Gainditu gabeko ikasgaia


2005eko uztailaren 10ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

«Arte» izendapen orokorrak bere baitan biltzen dituen jardunbideek -musika, dantza, literatura, arte plastikoak…- ez dute behar bezalako arreta jasotzen irakaskuntzan. Horixe da arlo horietan dabiltzan profesional batzuengandik nahiz irakaskuntza munduko beste zenbaitengandik jaso dugun aldarria. "Beste interes batzuk daude tartean - dio Anton Mendizabal eskultore eta irakasle ohiak-, ikasleak beste arlo batzuetarako prestatu behar dira ondo, gizarteak hala eskatzen duelako. Matematika, gizartea… Horiek dute garrantzia, eta gainerakoak bigarren mailakoak dira". Hots, bazterreko ikasgaiak esan diezaiokegun multzoan leudeke arte-adierazpideak.

Batetik, ordu gutxi. Hego Euskal Herrian, Madrilgo ministerioak ematen duen programazio ereduak astero ordu bakarra aurreikusten du musika irakasteko, eta beste bi arte plastikoetarako. Bestetik, metodologia eskas samarrak. "Arazorik handiena irakasleen prestakuntza falta da »iritzi dio Mendizabalek», eta ez da beraien errua. Unibertsitatean hasten da kontua. Irakasleak ez badira prestatzen, nekez izango dira gai ideia berriak lantzeko haurrekin". Azkenean, sormena galtzaile. "Pertsona bakoitzak gaitasun bat dauka bere baitan, baina oraingo programazioek ez dute laguntzen hori azaleratzen".


Musika eta dantza, are okerrago

Jon Maya errenteriarra zenbait aurresku txapelketatan lortutako arrakastarengatik dugu ezagun. Dantza bizibide bilakatu du gainera, bere herriko musika eskolan irakasle dabil eta. Mayaren ustez euskal dantzek lekuren bat behar lukete eskoletako ikasketa-egitarauetan. "Ez umeak dantzari bihurtzeko, hala nahi duenak badauka-eta aukera kanpoan, baina bai gure kultur-ondare diren heinean. Herri kantak irakasten diren bezala, herri dantzak ere irakatsi beharko lirateke, mundu guztiak oinarri bat edukitzeko sikiera".

Musikak, berriz, badu tartetxoa irakaskuntzan, baina asteroko ordua hutsaren hurrengotzat dute askok. Eta, denbora faltaz ez ezik, planteamenduaz kexu dira profesional batzuk. Marisol Atxurra irakasleak, berbarako, gabezia larriak ikusten ditu programazioan: "Curriculumaren planteamendu orokorra interesgarria da, baina lantzeko metodo ona edukitzekotan. Irakasleoi dagokigu zehaztasunak ezartzea, eta hortxe dago lehenengo oztopoa: esparrua zabalegia da. Ez dago denborarik sakontzeko. Gainera, eskolan erabili ohi den metodoa ez da batere eraginkorra".


Literaturaren tratamendua, desegokia

Inork ez luke esango literatura ikasgaia zokoratuta dagoenik irakaskuntzan. Hala ere, ematen zaion tratamendua ez da egokiena Yolanda Arrieta idazlearen ustetan. Dioskunez, "orain arteko joera nagusia literatura euskararekin batzea izan da. Biek osatzen dute ikasgai bakarra, eta literaturak ez dauka berezko tokirik. Orain arte hala egin behar izan da, euskararen onerako, baina momentua da gauza bakoitzak bere bidea har dezan".

Idazlearen ustez, literaturara hurbilpen egokia egitea irakaslearen borondatearen menpe dago gaur egun. Eta gehienetan ez da egiten. "Haur Hezkuntzan ondo egiten dira gauzak; jolasak, ipuinak, ahozkotasuna… Baina Lehen Hezkuntzako lehenengo mailara iritsitakoan, irakurtzen ikasi behar da, eta hor agertzen da mamua: literatura irakurketa lantzeko tresna huts bihurtzen da, inolako gozamenik gabe". Arrietak dio literatura modu berezian landu beharko litzatekeela, horretarako propio espazioak sortuz -"liburutegiak, esaterako"- eta sormena landuz. "Gaur egun, oro har, literatura lan astuna da; irakurzaletasuna bultzatu beharrean, irakurtzeko gogoa kentzen zaie ikasleei, salbuespenak salbuespen".


Eusko Jaurlaritzaren ikuspuntua, bestelakoa

Administrazioaren ikuspuntua ezagutzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera jo dugu, Ramon Martinez de Murgia Ikastetxeetako zuzendariarengana hain zuzen. Jaurlaritzak Madriletik datorrenari jarraitu behar diola gogoratu du Martinez de Murgiak; hala ere, "haiek emandakoak ez du hainbeste zehazten, eta askatasuna daukagu zenbait arlotan gauzak geure erara egiteko". Zenbakitan esatearren, Ikastetxeetako zuzendariak dio Ministerioak curriculumaren %45 ezartzen duela, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak beste %55. Nafarroan, esaterako, Gobernuak ia-ia bere horretan eusten dio Espainiako hiriburutik bidaltzen dutenari.

EAEra itzuliz, helburuez mintzatu gara Martinez de Murgiarekin. "Musikari dagokionez, helburu zehatzak ditugu Lehen Hezkuntzan zein DBHn. Garrantzizkoa dela uste dugu, bai kultura aldetik oinarria izan dezaten, bai pertsona modura behar duten heziketa integralerako. Horregatik, musika irakasleak ditugu ikastetxeetan, eta umeak sei urterekin hasten dira ikasten".

Arte plastikoek programazio zehatzagoa daukate. "Lehen Hezkuntza osoan dago, eta DBHn aukera bat da. Irizpidea zein den? Oinarrizko ezagupena eduki dezatela, eta geroago arte-ikasketak egingo dituztenentzat bide bat zabaltzen hastea, jakin-mina piztuz", dio.

Martinez de Murgiak ez du uste ikasgaiok baztertuta daudenik. "Egia da garrantzi handiagoa ematen diegula beste batzuei. Baina ikasgai bazterturik ez dago, guretzat denek dute garrantzia. Ordu gutxi dira, bai. Baina beste arlo batzuei -matematika, hizkuntzak…- oinarri-oinarrizkoak deritzegu pertsonaren garapenerako; horiek gabe ezingo lukete ezer egin. Ezta musika ikasi ere. Beraz, garrantzi handiagoa ematen zaie ordu kopuru aldetik. Horrek gabezia sortzen duela besteetan? Guk hobeto landu nahi genuke, baina ordu kopurua mugatua da. Ezin ditugu ikasleak hainbeste orduz aritzera behartu, honezkero nahikoa lan dute-eta. Dena dela, ikastetxeek badute askatasuna arloak indartzeko, nahi izanez gero".

Solfeo erlatiboa, bide alternatiboa musika irakasteko
Sopelako Ander Deuna ikastolak musika irakasteko proiektu berezia darabil azken bost urteetan: Kodály metodoa. "40ko hamarkadan musika irakasteko sistema bat asmatu zuen Kodály hungariar musikariak", dio Marisol Atxurra irakasleak. "Herri kantak bildu zituen, eta gero solfeoa ezarri zien horiei".
Haatik, Kodályk ez zuen gehienok ezagutzen dugun solfeoa baliatu. "Solfeo absolutua dago alde batetik, eta erlatiboa bestetik", argitu du Atxurrak. "Absolutua da munduko herrialde gehienetan zabalduta dagoena, Euskal Herrian ere bai; erlatiboa, berriz, Ingalaterran sortu zen, eta handik beste zenbait herrialdetara hedatu: Hungaria, Japonia... Hori da Kodályk erabili zuena". Solfeo erlatiboa askoz ulerterrazagoa da absolutua baino, Atxurarren ustez, eta horri esker, Kodály metodoarekin umeek askoz samurrago ikasten dute ohiko bideetatik ibilita baino.
Luzeegi joko luke metodoaren nondik norakoak hemen zehazteak, baina Atxurra oinarria azaltzen saiatu da behintzat: "Musika denboran zehar ematen diren doinu batzuk direla irakasten zaie umeei. Naturak ematen dizkigun doinu alaiak ditugu batetik -modu nagusia-, eta gizakiak asmatutako doinu tristeak bestetik -modu txikia-. Bietan ere, doinu arteko proportzioak berdinak dira, eta proportzio horiek buruan ondo `grabatzea' da Kodály metodoaren gakoa. Hortik aurrera, ia edozer gauza ikas dezakete".

Zangozako ikastolako eredua
Euskal Herriko ikastetxe asko ahalegintzen dira beren kabuz arte-irakaskuntza indartzen. Zangozako ikastola da horietako bat. Jone Areta pedagogia-zuzendariak dioenez, "ministerioak bidaltzen duen curriculumak badakartza bereizita musika, plastika eta dramatizazioa. Guk dramatizazioa ahozkotasuna indartzeko erabiltzen dugu batez ere; musika, berriz, irakasle espezializatuek ematen dute, eta plastika, mailaren arabera, espezializatuek edo tutore arruntek".
Zangoza ikastolako arduradunek aldarrikatu egiten dute arlo plastikoa tutoreek jorratzea, horrek beste eremu batzuk lantzeko aukera ematen duelako, teknika hutsaz haratago. "Esate baterako, emakumeei egindako erretratuak aztertzen baditugu, historian zehar emakumeak nola irudikatuak izan diren ikas dezakegu. Hor arlo soziala azter dezakegu, baita sinbolikoa ere…".
Lan horretaz tutoreak arduratzeak espezializazio falta dakar ezinbestean, baina horrek ez du esan nahi tutore horiek heziketa egokia behar ez dutenik. "Nik behintzat suertea eduki dut horretan, oso irakasle ona egokitu zitzaidalako Magisteritza ikasten nenbilela" dio Areta pedagogia-zuzendariak. Sarritan, ordea, heziketarik eza izaten da nagusi irakasleengan, "eta azkenean eskulanak baizik ez dira egiten".
Hankamotza suertatzen da Ministeriotik datorren programazioa? "Arte-hezkuntzaz LOGSEk dioena hitzez hitz beteko bagenu, ez. Baina astero ordubete ez da aski". Aretaren iritziz, ikasleen sormena ez da nahikoa sustatzen programazioetan. Eta hutsune hori betetzeko proiektua garatzen dabiltza ikastoletan, Nafarroan behinik behin, bost urtetik hasi eta DBHrainoko ikasleentzat.


Azkenak
2025-06-26 | ARGIA
Saharar haurrek uda bakean pasatzeko aukera izango dute Zeraingo aterpetxean

Horbel kooperatibaren proiektu bati esker, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren Saharako hamabi haur hartuko dituzte bi hilabetez Goierriko udalerri horretan. Orkli kooperatibaren Orklidea ekimeneko dirulaguntza jaso du proiektuak.


Euskara osasungintzan

Osakidetzak berak aitortzen duenez, “komunikazioa tresnarik garrantzitsuenetako bat da jarduera asistentzialean; beraz, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa da paziente eta erabiltzaileak erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntza ofizialean jardutea”.


Amurrioko hizkuntza aniztasunaren elkargunea euskara dela aldarrikatu dute

Aiaraldeko Hizkuntzen Mapa proiektuarekin bat egin dute Amurrioko Amaurre, Zaraobe, Aresketa Ikastola, Mendiko Eskola eta Zabaleko ikastetxeek. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin elkarlanean udalerrian presente dauden hizkuntzak ikertu dituzte.


Hamaika mobilizazio gastu militarraren aurka eta Palestina zein Irango herritarren alde

Asteazkenean, NATOren goi-bilera hastearekin, aliantzak herrialdeei inposaturiko gastu militarraren aurkako mobilizazioak izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Ostegunean eta ostiralean Iranen eta Palestinaren aurkako gerrak salatuko dituzte.


Gastu militarra %2tik %5era igotzea onartu dute NATOko herrialde guztiek

Hamar urteko epea dute NATOko estatu-kideek helburu hori lortzeko. Espainiak ere sinatu du akordioa, baina, aldi berean, Mark Rutte aliantza atlantikoko idazkari nagusiaren gutun bat eskuratu du Pedro Sánchezek, ustez "malgutasuna" emango liokeena. Donald Trumpek... [+]


Lanbide Heziketa euskalduna, noizko?

Zergatik eskaintzen dira Lanbide Heziketako hainbeste ziklo erdara hutsean EAEn? Zergatik jarraitu behar dituzte ikasketak gaztelaniaz ordura arte D ereduan euskaraz aritu diren ikasle andanak? Lanbide Heziketa euskalduntzeko behingoz plan estrategiko bat gauzatu dezala eskatu... [+]


Zuberoako Chaumes gasnategian eta Iratiko Txaletetan sexu erasoak jasandakoei babesa erakusteko dinamika abian da

Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]


2025-06-26 | Aiaraldea
Arartekora jo dute, “Osakidetzak ez dielako osasun sistema publiko eta duinaren aldeko 5.646 sinadurei erantzun”

Iazko udazkenean egin zuten sinadura bilketa, eta abenduaren 12an entregatu zituzten atxikimendu guztiak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan. 


2025-06-26 | Antxeta Irratia
Euskararen Mapa osatu dute Urruñan engaiatu diren herriko 42 eragilerekin

Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko interesa agertu duten herriko 42 elkarte eta establezimenduekin Euskararen Mapa osatu dute Urruñan. Euskara «biziago» egiteko pausoak emateko prest liratekeen eragileak identifikatu ondoren, urratsak egiteko laguntza emango zaie,... [+]


2025-06-25 | Euskal Irratiak
Betharram ikastetxearekin lotutako bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa abiatu dute

Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute


Billabesa gidariek greba mugagabea eginen dute uztailaren 1etik aurrera

Hilabeteetako protesten ostean, TCC enpresako zuzendaritzak ez du aurrera urratsik egin eta langileek leher egin dute. Greba mugagabera doaz, baita sanferminetako ez ohiko zerbitzuetan ere. “Enpresak erantzukizunez jokatuko balu saihestu litekeen zerbait” dio langile... [+]


Sustrai Erakuntzak salatu du enpresa batek Nafarroako lau eremutan kobre meategiak ireki nahi dituela

Fundazioaren arabera, Aguilar de Codes eta Sorlada artean, Villamayor de Monjardinen, Villlatuertan eta Kasedan ustiatu nahi dute kobrea. Iberian Copper SL izan da Nafarroako Gobernuari lau eremu horietan prospekzioak irekitzeko baimenak eskatu dizkion enpresa. 


Ehunka herritar elkarretaratu dira Hernanin San Joan gaueko eraso arrazisten kontra

Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]


Sánchezen NATOko tratuak hautsak harrotu ditu zenbait estatu kideren artean

Asteazkenean bozkatuko dute NATOra bideratutako diru kopurua, eta Pedro Sánchez Espainiako presidenteak kuoten igoeran lortutako salbuespenak haserrea piztu du AEBetako eta Europako zenbait herrialdetako gobernuetan.


Galdakao-Usansoloko eta Gernika-Lumoko ospitaleetako “prekaritatea” salatu du ESK-k

Sindikatuak adierazi du bi ospitale horietan behin-behinekotasunean daudela langile gehienak, eta ordezkapenak ez direla bermatzen; ondorioz, langileen lan-karga areagotzen dela. Gehitu du larrialdi zerbitzuetan “gainkarga” dagoela.


Eguneraketa berriak daude