Jean Mixel Galantekin egun bat


2005eko uztailaren 10ean

Asteartea da, ekaineko astearte normal bat. Eta oilarrak goiz kantatu du Azkaraten. Baina Jean Mixel Galantek kasurik ez hari. Lana egin behar duenak lo ere egin behar du. "Ez naiz baitezpada goiztiarra -dio-, zazpiak eta erdietan iratzartzen naiz. Jaiki, askaldu, eta egun horretako egitarauan zer dudan so egiten dut: Herriko Etxeko lanak, Baionan Kontseilu Nagusiko komisio bateko bilkura, laborantza lan zenbait...". Ez zaio hainbeste iruditu, eguneroko erritmoa du funtsean. Bere erritmoan abiatu gara gu ere, bere gibeletik, ea noraino heltzen garen.


Jean Mixel Galant, Azkarateko auzapeza

Zortzietan sartu da Herriko Etxeko atetik. Gutunak zabaltzea, paperen sailkatzea, herriko afera batzuen aitzinaraztea... Beti izaten zerbait. "Rinnnn!!! Rinnnn!!!". Idazkaria hor ez delarik, telefonoa ere berak hartu behar:

- Bai?
- ...
- Oui oui, je sais.
- ...
- D'accord, je le ferais.

Euskaraz hasi eta frantsesez fini. Herrian denak euskaldunak dira. Baina euskaldunak aroaz mintzatzeko. Gogoeta solasaldi bat heldu delarik aiseago da frantsesez ematea. "Administrazioan sartzean denak frantsesera lerratzen dira, nihaurek ere baditut lanak. Menturaz hitz batzuk bakarrik eskas direlako", garbi mintzo da Jean Mixel. Hain zuzen ere Herriko Etxean esku artean duten gai bat da euskararena, herria euskalduntzeko lehen urratsa norbaitek egin behar baitu. Gogoeta hori ardura dabil bere buruan: "Eta zergatik ez Herriko Etxeak egin? Ni, adibidez, idatziz herritarrei mintzatzen naizelarik entseatzen naiz bi hizkuntzetan egiten".

Baina, hizkuntza istorioak utzi, eta zer zioen telefonoz bestaldekoak? "Bikote gazte bat nuen hor, Baigorrikoa. Azkaratera jinen dira bizitzera, eta eraikitzeko eskubidearen galdetzeko dosier bat igorri behar dugu Donapaleura. Pentsatzen dut ez dela arazorik izanen". Seinale du ahotsean berri ona duela hori. Ez da usu gertatzen inguruko herrietako gazteak bertan bizitzen gelditzea. Gehienak barnealdetik kostaldera buruz joaten dira. Azkarate ere horrela jausi da hirurehun biztanletik behera. Hirurehun biztanle eta %33 erretretatuak, marka txarra herri batentzat. Hara barnealdeko herri gehienen errealitatea. Baina badu Jean Mixel Galantek esperantza aldatzen joanen den: "Duela zenbait urtera arte zaharrak baizik ez ziren jiten. Batzuk kanpotarrak, besteak herrikoak, gaztetan partituak, eta zaharturik berriz sorterrira heldu, 60 edo 70 urterekin. Baina azken bi urtetan fenomeno berria azaldu da, eta inguruko herrietako gazte zenbait hasiak dira hemen kokatzen". Fenomeno hitza aipatu du, baina fenomenoa osatzeko zenbat jende behar ote da Azkaraten? "Badira hiruzpalau etxe orain eginak direnak, eta beste hiruzpalau egitekoak". Eta gazte, zer ote da gazte izatea Azkaraten? "Berrogei urte azpikoez ari naiz. Horrelakoak dira heldu, baina bistan dena, %33 erretretatua bada, hori ez da egunetik biharamunera aldatzen". Egia, egunetik biharamunera, gaztea ere egun bat zaharrago.

Egunetik biharamunera, adina bezala, etxebizitzaren prezioa gora. Eta prezioek ere ohiltzen dituzte gazteak. Azkaraten, ez Miarritzen bezain gora, baina aski gora dira lurren zenbakiak. Horrek du Jean Mixel Galant izuarazten: "Horrela segituz, nago bihar zer heinetan herri hau kapable izanen den bere seme-alaben kokatzeko bere herrian. Beraz, absolutuki behar du horrek gelditu, eta lehen urratsa jabeek berek dute egin behar. Prezio hori galdeginik sosduna eta kanpokoa bazaigu etortzen, ez dut uste geroan gauza ona izaten ahal den herriarentzat". Azkarate ez da aberatsen bilgune bilakatu. Urte hastapen honetan, herriko bihotzean, jauregi bat salgai emana zen. Legeak ematen dizkion abantailak baliatuz Herriko Etxeak jauregia eta lurra erosi ditu. Hala egin ez balu segur aski lau izarreko ostatua eginen zuten. Orain, horren ordez, orubea apailatzea pentsatzen ari da auzapeza. "Heldu den urte hondarreko pentsatzen dugu zerbait zutik ematea, nahi nuke 2007an etxeak egiten hastea. Bederatzi-hamar etxe kokatuko ditugu, eta esperantza dugu inguruko jendeak hurbilduko direla". Agian ez dituzte ingelesek erosiko!

Bederatziak dira, eta oraino ez da Jean Mixel Galant bere bulegotik altxatu. Baina ordu horretan hitz ordu bat badu. France 3 telebista katekoak jitekoak dira prefetak igorri gutun madarikatuaren harira Jean Mixeli galdera bat pausatzera. Galant kazetari izana da laborari eta politikari baino lehen, beraz, ez dute kamerek izutzen.

France 3: Jean Mixel Galant, Azkarateko auzapeza zara. Euskal Herriko Laborantza Ganberari diru-laguntza ematea deliberatu du Azkaratek, eta ondorioz prefetak gutuna igorri dizu Herriko Etxea zigortuko duela abisatuz. Zer diozu?

"Ez da lehen aldia, zigortuak izanak gara euskal departamenduaren alde zen hautetsien elkarteari laguntza emanik. Estonatua naiz prefetak erraten baitu zer den ona eta zer txarra guretzat. Euskal Herriko Laborantza Ganberari laguntzaren ekartzea denek aho batez ongi ikusi dugu herriko kontseiluan. Uste dut prefetak eta estatuak borta bat zerratzen digula. Zerratzen digu hemen guhaurrek nahi dugun laborantzaren etorkizuna. Baina beste borta bat ere zabaltzen du, uste baitut auzo herrialdeak, Hegoaldeak, lagunduko gaituela. Haiek sinesten baitute hemen guk asmatzen dugun laborantza ibilmolde berriari buruz, erdaraz erraten den agriculture paysanne et durable horri buruz".

Bederatziak eta laurden Herriko Etxeko ordularian. Mugitzeko tenorea. Jean Mixel Galantek ttattarra jantzi eta monsieur Galant bihurtu da, politikaria.


Monsieur Galant, kontseilari orokorra


Monsieur Galant azken sei urtetan Baigorriko kantonamenduko ordezkaria da Paueko Kontseilu Nagusian. Han, osoko bilkurez gain, bi komisio segitzen ditu hurbiletik, Garapen Ekonomikoaz arduratzen dena, eta Komisio Soziala. Gaur Garapen Ekonomikoaren komisioko bilkura du Baionan. Ez gara berekin bilkurara sartuko, baina berekin eginen dugu Baionako itzulia.

"Baionara hiru oren laurdenez joaten naiz -mintzo da monsieur Galant-, Pauera joateko oren bat eta erdi behar dut. Beraz, bilkura Pauen banu ez nuen astirik ukanen goizean Herriko Etxeko lanak egiteko". Pauera bidea luze da. Badakigu nondik zirikatu. Aspaldian Nafarroa Beherean kezka sortu duen gai bat 2 bider 2 bide egitasmoa da, Iruñea eta Paue lotuko lituzkeen bide zabala. "2 bider 2 bide hori eginen balitz fiteago joango zinateke Pauera...", bota diogu. Laster eman digu arrapostua: "Beren zenbakien arabera bai, hamar minutuz eginen omen dut Donibanetik Donapaleurakoa. Kalkulatzen ari izan naiz eta 180 kilometroan joan beharko nuke horren egiteko. Pauera ere ez nuke anitz irabaziko. Bereziki Donapaleura heldu aitzin radarrak gelditzen banau..." Alta, momentuz, radarrak gelditu duen bakarra bide egitasmoa da. Pauen tabu bihurtu da, geldirik dago, ez dute aipatu ere egin nahi. Jean Jacques Lasserre presidentea ohartua da, uste baino gehiago kontrako baduela, bestela afera fiteago aitzinatuko zuen. Monsieur Galant aurka du: "Erraten digute gure eskualdearentzat bide hori ona izanen dela, baina erran gabe zergatik. Eta lehenik jakin behar da eskualde honetako garapen ekonomikoa zerk duen ekarriko, lehentasunak non diren. Ene pentsamoldea da garapena jinen zaigula kostaldetik, eta ez Iruñetik. Ez du horrek erran nahi ez dugula Iruñera hurbildu nahi, baina Iruñera ahal da hurbildu bide normal bat, bide on bat eginez. Eta ez haiek nahi duten bezala nazioarteko garraioa pasako litzatekeen bide batekin".

Paueko bideaz mintzo, heldu gara Baionara. Hautetsi lagunak agurtu eta sartu da bilkurara monsieur Galant. Garapen Ekonomikoaren komisioan laguntza galdeak ikertzen dira. Lantegi batek, bere galdea pausatzen du eta komisio horrek laguntza horri buruz bere pentsamoldea azaltzen du. Ez du deusik bozkatzen. Benetako erabakia komisio permanenteak hartuko du, gero, Pauen.

Oren bat eta erdi, horra zenbat iraun duen bilkurak, hain zuzen Azkaratetik Pauera bidean pasatzen den denbora. Baionara, erran bezala, hiru oren laurden. Hiru oren laurden, joan, eta hiru oren laurden jin. Autoan sartu eta berriz ere zirikatu dugu: "Ez liteke txarra Kontseilu Nagusiko osoko bilkurak ere Baionan balira...". Erne da monsieur Galant: "Bistan dena! Horrek erran nahi luke euskal departamendu bat badugula. Eta horrek gauzak alda ditzake, bereziki Hegoaldeari begira. Baina oraino amets bat egoten da, ez dakit nola aitzinatu behar dugun, Gobernuaren jokamoldea ikusiz uste dut urrun den oraino". Urrun ez dena Azkarate da. Heldu gara, oren batak laurden guti, bazkaltzeko ordua. Ttattarra kendu du monsieur Galantek, eta orain Jean Mixel dugu aitzinean. Mahaian jartzean "Jan gogotik »erran digu», laborariak indarrak bildu behar ditu gero lanean aritzeko".


Jean Mixel, laboraria

Bi orenak dira, eta aroa ederra da kanpoan. Jean Mixelek bere jantzirik gustukoena beztitu du, laborariarena: "Aitor dut izugarri maite dudala laborantza. Ez banu maite izan pentsatzen dut hautetsi izendatzean kabalak eta denak salduko nituela. Baina sobera maite dut eta ahal den biartean segituko dut". Seinale du odolean daramala.

Esne behiak ditu etxean Jean Mixelek, baratzea ere bai. Eguneroko lan horiez anaia arduratzen da bereziki. Eta berezietan berezi, beste zerbait da Jean Mixelen etxaldean: tabakoa. Harrigarria bada ere, tabakoa lantzen du. Ez da edozein lekutan aurkitzen den landarea, baina lehen bat baino gehiago omen ziren Azkaraten: "60ko hamarkadan laborari andana bat ginen endibiak egiten genituenak. Tabakoa jin zen eta esperantza gehiago ematen zuen, diru gehiago. Bi laborariek parioa egin zuten, eta horiei segituz ondoko urtean gu ere horretaratu ginen. Etxaldea tipia zelako eta behietarik aparte beste zerbait behar zelako bizitzeko".

Tabakoak kasik urte guztiko lana du. Martxoan ereiten da, eta bi hilabetez hazitegi txikietan sartua atxikitzen da. Maiatz erdian kanpoan landatzen da, eta ekainaren 10era arte bere pusa egiten du. 15 aldera tratamendu bat eman behar zaio eta beti inguruko belarretatik garbi atxiki. Agorrilaren lehen egunetan lilia zaio ateratzen eta hori behar du moztu, eskuz. Pozoin bat burutik beheiti eman, ez dadin beste pusa bat partitu hosto bakoitzaren ondotik, eta buruilaren (iraila) 10ean biltzen da. Sartu denak barnera, zintzilik ezarri eta bera idortzen da bi hilabetez. Azaroaren hastapenean hostokatu eta urte hondarrean saltzen da. Nola merkaturatzen den Jean Mixelek berak azaldu digu: "Guk Salbatoreko ondora eramaten dugu. Euskal Herri guztikoak eta Biarnokoak han biltzen dira. Hor pisatua da, nota bat ematen zaio kalitatearen gainean eta horren arabera ordainduak gara. Handik kamioiez eramaten dituzte Bergeracera eta han porroskatua da, tratatua, nahasia... beren saltsa egiten dute".

