Kaukason zehar 'benetako' kurduen bila

  • Yezidismoa kurduen jatorrizko erlijioa da. Deabru gurtzailetzat hartu ohi zirenez, mende askotako zapalkuntza jasan zuten, eta oso gutxi dira milaka urte dituen sinesmen hau mantendu dutenak. Egun, Kaukaso eta Irakeko egoera larriek kolokan jarri dute yezidi kurduen azken talde sendoa, euretako askok, krisi ekonomikotik eta gerratik ihesean, emigratzeari ekin diotelarik. Armeniako yezidiek eguzki-zeremoni, animalia sakratuen gurtza eta bestelako errito zaharrei eusten diete oraindik. Dena den, "benetako" kurdu hauek oztopoz beteriko etorkizunari aurre egin behar diote, altxor honi buruzko aipamen bakarra beronen desagerpena izan ez dadin. Bidaia kronika honetan beraien bizimoduaren pista batzuk emango ditugu.

2005eko ekainaren 05an
Yezidien zeremoniak kanpotarrentzat debekatuta dauden arren, hauetako bat ikusteko itxaropen txiki bat neukan. Torgom Khudoyan, Armeniako Yezidien Batzordeko lehendakariak, Erevango tenplura eramango nau, non Armeniako yezidien sheikhen sheikha (buruzagien buruzagia) bisitatzeko aukera izango dudan. Atzo ezagutu nuen Torgom bere bulego umilean; euskalduna nintzela jakitean, Bilboko Athletica oso gustukoa zuela onartu zidan, eta txantxetan ez zela ari frogatzeko, ezagutzen ez nituen zenbait jokalariren izenekin kinka larrian jarri ninduen. Bidaiatzeak erakutsi dit futbolaz jakiteak komunikazio arazoak gutxitzen dituela, eta honen aurreikuspenean, Erreala eta Athleticen pin txikiak daramatzat beti nire motxilan.

Gaur irribarretsu agurtu nau, bere euskal futbol talde faboritoaren sinboloa alkandoran harro daramalarik.

Hiri erdialdeko Errepublikaren Plazan marsrutni bat hartuko dugu. Europako Ekialdean eta Asian hain ezaguna den garraio sistema honek taxi publikoaren antzera funtzionatzen du; ibilbide jakin bat egiten duen furgoneta da. Edonon har daiteke besoa altxaz, baita jaitsi ere: azkarra eta merkea da. Erevango udako sargoria itogarria da barruan goazen 18 lagunontzat. Esertzeko lekurik ezean zutik joan behar dut, sabaiaren kontra indar eginez, jendearen gainean ez erortzeko. Zorionez, hiriaren erdialdea atzean uzten dugun heinean, furgonetako familia bere senideak galtzen doa, gure erosotasunerako.

Ordubete pasatxo izan da, eta jaisterakoan kaleak asfalturik ez duela konturatu naiz. Hiriaren kanpoaldea ere gibelean gelditu da, eta mendixka hori baten magalean etxe bakarti eta zaharkitu bat seinalatu dit nire lagunak. Kanpoan Volga sobietar auto zahar bat dago eguzkipean, Gerra Hotzaren oroigarri. Bere ondoan, kurdu itxurako emakume batek sartzeko keinua egin digu, -sheikharen erraina- argitu dit Torgomek. Barrualdeak ustekabean harrapatu nau. Lurra eta pareta guztiak kolore anitzetako alfonbraz estalita, argazkiak eta bitxikeriak nonahi: Churchill, Roosevelt eta Stalin Yaltako argazki famatuan; Andranik, armeniar heroia; Malak Taus eta Zaratustra; sheikha gaztea zeneko argazkiak; Lalesh gune sakratuaren irudia 1999ko egutegi batean... denak elkarren ondoan. Agian, hain kontrajarriak diren kredoen nahasketa liteke herri honen biziraupenaren sekretua.

Sheikha lanpeturik omen dago eta itxaron beharko dugu. Bere errainak matzun armeniar jogurta, errusiar txokolatea eta turkiar kafearekin mahai bat gertu utzi digu, eta gonbidapenari ezin muzin egin. Nirekin batera Lalesh yezidi aldizkariaren erredaktorea, Obsana Madatian, eseri da. Frantsesez dakienez, ezinbesteko laguntza eskainiko dit sheikharekin hitz egin ahal izateko. Itxaroten dugun bitartean galdeketa bat egin dit:

- Ararat Turkiako aldetik ikusi al duzu?, Europako eskoletan armeniar genozidioa irakasten al da? Armenia inoiz Europako Batasunean sartuko dela uste al duzu?
Elkarrizketa hau bere argitalpenaren hurrengo alean aterako da, sheikha eta bion argazki baten ondoan. «Oso garrantzitsua da Europatik kazetari bat guregana etortzea. Armeniako yezidion berri daukazuela jakiteak gure jendearen autoestimua altxatuko du», dio irribarretsu. Azken alean Charles Aznavour (jatorriz Aznavourian) atera omen zen, bere jatorrizko Armeniatik bidaian zegoela, eta oraingo honetan ni neu... hau da xelebrekeria hau!

Torgomek euren batzordeak argitaratutako beste ale berezi bat erakutsi dit; Nagorno Karabajeko gerran bizia galdutako yezidien eskela bilduma da. Argazkiei erreparatzerakoan, gehienak oso gazteak zirela ohartu naiz. 1992an pizturiko Armenia eta Azerbaianen arteko gerra honek, yezidi eta musulman kurduak ere aurrez aurre ipini zituen, azken hauek azerien bandoan borrokatu zutelarik.

Azkenik, belusezko kortina moreen artetik gizon batek pasatzeko keinua egin digu; sheikha zain dugu bizkarralde handiko aulki batean eserita, Kaukasoko astrakanezko sonbreruaz jantzita. Bere begi berdeekin atzerritarra aztertu eta gero, elkarri bostekoa eta hiru musu eman dizkiogu. 70 bat urte izango ditu baina oso gorpuzkera lerdeneko gizona da. Bibotea eta urrezko hortzak bere irribarrearen osagarri bikainak dira.

Sheikhak musulmanak ez direla azpimarratu du bere hatz erakuslearekin, eta faktore honek bultzaturiko mendez mendeko ihesaldia kontatzen hasi da: Irakeko iparraldean dagoen Sinjar herritik Turkiako ekialdera, Diyarbakir ingurura, eta handik Armeniara. Erlijioari buruzko nondik-norakoak argitzearekin batera, euren otoi-gelan gaudela esan dit. Aldarearen tokian, goitik-beherako oihal bat altxa du; azpian zetazko maindire batzuk daude, elkarren gainean pilatuta, erreliki eta objektu saktratuak babestuz. Etxe honetako zeremonietan Lalesh gune sakratuko altxor hauek gurtzen dira. Tamalez sheikhak zetazko oihalak urtean behin askatzen ditu, eta orduantxe bakarrik daude ikusgai.

Gune honen seriotasuna sheikharen ohe handiak arintzen du, baina hauxe da egunerokotasunaren lekuko bakarra. Atzealdeko pareta mural handi batek estalita dago; Ararat mendi gailurretik iheska bi hegazti-saldo, yezidi eta armeniarren diasporaren alegoria. Izan ere, I. Mundu Gerran turkiarrek 1,5 milioi armeniar akabatu zituzten. Ondorioz, "Mendebaldeko Armenia" sarraskitzaileen eskuetan gelditu zen, Ararat erraldoia barne. Muralaren azpialdean, hain zuzen ere, aldez aldeko alanbre hesi batek irudikatzen du egun igarogaitza den muga hau.

Elkarrizketak luze jo du, alboetako hormetan zintzilik dauden erretratu guztietaz mintzo baikara. Halako batean, sheikhak itxura borobileko zerbait atera du aldaretik; Ayaf eguzkiaren ordezkoa omen da, eta beronekin bedeinkatuko nau. Nire buruaren gainetik mugitzen duen bitartean otoi bat errezatu du. Bukatu eta berehala, sheikharen laguntzaile batek nola eskertu erakutsi dit: buruzagiaren eskuan hiru musu, bakoitzak erreberentzi bat dakarrela kopeta jaitsiz.

Mahai-inguruan elkartu gara denok giro lasaiagoan, eta sobietar garaiko mapa batean, Armeniako mendirik altuena seinalatu didate. Aragats mendi inguruan aurkituko ditut yezidi artzainen herrixkak, nahiz eta urte sasoi hauetan ia hutsik egongo diren. Artzain hauek 3.000 metrotara igotzen dira, euren abereek bazka freskoa izan dezaten, eta yaila izeneko asentamendu hauetan uda osoa igarotzen dute. Horra gora igo behar da, diote nire mahaikideek, yezidien bizimodu tradizionala puri-purian dastatzeko.

Yezidi artzainekin... 3.000 metrora!

Aragats (4.090m) Armeniako mendirik altuena da. Bere magaletan zabaldutako eskualdeari Aragatson deritzo, eta bertan bizi dira Armeniako yezidi kurduak. Euren yailak edo udako kanpamenduak ikusteko 3.000 metroraino igo behar den arren, ez omen da txango zaila, eta goizeko 5:00etan zain dauzkat David Khachatryan eta bere Lada Zhiguli berdea. Erevango erdigunea Sayat Nova hiribidetik zeharkatu dugu, bertako bloke zatar erraldoiak atzean utziz, eta Saghmosavank herrixkara iristean, errepidea aldatz gora hasten da. Erevanen ez bezala, hemen trafiko handia dago goizeko ordu hauetan. Izan ere, bertako baserritarrak euren behiekin mendirantz doaz gure errepide beretik. Animaliek ez daukate presarik; ezta guk ere. Azkenik, bagoaz, astiro, Davidek arreta handia behar baitu geroz eta handiagoak diren bideko zuloetan gurpilak ez sartzeko. Hala ere, salbuespen bat egin du Metsamorreko zentral nuklearrari erreparatzeko; hotzikara ematen du Erevandik zein gertu dagoen ikusteak. 1988an Armeniak jasandako lurrikaran 25.000 lagun hil ziren, baina lur astinduak zentral nuklearra ukitu izan balu, Txernobilgo istripua txiki geldituko zen honen aldean. Armeniak Aragats mendia den harresi sendoari zor dio lur zaztadak Metsamor ukitu ez izana.

Goizeko 7:00etan Amberdeko armeniar eliza ttipiraino iritsi gara. Jada 2.300 metrora gaude. Ermita bakarti honetatik ikusten den paisaia zoragarria da egunsentiko lehengo uneetan.

Davidek, bideak aldatz behera jotzen duen bakoitzean motorra itzaltzen du, gasoila aurreztearren, eta zigi-zagan gidatzeko era are bortitzagoa da oraindik.

Berriro ere behiak errepide erdian, baina oraingo artzainak oso bestelakoak dira: kolore biziz jantzitako emakumeak, umeak bakarka nahiz taldeka, euretako asko oinutsik, astoen gainean; gizonezkoak zaldiz, gehienak zelarik gabe.

-Kurds- dio Davidek.

Erevandik honako tartean, iraganera bidaiatu izanaren sentsazioa daukat. Mendi garai hauetan, Asia aldeko zaldizkoen artean, gure auto zaharkituak anakronismoa dirudi.

Errepidea 3.200 metrotara dagoen eguraldi estazio meteorologiko batean bukatzen da.

«Cosmic Ray Institute», dio Davidek harro samar, baina nekez sinets dezaket ikusten ari naizena: zilar koloreko piramide itxurako eraikin bat, eta bere inguruan identifikaezinak diren herdoildutako egitura batzuk; parabolika erraldoi bat, barrakoi itxurako zerbait, gurpilak dituen dorre txiki bat… eta inor ez inguruan. Elurra, eta armeniar alfabetuaz idatzitako Coca-Colaren logo unibertsalagatik ez balitz, Sobietar Batasunak abandonatutako ilargi kolonia batean nengoela pentsatuko nuke. Berriro ere, Daviden "denboraren makina" berdeak ustekabe bat eman digu.

Davidi 10.000 drami (20 euro) ordaindu eta gero, bakarrik gelditu naiz Kaukasoko bazter irreal honetan. Orain hobeto ulertzen dut yezidien tenpluan ikusitako nahasketa bitxia: inguruaren isla baino ez da. Artzain hauen yailatako bat 500 metro eskasera dago. Sobietar ejertzitoko denda xume berdeen multzo bat da, famili bakoitzeko bat. Lehenengo dendaren aurrean gizon batek ardi moztaldian dihardu oso guraize bakunez, eta bere ondoan, kolore biziz jantzitako bi emakume, artilea lurretik jasotzen. Bi gizon solasean ikusi ditut, eta banoa eurengana.

-Chawani (Zer moduz?)- agurtu ditut. Elkarri bostekoa eman diogu, eta begi urdinak dauzkanak av (ura) eskaini dit. Edan, eta rasim batez eskertu eta berehala, umeak nire inguruan pilatu direla konturatu naiz. Euren aurpegiak mendi garaietako eguzkiak gorrituta daude, eta jakinminez begiratzen didate.

-Nave te chye-, galdetu diet banan-banan, eta bakoitzak bere izena esan du. Argazki kamera atera bezain laster, Bina, Siran, Rondik, Cherkez, eta gainontzeko guztiak agertzeko prest dira. Kamerako pantailan euren erretratoa ikusteak algarak sortu ditu. Geroz eta ume gehiago datoz, eta elkarren artean borroka handia dago aurrean zein jarriko. Argazki saioa luzea izango da: ume asko dira eta bakoitzari, nola ez, bere erretratua erakutsi behar zaio. Azkenik, nerabeen txanda izango da, asto edo zaldi gainean, artaldeak bistan dituztela, atera dira.

Helduek gerturatzeko keinua egin didate. Ogia eta ardi gazta, none eta penir, ekarri dituzte dendatik eta munduko eskualde honetan lez, otordura gonbidatu naute. Yailan egindako jaki xumeen inguruan eseri gara lurrean, eta nik hirian erositako txokolate errusiarra atera dut. Armenian, eta beranduago Georgian ere jasotako gonbiteetan ez bezala, ez nago vodka edatera beharturik, eta gustu handiz hartu dut artzain hauek eskainitakoa. Borobilean eserita gaudela, beste kurdu askorengan ikusi ditudan ezaugarri fisiko nahiz jarrera lasaiaz ohartu naiz. Kurdueraz hitz solte batzuk salbu, ahozko komunikazioa ia ezinezkoa da gure artean. Hala ere, isiltasunak ez nau deseroso sentiarazi, naturaltasun osoz onartu bainaute euren atsedenaldian. Bat-batean, Erevango sheikhak orri txuri batean botatako zigiluaz gogoratu naiz: zirkulu gorri bat da, honen erdian Malak Taus hegazti sakratua, eta berau inguratuz armenieraz idatzitako lelo bat; ezagutzen dutela diote, euren sheikha da.

Laster Eguzki jainkoa puntu altuenean egongo da, eta artzain bakoitzak eguerdiko otoitza eskainiko dio. Ez dut milaka urtez errepikatu den zeremonia oztopatu nahi, eta gazta gozo hau bukatzean -rosh bas-, agur esango diet, otorduak asetua.

Yezidismoa edo aingeruen gurtza: kurduen jatorrizko erlijioa

Yezidismoa K.a. 2000. urtean sortu zen, eta kurdu herriaren jatorrizko erlijiotzat hartu ohi da. Mendeetan zehar inguruko erlijioetatik zenbait xehetasun jaso ditu, baina batez ere, Khuda jainkoa, eta honek sortutako zazpi aingeruen kultuan oinarritzen da (yazd=aingerua).

Malak Taus pauma itxurako aingeru nagusia da, Shaytan izenarekin ere ezagutua. Jainkoarekin haserretu eta gero, honek bere ondotik egotzi zuen, Luciferri gertatu antzera. Yezidiek deabruaren ordezkorik ezagutzen ez badute ere, Satan izenarekiko antzekotasuna eta Islam-aurretiko erlijioekin izandako kontaktuagatik, musulmanek deabru gurtzailetzat hartu ohi dituzte, mendeetan zeharko errepresioa ezarriz.

Yezidientzat lau elementuak (zerua, lurra, ura eta sua) sakratuak dira, eta berauen beharrak asetzeko Khuda jainkoak gizakia sortu zuen. Neurri berean zenbait tabu errespetatu behar dituzte, hots, lurrari, suari edota urari ezin txistu egitea. Yezidi orok eguzkia egunero hiru aldiz gurtzen du: egunsentian, egun erdian eta ilunabarrean, nahiz eta bestelako zeremoniak ere burutzen dituzten. Eskorpioia, zezena eta sugea animalia sakratuak dira; zenbait elikagai berriz, letxuga, arraina edota hainbat haragi mota jatea debekatuta dute.

Izakiekiko errespetua, eguzkiaren gurtza edota zezen sakrifizioak, besteak beste, erlijio honen adinaren adierazle garbiak ditugu, zeinetan antzinako sinesmen animistaren, zoroastrianismoaren edota mitraismoaren arrastoak aurki ditzakegun.
Asteazkena dute astegun santua, larunbata berriz, atseden hartzekoa.

Errito esanguratsuena Irakeko iparraldeko mendietan ospatzen da urriaren erdialdean; Mosul hiritik gertu dagoen Adi Sheikharen hilobi inguruan, errekan bainua hartu, Malak Tausen irudiak garbitu, ehunka kandela piztu eta idi baten sakrifizioa burutzen dute, sei eguneko jaialdi batean.

Musulmanek bezala errezatzen dute, esku-ahurrak gorantz jarriz, eta Sheikhak dira euren buruzagi espiritualak. Agintari hauek zazpi aingeruen ondorengo zuzenak dira eta euren ahalmena belaunaldiz belaunaldi transmititu ohi da.

Bestalde, Yezidiek Adanen ondorengotzat hartzen dute bere burua, baina Evaren partehartzea ukatuz. Adanen leinua "garbi" mantentzearren, euren artean ezkontzen dira soilik eta ez dute beste erlijioetako kiderik onartzen (Evaren ondorengoak).

Hala ere sinesmen guztien alde onak onartzen dituzte, honen adibide garbia dugu honako otoitz hau:

"Ene Jainkoa, eman iezaiezu zure bedeinkapena 72 naziori, 18.000 izakiri, eta baita yezidioi ere".

Torgom Khudoyan, AYBko lehendakaria: «Gure gazteek tradizioei gogor eusten jarraitzen dute»

Armeniako Yezidien Batzordeko Torgom Khudoyan lehendakariarekin eseri gara, elkarteak Erevanen duen egoitzan. Bera dugu pertsona aproposena Armeniako yezidien egoeraz eta etorkizunaz mintzatzeko.

Zertarako sortu zen Armeniako Yezidi Batzordea?
Armeniako yezidion kultura sustatu eta gure jendearen erreferentzi puntua izan nahi dugu. Gobernuz kanpoko erakundea da, betiere politikaren esparrutik at.

Kanpoko laguntzarik jasotzen al duzue?
Bai. Armeniako Gobernuak bulego hau eskaini zigun eta hilean 50.000 Dram (100 euro) ematen dizkigu Lalesh gure hilabetekaria kaleratzeko. Honetaz gain estatuko irratian egunero 15 minutuko saioa egiten dugu gure hizkuntzaz, eta etorkizunari begira telebista saio bat izan nahi genuke.

Yezidia eta kurdua sinonimoak dira?
Ez, yezidi guztiak kurduak dira, baina ez alderantziz. Kurdu gehienak musulmanak dira, eta guk bakarrik kontserbatu dugu kurdutarron antzinako erlijioa. Egun, yezidiok kurdu guztien %5a besterik ez dugu osatzen.

Yezidi ez diren beste kurduekin zer moduzko harremana daukazue?
Tamalez, ez daukagu harremanik. Musulman kurdu gehienak Nagorno Karabaghen bizi ziren baina, hango gerra eta gero, askok Azerbaianera ihes egin zuen. Egun, gutxi gelditzen dira.

Betidanik Armenian bizi al zarete?
Ez, gure arbasoak Irakeko iparraldetik etorri ziren musulmanengandik iheska. Han dago Lalesh, gure gune sakratua, musulmanentzat Meca litzatekeena edo katolikoentzat Erroma. Turkian zeuden asko ere hona etorri ziren 80ko hamarkadan, hango kurduekiko errepresioagatik.

Umeek kurdueraz ikas al dezakete eskolan?
Turkian ez bezala, kurduera ez dago debekatua. Zenbait eskolek kurduera ikasgai gisa daukate, baina gainontzeko guztia armenieraz irakasten da. Armeniako gutxiengo handiena izanda ere, ez dago azpiegitura nahikoa behar hauek asetzeko.

Sobietar Batasuna erori zenetik aldaketa asko somatu al duzue?
Bai, lehen egoera askoz ere hobea zen. Sobietar Batasuna sortu zenetik kurdutar ordezkariak izan ditugu Armeniako Parlamentuan. Bestalde, egun kaleratzen den Rya Taza yezidi egunkaria 1936tik kalean egon da etenik gabe, eta beste edozein herrialdetan baino askoz ere argitalpen gehiago kaleratu dira gure hizkuntzaz. Oraingo egoera ekonomikoarekin zaila izango da honi guztiari eustea.

Zer ordezkatzen du zuen banderak?
Eguzkia eta Malak Taus aingerua, gure erlijioagatik; gorria X. mendean gure arbasoek arabiarren eskuetan jasandako sarraskiagatik, eta txuria purutasunaren kolorea delako. Yezidi guztion bandera da.

Nola ikusten duzu zuen etorkizuna?
Milaka urtetan gure bizilagunen errepresioa jasan dugun arren, gure gazteek tradizioei gogor eusten jarraitzen dute.


ASTEKARIA
2005eko ekainaren 05a
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude