Antxoa berreskuratu


2005eko ekainaren 12an
Kantauriko arrantzaleek maiatza bukaerara arte 160.000 kilo antxoa lurreratu dituzte. Joan den urtekoak 3 milioi kilo antxoa izan ziren. Arrain hori Kantauri aldeko, batez ere Euskal Herriko, 3.500 familiaren bizibidea da. Bizkaiko golkoko uretan aurten izandako antxoa kanpainaren hondamendiak agerian utzi du berriro ere orain aspaldi AZTIko adituek iragartzen zuten hura, inguruaren ikerketa-lanak egin eta gero azken asteotan berretsi dutena: antxoa galzorian dago. Zergatik? Besteak beste, eta ez da arrazoirik eskasena, batzuek, Frantziar Estatuko arrantzaleek esaterako, Europako Batasunaren konplizitateari esker, sare pelagikoak bezalako arrantza-sistema basatiak erabiltzen ari direlako. Euskal arrantzaleek antxoaren arrantzarako metodo artisanalak erabili izan dituzte betidanik eta urteak dira arrantzale frantsesen ekintzak salatzen dituztela.

Horri Arcachongo Ituna delakoaren ondorio latzak gehitu behar zaizkio, izan ere, akordio horren ondorioz Kantauriko ontziteriak urtearen data zehatz batean 9.000 tona antxoa eman behar baitizkie arrantzale frantsesei, guztiontzako arrantzarik ez dagoela ikusiagatik... Egoera horrek "antxoaren gerra" deitutakoa eragin du hainbat alditan, hau da, mugaren alde bateko eta besteko arrantzaleen arteko liskarrak itsas zabalean.

Gauzak horrela, antxoa berreskuratu nahi badugu, ezinbestekoa da berehalako konponbide sendo bat bilatu eta hitzartzea, alde bietako partaideen konpromisoa eskatuko duen irtenbide bat. Bruselak ez badu ezer egiten sare pelagikoen aurka, Arcachongo Ituna ez bada ezesten, ez baldin bada geldialdi biologiko luzerik abian jartzen, arrantza-baliabideen galera izugarriaz gain, ondorioak ezin okerragoak izan daitezke arrantzaleentzat eta euren familientzat. Eta nola ez, "gatazka" areagotu egingo litzateke. Frantziako arrantza arduradunek adierazi dutenez, heldu den ekainean antxoa arrantzatzera irtengo dira itsasontzi frantsesak -Kantauriko arrantzaleen gogoaren aurka-. Horrek "gatazka" giroa erabat berotuko du. Gure uretako antxoa berreskuratzeko geldialdi biologiko luzerik ezarri ahal izateko, arrantzaleei geldialdi bitartean legokiekeen ordain-sari duina emateko konpromisoa hartu beharko luke Administrazioak...

Eta orain, antxoaren arrantzaldi izugarriaren ondoren, hegaluzearena dator... Antzekorik gertatuko ote da? Galderaren erantzuna ekain-uztaila bitartean jakingo dugu. Joan den urtekoak 8.261 tona hegaluze ekarri zituen.

MCC: apustu ausart eta arriskutsua. Arrasateko MCC taldeak, euskal enpresa pribaturik handienak, 2004ko ekitaldiko datuak eskaini berri ditu. Aurreko urtekoak baino askoz hobeak dira. Horren seinale, enpresaren etekin sendotuak 502 milioi euro bildu zituen 2004an; 2003koarekin alderatuz gero, %22ko hazkundea litzateke. Hala ere, garrantzitsuena ez da hori izan, 2005-2008 urte bitarterako plan estrategiko grinatsu baten iragarpena baizik. Plan horren arabera, 25.000 lanpostu berri sortu nahi ditu MCC arrasatearrak, salmentak 17.000 milioi eurotan kokatu eta 4.000 milioi euroko inbertsioak egin. Gaur egungo 70.884 pertsonako plantillak 95.000 langile izango lituzke hiru urtera.

Egundoko erronka, ezbairik gabe... baina aurreko erronken emaitzak ikusita, nahiz eta arriskutsua izan, berme onez abiatzen da. Apustu ausart eta arriskutsua da. Batzuen ustez, MCCk duela zenbait urte martxan jarritako internazionalizazioak deslokalizaziora daramatza bere enpresa guztiak. 2008 urtera bitartean 20 lantegi berri sortu nahi ditu atzerrian. MCCko ordezkarien arabera, aldiz, "internazionalizazio prozesu horren helburua ez da deslokalizazioa, atzerriko merkatuak bereganatu eta Estatu espainolean fabrikatzen direnena baino balio erantsi handiagoa duten produktuen komertzializazio-lerroak garatzea baizik, eta horrek gainera enplegua sustatzen lagunduko du". Hori da MCC taldearen konpromiso publikoa. Orain artean ez da izan MCCrekin mesfidati jokatzeko ez arrazoi, ez historiarik. Egindako urratsek, zuzenak gehienak, aldez aurreko analisi sakonak izan dituzte beti. Espero dezagun arrakasta bihurtutako ekintzak -enpresa berriak, sektore berriak, enplegu gehiago, inbertsio gehiago- etorkizunerako oinarri sendoa izatea.

Mobilizazioaren etekina. Gasteizko Caballito multinazionalaren moduko langileen mobilizazioek, kasuan bezala urte eta erdi igaroagatik, askotan ez dute etekinik ateratzen. Eta beste askotan, guztia ez, baina nahi denaren zati bat lortzen da. Hori da, hain zuzen, Bizkaiko komertzioetako langileen kasua, merkataritza-gune handiak asteburu eta jaiegunetan irekitzearen aurkako mobilizazioei esker, euren asmoa bete baitute... Hori bai, oraindik ikusteke dago zer gertatuko den Araban eta Gipuzkoan, eta Lakuako Gobernuko dekretuarekin batez ere, azken horrek ahalbidetzen baitzuen komertzio handien irekiera. Dekretu hori ezetsi arte ez da gerra bukatuko.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude