Bero beroan


2005eko maiatzaren 08an

Baikortasuna eta zuhurtzia

Haika-Segi auzia epaiaren zain da jadanik eta 28 lagunetatik bi besterik ez dira espetxean, beste auzi bat medio. Ezker abertzaleko gazteek jasan dutena, etorkizunean aurreikusten diren beste epaiketa erraldoiekiko laborategi froga gisa hartu da alde guztietan. Epaitu asko kaleratu dira epaiketan zehar eta epaiketa epaiari begira geratzen zen egunean bertan 12 lagun kaleratu izanak, epaiari baikortasunez heltzeko moduko datua da. Justizia eta esperientzian oinarrituta, logikoena absoluzioa balitz ere, Estatu logikan zaila da absoluzioa ateratzea. Ez da lekuz kanpo pentsatzea jadanik espetxean izan direnak izango dituztela zigor handienak eta betetako kartzelaldiarekin libre ateratzea; espetxean gutxien egin dutenei, aldiz, zigor ahulagoa eror dakieke. Hurrengo txanda Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kideena izango da seguruenik, auzi honetako kideek datorren udazkenaren hasieran beteko baitute lau urte espetxean. Zeresanik ez, datozen hilabeteetako gertakizun politikoek ere izango dute eraginik epaiketa hauen guztien garapenean.


Iran eta suntsipen handiko armen azterketak

Irak okupatzeko aitzakia izan zen suntsipen handiko armak zituela. CIAk dio orain lehendik bagenekiena, ez duela halako armarik. Orain, aldiz, Iranen txanda da, eta lehen kontua suntsipen handiko armak izan ditzakeela barreiatzea da. Iranek bonba atomikoa izateko garapen nuklearra oso aurreratua duela saldu nahi izan dio Israelek George Bushi eta froga gisa satelite argazkiak erakutsi dizkio. Condozela Rice AEBetako Estatu idazkariaren ustez, argazki horiek ez dute halakorik frogatzen eta 2010era arte Iranek bonba atomikorik ez duela izango uste du. Susmoak izan arren, ez dakigu zehazki zer den egia eta zer ez, dakiguna da gero eta gehiago hitz egiten dela Iranen suntsipen armei buruz. Eta doinu hori ezaguna zaigu.


Ilegalizazioaren soka

EHAK eta Batasunaren arteko ustezko harremanei buruzko datu itogina eskaintzen ari dira segurtasun indarrak. Dagoeneko, hala ere, EHAK-ko bederatzi hautatuek ia segurtatua dute parlamentario akta jasoko dutela. Ilegalizazioaren gaia, beraz, aurreko legealdian bezala, proiektatua dago jada Legebiltzarrean. PSOEk EHAK-k hauteskundeetan parte hartzea ahalbideratu zuen eta orain ere ilegalizazio kontuak bere erritmo eta nahietara egokituko ditu. Negoziazio tresna bat gehiago bilakatu du Batasunaren legalizazioa; kontua da, eta batez ere ezker abertzaleari begira, ea PSOEren jarrera eta itxura agerpen berrien bukaera ilegalizazioa bera gainditzean bakarrik dagoen ala gehiagora ere irekita dagoen.


Katalanak eta dirua: negoziazioaren ordua

Ospea behintzat badute: katalanak oso serio hartzen dituzte diru kontuak eta onak dira berau maneiatzen. Kataluniako Estatutuaren zirriborroa bere gune beroenera iritsi da eta El Paisek argitaratu du hirukoak zer eskatzen duen: funtsean, zerga bilketa osoa Kataluniatik bideratzea, erdia Madrilgo Gobernuaren esku uztea, eta urtetan Madrilera desorekatutako diruen kopuru bat Kataluniaratzeko akordio bat finkatzea. Filtratu den moduan filtratuta, bistan da ez dela hori izango Madrilek onartutako ez eredua ez kopurua, baina negoziazioa irekita dago jada eta Madrili ere ez zaio samurra izango langa izugarri jaistea. PSOEren barne kohesiorako froga ere izango da. Bitxia, halaber, CiUren jarrera: 20 urtetik gora Gobernuan egon ondoren, orain motza geratu zaio hirukoak aurkeztutako eredua. Bere agintaldian, orain aurkeztutakoaren erdia «sortuko lukeen desegonkortasunagatik» baztertzekoa litzateke seguruenik. Oposizioaren mirariak.


Hizkuntz eredu sistemaren eraginkortasuna zalantzan

D ereduko 16 urteko ikasleen %68 baino ez da euskaraz ondo moldatzen, B ereduan %33 eta A ereduan inor ez. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 16 urteko 1.191 ikasleri, lehen aldiz, egin die azterketa Europako hizkuntza azterketak erreferentzia hartuta. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 61 ikastetxetan egin dituzte. Proba ingelesezko First Certificate azterketaren mailakoa da. Hezkuntza sailburu Anjeles Iztuetak adierazi du «badagoela zer hobetu hizkuntza politikan». Hainbat sindikatuk, eskola erakundek eta zenbait elkartek agerikoa zen hizkuntz ereduen politikaren porrota azaleratu besterik ez dela egin esan dute.


Euskal Filologia titulazioa ken dezakete

Europako Batasunak egokitzapenak eskatzen ditu eta hala egiteko Espainiako Hezkuntza Ministerioak duen proposamen bat horixe da, Euskal Filologia titulazio moduan desagerraraztea. Unibertsitate sistema bateratzeko Europako Batasunak estatuei eskatu die titulazio mapa 2010. erako prestatzeko. Espainiako Hezkuntza Ministerioko Gizarte Zientzien Azpibatzordeak titulazio banaketa hau proposatu du: Espainiako Hizkuntza eta bere Literatura, Filologia Klasikoa (Latina eta Greziera), Ekialdeko Hizkuntzak eta Kulturak eta Europako Hizkuntza eta Literatura Modernoak. Azkenekoan sartuko lirateke Euskal Filologia, Kataluniakoa eta Galiziakoa. Maiatzaren 11n Espainiako unibertsitateetako errektoreek proposamena aztertuko dute. Dena den, azken hitza Hezkuntza Ministerioak dauka.


Ponentziaren porrotaren ondorena

Fruiturik eman ez duen Nafarroako hizkuntza politikari buruzko ponentziak ez du lasai utzi hainbat alderdi. PSNk ponentzia berpiztea nahi du, eta IU/EBk eta EAk ere mozioak aurkeztuko dituzte Parlamentuan. EAk ponentzian zeuden bi proposamen berreskuratu ditu eta horiek aurkeztuko ditu Parlamentuan. Lehenengo mozioaren arabera, Iruñerriko Noain eta Elortzibar, zona ez euskaldunean daudenak, zona mistoan sartzea eskatuko du eta legegintzaldia amaitu baino lehen zona ez euskalduna zona misto bihurtzea. Bigarren mozioaren bidez, zona mistoko errotulazioa elebitan jartzea eskatuko dute. Batasunak adierazi duenez, mozio horiek partzialak dira, ez dutelako sakoneko arazoa konpontzen.


Koska Irratia eta Gure Irratia diru-laguntza eske

Uribe Kostan (Bizkaia) emititzen duen Koska Irrati libreak Baietz 600 lortu! kanpaina jarri du abian. Koskakideei hilean euro bat emateko eskatuko die proiektua suspertu aldera. Lapurdiko Gure Irratiak berriz, egoitza Uztaritzen du orain eta aldaketa honen gastuei aurre egiteko laguntza eskaera zabala egin du; Lapurdiko alkateei, kontseilari orokorrei, lurralde kontseilariei eta Eusko Jaurlaritzari.


ASTEKARIA
2005eko maiatzaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


Eguneraketa berriak daude