Irati mendian Basajaunen atzetik


Gure bizikleta zaharrari hautsak kentzeko garaia iritsi dela uste dugu. Negu partean lotan, lasai utzi badugu ere, badu garaia trikitrakateko batzuk ateratzekoa. Irati basoaren inguruan, Europako pagadirik zabalenean, egin ditugu gure eginahalak.

Ibilbidea Donibane Garazitik pare bat kilometrora hasi dugu, Zaro herrian. Bertako iturrian motordun lau gurpilak utzi eta bi gurpilak hartu ditugu, kateari olio pixka bat jarri ostean. Bertan, lau dorre zilindriko dituen Ohontze gaztelua ikus daiteke, kapritxo izanez gero.


Etxepareren herrixkati Ezterenzubiko mezetara

Eiheralarrerantz egin ditugu lehenbiziko pedal kolpeak, arnasestu handirik gabe. Garai batean Pirinioak zeharkatzen zituen Santiago bideko igaroleku zen. Bernart Etxepare erretore izandako herrixka gurutzatu eta gero, artaldearekin zihoan artzainak, jakitun, ibilbidearen xehetasunak eman dizkigu.

Ezterenzubira iritsi garenean, artean goiz, gogoratu gara orain bost urteko otsailaren 13 batean gertatuarekin: haizeak zabaldutako sutearen ondotik bost mendizale gazte bertan geratu ziren.

Jendea meza entzutera inguratzen ari da bertako elizara:

"Esterenzubi herria, ene sor-leku maitea! / Jainko Jauna, zuk, iguzu gure artean bakea. / Zuhurki bizi dadien beti Eskualdun jendea, / Eta begira fermuki betiko gure fedea" abestu edo pentsatuko dute, ziurrenik ere.

Ezterenzubi bere mendietan bertan sortzen den Errobi ibaiaren alde bietan dago banatuta, bai hirigunea eta baita inguruko mendietako baserriak ere. Herriko bestak irailaren bigarren igandean ospatzen ditu eta korpus egunean San Salvadorren erromeria ospatu ohi da.


%14ko maldetan gora

Iratirantz jarraitu dugu, malda gogorrak izango genituela bagenekien arren, lasai. D310 errepidea hartu dugu. La Niveren jaiotza utzi eta altuera hartzearekin batera, eskuinean, ikuspegi ezin hobea dugu. Auzo pare bat, zelaiak, bordak eta baserri ederrak bide-lagun, norbere erritmoan goaz. Iratiko etxoletara goaz, Okabe mendira bidean. Zazpi kilometrora maldak atseden hartu du, dirudienez, hartu beharreko altura hartu dugu. Ustez, aurrerantzean ez dugu igoera handiegirik ere izango. Baina jaitsiera batzuk tartekatu baditugu ere igotzen jarraituko dugu. Malda gogorrak dira, portzentaje handikoak, %14ra ere iristen direnak.


Okabe magaleko mairu-baratzea

Okabe inguruan aldatu dugu norabidez. Okabe mendiko magaletan Illarrita izeneko kromletxa dago kokatuta, gure historiaurreko garrantzitsu- enetakoa. Mairu-baratze hauen ondoren, Okabe tontorrean, basoaren ikuspegi ezin hobea izango dugu. Gure ibilbideak ez du ez bata eta ez bestea hartuko, hala ere, merezi du ikustea. Aldapa beherarekin batera etorri dira hotzak ere. Haize izugarri batek lagundu gaitu garaiera hauetan egindako kilometroetan.

Bidea lur-jauzi batek oztopatu badigu ere, txirrinduak bizkarrera bota eta erraz pasa ahal izan dugu traba. Autoz egiteko, ordea, konpondu artean ezinezkoa da.


Organbidexka, hegaztien behategi

Larraine eta Iratiko etxolen artean dago Organbidexka. 1.283 metroko lepo hau hegaztiak behatzeko Europako hiru leku nagusietako bat da. Hegaztien migrazio bidea da: harrapariak, zikoinak, usoak eta kurriloak ikusi daitezke, gehienbat. Uztailetik iraila erdialdera prismatikoen lepo bihurtu ohi da. Bada izen bera duen elkartea ere, gaua igarotzeko aterpetxea duena.


Oihana

Iratiko txaboletara jaitsi garenean, salda beroarekin berotu ditugu hezurrak. Irati ipuinetako oihana da. Europa mendebaldeko zuhaitz hostodunez osatutako baso handi eta zaharrenean gaude. Zuhaitz gehienak pagoak badira ere, pinuak, zumarrak eta izeiak ere aurki ditzakegu. Udazkenean kolorez lehertuko den hostoak badatoz. Pottokak ere berenaz bizi dira inguruotan oraindik, orein, orkatz eta basurdeekin batera. Artzaintza leku entzutetsua da Irati. 20.000 hektarea estaltzen ditu basoak. Iparraldeko zatiak 2.310 hektarea ditu horietatik, gainontzekoa Hegoaldeari dagokio.

Eski nordikoa egiteko aproposak dira paraje eder hauek. Sei pista daude zailtasun eta luzeraren arabera sailkatuak. Guztira 45 kilometro daude prestatuta.


Leizarraga agurtuta etxera

Oraindik beste hiru lau kilometroko igoera daukagu zain. Lepoaren izena Burdinkurutzeta ezaguna da. Behin hori eginda ez dugu indar askorik beharko hasierako tokira heltzeko. Bastida herritik aurrera goaz, bertan bizi izan zen denbora luzez Joanes Leizarraga elizgizon kalbinista, eta bertan hil zen 1601ean. 1567an testamentu berria euskaratzea agindu zitzaion.

Bazkazane eta Altzietatik barrena Zaro herrira iritsi gara.

Basajaun, basoen zaindari
Basajaun, basoetako energia misteriotsuaren pertsonifikazioa da. Naturaren arima, berpizten den bizitzaren sinboloa. Bere pausoen burrunba harrigarria da goizetako pagadi isiletan. Zuhaitzak erauzten dituen haizea omen da, enbor zaharren karraska.

Euskal Herriko basoetan bizi da, eta beraz, Iratiko basoetan ere bai. Neurrigabeko indarra du ezaugarri nagusietakoa. Behin artzain baten etxola paretik pasatzerakoan, esku bakarrarekin harritzar bat jaurtiki zuen pendizean behera, zazpi gizonezkok ere mugitu ezingo zuten harria. Basajaun zelaietatik pasatzen zen gauetan, ardiak ez omen ziren mugitu ere egiten eguzkia atera artean. Horrela, artzainak lasai hartuko zuen atseden, otsoen beldurrik gabe.

Behin, Nafarroa Beherean kontatzen denez, Basajaunen andreak elizari jauntxo batek oparitu zion urrezko zutargi bat eskatu omen zion. Basajaunek, esan eta egin, urrezko zutargia ostu zuen andrea gustura utziz. Artzain gazte bat, Basajaun ikusten zuen bakoitzean kasu egin eta berarekin hizketan geratzen omen zen. Noizbehinka, gainera, gazta bat oparitzen omen zion. Basajaunek opariak hartzeaz gain, bere konfiantza erakutsi eta artzainaren ardiekin jolasten omen zen. Beltzak gustatzen omen zitzaizkion. Horrela, artzainak ardi beltz bat ere opari eman zion. Basanderek atondu omen zuen hiruek jan zuten afaria goxoa, zutargiaren argitan. Horrenbesteko jan edanak Basajaun eta Basandere mantsotu arazi zituen. Artzain gazteak, orduan, zutargia hartu eta alde egiteko aprobetxatu omen zuen. Ez omen zuten denbora askorik egin hutsuneaz ohartu gabe. Korrika batean atera omen zen Basajaun gaztearen atzetik. Gazteak, ordea, oihu eta garrasika, elizako kanpaiak joaraztea lortu eta izutu omen zuen Basajaun indartsua.


ASTEKARIA
2005eko maiatzaren 22a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude