Argitalpenak


2005eko maiatzaren 08an

Don Kijote Mantxako
Miguel de Cervantes
Erein
205 orrialde
12 euro


Cervantesen Kijote euskara batuan

Miguel de Cervantes Saavedrak sortutako eleberri ospetsuaren laugarren mendeurrena dela-eta plazaratu du Euskalerriko Adikideen Elkarteak Patxi Ezkiagak paratutako Don Kijote Mantxako antologia, bere garaian Pedro Maria Berrondok euskaratutako bertsioa abiapuntu harturik. Izan ere, Pedro Maria Berrondo oiartzuarra dugu gaur arte Cervantesen Don Quijote de la Mancha oso-osorik euskarara itzuli duen bakarra. Bi zatitan argitaratu zuen, 1976an eta 1985ean, Zarauzko Itxaropena argitaletxean. Edizio haiek aspaldi agortu ziren, ordea, eta gainera gipuzkeraz zeuden, Patxi Ezkiagak liburu honetarako hautatu dituen pasarteak ez bezala, testua euskara batura moldatzea izan baita, bereziki, azken honen lana.

Errenazimentua Europan
Ignacio Cendoya Echaniz
Udako Euskal Unibertsitatea
266 orrialde
17 euro

Errenazimentuaren nondik norakoak, gailurra eta krisia

Udako Euskal Unibertsitateak plazaratu duen Ignacio Cendoya Echanizen Errenazimentua Europan lana, gai honi buruz euskaraz argitaratu den lehendabiziko eskuliburua da. XV. mendean Italian eta batez ere Herbeeretan sortu zen artearen eta artistaren kontzeptu morderno honek denboran zehar izan zituen aldaketak eta XVI. mendean Europako beste herrialdeetara nola zabaldu zen azaltzen ditu egileak bertan. Errenazimentuaren lehen urratsak, bere gailurra eta krisia aztertzen ditu, arkitektoek, eskultoreek eta pintoreek Quatrocentton, Cinquecenton eta geroztikako urteetan Italian, Herbeeretan, Frantzian, Alemanian, Ingalaterran eta Portugalen izandako bilakaera, hala nola bestelako arteak izan zutena ere

Lapurren burua
Cornelia Funke
Elkar
400 orrialde 20,30 euro

Gazteentzako abentura nobela

Cornelia Funke idazle alemaniarrak irakurle gazteei begira sortu zuen Lapurren burua izenburuko abentura eta misterio nobela Pello Zabaletak euskaratua izan da. Pasarte garratz, hunkigarri eta irrigarriak dituen kontakizun honen protagonista nagusiak hamabi eta bost urte dituzten bi anai dira. Gurasoak istripuan galdu ondoren, Hamburgotik Veneziara ihes egin behar izan zuten, biak banandu nahi zituen izeba gaiztoarengandik ihesi, hain zuzen ere. Behin bere amak hainbeste maite zuen Italiako hiri eder horretan, baina, ahal zuten moduan bizirauten saiatu behar izan zuten. Etxetik kanpo bizi zen neska-mutil talde bat ezagutu zuten arte. Eta adiskide berriak lapurreta zutenez bizi bide, besteenaren jabe egiten ahalegindu ziren anai alemaniarrak ere.

Euskal bidaiarien memoria, esplorazioa eta abentura
Angel Martinez Salazar
Elea
203 orrialde
16 euro


Euskal gizonen bidaiak gogoan

Angel Martinez Salazarren lan honen helburu nagusia gorabehera zirraragarriak bizi edo bidaia interesgarriak egin dituzten euskal gizonen presentzia gogoratzea izan da. Izan ere arrantzale, marinel iaio, abenturazale, itsaslapur, soldadu, funtzionari, geografo, biologo... makina bat gizon euskaldun ibili zaigu munduan barrena. Adibidez, espedizio haluzinatu eta tragikoa izan zuten Pedro Urtsua eta Lope de Agirre; edo kanibalen esku hila gertatu zen Cipriano Baratze, Orinokorako espedizioan parte hartu zuen Jose Iturriaga, Kalifornian merkatari izandako Jose Antonio Agirre, Eritrea eta Etiopian zehar ibilitako Abbadiatarrak, Adolfo Mentaberri diplomatikoa, Txinan eta Mongolian naturalista lanean jardun zuen Armand Davis...

Ostiela
Batzuen artean
Paperzaleak Kultur Elkartea
46 orrialde
3 euro

Ostiela aldizkariaren azkeneko zenbakia

Ostiela aldizkariaren udaberriko alean azaltzen diren gaien artean, honokoak daude: Markos komandanteorde zapatistak moralaren erabilerari buruz dizkionak, Mariano Ferrer irrati esatari ohiak duela hiru urte egin zituen adierazpenak, aurre egin behar izan diegun hauteskundeei begira aldizkarikoek egin duten ekarpentxoa, zein da gure bizitza sexualaren gidoigilea galderari erantzunez hurrenez hurren plazaratzen dituzten lanak »Juan de Teresaren Pederastiari buruz zerbait, Fernando Anbustegiren Hitzak soberan daude eta Durex-en komikia», eta orain arte sekula argitaratu ez zen gutuna, duela 14 urte euskal hedabide batean argitara zedin euskal herritar bati Caracasen eman ziotena.

Letra biziak
Karlos Santisteban
Ibaizabal
96 or. / 8,15 euro


Letra zopa magikoaren hobenak jaso zituen neskatoa

Zortzi urtetik aurrerakoei zuzendutako Karlos Santistebanen Letra biziak kontakizunean, letraz egindako zopa erruz gustatzen zitzaion neskatoari gertatutako ezuste politak azaltzen dira. Zopa jaterakoan, letrekin izenak osatzeko ohitura hartu zuen neskato horrek. Eta hara nondik halako batean bere platereko letrak ea zer nahi zuen galdezka hasi zitzaizkion. Kasualitatea ote zen? Badaezbada, koilara platerean sartu eta saldari eragin zion txikiak. Berehalakoan, ordea, letrak galdera berdina egin zioten.

Salgai. Euskal kontsumo gizartea aztertzen
Patxi Juaristi
Alberdania
182 or./ 12,90 euro


Hego Euskal herritarren kontsumo ohiturak

Alberdania argitaletxeak Zerberri bilduman kaleratu duen Patxi Juaristiren Salgai. Euskal kontsumo gizartea aztertzen lanean, kontsumoaren alorrean Euskal Herrian XX mendean zehar eta geroztik eman diren aldaketen berri eskaintzen zaigu, aldaketa horiek etorkizunari begira norantz eraman gaitzaketen ohartasunez begiratuz. Azterketa egiteko garaian, bere aitite Bonifaziok eta amama Isabelek zeukaten dendaren deskripziotik abiatzen da EHUko irakaslea, denda haren inguruan zeuden giza harremanetan arreta berezia jarriz, gaur egun merkatuan bizi dugun egoerara iritsi arte. Euskal Herria kontsumoaren ikuspuntutik nola aldatzen ari den azaldu nahi zuen, eta oraingo martxan jarraituz gero orokorrean zein izan daitekeen gure gizartearen etorkizuna. Kontsumoan egin dugun aldaketak arazo ugari sortu baitizkigu: munduaren eta baita euskal gizartearen Mcdonalizazioa, elikagaien inguruko iruzurrak, kontsumo gizarte honetan sortu diren bulimia eta anorexia bezalako gaixotasun berriak.... Eta horrez gain, larunbat osoa merkatalgune handi batean sartuta pasatzea, gure kaleak hutsik izatea...


ASTEKARIA
2005eko maiatzaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-29 | ARGIA
Aldatu Gidoia-k euskara ez zokoratzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari maiatzaren 18ko protestan

Maiatzaren 18an, Gasteizen, egingo da mobilizazioa Aldatu gidoia euskararen alde lelopean. Kanpainan parte hartzen ari diren eragileek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote euskararen aldeko politikak ezartzeko ikus-entzunezkoetan, eta EITBn beharrezko baliabideak jar ditzala... [+]


Pedro Sánchezek karguan jarraituko du

"Joko garbia" eskatu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta "hausnartzeko" deia egin: "Munduari erakutsiko diogu nola defendatzen den demokrazia". Ulertzera eman du "indartsuago" itzuliko dela.


2024-04-29 | Sustatu
Makusi jaio da, EITBren haur eta gaztetxoentzako plataforma

Donostiako Kursaal aretoan egindako ekitaldi batean aurkeztu du EITBk ostiralean Makusi, haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma. Makusi.eus webgunean ikusgai dago jada, eta app ere ere eskuragarri dago. Doako haurrentzako euskarazko lehen plataforma... [+]


Hezkuntza komunitateak protestara deitu du Palestinako haur eta nerabeen alde

Gasteizko dozena bat ikastetxe eta institutuk pasa den astean egin zuten publiko komunikatua, eta astelehen honetan Bilboko beste hogei eskola batu zaizkie, publiko zein Ikastola. ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ere tartean daude. Sinadura bilketa abiatu dute.


Eguneraketa berriak daude