Ramon Jauregi: «ETAk hauxe jakin behar du: orain ala inoiz ez»


2005eko uztailaren 10an
Gasteizen hitzartu genuen elkarrizketa Ramon Jauregirekin. Familia arazo bat dela medio, ordu batzuk lehenago Parisera joan zitzaigun ustekabez. Hala ere, aldez edo moldez, burutu dugu solasaldia. Harrez gero, Ibarretxe lehendakariaren berrizendatzea eta ETAk egun berean Madrilen egindako ekintza izan ziren.

Imajinatzen al zenuen Euskadiko trantsizioa horren luzea izango zenik?
Espainiako trantsizio demokratikoak arrakasta handia izan zuen nola estatuan hala Euskadin. Askatasun eta autogobernurako trantsizioa ongi burutu dugu. Hala ere, bakea lortzea eta euskal politikaren bizimodua "normalizatzea" bestelako urratsak dira eta horietarako denbora funtsezko faktorea da. Edonola ere, bai, luzeegi jotzen ari da.

Zein dira gatazkaren irtenbiderako gakoak?
Lehena, marko juridiko-politikoa: Estatutua eta Konstituzioa euskaldunen erabaki askearen ondorio dira. Zilegiak eta legitimoak dira biak. Marko hori erraztasunez aldatu eta molda daiteke. Hori bai, aldaketa eta moldaketok horretarako xedatutako arauen bitartez baino ezin litezke gauzatu.
Bigarrena: bakea ezinbesteko baldintza da dialogo erreformista horrentzat. Abertzale ez direnen aurkako mehatxua ez baldin bada eteten, ez daude zerbaitez hitz egiteko behar diren baldintzak.
Hirugarrena: Euskadi nortasun xede anitzeko hiritarrak biltzen dituen erkidegoa da. Edozein akordiok adostasun maila zabala izan behar du. Politikak zeharkakoa izan behar du eta demokrazia euskalduna, nahitaez, konsoziatiboa izango da.
Laugarrena: guztiok onartu behar dugu Euskadiren xede politikoak, askatasunez eta bakean, gehiengo handien babesarekin, dagokion lekua bilatu behar duela ordena estatutario eta konstituzionalean.

Aljer, Ajuria Enea, Lizarra-Garazi... Orain bai? Zergatik?
Ez dut uste oraingoa bakearen benetako eta behin betiko abagunea izango denik. Saiatu egingo gara, baina zalantza eta susmoz beteta nago.

Nola ikusten duzu EAJ egoerari aurre egiteko?
EAJ txundituta eta zatituta dago; txundituta Zapaterok gainezka egin dielako urte osoan zehar eta zatituta alderdiaren barneko indarrek abertzaletasunaren penduluari kontrako alde eta alde antagonikoetatik bultzatzen diotelako.

Eta nola ikusten duzu ezker abertzalea: ETA eta Anoetako proposamena.
Ezker abertzaleak zer nahi duen badakigu. Nik uste dut bakea nahi duela, baina baldintza zehatz batzuetan, prezio politiko zehatz batekin eta bera protagonista den prozesu baten bitartez. Nire iritziz, bere asmoak ez datoz bat demokraziarekin, ezta arazoaren benetako egoerarekin ere. Erratuta egotea nahiago nukeen arren, ezin diot eszeptiko izateari utzi. Akaso iragandako hainbeste urtek aurreiritziz bete naute.

Arnaldo Otegi baliozko solaskidea al da?
Otegi pisu handiko buruzagia da. Bakearen alde egin nahi duen ekarpena zintzoa baldin bada, solaskide izango dugu. Baina hori laster ikusiko dugu.

Nola ikusten duzu Alderdi Sozialista ebazpen posible baten kasuan? Nola Zapatero jaunaren gobernua?
PSOEk Zapaterori jarraituko dio. Alderdiak presidentearen alde lan egiten du eta ETAren behin betiko bukaera ikusteak Espainiako sozialismoa gogoz berotzen du. Urrats erabakigarria Zapaterok egin behar du. Berak badaki batzuek "aukeren gurutzaketa" deitzen dutena gertatu zaiola eta berak baldintza egokien pilaketa hori aprobetxatu nahi du. Zapatero ETAren desagerpena bilatzen ari da eta ETAk jakin behar du aukera honakoa dela: "orain ala inoiz ez".

Terrorismoaren aurkako eta Askatasunen aldeko Ituna agortuta al dago?
Guk ez dugu hautsi. Itunak Espainiako alternantziaren bi alderdiak lotzen ditu eta printzipio bikoitza dauka: xantaia terroristaren aurrean ez etsitzea eta berau ez erabiltzea alderdien arteko lehian. Nire ustez, printzipio horiek oraindik indarrean daude.

Zer deritzozu Alderdi Popularrari? Askok PSOEren lasta gisa ikusten dute. Hainbaten ustez, abertzaleek zortzi urtean Aznar jaunaren gobernutik jasotako "botika" bera biltzen ari omen da Alderdi Sozialista…
Aldatzea espero dut. Uda ostera arte itxaron beharko dugu PPrekin Estatuko gaiei buruz hitz egin daitekeen jakiteko. Biolentziaren desagerpena, inoiz izatekotan, Estatuko gaia da. Bakeak, inoiz lortzekotan, PPren parte-hartzea behar izango du.

Alderdien Legea: noiz arte?
Biolentziarik ez bada, Alderdien Legea ez da aplikatuko. Baina biolentzia demokraziaren eta alderdi batzuen gaineko "Damoklesen ezpata" den bitartean, Alderdien Legeak debekatzen jarraituko du batzuek, zuhur eta abantailatsu, indarkeria eta politika uztartu nahi izatea.

Honako hau esan zenuen Batasunaz: "Oraingoetan ez, baina hurrengo hauteskundeetan presente izango da". Udal hauteskundeetan hain zuzen. Zergatik?
Denbora epe horretan aldaketa ugari izango zirela adierazi nahi nuen: bai indarkeria desagertzea, bai Batasunak indarkeria gaitzestea.

EHAK baimendua izan bazen, arrazoiren bat izango zen tarteko? Zergatik bestela?
Auzitegi Konstituzionalak argi azaldu zuen Aukera Guztiak taldearen sententzian hautagai-zerrendak ezin utz zitezkeela legez kanpo ad infinitum, Batasunarekiko lotura aski argi eta egiaztatua izan behar baitu. EHAK 2002an legeztatutako alderdia da eta horren aurka egitea juridikoki bideraezina zen. Ez zen kalkulu estrategikorik izan, arrazoiketa juridikoa baizik.

Zer iritzi duzu PSE-EE alderdiaz? Patxi Lopez lehendakari izan asmoz aritu al da benetan?
Patxik agerian utzi nahi izan du "Ibarretxeren gehiengo eza", baita alternatiba sozialista sortzeko zilegitasuna ere.

Bake prozesurik bidera al liteke arazoari irtenbide bat emateko EAJ Eusko Jaurlaritzatik kanpo utzita?
Ez dut uste. Ez. Estratega batzuen iritziz, EAJ ez da beharrezkoa orain. Ezker abertzaleak ere askotan esaten du, bake prozesua ondare bihurtu asmoz. Ez, nik ez dut uste posible denik. Gustatu zein ez, EAJk botoen %40 inguru dauka. Jakin badakit Zapaterok erlazio leial baterako estrategia diseinatu duela EAJrekin, baita Josu Jon Imazek jarrera hori onartu duela ere.

Nola manten liteke hiruko ahul bat -EAEn gobernatzeko- eta "hiruki" bat sortu gatazka konpontzeko?
Gauzek aurrera egiten badute, Eusko Jaurlaritzako hirukoa instrumental eta iragankorra izango da. Gobernu horrek ez du gauza handirik emango. Euskadiko aldaketa garrantzitsuak beste eztabaidagune batzuetan gerta litezke. Eta beste eztabaidaguneetan ez bada ezer gertatzen, Gobernu hori erabateko porrota izango da, azken lau urteetakoa izan den bezala.

«Gaur egun ere lehendakari ona nintzateke»
Zer da UGTko kide hartaz?
Oraindik ez zaio ahaztu orduko etengabeko lana: ikasi, lan egin, sindikatua, askatasuna konkistatu eta abokatu laboralista izatera heldu. Etapa zirraragarri eta zoriontsua izan zen.

Bide sozialistaren eta abertzalearen artean zalantzak izan omen zenituen une batez.
Beti errespetatu izan dut mundu abertzalea, baita ulertu ere. Abertzalez inguratua bizi izan naiz beti. Baina inoiz ere ez dut zalantzarik izan nire izaera sozialistaz.

Garai batean Ramon Saizarbitoria eta beste hainbat euskaltzalerekin harremanetan izan zinen, EAEko Gobernua PSE-EEk kudea zezakeela ikusi zenean. Nola gogoratzen dituzu une haiek?
1994. urtea zen. Ramon Saizarbitoria Donostiako udaletxean ezagutu nuen 1978an, baina hari eta beste hainbat idazle euskalduni PSEren aro euskaldunago batean dei egin nien, EErekin bat egiteko aldi hartan (1992-1994). Orduan Mario Onaindiak eta biok benetako izatezko bikotea ematen genuen.

Sekula ez al zitzaizun bururatu lehendakari izatea?
Bai. Garai batean lehendakari izan nahi nuen eta gaur egun ere lehendakari ona izango nintzatekeela uste dut. Beti pentsatu izan nuen lehendakari sozialista bat euskal normalizazioaren seinale izango litzatekeela. Ramon Rubialen ondorengoa izan nahi nuen Euskal Gobernuaren lehendakaritzan.

Eta PSOEko idazkari edota Espainiako gobernuko presidente izatea?
Felipe Gonzalezek dimititu zuenean, Joaquin Almuniak ni ikusten ninduen aproposen haren ondorengoa izateko. Egun haietan (1997ko Kongresua) hurbileko aukera izan zen. Gaur egun, ordea, denborak aurrera egin du eta belaunaldi berri baten aroan bizi gara.

Gero Euskadiko politika laga zenuen. Etsituta? Samintasunez oroitzen al duzu Euskadiko politika?
Sekula ez nuen etsi. Idazkari Nagusi izateari utzi nion 1.998an, PSOEko Batzorde Exekutibora pasatu nintzenean Joaquin Almuniarekin batera. Baina euskal politikan ezinezkoa da dimititzea.

Euskara ikasten ahalegindu zinen.
Nire ikasketa prozesuaren puntu gorena hitzaldi bat eta ondoko mahai-ingurua euskaraz egitea izan zen, Tolosako Galtzaundi Foroan. Orain ez dut euskaraz hitz egiten eta gauza gehiegi ahaztu ditut.

Euskal Herritik at, nola bizi duzu Euskal Herria?
Ez naiz Euskal Herritik kanpo bizi. Euskalduntzat dut nire burua eta euskal politika egunean-egunean bizi dut.

Nolakoa izango litzateke gaur egun Ramon Jauregi abertzalea izan balitz?
Askok esaten zidan: "EAJk urruti eramango zaitu". Sekula ez nuen izan halako tentaziorik.

Hamar politikari Ramon Jauregiren begietara

Felipe Gonzalez: Estatu-politikaria. Azken urteotako ezinbesteko buruetako bat Espainian eta Europan.

Txiki Benegas: Euskal sozialismoaren sorrera. Urte gazteetako laguna.

Jose Luis Corcuera: Altzairuzko elektrikaria. Leial baino leialagoa.

Patxi Lopez: Ezkerraldeko sozialista baten semea. Euskal sozialismoaren belaunaldi berria.

Jesus Egiguren: Zestoako etxetiarra, ezkertiarra. Sozialista euskaltzalea. Azterketa politikorako buru ona. Pertsona ona.

Jaime Mayor Oreja: Laurogeita hamarreko hamarkadako Euskadin alderdi eskuindar espainolzale bat sortzearen meritua dauka. Terrorismoaren aurkako borrokak eta abertzaletasunaren aurkako obsesioak bere izaera eta zeregin politikoak murriztu zituen.

Jose Maria Aznar: Espainiak joera ekonomiko ona izan zuenez bere agintaldian, askok buruzagi ona zela pentsatu zuen. Ez zen hala izan. Herrialdea sumindu eta desegin zuen. Sozialista eta abertzaleen aurkako fobiek gidatzen dute Aznarren profil arrenkuratsu eta antipatikoa.

Juan Jose Ibarretxe: Langilea, zintzoa eta nekaezina. Zurrunegia. Subiranotasunaren alde eman zuen birak desengainu handia eragin zidan. Makropolitikan porrot egin du.

Xabier Arzalluz: Xarma handiko burua izan zen. PP eta Aznarrekiko hausturak Espainiaren etsai bihurrarazi zuen. Bere ibilbide politikoaren bukaera aldera muturreko abertzaletasunak gogor jo zuen, barne zein kanpoko bazterketaren ondorioz.

Arnaldo Otegi: Ez dut behar bezala ezagutzen. Indarkeriazko iragana du eta hori nekez erantz diezaioket bere aurpegiari. Bakea egitea posible balitzaio, txapela kenduko dut bere aurrean, oroitzapen guztiekin batera.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude