Pello Ramirez: Entzun eta ikasi


2005eko maiatzaren 08an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Itzalean gelditu ohi da askotan estudioko musikaria. Zuzenean, berriz, arreta taldeko buruak, karteleko izenak, bereganatzen du ia beti. Isilean baina agerian egiten du bere lana musikari laguntzaileak. Kantariaren abestiak apaindu eta jantzi egiten ditu berak. Urteetan jorratu du esparru hori Pello Ramirez soinujole eta biolontxelo joleak. Eta gustura egin ere. Bestalde, bere sormen gaitasuna ez da konponketetara mugatzen. Horren erakusgarri da martxoan argitaratu zuen lehen bakarlana: Haize oihalak.

Joan zen urteko abuztuan Elkar estudioan grabatu zuen musikari gipuzkoarrak hamalau kantaz osatutako diskoa. Eta bertan hiru instrumentu dira protagonistak: akordeoia, txeloa eta pianoa. Ordiziarrak hobekien ezagutzen dituen instrumentuak hain zuzen ere. Pello Ramirez akordeoiaz eta biolontxeloaz arduratu da. Eta hiru kantatan pianoa jo badu ere, batez ere, Juantxo Zeberio izan da teklak jotzeaz arduratu dena. Luis Alberto Aranburuk Udazkeneko oihala kantan kolaboratu du pianoa jotzen. Haize oihalak lanarekin hiru instrumentuok oreka ederra sortzen dutela konturatu da Pello Ramirez. Eta soka gehiago sartu eta konponketa gehiago egitera tentatua sentitu bada ere, disko honen esentzia txeloaren, akordeoiaren eta pianoaren uztartzean datzala frogatu du.

Haize oihalak

Duela zortzi bat urte hasi zen ordiziarra diskoan bildutako kantak eta beste hainbat konposatzen. "Zergatik ez lehenago? Ez dakit behar besteko heldutasuna nuen. Egia esan, biolontxeloarekin duela hogei urte hasi nintzen eta orain erosoago sentitzen naiz instrumentu horrekin", azaldu du Ramirezek. Ordiziarraren ustez, sortu dituen doinuek irudiarekin zerikusi handia dute. Eta sortzen diren melodiek airean marrazkiak, ehundurak eta oihalak sortzen dituzte. Horra hor diskoari izena ematen dion ideia nagusia.

Filmetako soinu banda bat entzuten ari garen sentsazioa ere ez zaio arrotza egin musikari gipuzkoarrari. Izan ere, jende askok komentatu baitio kantak entzutean irudiak eta paisaiak datozkiola gogora. "Irudiak proiektatu eta musika jartzeko froga ere egin dugu, eta egia esan ongi uztartzen dira", onartu du Ramirezek. Horrela, beste ate bat zabalik ikusten du eta zine munduan murgiltzeko parada bideragarria izan daitekeela deritzo.

Inprobisazioan oinarritu du Ramirezek lehen bakarlan hau. Izan ere, diskoko hainbat kanta ia estreinakoz jo bezala utzi baititu: "Kanta askotan moldaketa bat egiten hasi naizenean abestiak esentzia galtzen zuela konturatu naiz. Horrexegatik, hainbat kantatan oso aldaketa gutxi egin ditut grabatzerako orduan". Gainera, konposatzerakoan lortutako egoera animikoa diskoan islatzea uste baino zailagoa izan da: "Inprobisazioak idatzi eta gero, diskoan era berean interpretatzen saiatu naiz, baina ez da erraza kantaren izaera errepikatzea. Notak berdinak ziren, batzuetan ez zuten ezertarako balio, ordea. Eta sentimendua adierazterakoan xehetasun horiek funtsezkoak dira".

Izenburuak eta adierak

Kanta bati izenburua jartzea hain zaila izango zenik ez zuen pentsatzen Pello Ramirezek. Eta lan horrek zenbait buruhauste ekarri dizkiola esan digu. Diskoan, adibidez, seme-alaba eta ilobei eskainitako hiru kanta entzun ditzakegu: Sahatsaren loa, Gartxot eta Xuban. Hiru otso maldan gora amets batean inspiraturiko izenburua da: "Amets hark hunkitu egin ninduen. Eta nahiz eta gero musika horretan oinarrituta ez sortu, badira irudi harekin lotura izan dezaketen xehetasunak, pizzicatoak, adibidez". Diskoan kantu gregorianoei ere keinu egiten zaie, Tximeletaren hegaldia izeneko kantan, hain zuzen. Hildakoen kantua izeneko kantu gregorianoa oso erabilia izan da beti musika klasikoan. Ramirezek tximeletaren hegaldi labur eta bereziarekin lotzen du sortutako doinua. Ordiziarraren ustez, Gudu zelaia da irudiarekin harreman gehien duen kanta. "Erdi Aroko gudu zelai bat, hilotzez beterik, eta hegazti bat gainetik. Heriotza", azaldu digu soinujole eta cellistak. Ortzimuga da diskoari amaiera ematen dion abestia, horixe da ordiziarrarentzat agur esateko modua.

Zuzenekoa prestatzen

Jadanik diskoa kalean dagoela, Pello Ramirez zuzenekoa prestatzen hasia da. Hasiera batean, hiru instrumentuz, biolontxeloaz, pianoaz eta akordeoiaz osatutako emanaldia aurkezteko asmoa bazuen ere, momentuz ez du beste instrumentu batzuk sartzeko aukera baztertu. Zuzenean musika eta irudia uztartzea ere erakargarria iruditzen zaion arren, oraingoz musikaren esparruan baino ez da zentratuko Ramirez emanaldietarako. Ziurrenik udazkenerako taula gainean ikusteko aukera izango dugu.

Eskarmentu handikoa
Bederatzi urterekin hartu zuen lehen aldiz instrumentu bat eskuetan. Akordeoia edo eskusoinua aukeratu zuen orduan. Haatik, ez da bere ibilbidean landu duen instrumentu bakarra. Gaur egun, eskusoinuan eta txeloan lizentziatua da eta pianoa ere jotzen du. Lehenengo urteetan eskusoinuko txapelketetan oso murgildua egon zen. Hala ere, soinuarekin bakarrik konformatu ez, eta bere kasa pianoa ikasten hasi zen hamabi urte zituela. Garai hartan instrumentu hark notekin jolastuz inprobisazioaren munduan barneratzeko parada eskaini zion. Hemeretzi urterekin, eskusoinuak lan munduan aukera gehiegi eskaintzen ez ziola ikustean, txeloa ikasteari ekin zion: "Kontzertistaren bidetik jotzeko prestatzen ari nintzen, baina mundu horretan jai zegoela konturatu nintzen. Sokekin beti izan dut nolabaiteko lilura. Eta, beraz, biolontxeloa ikastea erabaki nuen", diosku Ramirezek. Lehenengo urteak gogorrak egin zitzaizkion ordiziarrari. Izan ere, arkudun sokazko instrumentuei soinua ateratzea ez da batere erraza. Eskusoinuarekin maila altua zuen eta txeloarekin hutsetik hastea erronka garrantzitsua zen: "Instrumentu gogorra da eta urte batzuk behar dira ongi afinatu eta soinua behar bezala ateratzeko. Musika klasikoa ikasten duen ororen helburua orkestra batean jotzea izan ohi da eta horixe zen Ramirezen hasierako jomuga. Bestalde, eta Euskadiko Orkestrarekin aritu bada ere, azkenean ez du bere burua mundu horretan ikusi. Poli-instrumentista izaerak, biolontxeloa, soinua eta pianoa jotzeak, estudioetako eta emanaldietarako ateak zabaldu dizkio. Horren testigu dira Euskal Herriko kantari andanarekin grabatutako diskoak. Besteak beste, ondokoekin aritu da: Benito Lertxundi, Anari, Mikel Urdagarin, Niko Etxart, Ruper Ordorika, Pier Paul Berzaiz, Olatz Zugasti, Xabier Lete, Karlos Gimenez... Ikus-entzunezko lanetan ere hartu du parte eta gaur egun Iñaki Salvadorrekin batera, Tanttakaren Ezezaguna ibilbide honetan antzezlanean dihardu zuzeneko musikari gisa.


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


2025-06-19 | Sustatu
AA batek zenbat eta gehiago “arrazoitu”, orduan eta okerrago

Applen lan egiten duen ikertzaile talde batek adimen artifizialaren (AA) esparrurako egindako ikerketa baten emaitza argitaratu dute. Izenburu esanguratsua du: The Illusion of Thinking. Euskaraz, bere izenburu luzean, honela: Pentsatzearen ilusioa: arrazoitzeko ereduen... [+]


Eguneraketa berriak daude