Gaur pozoinaren emateko eguna da. Hori naturala ote den galdetu eta dolu batez bezala mintzo da Jean Mixel: "Maleruski behar ditugu pozoinak eman landarearen zaintzeko, tratamendu horiek huts egin ezinak dira". Horretan aritu gara. Baina bada zerbait harrigarria. Tabakoa lantzen duen gizonak atsedenaldietan ez du zigarretarik erretzen: "Ez dut nik pipatzen. Gainera, egia erran, hostokatzen aritzen naizelarik ikusiz eskuak zein beltzak gelditzen zaizkidan, gudron edo galipotez beteak, izutzen naiz. Horiei so irudikatzen dut nola izanen diren pipatzaileen birikak. Horrek lotsatzen du bai". Hala ere, nahiz jendeari birikak belzteko lan egin, kontzientzia lasai du Jean Mixelek. Funtsean alkoholarekin berdin gertatzen da eta mahasti zain anitz badira inguruan: "Denek baditugu gure kontradikzioak. Nik badakit tabakoak jendea hiltzen duela, baina ez dut axolarik horren gainean. Guk ere bizi behar dugu. Eta edozein gisaz, Akitania guztia gelditurik ere tabako egitetik, kanpotik sartuko litzateke eta pipatzaileak berdin segituko luke".

Tabako alorretik etxera buruz goazelarik eguzkia indarra galtzen ari da, zortziak eta erdiak dira, afaltzeko tenorea: "Beharrik heldu dela, goxo da hura". Akitua baita Jean Mixel.



Ez Galant ez Jean Mixel, etxean aita

Etxean ez da auzapezik, ez kontseilari nagusirik. Laborariak ere jantziz aldatu behar du mahaian esertzeko. Etxean aita da. Xalbat, seme gazteena, Pauen azterketak bururaturik egun sartu da etxera. Aitaren ametsa da hura etxaldearen segida hartzen ikustea: "Baina beharko du aldatu horretarako. Ez du sekula gustu izan laborantzarako, eta ikasketak ere ez ditu horretara bideratu. Fisika du egina eta momentuz beste mundu batean bizi da. Hala ere, egun batez segida hartuko duen? Galdera ikur handi batekin uzten dut hori, baina ene buruan dabilen esperantza da".

Kantuak dioenez, arratseko ilunak eguna bildu du. Auzapezari, kontseilariari, laborariari, aitari, begiak zerratzeko ordua heldu zaio. Lan egin behar duenak lo ere egin behar du. Azken galdera luzatu diogu: Heldu den aldian berriz hautagai izanen zara Kontseilu Nagusirako? "Ikusiko dugu bi urteren buruan zer girotan izanen garen".


Azkenak
Israeldarren %82 daude Gazako biztanleak bortxaz kanporatzearen alde, inkesta baten arabera

%56k, gainera, bortxazko kanporatze hori "are gehiago zabaltzearen alde" daude: horien esanetan, 1948an Israelek okupatutako lurretan ez litzateke arabiarrik bizi beharko.


Sabino Cuadra: “Aldez aurretik prestatutako operazioa izan zen 78ko sanferminetakoa”

‘Sanfermines de 1978. Los victimarios’ liburua kaleratuko du Txalaparta argitaletxeak. German Rodriguezen heriotzaren erantzule eta arduradunak biltzen ditu.


2025-06-03 | Gedar
Coviteren sari bat jaso du ‘La Infiltrada’-k

Maria Luisa Gutierrez produktoreak jaso du Coviteren XXIV. Nazioarteko Saria, eta "terrorismoaren biktima guztiei" eskaini die.


Faltzesen euskarazko eredua eskatu dute eta Nafarroako Gobernuak ezetza eman du

Hamaika familiak egin dute ikastetxe publikoan D eredura pasatzeko eskaera. Zentroak baiezkoa eman du, baita Udalak ere, baina errefusatu egin du Nafarroako Gobernuak "espazio falta" argudiatuta.


Lehia estu baten ostean, Nawrocki eskuin muturreko hautagaiak irabazi ditu Poloniako presidentetzarako hauteskundeak

Presidentetzarako bozen lehen itzulian bigarren gelditu ostean, hautagai independenteak puntu bateko aldea atera dio Trzaskowski egun gobernuan dagoen alderdi europazaleko hautagaiari. Emaitza ofizialak argitaratu arte ez da argi egon zein izan den bozen irabazlea, bigarren... [+]


Erretzea debekatuko dute haurrak elkartzen diren Ipar Euskal Herriko espazio publikoetan

Debekua uztailak 1ean sartuko da indarrean hainbat espazio publikoetan, hondartzak edo parkeak kasu. Araua errespetatzen ez duten herritarrei 135 euroko isuna jarriko diete.


 


2025-06-02 | Ahotsa.info
Israelgo enpresekin dituen kontratuak bertan behera uzteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari

5.000 lagun inguru bildu dira Yala Nafarroak eta BDZk igande honetan Iruñean deitu duten manifestazioan, Israelekin harremanak haustea eskatzeko. Halaber, erregimen sionistarekin edo Israelgo enpresekin interesak eta negozioak mantentzen dituzten Nafarroako enpresen eta... [+]


Israelek 32 lagun hil ditu Gaza hegoaldean, laguntza humanitarioa banatzen ari ziren zentro batean

Israelgo armadako tankeak eta droneak zentrora bertaratzen ari ziren palestinarrei eraso egiten hasi dira, eta 31 lagun hil eta 115 zauritu dituzte. Israelek AEBek proposatutako su-etena onartu ostean, Hamasek zenbait baldintza gehitzea eskatu du: su eten iraunkorra... [+]


2025-06-02 | Jon Torner Zabala
Euskal selekzioa Nazioen Ligan: gertaera “historikoa”, zazpi herrialdeetako pilotariak bildu zain

Abian da zesta-puntako Nazioen Liga. Ekainaren 6ra bitartean, hainbat selekzio arituko da lehian Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, euskal selekzioa tartean. “Historikoa” da hori, txapelketaren antolatzaileek adierazi duten moduan, euskal selekzioak aurrenekoz... [+]


2025-06-02 | ARGIA
Bioterra azoka egingo dute asteburuan Irunen, “bizimodu ekologikoagoa eraikitzeko” topagunea

Ekainaren 6, 7 eta 8an Ficoba produktu eta zerbitzu ekologikoz beteko dute, “jasangarritasunarekiko konpromisoa” dutela ziurtatu duten 117 enpresak. Azokaz gain, egitarau oparoa prestatu dute, eta hainbat tailer eta hitzaldi egongo dira, baita bizikleten bigarren... [+]


Palestinako egunerokotasun odoltsua irudikatu dute ehunka pertsonek Alderdi Ederren

Gernika-Palestina herri ekimenak antolatuta, Palestinako egunerokotasun odoltsua irudikatu dute gaur eguerdian Alderdi Ederren. Gorputzak goitik behera izara zuriz estalita, lurrean etzan dira ehunka lagun, Palestinan egunero bizi duten egoera lazgarriari erreferentzia eginaz.


Txosnak Euskal Herriko ondare inmaterial izendatzeko sinadura bilketa bat abiatu dute

Euskal Herriko hainbat txosna eta jai batzordek deituta, elkarretaratzea egin dute larunbatean Bilboko Miribilla auzoan. Azpimarratu dute txosnak ez direla "edariak zerbitzatzeko barra hutsak", jai herrikoien "bihotza" baizik. Horregatik, Txosnak. Gureak, denonak... [+]


Isil gaitezen, une batez bada ere

Osasun etxeko telefono deiaren itxaronaldian, supermerkatuko korridoreetan, kiroldegiko aldageletan... Isilune izan daitezkeen uneak soinuz betetzen ditugu. Zergatik, zertarako? Isiltasunak urduritzen gaitu? Sor diezazkiguken barne gogoetengatik?

Zortzigarren saioa, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude