Itxurak eta etxurak


2005eko ekainaren 19an
Azkenaldian kezkatuta nabil emakumezkoen irudiarekin. Sarritan izaten dut hizpide ingurukoekin. Inguruko emakumeekin, dena esateko. Lagun batek dio berak zahartzarorako zein irudi aukeratu jakin nahi lukeela. Eredu faltaz kexatzen da. Lagun hori pertsonaia publikoa da, hedabideetan azaltzen denetakoa, eta eredu faltaz ari denean, ez aitortu arren, irudi publikoa dauka buruan.

Tinterik gabeko nire ile urdinduak eman zion aitzakia honetaz jarduteko. Ez da bakarra. Ilea bere horretan uzteko erabakiak beste askori jarri die hizpidea. Erreakzioak bi muturretakoak dira: batzuk ile zuriaren fan bihurtzen dira, eta beste batzuk berriz behin eta berriz aholkatzen dizute adinaren aitorpen horri muzin egiteko.

Bi jarreren arteko lerroa tinkoa da oso, inor gutxi geratzen da indiferentzian edo erdibidean. Eta hala ere, ezinezkoa da bando batera eta bestera lerratzen direnen tipologia zehaztea. Azkar esanda, ezin daiteke pentsa ile zuriaren kontrakoek Barbieren irudia dutenik eredutzat, edo, alderantziz, ile zuriaren aldekoek itxurari paso egiten diotenik. Norbaiti aditu diot, hori bai, norberaren ile zuriak adinkide tintatuak molestatu egiten ote dituen, ebidentzian jarriko balitu bezala.

Irudia, ez da ordea, ilajera mugatzen. Hor sartzen dira jantzia, ibilera, jarrera, hizkera eta keinuak -gorputzaren hizkuntza mutua- osotasunean. Nire laguna, eredu faltaz kexatzen denean, esparru honetan dabil. Kontua ez da bakarrik takoi fineko zapata torturatzaileei alternatiba bilatzea, jendaurrean azaldu, mugitu, egon, jardun eta adierazten asmatzea baizik.

Emakumezkoa espazio publikoan tokia irabazten doan eran, erronka modura ageri da irudiaren kontu hori. Gurean, bertsolaritzaren munduan aztertu izan da zerbait. Hasi ahotsaren tesituratik eta mikrofono aurrean jartzeko posturaraino. Sinbolikoa ere gertatzen da plaza -zentzurik zabalenean- joka-leku duen arlo horretan sortu izana hausnarketa.

Baina susmoa daukat hurrengo urteotan Gasteizko Legebiltzarrean egingo dela, ezarian-ezarian, gaur eta hemengo emakumearen irudi publikoa finkatzeko bide dezente. Diputatuen erdia gehi bat, presidentea barne, andrazkoak izateak berekin ekarriko du emakumezkoen ahots eta esapideak, jarrera eta itxura askotarikoak ohiko bihurtzea. Ikuslea familiarizatu egingo da aniztasun horretara; aktoreek beren tokia eta neurria aurkitu eta beldur eszenikoa gaindituko dute.

Ez gara hutsetik abiatzen. Hor daude lehendik hainbat alkate, sailburu banaka batzuk eta alderdietako ordezkari zenbait. Politikatik at, irakasleak dauzkat batez ere buruan, horien lana ere jendaurrekoa baita. Gogora datorkit nola orain urte batzuk "andereño estiloa" deitzen zitzaion ile motzak, hizketa ondo ebakiak eta autoritate apur batek marrazten zuten emakume klaseari. Karikaturatik hurbil, mesprezu tanta batzuekin botatzen zen "andereño estiloa"rena. Karikatura horrek, dena den, zera adierazten zuen, nortasun nabarmeneko profesional mota berri bat sortua zela gure gizartean.

Karikaturak, ez dauka zertan txarra izanik. Begiratu bestela Canal Pluseko Guiñolean Espainiako Gobernuko emakume ministroei. Irristada galanta egin zuten izendatu berri hartan Voguerako posatu zutenean. Irudi aholkularia etsaiak jarritakoa behar zuen izan. Geroztik, eta urtebete honetan, beren benetako irudia beste bat dela erakusten dute behin eta berriz. Baita karikaturetan ere.

Irudia dela-eta emakumezkook jasaten dugun presio ikaragarria jakinekoa da. Presioa agerikoa denean, gaitzerdi, errebeldia pizten baitu; okerragoa da presio sotil eta isila, oharkabean barneratu eta autoestimari zuloak egiten dizkion hori. Nik uste oso sanoa dela itxurari buruz hitz egitea. Ereduak bilatzea, eztabaidatzea, auzitan jartzea... Ereduak, pluralean, kanon bakar eta unidimentsionaletik urruti. Ile zuri nahiz tintatuekin, soprano ahotsaz edo kontraltoarenaz, itxura eta (h)etxura guztiak eroso sentitzeko moduan eta... behingoz hizpidea agortuta.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude