Osasuna: Alkohola tabakoa bezain kaltegarria omen da


2005eko maiatzaren 08an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Hori dio behintzat The Lancet medikuntza aldizkariko britainiar ospetsuak otsaileko ale batean, bai alkoholak eta baita tabakoak ere heriotza eta gaixotasun-kopuru bertsuak eragiten baitituzte. Nazioarteko ikertzaileek mugatu dutenez, mundu osoko gaitzen %4 alkoholak eragiten omen ditu, eta tabakoak hamarren batean besterik ez du gainditzen zifra hori (%4,1 alegia).

Zehazkiago esateko, zientzialariek 60 gaitz baino gehiago identifikatu dituzte eta horien garapenean alkoholak funtsezko zeregina duela frogatu dute. Gaitz horien artean daude ahoko, gibeleko eta bularreko minbiziak, garuneko odoljarioak, bihotzekoak eta zirrosiak. Alkohola hor dago, zoritxarrez, errepideko istripu askotan, eta baita erorketa, itotzeak eragindako heriotza eta homizidioetan ere »bortxa edo indarrarekin zerikusia duten heriotzen %26 alkohol-kontsumoarekin zuzenean lotzen dituzte ikertzaileek». Konklusio horietara iritsi dira hainbat unibertsitatetan aldi berean egindako nazioarteko ikerketan parte hartu duten adituak.

Horregatik, Suediako Stockholm-eko unibertsitatean irakasle den Robin Room doktoreak kritika gogorrak bota zizkien gobernuei, ez dituztelako kontuan hartzen alkoholaren efektu potentzialak tabernak irekitzeko orduak ezartzeko unean, edota produktu horri jartzen zaizkion zergak erabakitzeko tenorean.

Ikertzailearen kritikarik latzenak Britainia Handiko gobernuaren kontrakoak izan ziren, herrialde horietako agintariak bertako pub eta tabernak eguneko 24 orduetan irekitzeko baimena eztabaidatzen ari omen baitira, eta "industriaren interesak, hezkuntza eta osasun-sentsibilizazio kanpainen gainetik nagusitzea" deitoratu zuen.

Hala ere, ikerketa horretan ez da dena kritika negatiboa. Beste muturreraino etorriz ia, neurriz edateak, eta batez ere graduazio ez oso altuko edariak (ardoa, esaterako) onurak ekartzen omen ditu gantz edo koipeetan, eta arazo kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitu egiten omen du.

Baina neurriz edatea esan dut, irakurle maitea, neurriz edatea.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude