Errekor ankerra: mende laurdena preso

1980an, Zornotzan, 15-16 bat herritar erori ziren Guardia Zibilaren sarekadatan. Uztailaren 8ko sarekadan Joxean Etxebarri eta Enrike Agirre ziren Jose Mari Sagarduirekin batera eta azarokoan erori ziren Juan Jose Larrinaga, Fernando Irakulis eta Ernesto Alberdi. 20 urtetik gorako kartzelaldiak bete ondoren, kalean diren bost zornotzar hauen bidez izan dugu Jose Mari Sagardui Gatzaren berri, beraiek ere ederki asko ezagutu duten bizimoduaren berri. Santos Sagarduirengana, presoaren aitarengana ere jo dugu .

Bost zornotzar preso ohi horiek bezala, kartzelatik kartzelarako bidaia hasi zuen Sagarduik 1980an. Carabanchel lehenengo, ondoren Soria, El Puerto de Santa Maria eta Herrera de la Mancha... 25 urtean hamabi kartzela. Joxean Etxebarrik bi garai bereizi ditu segituan, sakabanaketa hasi aurrekoa eta ondorengoa: «1983tik 1987ra Herrera de la Manchan 200 bat preso geunden, ia kolektibo osoa. Han, norberak kartzelari aurre nola egiten zion ikusi zuten, gure nortasuna, portaera, jokabideak ikertu zituzten. 1987tik aurrera sakabanatu gintuzten eta ordutik aurrera bakoitzak bere indarrarekin egin behar zion aurre kartzelari». Sagarduiri ere egoera horri aurre egitea egokitu zitzaion, baina baita Sagardui aitari eta familia osoari ere. Sakabanatu aurretik beste presoen familiekin batera joaten ziren Sagarduitarrak Gatza bisitatzera, autobusean. Sakabanaketa medio norberak berea antolatu behar.


Zergatik hainbeste urte?

1980ko bi sarekadatakoei 30 urteko zigorra jarri zieten. Erredentzioei esker »espetxe onurak» 30 urteak 20 ingurura jaistea lortu zuten. Sagarduik ez, Granadako espetxean zegoela ihes egiten saiatu zelako. Beraz, orain ez du inolako erredentziorik eta 30 urteko kartzelaldia osorik betetzea da kasik segurua. Joxean Etxebarriren ustez; «Estatuak egin duena da lehen zeuden zirrikitu guztiak, espetxe onurak lortzeko aukera ematen zizuten horiek, Auzitegi Nazionalean epaile bakar baten bidez batu eta kontrolatu. Madrilen botere judiziala botere politikoaren menpe dago. Gaur egun ia-ia ezinezkoa dauka Gatzak lehenago ateratzea».

Fernando Irakulisek espetxealdiko urte kopuruaren bilakaeran erreparatzeko eskatu digu: «Lehen ezinezkoa zen kartzelan 15 urte baino gehiago egotea, baina gainditu zen; gero 20 urtekoa zen muga, baina hura ere gainditu zen. Orain 20-22 urterekin ere ez da onartzen kanpoan egotea. Datorren urtean beste bik egingo dituzte 25 urte, eta atzetik gehiago datoz. Galdu dugun borroka da: jendeak normaltzat hartu du kartzelan 20 urte egitea».


Sagarduiren egunerokoa

Joxean Etxebarri da gure solaskideen artean Jaengo kartzelatik azkena atera zena, han dago Sagardui orain. Sagarduiren egun bat nolakoa izan daitekeen azaltzeko eskatu diogu eta hango bizimodua nolakoa den esatea «oso erraza» dela erantzun digu. Gatza isolamenduan dago eta horrek esan nahi du 24tik 22 ordu zeldan igaro behar dituela. Gainerako bi orduak ditu dutxatzeko, patiora ateratzeko -35 metro luze eta 5 metro zabal-, erosketaren bat egiteko... Ez du eskolan, kiroldegian edo eskulanetan aritzeko eskubiderik. 22 orduan zeldan egon behar du irakurtzen, idazten, ariketak egiten... edo Ernesto Alberdik egiten zuen moduan: «Paretako zuloak kontatu eta izenak jartzen gaur, bihar eta beste egunean». Alberdik berak aipatu digunez, 22 orduz bakean utziz gero gaitzerdi litzateke, baina funtzionarioen jarrera kontuan hartu behar da: «Etortzen bada egun txarragaz... izorrai!». Isolamenduan dagoenak egun osoko tentsioa bizi duela nabarmendu digu Etxebarrik. Bada, egoera horretan azken hamar urteak egin ditu Sagarduik, azken hiruak baino gehiago Jaenen eta aurreko sei inguru Puerton.


16 orduko bidaia 40 minutuko bisitarako

Astero-astero ditu bisitak Sagarduik, baina gehien-gehien neskalaguna ikusten du, hilean bitan, batean bakarrik joaten zaio eta bestean haurrarekin, bost urteko Goiztirirekin. Gainerakoan, lagunak eta beste senideak tartekatzen dira. Errepidean 16 ordu egiten dituzte, zortzi Jaenera joateko eta beste hainbeste itzultzeko, bisita 40 minutukoa.

Aitari galdetu diogu ea semea zer moduz dabilen animoz: «Oso animoso eta gogor dago, ate nagusia egunen batean zabaldu arte. Ate nagusia irekitzen dutenean joango gara Zornotzatik autobus bat edo bi, edo gehiago eta etorriko gara juergan-juergan etxerantz. Atea ireki arte denok gaude lasai». Joxean Etxebarrik esan digu Sagarduiren neskalagunaren bidez dakiela barneratuta duela urte gehien egingo dituen presoa dela, hogeita hamar izango badira hogeita hamar izango direla, eta tinko dagoela. Fernando Irakulisek gaineratu duenez, «berak 30 urte egingo ditu, baina orain 40 urteko kartzelaldira hel daitezke presoak eta norbaiti tokatuko zaio». «Lehenago ez bada egoera aldatzen» -bota du Joxean Etxebarrik-. Dena dela, bai Etxebarrik eta baita Irakulisek ere argi dute gatazka politikoak ez direla gaurtik biharrera konpontzen eta Irakulisen ustez, «seguraski Gatzak 30 urteko zigorra konplitu beharko du».

Ekitaldiak
Uztailaren 8an, Jose Mari Sagarduik 25 urte kartzelan beteko dituen egunean, Zornotzako tabernari eta dendariei eskatuko zaie ordu erdiz ateak ixtea. Udaletxean egingo da elkarretaratzea. Uztailaren 9an ekitaldi nazionala egingo dute 18:30ean. Ondoren manifestazioa izango da.


ASTEKARIA
2005eko uztailaren 10a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude