Itunari ezbaia Chiracen kezka

  • Maiatz honetako 29an, igandez, bozkatuko da Frantziako Estatuan Europako Konstituzio Ituna. Euskal Herrian bigarren aldikoz bozkatua izanen da, aldion, Iparraldean. Estatu horretako herritarren ezetzak Europaren eraikuntzaren azkartzea edo moteltzea eragin ditzake. Erreportajea erreferendumaren kanpaina hasieran idatzita dago. Emaitzen zalantza da datu esanguratsuetako bat. Guk berauek iragartzeko ahalmen eta asmorik gabe, Ipar Euskal Herriko zortzi herritarren aburuak jaso ditugu, baita Bolkestein direktiba edota artezaraua zer den azaldu ere. Izan ere, artezarau honetan oinarritzen baita ezezko bozaren aldekoen argudio nagusia.

2005eko maiatzaren 29an
Europako Konstituzio Itunaz ari garenean, Konstituzioaz baino idazten ari den itun batez ari garela zehaztu beharra dago. Izan ere, dagoeneko bi itun idatzita daude. Lehena, Maastrichteko Ituna da (1992) eta Nizakoa (2001) bigarrena. Konstituzio Ituna lehen aldiz Espainiako Estatuan bozkatu eta onartu zen. Orain, bigarrenez, Frantzian bozkatuko da, eta berau indarrean dagoen Nizako Ituna berritzeko xedez egina da. Nizako Ituna berrituko bada estatu guztiek baiezkoa eman behar diote Konstituzioaren Itun berriari. Eta Frantziako herritarrek ezetza emango baliote? Bada, printzipioz, ezer ez. Alegia, Nizako Itunaren akordioek indarrean jarraituko dute 2009. urtera arte, areago, bere xedapen batzuek 2014ra arte.

Estatuen barne politika

Printzipioz erran dugu, izan ere, praktikan Frantziako herritarren ezetza edo baietza nagusitzeak, hasteko, modu ezberdin batez eragingo du gainerako estatuko politikan. Itunak ezetza jasoko balu, beste estatu batzuek ez omen lukete berau birnegoziatu nahiko. Ituna zeharo neoliberaltzat joa da Frantzian. Espainian ez bezala, PS (Alderdi Sozialista) zatituta dago. Alderdi honetako sektore handi batek Ituna errefusatzen du. Baietza nagusituko balitz ere, baietzaren aldeko PSko sektoreak »François Hollande idazkari nagusia buru duela» beste itun sozialago bat landu nahi omen luke. Itunak, beraz, ondo bidez, negoziazio eta berriztapenak jaso beharko ditu etorkizunean. Ezetzak, edozein gisaz, berebiziko aldaketa ekar lezake Frantziako politikan. Erreferendum hau plebizitua bilakatu da beste behin ere. Jacques Chirac kolokan jar lezake presidente karguan. Gobernuan dagoen UMP alderdiko lehendakari Nicolas Sarkozyk baietza eskatu du sutsuki, baina ezetza nagusituko balitz, bidea zabalduko litzaioke 2007ko presidentziarako hauteskundeetan. Sarkozyk ez du ezkutatzen Eliseo duela helburu. Erreferendumean Europako Ituna baino Frantziako politikaren egonkortasuna eta etorkizuna daude jokoan. Ezetzak Chirac-en politika zigortuko luke eta Eliseorako bidea samurrago litzateke halaber, PSko hautagai Laurent Fabiusentzat. Beraz, baietza edo ezetza nagusitzeak ez du soilik Europako eredua erabakitzen, estatuko politikan ere berealdiko eragina izanen du.

Funtsean, Europako Konstituzioaren Ituna demokrata-kristauen eta sozialdemokraten gustuko ituna da. Europaren beraren aniztasunak oso konplexua bihurtzen du bere eraikuntza ordea. Ezkerrak ezin dio baietza eman langileen interes sozialen aurkakoa delako. Frantziako jakobinoek eta eskuin muturrak berriz, ezetza emanen dio, Ituna Frantziako Errepublikaren izaeraren aurka doalako. Arrazoi eta ideologia hain kontrajarriek bat egiteak Europaren eraikuntzaren konplexutasuna islatzen du. Herritarrek kezkak eta zalantzak dituzte. Kezken eta zalantzen aitzinean, hauteskunde kanpaina erabakiorra izaten da.

Hedabideak eta gizarte eragileak lehian

Orain hilabete bat inkestek ezezko boza jo zuten irabazle. Lau eta sei puntuko aldeaz nagusi zen ezezkoa orduan. Eliseo eta Matignongo maizterrek tsunami moduko bat antzeman zuten politikaren zeru-mugan. Erreferendumaren kanpaina hil honetako 16an abiatu zen ofizialki. Alabaina, inkestek diotenez, kanpaina hasi orduko, ezetza eta baietza parekatu dira. Zenbaki dantza eta balantza hasia da, emaitza bi punturen aldean dabil gora eta behera. Artean, Gobernuak 400 milioi euro xahutu du baietzaren aldeko kanpainan. Gobernuaren esku-sartzea hedabideetan »eta bereziki telebistan» lotsagarritzat jo dute informazioaren deontologoek. Telebista publikoetako kazetariek ere beren askatasuna urratua sentitu bide dute boterearen esku-sartzea dela-medio.

Ezetzaren aldeko eragileak ez daude edonola ere amore emateko prest. Copernic plataformak ezkerreko indarrak bildu ditu eta 400 talde eragile ari dira buru-belarri. Iparraldean, berriz, Ezezkoaren Aldeko Ekimena nabarmendu da. Edonola ere eguna, orain arte jai eguna izandakoa, lan eta elkartasun eguna izendatu zuen Frantziako Gobernuak. Ez dirudi horregatik, irudi lagunkoiagoa erdietsi duenik. Aitzitik, ezetzaren aldekoek eguna hedabide boteretsuen informazio partzialari aitzi egiteko baliatu zuten aburua zabaldu da. Europa: buru bezainbat aburu.

Europari BAI, batere dudarik gabe (Emile Larre, apaiza eta idazlea)

1914ko gerlan »ez nintzen sortua» galdu nuen aitaren anaia, Joanes, alemanek hilik. 39koan otto Jean Leonen aldi zen, hau amaren anaia gazteena.
Geroztik hemen bizi naiz, auzo ditudala, hor baztandarrak Izpegitik, han aezkoarrak Ibaiñetatik. Hemengoak ez ditut ahanzten. Amikuze ta Xiberotik harat, gaskoi, landestar eta biarnesak aski gu iduriak horiek ere.
Eskolan zerbait ikasi genuen ere Bigarren Gerla Handi batek ederki lagundurik horretan. Baita alemanak, ingelesak, errusiarrak, italiarrak, espainolak hurbilago, haien artean batzuk "onak" zirela eta besteak "gaixtoak" hauen hiltzea haizu!
Aldatzen baitira denborak, jakin genuen segurki, hiru gizon elgarretaratu zirela, duela mende erdia pasa: R. Schuman frantsesa, K. Adenauer alemana, A. Gasperi italiarra, fedez eta bihotzez ziotela: egin dezagun bakea, urra mugak, Europa sortzeko, bakearen eta batasunaren herria.
Horrek ekarri digu diru bera, lege beren mentura, anaitasuna, herritasuna agian eta gerlarik ez! Engaiamenduak hartuz emeki-emeki, Europa Etxearentzat.
Herria kazetan, ez dugu ahantzia Etienne Salaberri apez irakaslea, Baigurako heletar semea, Europa Batuaren predikari suhar izana.
Joanak ditugu orain horrelako gizonak, baina ez denak. Heien obrek irauten dute, bizi bizirik, eta gugan dago haien hatsa.
Horra orain etorria, guretzat, mintzatzeko ordua, erreferendum horrekin, guztien eta bakoitzaren obra izanen baitugu Europa Etxe Berria.
Segurki hala ere, deus ez direla 50 edo 90 urte, lehengo etsaigoetarik anaitasunezkoa gogora iragateko. Segurki ere militzakerian ariko garela beti, "nik hau nahiko" edo "nik berriz hura"!
Baina zer dira kurrinka horiek sortzera goazen obra zoragarriaren aitzinean? Eta gure alorrak oraino zenbait ahago tzar, zalke edo kardu baditu ere, ez al gara hor aitzina segitzeko, garbi eta apaintzale lanean!
Utz beraz bazterrera eskuinen eskuinkeriak eta ezkerren ezkerkeriak. Geroa du Europak segurtatzeko, zure eta ene BAIarekin, irakurlea!

Naiaren ondoan (Ramuntxo Etxeberri, irakasle eta idazlea)

Berriro saiatu naiz Konstituzioko testuaren irakurtzen! Aldi honetan, lurrean jartzen naiz Naiaren ondoan: nire bi urteko alaba marrazkiak egiten ari da. Txosten luzearen orrialdeak itzulikatzen ditut, Itunaren erranaldi idorrak ezin barneratuz. Ez dakit xuxen zer pentsa! Nik Europari baietz erran nahi nioke! Pentsakor, begiak hesten ditut.

Alde batetik, sinetsi nahi nuke azken mende erdi honetan, eraiki diguten Europako Batasuna xantza historiko bat dela! Mugimendu zabal horren logikak aurrera joan behar du. Nire iduriko, Europa ez da bakarrik ekonomikoki -euroa- ala judizialki -euro-agindu famatua- eraikiko: hezkuntzan, babes sozialean... gure herrien arteko elkarlana sendotu behar da!

Ondorioz, Le Pen eta frantses abertzale "ezkorrak" pikutara igortzeko, aski dut BAI bozkatzea! Ai ama! Hain erraza balitz! Baina, amesten dudan herritarren Europa, Konstituzio horretan guti da aipatzen: liberalismo basatia segurtatuko duten puntuak nagusitzen omen dira! Beraz, zer?

Gainera, Frantzian izan den eztabaida mugatua izan da. Hastapenetik argi izan baita Chiracek bere barne politikako helburuekin nahi zuela erreferendum hori baliatu eta...

- Aita! Begira arraina.

Naiak marrazki eder bat eskaintzen dit: bere arrainak mila kolorez nire Konstituzioko orrialdearen hitz beltzak loreztatu ditu!

Europa koloretsu bati baietz errateko, Itunari ezetz bozkatu beharko?

BAIari esker Europako hiritarrak (Jean Haritschelhar, Euskaltzaina)

"Euskalduna naiz sortzez, frantsesa legez, europarra ametsez". Nahiz eta kide naizen Estatu honetako ezaugarria -Frantziako Iraultzan sortua- estatu-nazioa izan, eredua errefusatzeko eskubidea eta askatasuna ditut.

"Bat eta zatiezina" da Errepublikaren ezaugarria. Ideal hau gure auzoko guztiek ezagutzen dute, hasi Espainiako autonomia erkidegoek, Italiako eskualdeek, Suitzako kantonamenduek, Alemaniako landerrek nahiz Belgikako waloi eta flandestarrek, Bretainia Handiko ingeles, eskoziar eta galestarrek barne. Gu baino okerrago al daude? Ez daude gu bezain batuak? Estatua haientzat "Bat eta zatiezina" izan ordez "anitza" da, besterik ez.

Horrela da Konstituzioa eratzen ari den Europako Batasunaren definizioa. Itunaren I-8. artikuluan, Beethoven-en bederatzigarren sinfoniaren "Zorionari oda" ereserkiaren "Aniztasunean batuak" entseinak daude.

II. Atalaren I-10. artikuluan Konstituzio honen aitzinamenduak daude, Batasunaren herritartasuna eta eskubide oinarrizkoak. Honela dio: "Estatu kideko nazionalitatea duen pertsona orok Batasunaren herritartasuna dauka. Batasunaren herritartasuna nazioaren herritartasunari atxikia dago eta ez du berau ordezkatzen".

Hurrengo paragrafoetan herritar europarren eskubideak daude: Estatu kideko lurraldeetan libreki zirkulatzeko, bizitzeko, bozkatzeko eta aukeratzeko eskubideak, Europaren baliabideak eskura dituelarik.

II. zatian, Batasunaren oinarrizko eskubideen Kartaren hitzaurreak arreta berezia eskatzen du: "Berebiziko ondare espiritual eta moralak dituenez gero, Batasuna gizabidezko balore unibertsaletan eta zatiezinean oinarritzen da, askatasun, berdintasun eta elkartasunean, baita demokraziaren eta zuzenbidearen printzipioetan ere. Pertsona bere ihardueraren arabera hartzen du, Batasunaren herritartasuna emanez; askatasun, segurtasun eta justiziaren eremuan betiere».

Halaber, bi aldiz, europar herritartasunaren erakundetzea baieztatzen du, eta berau, ezinbestean testu konstituzionalak berretsia izanen da.

Soseguz baieztatzen dudan euskal nazionalitateak, nirea ere den herritartasun frantziarrak eta nihaurek eransten diodan europar herritartasunak BAI ukanen dute maiatzaren 29an.

Azken hamarkadetan ferekatu izan dudan "Europarra ametsez", errealitatea bilakatuko da BAIaren garaipenari esker, biziro desiratzen dudan baietza.

Mais non mais non, taata tatata (Allande Boutin, kazetaria)

70eko hamarkadan titulu oso irrigarria eta bitxia zuen kantu hau idatzi zuen Frantzian oso famatua den Henri Salvadorrek. Nahiz denbora iragan den, Europako Konstituziorako idatzi berri duela dirudi. Zeren inkesta gehienen arabera, maiatzaren 29an, ezezkoak irabaz dezake.

Espainian -eta Hegoaldean- ez bezala, Frantzian -eta Iparraldean- anitza da ezezkoa. Alde batetik, soberanista. Eskuindarra eta ezkertiarra. Azken honetan, errepublikar jakobinoekin batera, alderdi komunista dugu, Parti Communiste Français, "F"rekin bai! Hain internazionalista izanik! Betidanik Europa zale epela. Bertze muturrean, ultra eskuindarra den Front National eta de Villiers birkondearen Mouvement pour la France dauzkagu. Urriki dute Frantzia munduko lehen indarra zelarik eta frantsesa, mintzaira erabiliena. Mugak nahi lituzkete berriz ezarri atzerritar oro kanpoan mantentzeko eta euroa ezabatu. Urdin-xuri-gorriz ikusten dute geroa. Soberania konpartitua ezin dute ikusi. Azken gaullista eta ehiztariekin "lehen hobe zen"etakoak dira.

Bertze ezetza soziala da. EA, ERC, Batasuna, Aralar eta EBren antzekoa. Lutte Ouvrière eta LCRekin batera, Alderdi Komunista eta Alderdi Sozialistaren militanteen %40 ditugu. PSarentzat drama bat erreferendumaren biharamuneko zauri sendagaitzak izanik. Deslokalizazioak, globalizazio liberala, pribatizazioak begiztatzen dituzte. Ezetz horrek dio NON berriari indar gehien ematen. Sustraitzen da azkarki, jende gehienaren egoera soziala dela eta.

Eta hor, baietzaren aldekoek kario ordain dezakete, orain arte, eskuin zein ezkerreko agintari gehiegik egin duten Europaren erabilpen negargarria: ongi zetorkien guztia, beraiei esker soilik zen. Gaitz guztiak, Europarenak ziren... Beraien ezintasun eta ausardi eza estaltzeko, Bruselari errua botatzen zioten. Pribatizazio bat irentsarazteko, zenbat aldiz ez dugun entzun Europak eskatuta zela, Parisen nahia baizik ez zelarik...

Komodoa zen baina orain boomeranga bezala itzultzen ahal zaie.

Europako Konstituzioaren Ituna ezbaian (Aguxtin Errotabehere, kazetaria)

Erreferendumaren kanpaina abiatu da, eta eztabaida, zatiketa handiak eraginez, bizitasun eta samintasun handiarekin sartua da alderdi, sindikatu, lantegi hala nola familien barne muinetaraino.

Langabezia %10az goitikoa, alor publikoan bezalako funtsezko eta beharrezko erreformak egin gabeak, milaka milioi eurotako zorrak, frantziar ekonomia dugu Europan gaixoenetarikoa. Politikoek gehiegitan Europaren bizkar ezarri dituzte Estatuko ekonomiaren gaitzak, beren kalapitak konpondu nahi izan ez dituztenak, eragile sozialen kexuaren beldurrez. Egoera ekonomiko kaskarrak, Gobernu eta presidentearen politikaren arbuiatzeak moldatuko du erreferendumaren emaitza ongieza Europari ordainaraziz.

Beste zailtasunik ere badu kanpainak. Ba ote da gai ilun eta idorragorik Konstituzioaz eztabaidatzea baino? Artikulu gehiegi, hizkuntza ilunean idatziak, ulergaitzak. Iluntasunak eztabaida hazi eta nahasten. Artikulu zenbaiten irakurketan oinarrituz salatuko dute batzuk liberalismo gordin eta krudelenean estekatzen gaituela hitzarmenak; beraz ezinbestekoa da ezezkoa. Liberalismo gordinari mugak eta erregelak ezartzeko europar eremuaren sortzea beharrezkoa dela baiezkoaren bidez erantzunen diote besteek.

Luzeegia litzateke Konstituzioaren inguruko gai polemikoetan sartzea. Hala ere, bizpahiru puntu nahi nituzke hemen aipatu. Lehen-lehenik horrelako eztabaida baten beharra. Europa izanen baita gurearen ondotik gure haurren erronka nagusia, mundializazioa eta Ameriketako Estatu Batuen poderioari buru egiteko, mundu honi zuzentasun eta bake gehiago ekarriz

Europari bizi berri eta etorkizun gehiagoren emateko BAI ala EZ bozkatu behar ote genuke? Nik diot baietz. Zeren nahiz eta neurtuak eta mugatuak izan, urrats baliagarriak eginarazten baitizkio Europako Batasunari. Politikoki, estatuei kendu protagonismoa Europako Parlamentuari emanez, europar herritarrei joka molde berriak emanez, demokraziari bide berriak irekiz.

Gutiegi dela? Ez dela aski? Nahi dut. Aitzinaldera egin urratsa ez ote da batere baino hobe? Ezetzaren aldekoek diotenaz beste Konstituzio bat behar liteke -orain arte ez dute sekula azaldu zer eduki lukeen-, argiagoa, laburragoa, demokratikoagoa, sozialagoa... Zergatik ez? Baina nork idatzia? Frantziako ezker adar argituak, europar kontzientziak esnatu eta? Nork negoziatua? Jaques Chirac presidenteak? Norekin? Europako 17 estatu buru eskuindarrekin? Amets soila nire ustez. Frantziar hitz zuhur batek horrela dio: "Hobeagoa, onaren etsaia izaten da". Kasu honetan ere horrelako zerbait gerta litekeela ni beldur, hobeagoaren ametsarekin petzero gelditzea.

Liberalismoa eta merkatua dute ezezkoaren aldekoek etsaia. Ez digute aldiz erraiten zer ezar lezaketen honen ordez. Merkaturik eza? Kolektibismoa?

Frantziako ezkerran sekulako zatiketa eragiten ari da eztabaida. Ezetzaren aldeko adar gogor bat alde batetik, ezker, mutur komunistak eta sozialisten zati bat bilduz. "Sozial liberalismoa" dute etsai. Iraultza sozialaren ametsa gogoan. Italia ala Alemanian bezala, gobernatzeko ezker errealista baten aldeko beren aggiornamentoa ez dute egina. Azken finean erreformismoa ahalkezkotzat daukate, beste mundu baten esperoan. Ez ote diren alor publikoan oinarritu "sozial kontserbadoreak" bihurtuak, galdera egiten dute aditu zenbaitek.

BAIa ala EZa parekaturik daude oraingoz inkesketan. Nork irabaziko duen ez da errana. Kanpainak ondorioak izanen dituela Frantziako eta Europako bizi politikoan, bereziki ezker aldean, ez dut dudatzen. Zatiketa bat eragin dezan ez da baztertzekoa, bereziki ezezkoa nagusitzen bada. Ni beldur ezezkoa nagusituz, Bush jauna eta guregandik hurbilagoa den Sarkozy, 2007an izanen ditugula zinezko irabazleak. Eta Europa galtzaile.

Konstituzio honi ez (Hur Gorostiaga, kazetaria)

Frantses batek onartuko ote luke, bere herria aintzat hartzen ez duen konstituzioaren alde bozkatzea? Eta espainol batek, onartuko al luke bere hizkuntza aintzat hartzen ez duen konstituzioaren alde bozkatzea? Galdera berak, Europar Batasuneko herritar guztiei pausa geniezazkieke, eta gehiengo handi batek EZ borobil batekin erantzungo lieke galderei. Euskaldunok ere gisa berean.
Ameriketako Estatu Batuen ereduan oinarrituriko Europak ez nau asetzen. Pertsonen askatasunak ahulduz segurtasuna indartzea ez dut begiko. Eta zer ote da segurtasuna? Baratzea duenak hesiz inguratzea, edo bakoitzak bere baratzea ukaiteko aukera izatea? Armadaz eta armez gerla prestatzen duen Europako bakearen ikuspegia, ez da nirea. Garapen bidean dauden herriak etsaitzat hartzea ez dut gogoko.
Itun berriak hainbat atzerakada ekarriko ditu sozial mailan. Eta egoera ez dago gibelera egiteko moduan. Jadanik Frantziako Konstituzioa aldaezin gisa ageri bazaigu, zer erranik ez halako Konstituzio bat. Alda dezagun BAI bozkatu aitzin, gero berantegi izanen baita.

Bai, alegera gabe (Jean Louis Davant, Euskaltzaina eta idazlea)

"Bozkatzera niazu, alegera gabe". Nire baietza hotz eta motz joanen da. Testua ikertu ahal nuen heinean, astoa bezain luzea baita. Iduri zait aitzinamendu txiki batzuk proposatzen dizkigula: botere gehiago Parlamentuari, lehendakaritza luzeagoa, kanpo arazoetako ministroa, arartekoa...
Liberalismoari dagokiola, jadanik hor dugu, baina jokozain batzuk zelaian sartzen dizkio testuak, joko basatiaren pixka bat zuzentzeko.
Europako herritar -citoyens- egiten gaitu, horretan Estatuaren monopolio jakobinoa gaindituz. Estatuaren boterea hein batean murrizten du, ahalmen batzuk Europari utziz. Hizkuntza guztien eskubidea bermatzen du teorian, baina denak ofizial egin gabe.
Europako erakundeetara jotzeko ahala ematen digu...
Gauza guti? Gaurko ezdeusa baino zerbait gehiago agian.
Ezetza emanez, oraingo ezerezean egotea hauta nezakeela iduri zait. Baina jakina, Europak ez digu arazorik konponduko. Kirol zelai berri bat eskaintzen digu, Estatukoa baino zabalagoa, jokozain ageriekin, erregela argiekin. Haatik, epaileak ezin du golik sartu: guri dagokigu lan hori.

Nahas eta uherregia zait (Itxaro Borda, idazlea)

Orain denak, Herria astekariako kronikalariak barne, Europar Konstituzioaren aldeko BAIaren haiatzen hasiak direlarik eta Herri Urratsen ukan eztabaida ozenen ondotik, neke da EZaren sostengatzen jarraitzea, erratea bera EZ bozkatuko dudala maiatzaren 29an. Euskal Herriko jenderik plazentenak Europako Ituna goresten dute eta politikaz gogorrenek gaitzesten.
Nihaur europar zale amorratua naiz, europar hizkuntza eder franko dakizkit eta gustatzen zait trenez hiri nagusi batetik bestera bidaiatzea, adiskideak bisitatzeko aitzakiaz. Europa, jendeen artean, salbuespenak salbu, ehuna bezala da. Gaur, xeheek egunero josi eta josten dute elkartasun oihala, politikariek eta finantza-buruek nahi dute Konstituzio baten bidez bereganatu eta behin betiko kontrolpean jarri.
Ez bozkatuko dut, adibidez, ez baitut eskualde hizkuntzen geroa zinez bermatuko lukeen ezer aurkitu, xehetasunak falta dituelako, demagun, bizitza deretxoa eta laikotasunari buruz; funtsezko eskubideen karta -egiazki Konstituzioan behar duena- nahas eta uherregia zait, ekonomia alorrari dagokion hirugarren atala aldiz argia eta zehatza delarik -Konstituzioan agertzekoa ez dena!-. Ez bozkatuko dut, munduaren aurka, aberats eta hanpuroski eraikitako Europarik ez dudalako nahi.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude