Dumping soziala eta transgenikoak


2005eko maiatzaren 08an
Maiatzaren 29an, Europako Konstituzioaren gaineko erreferenduma dago Frantziako Estatuan. Ipar Euskal Herriko hiritarrek ere bertan parte-hartzeko deialdia jaso dute. Baldin eta Hegoaldeak proiektua gaitzesteko arrazoi ugari izan bazuen, abstentzioa zeharo deigarria izateaz gain, Iparraldeak oraindik zergati gehiago dauzka zentzu bereko arbuioa azaltzeko. Azken asteotan, Europako Batzordeak (EuBa) hartutako erabaki batzuek berriz ere islatzen dute zein diren batzordearen baitan nagusitutako interesak: lobby eta multinazionalenak, hau da, "neoliberalismo" gisa ezkutatutako kapitalismo gordin eta gogorra defendatzen dutenenak. Bi erabaki: Bolkestein arteztaraua eta produktu transgenikoak.

Bolkestein arteztarauari esker, Europako Batasunaren esparru barruan kokatutako edozein zerbitzu kontratatu ahal izango da. Zerbitzuen liberalizaziorako araudian jasotakoari jarraiki, jatorrizko herrialdearen legedia aplikatuko zaio zerbitzuari. Esaterako, Euskal Herritik poloniar enpresa baten zerbitzua kontratatuz gero, Poloniako legeak lan eta gizarte arloan xedatutakoa ordaindu eta bete beharko da. Horren ondorioz, dumping soziala sortzen da lan eta gizarte hartu-emanetan eta langileek ahalegin handiz lortutako ongizate egoera suntsitzeko saiakera abian jartzen da. Aldiz, Europako Konstituzioaren erreferenduma egiteke dagoenez hainbat estatutan »frantziarrean, besteak beste», EuBak araudia atzeratzea erabaki du. Adierazpenen arabera, aipatutako dumping soziala ekiditeko araudia moldatu beharra dago eta horrek geroratu omen du bere aplikazioa. Bestalde, Bruselan 75.000 manifestarik arautegia bertan behera uzteko eskatu zuten, baina Batzordeak horren aurkako erabakia hartu du, erreferenduma egin eta gero proiektua berrabiarazteko asmoz. Langileen eta gizartearen aurkako arteztarau hori kontinente osoko gizarte-mugimendu eta sindikatuen gaitzespen sendoarekin baino ezin geldi liteke. Lortuko al da? Ez da erraza izango, EuBan kapitalismo gordin eta gogorra defenditzen dutenak oso indartsuak baitira.

EuBak genetikoki eraldatutako organismoen komertzializazioa baimentzen jarraituko du nekazaritzarako elikagaien enpresa, kontsumitzaileak eta estatu-kide gehienek GEO edo transgenikoen aurkako jarrera azalduagatik. Nolako demokrazia izan daiteke "gehiengo kualifikatuen" araberako erabakiak hartzen dituen EuBaren baitan? Zein dira erabaki horien interes ezkutuak? Argi dago erabakiok Bruselako elite zehatz batek hartzen dituela, kontuan izan gabe kontsumitzaileen eta nekazaritza-ustiapen txiki eta ertainen interesak. Ekonomia zapaltzailea dela eta, bioteknologiaren sektorea mendean duten nazioarteko enpresa boteretsuen klub txikiaren presioei laguntzea lehentasun bihurtu da EuBan. Klub-kideei ez zaie ardura transgenikoen inguruan sortutako zalantza-sorta. Izan ere, iritzi publikoa ez ezik, zientzia-komunitatea ere zeharo kezkatuta dago. EuBaren erabaki honen berri emandako sasoi berean, zientzia-txosten britainiar batek transgenikoen erabilerak fauna eta flora basatientzako ondorio kaltegarriak dituela argitzen zuen. Europako lobby-ek, ordea, negozioak egiteko baino ez dute erabiltzen zientzia, multinazionalen negoziorako besterik ez.

Birmoldaketa eta ustelkeria sindikala. Ezkerraldeko Babcock -lehen BW- enpresan izandako ustelkeria kasu batzuek zerikusi zuzena dute CCOO, UGT eta ELAko sindikalista eta zuzendaritzako kide batzuekin, horien artean EAJko kargu publikoren bat edo beste. Kalte-ordainsari gisa beste edozein aurre-jubilatuk baino 14.000-17.000 euro gehiago jaso dituzte urteko. Kasu hori, berriz, azken hogei urte luzeetan bizi den ustelkeriaren icebergaren punta baino ez da. Era berean, birmoldatutako beste hainbat enpresa publikotan »siderurgia, ontziolak, talde-ondasunak, eta abar» gertatutako aldaketaren adierazlea da. Onuradunak, enpresa-batzordeko kide batzuez gain, sindikatuetako ordezkariak izan dira, baita UGTko idazkari nagusiren bat ere, sindikatuetako langile gisa zegokien ordainsaria jasotzen egon baitira BWko soldata hartzeari utzi gabe. Langileen babesa eta aldarrikapen nortasuna ezaugarri nagusi izan beharko lituzkeen sindikalismoak bere jatorria ahaztu du kapitalaren eta unean uneko Gobernuen "koltxoia" izateko, birmoldaketa-politikak errazago ezar ditzaten.

Birmoldaketa sektoreetako lanpostuak defenditzeko langileak kalera irtenarazten zituzten sindikalista batzuek ongi baino hobeto zekiten euren burua suntsituko zutela. Beharrezkoa zen "teatro" hura, Gobernuarekin adostutako antzerkia: indar-neurrien itxurak egitea gerora ondorengo birmoldaketak irentsarazteko, pribilegiozko aurre-erretiro eta ordainsariak lortuz gainontzeko enpresa pribatuen aldean. Horietako batzuek ordainsari hobeak jaso zituzten kontrapartida gisa, baita lanpostuak ere talde bakoitzeko enpresa batzuetan. Ondoen ordainduta sindikalista, birmoldaketen "negoziatzaile" handiena izaki, Corcuera euskal sindikatu burua izan zen dudarik gabe; gerora, beste pribilegio askoren artean, PSOEko Barne ministro izendatuko zuten. Ordainsari ederra egindako zerbitzuagatik: BW eta Aceriales, Euskalduna, La Naval, BLG eta antzeko beste enpresa publiko batzuen desegite progresiboa erraztea. Enpresa publikoak izanik, ezinbestekoa litzateke ikerketa batzorde bat eratzea.


ASTEKARIA
2005eko maiatzaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


Eguneraketa berriak daude