Net Hurbil: Gure etxea sutan, hau tankea, hau emakume bat hilda


2005eko maiatzaren 15ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Darfur-en Sudango gobernua "etnia garbiketa" eta gizadiaren kontrako krimenak ari da burutzen egunero. Munduko komunikabide handien eta agintari nagusien jakinaren gainean gertatzen ari da izugarrikeria hori, baina ez dirudi sarraskia baretuko duenik dagoenik.

Darfurretik Txadera ihesi egindakoen irudiak ikusi ditugu, beren kanpalekuetan, eta errefuxiatuen malurren berri eman zaigu. Baina Darfur bertako irudiak falta ditugu. Orain, kasik oharkabean, Human Rights Watch (HRW) erakunde amerikarrak bertara bidalitako bi begiraleren eskutik iritsi zaigu «esklusiba grafikoa».

Annie Sparrow eta Olivier Bercault medikuak bidali zituen HRWk Txad eta Sudan arteko mugan dauden errefuxiatu zelaietara, hango deserrian etxera noiz itzuliko zain daudenen egoera aztertzera. Balizko babesleku horien inguruan ere oraindik hilketa eta bortxaketak gertatzen ote direnez jakitera.

Informazio bila, hainbat herritar, irakasle eta zelaietako nagusirekin mintzatu dira. Olivier Bercaultek elkarrizketak egiten zituen bitartean, Anie Sparrow pediatrak haurrei esaten zien nahi zutena marrazteko. Eta hauek beren buruetatik uxatu ezin dituzten eszenak pintatu dituzte: "Janjaweed" milizien erasoak, Khartumgo gobernuaren hegazkinak bonbaka, tiroketak, herrixkak sutan, emakumeen harrapaketa, eta Txaderako ihesa.

Sparrow eta Bercaulten zenbait iritzi audioan daude eta garbi entzuten dira HRWren web gunean. Bercault honela mintzo da frantsesez: "Gurasoekin hizketan ginen bitartean, haurrei paperak eta kolorezko lapitzak banatzen genizkien. Haurrek marraztu dizkigute borrokak, suntsiketak, emakumeen bortxaketak... eszena krudelak. Irudi horiek asko hunkitu gintuzten. Irudiok egitea haurrentzako lasaigarria izan da, sendagai baten balioa dute; baina horretaz gain lekukotasun balioa ere handia dute. Khartumgo gobernua bere armadarekin eta Janjaweed milizien bidez egiten ari den krimenen irudiak ditugu lehenbiziko aldiz. Informazio iturri garrantzizkoa dira eta egunen batean auzitegian erabiltzeko moduko froga ere bai".

2003tik dago gerran Sudan mendebaldeko Darfur eskualdea. Hango gerrillari matxinoei babesa ematen dietelakoan, herritarrei erasotzen diete Khartumgo erregimeneko indarrek. Armadak batzuetan zuzenean hartzen du parte triskantzan eta beste askotan "begirale" itxurak egiten ditu; sarraski gehienak, herritarrak (emakume, haur eta zaharrak barne) akabatzea, herriei su ematea, eta beste lan zikinak, Janjaweed izeneko miliziek burutzen dituzte.

100.000 hildako bi urtetan

Janjaweed hauen irudi batzuk (ez gehiegi) ikusi ditugu, beren gameluen gainean herriei eta errefuxiatu zelaiei erasotzen. Birrintzen hasita, islamaren aldarria egiten duten miliziano horiek meskitak kiskali dituzte, apez musulmanak hil eta herritarren koranak erre. Darfurreko Fur, Masalit eta Zaghawa etnietako herritarrak ere musulmanak baitira, beren erasotzaileak bezala.

Nazio Batuen erakundearen kalkuluetan bi milioitik gora herritarrek egin dute ihes beren etxeetatik. Milioi erdi bat auzoko Txaden dago babestuta, munduko herrialderik txiroenetako batean. Etxera itzultzekotan, askok ez lukete ezer aurkituko: beren etxeak erre, aziendak akabatu eta tresna guztiak birrindu dizkiete. Baina osorik dauden herrixketara ere ez dira ausartzen itzultzera, berehala hilko dituzten beldurrez.

Bi urteotan gerrak 100.000 herritar baino gehiago hil du. Eta nazioarteko presioengatik Khartumgo gobernuak gauzak konpontzea agindu badu ere, sarraskiak bere horretan dirau. HRWko begirale hauek, hain zuzen, ez dira joan Darfurreko lekurik arriskutsuenetara, horretarako baimenik ez zuten eta. Sudan eta Txad arteko mugan diren kanpalekuak eta teorian bederen babestuta daudenak bisitatu dituzte, horiei ere Janjaweedek erasotzen dieten eta bertan hilketak eta bortxaketak gertatzen direnez jakiteko.

Orriotara ekarri ditugun irudiak kanpaleku horietako haurrek eginak dira. Marrazkietako batzuk, ikertzaileek jende helduarekin hitz egiten zuten bitartean haurrek eginak dira. Beste batzuk berriz haur eta gaztetxoek beren kasa egin dituzte eskolan dituzten kaiera edo liburuetan. Eta Sparrow eta Bercault medikuek ekarrita HRW erakundeak horietako batzuk eskegi ditu bere web gunean, lekukotasun zorrotzak direlako.

Abd al-Rahmnan da marrazkigileetako bat. 13 urte ditu eta HRWko begiraleak galdetu dio ea zer den bere irudietan ageri dena. "Ni artaldea zaintzen ari naiz gure wadi (oasi) inguruan. Janjaweedak datozela ikusi dut, azkar, zaldi eta gameluetan, Kalashnikovak daramatzatela, tiroka eta oihuka: 'Akabatu esklaboak, akabatu beltzak!'. Gizon asko eta animaliak hil dituzte. Jendea ikusi dut lurrean etzanda eta odoletan. Haurrei segika hasi dira. Gutako batzuk harrapatu dituzte, eta ez ditugu gehiago ikusi. Azienda guztiak ostu dizkigute: gameluak, txekorrak, ardiak eta ahuntzak. Gero aireplanoak etorri dira eta herria bonbakatu dute".

Leilak 9 urte ditu eta HRWko ikerlariak bere marrazkiaz galdetu dio. "Zer dago hemen?" "Gure etxola sutan dago bonba batek jota". "Eta hemen zer dago?" "Hau emakume bat da. Hilda dago". "Zergatik pintatu diozu burua gorriz?" "Aurpegian tiro eman diotelako". "Zer da auto hau? Eta berdez margotutako gizon hau?" "Ez da autoa, tankea da. Eta berdez jantzita dagoena soldadu bat da".

Ala-k 13 urte ditu; gerrillari matxinoen eta Janjaweeden borroken lekuko izan da. Bere margoan erakutsi du matxinoa estraina besoan zauritu dutela eta ondoren exekutatu egin dutela barrabiletan tiro eginez. Honen esanahia kanpalekuko irakasle Alik ulertarazi die ikerlariei: zauritzeaz gain zikiratu egiten dituzte horrela.

Salah-k 13 urte ditu. Hona zer margotu duen: "Sudango soldaduak, Janjaweedak, abioiak eta bonbak egin ditut. Janjaweedek neskak eta emakumeak harrapatzen zituzten. Emakumeak garrasika ari ziren. Haiek heldu eta bortxaz hartu zituzten. Politenak eraman egin zituzten... Neskatilak harrapatu zituzten, txikiak ere bai, 5, 7 eta 14 urtekoak. Batzuk agertu ziren lau edo bost orduren ondoren... Besteak ez ditugu berriro ikusi".

12 urte ditu Jamilek eta bere marrazkia kolore bakarreko irudi estilizatu batzuek osatzen dute. «Janjaweedak gamelu eta zaldietan azaldu ziren bat-batean. Gamelu batzuen gainean bi gainera. Fusilak zekartzaten. Hemen soldaduak fusilekin. Guri tiroka ari ziren». Marrazkietako batean, herritar batek, bera baino handiagoko irrati transmisore bat darama. «Laguntza behar dugu -dio- inork ez gaitu babesten».

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Eguneraketa berriak daude