Euskararen inguruko albiste laburrak


2005eko uztailaren 17an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu


Euklidesen Elementuak matematika liburua euskaraz

Euklidesen Elementuak liburu klasikoa euskaraz irakur daiteke Elhuyar Fundazioak argitaratu eta Patxi Angulok itzuli duen bertsioari esker. Euklidesek duela 22 mende inguru idatzi zuen liburua eta orduz geroztik zientzia liburuen artean gehien argitaratutakoa eta itzulitakoa izan da. Geometria, zenbakien teoria, zenbaki irrazionalak, espazioko geometria eta beste hainbat gai jorratzen ditu liburuak. Elementuak liburua zientziaren alorrean oso garrantzitsua izan da eta Angulo itzultzaileak adierazi duenez, «liburu hau agertu zenean beste guztiak desagertu ziren eta erromatarren garaitik XIX. mendea arte erabili da eskoletan matematika erakusteko». Patxi Angulok Elementuak lanaren itzulpenaz gain, hainbat atal gehitu dizkio bere liburuari.


Gaelikoa Europako hizkuntza ofizial izatea ospatzeko arrazoirik ez?

Gaelikoa Europar Batasuneko hizkuntza ofiziala bihurtuko da 2007an. The Irish Independent egunkarian idatzi duen Eilis O’Hanlon kazetariak ez du neurri hori ospatzeko arrazoirik aurkitu. O'Hanlonen ustez, «(...) herritarrik konprometituenez osatutako taldetxo batek Europako Batasunak irlandera onartu zezan burrunda eragiten badu ere, inori ez dio axola. Axola balitzaigu bezala egiten dugu, hori delako Irlandako jende ikasi eta aurreratuak defendatu behar duen aldarrikapen bat (...)». Ofizialtasuna eskatzea baino neurri hoberik badu O’Hanlonek: «Irlandera hainbeste maite badugu, errekazionatu beharra daukagu. Adibidez: irlanderaz hitz eginda. Horren ordez, zenbait keinu alferrikakorekin konformatzen gara, hala nola, kaleen izenak gaelikoz ipintzearekin. (...) Nola edo hala moldatu gara Europako aurrekontuetatik 3,5 milioi euro lortzeko urtero, EBren agiriak gaelikora itzultzea ordaintzeko, bitartean herrialde honetako jende guztiak ingelesez irakurri ditzakeen arren. Europaz ondo baliatu gara».


Behatokia nazioartean

Hizkuntz Eskubideen behatokiak hiru bidaia egin berri ditu Kurdistanera, Italiako Trieste-ra eta Londresera. Hiru helburu bete nahi ditu atzerrian Behatokiak: Euskal Herrian hizkuntza eskubideak zertan diren azaltzea, Behatokia nazioartean erreferente bihurtzea eta nazioarteko aditu eta erakundeekin hizkuntza komunitate gutxituen sarea edo kontseilua sortzea.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude