauteskundeak Katalunian, eta independentismoak kolpe latza hartu du

Itxura guztien arabera, PSCko Salvador Illa izango da Generalitateko hurrengo presidentea, norbait izatekotan. Bestela, hauteskundeak errepikatzeko aukera dago. Egungo presidente Pere Aragonés eta ERCk jaitsiera handia izan dute. Abstentzioa %41ekoa izan da.


Hiru itun zail Kataluniako Generalitateko presidente izateko

Kataluniako Parlamentuko gehiengo independentistaren galerak eta hemizikloa eskuinerantz eta espainolismorantz biratzeak gobernagarritasuna zailtzen dute. Maiatzaren 30eko Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak, Amnistiaren Legea bozkatu behar duenak, eta ekainaren 9ko... [+]


Materialismo histerikoa
Isilean


Eguneraketa berriak daude