Estresa uretan disolbatua


2005eko uztailaren 17an
Ez duzue inoiz pentsatu, estresak jotako uneren batean, "bainuetxe batera joan beharra daukat!"? Bainuetxea lasaitasunaren sinonimo bihurtu dugu ia, bertan zer topa dezakegun zehatz jakin gabe ere askotan. Badakigu ura egoten dela, baina, zer ur mota?

Lehen ere esan dugu lur azpitik azalera agertzen den urari ur termal deitzen zaiola, baldin eta agertzen den tokiko batez besteko tenperatura baino bost gradu beroagoa bada. Hala ere, badira askoz tenperatura altuagoan agertzen direnak. Fiteroko bainuetxekoak, esaterako, hipertermalak dira, hau da, oso beroak (48 gradu); Zestoakoak, aldiz, epelagoak dira: 27 edo 31 gradu, iturriaren arabera. Hipotermalak, beraz. Aipatutako biek osatzen dute Euskal Herriko bainuetxe hirukotea, Kanbokoarekin batera. Bada beste bat Errioxan, baina Nafarroarekin muga-mugan: Arnedillo.


Lasaitasuna da amua

Ur termalak ez dira duela ehun urte bezain beharrezkoak. "Orain -dio Jaione Egigurenek-, giltzurruneko harri batzuk hamar minututan kentzen dira laser bidez; beraz, dagoeneko inork ez du bere opor hilabete osoa hemen ematen, ea ura edanez giltzurruneko harriak botatzerik duen". Nola lortu dute bainuetxeek negozioak osasun onez irautea? Zein izan da haien "ur termala"? Bada, uraren beharrik gabe ere, bainuetxearen beharra sortu dute. Turismo gune bilakatu dira, presak jota bizi garen honetan biziro erakartzen gaituen hitza erabiliz amutzat: lasaitasuna.

Ura ukitu gabe ere bapo egon daiteke bainuetxe batean. Bainuetxeak hotelak dira gaur egun, eta hori dute euren eginbidearen ardatz. Ur termalek nortasun berezia ematen diete, jakina, baina hori baino askoz eskaintza zabalagoa daukate honezkero. "Bainuetxearen oinarria iturriak dira »diosku Egigurenek», baina zentro hau aspaldi garatu zen turismo gune modura". Garai batean, ura botiletan sartu eta farmazietan saltzen zen, baina hori lekuz eta garaiz kanpo ei dago gaur egun. "Orain era askotako zerbitzuak eskaintzen ditugu: estetikoak, aurpegirako tratamenduak, masajeak…".


Bederatzi talasoterapia-gune Euskal Herrian

Bide beretik jo dute talasoterapia zentroek. Euskal Herrian ez daukagu ur termal askorik, baina bai kostalde ederra. Ez da harritzekoa, beraz, talasoterapia zentroak bainuetxeak baino gehiago izatea. Bederatzi daude Euskal Herri osoan, horietatik bost Lapurdin; Estatu frantsesean, izan ere, espainiarrean baino askoz ohitura zabalduagoa da talasoterapia.

Zumaiako Zelai talasoterapia-hotelera jo dugu itsasoko urak ekar diezagukeen onuraz galdezka, eta hantxe hartu gaitu Jesus Mari Merinok: "Funtsean, gure tratamenduak eta bainuetxeenak berdintsuak dira". Ura ez da berdina, noski. Besteak beste itsasokoa ezin daiteke edan.

Ura ponpa bidez hartzen dute itsasotik, eta hortik biltegi handi batzuetara eraman. "Han analisiak egiten dizkiogu »dio Merinok» eta hortik igerilekura joaten da". Gainera, ura berotu egiten da, igerilekuan 33 edo 34 gradutan egon dadin.

Itsasoko ur guztiak antzekoak izaten dira, baina ez berdinak. Zumaiakoak, esaterako, ohi baino iodo gehiago dauka. Oro har, azalerako gaitzei aurre egiteko (psoriasia…) izaten dira onak, eta baita mina arintzeko ere. Arindu, baina ez sendatu. Ala bai? "Inoiz bai -azaldu du Jesus Mari Merinok-, min motaren araberakoa izaten da hori". Batzuk gaitzak jota joaten dira talasoterapiara, baina gehienak aisialdi hutsagatik, "lasaitasun bila batez ere". Zoritxarrez, oso azkar berreskuratzen da uretan disolbatutako estresa.

SPA egoitzak
Ur termalak naturaren apetaren arabera azaleratzen dira, eta beraz, ezin norberak nahi duen lekuan bainuetxe bat ipini; bai ordea, orain modan omen dauden SPA hotel edo egoitzetako bat. SPA salutem per agua latinezko esaldiaren siglak dira. Horrelakoetan, ura ez da termala, eta ez dauka aparteko mineral konposaketarik ere. Ur arrunta izan ohi da, beharbada eragin lasaigarria areagotzeko zerbait bota diotena. Lasaitzeko tratamenduak eta tratamendu estetikoak egiten dituzte mota honetako zentroek.

Ur termalak dohainik
Oro har, ur termaletan murgiltzeko ezinbestekoa izaten da bainuetxe batera joatea, baina Euskal Herrian baditugu inoren kontrolpean ez dauden urak ere. Esako zingiran daude, Nafarroa eta Zaragoza artean. Hori bai, putzuak udan baino ez dira agertzen, beroak zingira erdi husten duenean. Orduan, jende askotxo joaten da 38 gradutan dauden urez gozatzera. Nudismorako leku aproposa izaten da, bide batez esateko. Hala ere, Euskal Naturista Elkarteko kide batek adierazi digunez, behin-betiko desagertzeko zorian egon litezke Esako ur termalak, zingira zabalago egiteko asmoa omen dago eta. Badugu alternatiba bat, nolanahi: Arnedillon ere erabilpen askeko urak daude, bertako bainuetxetik ez oso urrun.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude