Osaba


2005eko irailaren 11n
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Tomen etxola. Ez ditut gogoan film hartako sekuentzia anitz. Haatik, kotoi lur eremu eternal haietako gatibu beltzak, kotoi zuri biltzaile haiek ez ditut ahantziak. Ez eta haien jabe blondak, etxe ederraren atarian askaltzen, zerbitzatuak. Film hark erakutsi zidan inoiz entzun dudan baritonorik sarkorrena txalupa bateko brankan zutik kantari. Ibaia ere, kotoi lur eremu hura bezain erraldoi. Mississipi. Eta osaba Tom hura han eta hari kantari. Geroztik izan nuen bluesaren berri. Eta gospela. Baina geroztikako entzunalditan inork ez nau hark beste erakarri. Katrina izendatu duten urakanak ez dakit zenbat eraman ditu aurretik. Inguru haietako agintari bati entzun diot hirugarren mundukoa zirudiela Katrinak bere atzean utzitako egoera ikaragarriak. Biktimak, kotoi biltzaileen ondorengoak nagusiki, handik alde egiteko, lekutzeko ahalbiderik ez, eta latazko etxola tintatuetan bizi zirenak. Hirugarren mundu anitz lehen mundu urritan, porlanezko etxe bat oraindik izanen ez dutenak, izen propiorik ez duten espekulazio finantzieroen gatibu direnak. Terrorismoaren benetako biktimak. Erosiko diegu beren musika, promozionatuko ditugu aleka, arte autentikoa maite baitugu, miseriak sortutako kultura behar baitugu ergelki kopiatzeko.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude