Egun dugun bizimodua ezinezkoa litzateke errepide, autopista, kai, aireportu, garraio, energi sorgailu eta abar luze bat gabe.
Lanera azkar ailegatu behar dugu, neguan etxea bero-bero mantendu behar dugu eta posible dugu horien kostua gure patrikatik pagatzea. Bestalde, ibaiak garbiak nahi ditugu, ingurugiroaren zainketaren kontzientzia gero eta geureganatuagoa dugu eta birziklapena ere gero eta etxe gehiagotan egiten dugun zerbait da.
Beraz, badakigu natura ustiatu eta aldatu behar dugula gure ongizatea hobetu ahal izateko, baina bestalde natura zaindu eta hobetu nahi dugu gure bizimodua hobetzeko. Ustiatu/zaindu binomioa nola eraman aurrera, bata bestearen aurka jarri gabe, da dugun gakoetako bat.
Azpiegitura honi bai, ez, bai baina, ez baina, berdin zait... iritziak iritzi, batzuk planteatu bezala egiten dira, besteak aldaketak eginez burutzen dira eta badaude egiten ez direnak ere. Interes ugari azaltzen dira azpiegituren atzean: pribatuak, lurrak espropiatu behar badira; politikoak, hau egiten baduzu beste hura emango dizut; ekonomikoak, azpiegitura honek zeharkako lan ugari sortuko du, kolektiboak, kutsadura sortuko da lurrazpiko uretan, eta abar. Gainera, gobernuen inbertsio nagusiak, bai Euskal Herrian, bai Frantzian, bai Espainian, baita Europan ere, azpiegitura erraldoietara zuzentzen dira eta hortik kanpo geratzen den lurraldeak inbertsoreen interesa gal dezake.
Egoera honen aurrean politikarien eginkizunetako bat bada bere lurraldea inbertsio-bideetan kokatzea, baina baita bere lurraldearen nortasuna zaintzea eta garatzea ere. Inbertsioak ziurtatzea eta nortasuna zaintzea, arestian aipatu dugun ustiatu/zaindu binomioaren antzera planteatzen zaigu askotan eta horrela planteatutako gaiek eztabaidara baino liskarretara bultzatzen gaituzte.
Nola bada, inbertsioak izan, natura zaindu eta ongizatea handitu?
Gizakumeak gara eta era guztietako izaerako pertsonak gaudenez ia ezinezkoa izango da ezertan erabateko adostasuna lortzea. Hala ere, nire ustez badaude kontuan har daitezkeen jarraibide batzuk eta horiek azaltzen saiatuko naiz.
Lehenik, gai-planteatzaileak erantzun gisa bai/ez bakarrik onartzen duten gaiak saihestu eta egon daitezkeen gai zabalagoekin eztabaida hasi behar du. Adibidez, errauskailuaren gaia bai/ez horietakoa izan daiteke, baina "zer egin hondakinekin" gaiak oso eztabaida interesgarri bezain aberatsetara eraman gaitzake. Eta ondorio gisa, agian errauskailuren bat egitea adostuko da...
Bigarrenik eta kontuan hartuz desberdintasun handiak daudela geure artean, eztabaiden emaitzetan hobe da ahalik eta pertsona gehien konforme samar jartzea, ilusio handiak eta desilusio handiak sortzea baino. Beraz, "hau ez da nik nahi dudana, baina onargarria izan daiteke" gisako jarrera hobea da "honek erabat betetzen ditu nire asmo eta gogoak" baino.
Azkenik, metodologia dago. Eztabaidak eboluzionatu egin behar du beti eta hori lortzeko funtzionamendu-metodoa adostu behar da.
Azpiegitura erraldoien gaietan askotan erabiltzen den argudioa zientziarena izaten da eta ez dugu ahaztu behar zientzia ere interesen arabera erabili ohi dela, zientzia ez baita zehatza, hipotesi eta ingurune-baldintzek gertaera bat amaiera oso desberdinetara eraman baitezakete.
Azpiegituren itzalek guztioi, gutxi edo gehiago, eragiten digute eta hartutako erabakiek etorkizuna baldintzatuko dute. Erabakiak ahalik eta gehienen artean hartuz, ondorioen erantzukizuna ez da pertsonena izango gizartearena baizik, baina erabakiak goitik behera hartzen badira erantzukizuna pertsona horiena izango da eta gizarteak hori eskatzeko eskubide osoa izango du.