Eibar: Sasi eta aldapa arteko loria

  • Erdal kutsuan bizitzea egotzi diote sarritan, itxura nahasia izatea ere bai. Baina Eibarko herriak hiri izena merezi du, jaiotzatik eman zaiolako, eta mendeen joanean, krisialdi guztien gainetik, Gipuzkoako industrian gailendu eta gainerako esparruetan aditu bihurtu delako. Kale kantoi eta etxe ilunen artean ez da lorerik jaio, baina bertakoek kalera ekarri dituzte Arrate eta ingurukoak.

2005eko maiatzaren 15ean
"Eibarko Hiria", hala esaten diote bertakoek. Hiri aurrerakoia da Gipuzkoako Deba Barrenean kokaturiko udal hau. Villanueva de San Andres izena eman zioten hasieran baina izendapenak ez zuen luze iraun. Legez 1346. urtean sortu zen Eibar. Ego errekaren ertzean, iparrean Arrate-Akondia-Urko mendiak eta hegoaldean Laupago-Galdaramiño-Ilordo muinoak zituela. Bost auzok osatzen dute: Otaola, Aginaga, Arrate, Mandiola eta Gorosta.


Eraikinen ederra, kaleen apaintzeko

Gerrateak ia erabat suntsitu zuen Bidebarrieta kalea 1920 inguruan baina Eibarren beste eraikuntza eder asko daude.

San Andres Parrokia »oraintsu monumentu izendatu dutena», Arrateko Amaren Basilika eta Azitaingo baseliza, esaterako.

Azitaingo baselizan bizarrik gabeko Jesusen irudia dago. Eibarkoa eta beste bi baino ez daude munduan.

Aldatze, Untzueta eta Isasi-Markeskua dorretxeak aski ezagunak dira artelan handien artean. Aldatze eta Untzueta eskola bihurtu dituzte, Markeskua, berriz, Udako Euskal Unibertsitatearen egoitza da.


Langileek eraldatutako hiria

Ego errekaren arroa estua eta maldatsua da. Orografiak eragin handia izan du herriaren sorreran, bilakabidean eta orobat, itxuran. Sorreran eta lehen mendeetan, Ego errekaren inguruan zeuden eliza eta kale nagusiak, baita ekonomiaren sustrai ziren ola eta errotak ere.

Ola horietan jaio zen armagintza, Eibar hiriaren ezaugarri. Jaio eta hazi. Elgoibar eta Soraluzen lehenengo, eskualde osoan gero. Eibarko armagintza ekonomiaren bultzatzaile izan da. XIX. mendetik aurrerakoak izan ditu urte aberatsenak. Eibartar asko jardun zen lan horretan. Horrek erakarrita, kanpotarren harreragune bihurtu zen Eibar eta ondorioz, ezinbestean izan da etxeak eta lantegiak nonahi eraiki beharra.

36ko Gerrako krisiaren ostean susperraldia izan zen arlo orotan. Bizikletak, autoentzako piezak, makinak eta josteko makinak landu zituzten batez ere Deba arroan. Ekonomiako aldaketa horrek eraginda, Eibarko udalak inoizko gizarte eta hirigintza aldaketa jasan zuen orduan. Etorritakoak zenbat, etxeak hainbat. Erreka inguruko lurren mugez haraindiko eremuak hartu zituen hiriak. Orduan sortu ziren Urki, Amaña eta Ipurua auzoak.


Armak eta josteko makinak

Deba arroan, armagintzaren eta burdinolen arteko lotura betidanik izan da sendoa. Armagintzaren bihotza osatzen dute Soraluze, Eibar, Elgoibar eta Ermuak. Soraluzen Erregearen Arma Fabrika ezarri zen.

Eibarko arma-ekoizpenaren lehen berri idatzia 1482koa da, Medina Sidonia dukeak aginduta bi lonbarda egin omen ziren orduan Eibarren. Hala ere, hirian armagintza lehenago jaio zela uste da.

XVII. mendean asko indartu zen industria-sektore hori, gerrek bultzatuta. 1735ean, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas-ek hartu zuen behar horren erantzukizuna. Geroago Compañía de Filipinasek hartu zuen armagintzaren ardura, baina ez zuen luze iraun. Azkenik, 1865. urtean, gremioak betiko galdu ziren eta armaginek men egin zioten kapitalismoari.

Teknika berriek armagintza eraldatu zuten eta tailerdunak, ugazabak ere lehiaren itzalean sortu ziren. Orbea Hermanos, Larrañaga, Anitua y Charola, Gárate y Anitua eta beste hainbat fabrika sortu zen Eibarren. Lehen Mundu Gerran (1914-1919) arma asko agindu zitzaizkion Eibarri baina gerra ostean krisi sakonak hartu zuen herria. Ameriketan arantzelak ezarri zizkieten kanpoko arma guztiei eta ez zegoen Estatu Batuetan armak saltzeko modurik. Horretara, teknologia moldatu eta bestelakoak fabrikatzen hasi ziren. Gárate, Anitua y Cía, Beistegui Hermanos eta Orbea Hermanos fabrikak bizikleta ekoizpenean sartu ziren, esaterako. Olave, Solozabal y Cía enpresan bulegoko altzarietan trebatu ziren. Guztien artean aipagarri izan da gerora Alfa, josteko makinen bidera lerratu baitzen. Eibar inguruko industria erabat aldatu zen eta 1950etik aurrera industria-ekoizpenak arlo asko hartu ditu, gaur arte.


Artegileak eta damaskinatugintza

Armagintzak eta suzko armen teknikak garatu ahala, armagintzan erabiltzen ziren arte aplikatuek ere indar handia hartu zuten. Horiek horrela, XIX. mendearen erdi aldera armak apaintzeko teknika sortu zen: damaskinatua.

Damaskinatuen edertasuna ikusita, teknika horretan espezializatutako industria sortu zen, eta damaskinatua ez armetan bakarrik, erloju, paparreko orratz, eskumuturreko eta era guztietako apaingarrietan ere erabiltzen hasi zen.

Marrazketa Akademian ikasleak ugaritu ziren eta horregatik 1895ean udalak neskentzako eskola sortzea erabaki zuen. Ordutik eutsi dio bere jardunari eskola honek eta egun pinturaren esparrua jorratzen du batez ere.


Berbakeraren ezaugarri eta egoera

Herriaren berezitasun izan da betidanik euskara. Erdal kutsuko hiri izatea leporatu izan zaio sarri askotan, baina joerak joera, eibartarrak beti eutsi dio bere berbakerari.

Eibarko euskararen inguruan hainbat lan eta liburu argitaratu izan dute Toribio Etxebarriak eta Juan San Martinek. Serafin Basauri eta Imanol Laspiur ere aritu dira gero, Nerea Areta eta Juanan Argoitia ere bai.

Mendebaldeko euskalkiaren Gipuzkoako azpieuskalkiko aldaera da eibartarrera.
1936ra arte herri osoa zen euskalduna ia, baina diktadurak gogor astindu zuen Deba ibaiaren ingurua eta etorkin oldea ere ez zen mesederako izan Eibarko hizkeran.

Nolanahi den, euskararen inguruko kultur mugimendu indartsua sortu zen 60ko hamarkadan Eibarko Klub Deportiboaren, Arrate Kultur Elkartearen eta Eibarko Ikastolaren inguruan eta egun ere hari horri tiraka ari da hiria.


Artea eta kirola

Artista ugari eman du Eibarko Hiriak. Placido Zuloaga, Ignacio Zuloaga, Jacinto Olabe, Lucas Alberdi, Carlos Elgezua. Fernando Beorlegi, Iñaki Larrañaga, Asier Laspiur, Baroja Collet, Jose Zugasti, Daniel Chopitea. Zerrenda amaigabea osa genezake Eibarko erroldari begira. Laster omenduko duten Juan San Martin euskaltzaina ere eibartarra da, euskararen inguruan nekatu gabe jardun duena.
Izan ere, kulturak indar handia du Eibarren. Horren adibide dira urtero otsail-martxo inguruan antolatzen diren antzerki jardunaldiak, nazio osoko hainbat taldek hartzen dute parte horietan. Portale Kultura Etxeko erakusketa aretoan ere eskaintza zabala izaten da beti, hala margolaritzan nola bestelako kultura jardueretan.

Dantzan esaterako, 1958an Juan San Martinek proposatuta, Eibarko Klub Deportiboan artearen eta kulturaren arloko batzordea sortu zen. Bertan dantza indartu zen Gregorio Santa Cruz dantza-maisua arduradun zela. Urte luzez taldeak euskal dantzetan lan handia egin du.

Kirolean ere, bigarren mailako futbol taldearen lanak ez du etenik eta horrez gain, txirrindularitza ere sustraiturik dago oso Eibarren, armagintzaren hasikinetatik bizikletak ekoiztera igaro baitzen Gipuzkoako udala. Eibarko Astelena pilotalekua ere euskal kirolaren topaleku nagusia izan da.


Etorkizunari begira

Zailtasun asko izan du Eibarrek betidanik, orografiaz landa, industria suspertu eta tailerrak kanpoko industriguneetara eramatea aldaketa handia izan zen-eta.

36ko Gerraren ostean erruz hazitako biztanleriak ere behera egin zuen. Baina horiek guztiak gaindituta, erronka berriei erantzun behar izan die Eibarrek. Industrian egin zituen lehen urratsak baina azken urteetan hirugarren sektorea ere landu nahi izan du Eibarrek. Horretara, Eibar Merkataritzagune Irekia elkartea osatu dute, bertako saltokiak suspertzeko asmoz.

Josteko makinaren bilakabidea
Josteko makinaren bilakabidea Alfa lantegiaren historiari estu loturik dago. Eta Alfa bera Eibarko historian mugarri izan da. 1920an sortu zen Alfa lantegia, greba luze baten ondoren, armagintza arloko langile espezialistek osaturiko Kooperatibaren altzoan. Sociedad Anónima Cooperativa de Producción de Armas de Fuego Alfa hartu zuen izena. Lehenengo tailerra Vista Alegre kalean ezarri zuten, Echeverria Hermanos ("Kirikixuanekua") tailerraren lekuan, eta hasierako ekoizpena 32 eta 38ko Smith Wesson-ak egitera mugatu zuten. Bost urteren buruan, ordea, armagintzaren joera berriek astinduta langintza aldatu eta josteko makinak egin eta saltzen hasi ziren Alfan. Toribio Etxebarria sozialista eibartarrak gidatu zuen aldaketa eta Benito Galarragarrek bilatu eta prestatu zituen josteko makinak egiteko koaderno teknikoak. Tailerra San Andres Pasealekuan zegoen orduan eta bost urteko lege-baimena lortu zuen josteko makinak egiteko. Espainian aitzindari izan zen Alfa, josteko makinen fabrikazioan. Gainera, lanpostu ugari sortu zuen Eibarren.
1936ko gerrak eragindako krisiari Banco San Sebastianen laguntzaz erantzun zion Alfak eta 1940an Sociedad Anónima Cooperativa Alfa zaharraren ondasunak Maquinas de Coser Alfa, S.A izena hartu zuen. Etengabe hazi zen ordutik eta eraikin berria, Fundizioa (Galdategia), 1953an inauguratu zuten. Mundu osoan, oihartzun handia izan du Alfak.


Azkenak
EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener

Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]


Eguneraketa berriak daude