Euskararen oasia Iparraldean


2005eko maiatzaren 01an
Lapurdiko uharka, Senperen -Uztaritzeko kantonamenduan-, aisialdirako gune aproposa da. Bertan egiten da urtero, 1984. urteaz geroztik, ikastolen eta euskararen aldeko Herri Urrats festa. Urte horretan hain zuzen ere, Hegoaldeko ikastolek antolatzen zituzten festen ereduari jarraika, Seaskako guraso batzuek Iparraldean antzeko ekimen bat abiatzea erabaki zuten. Helburua zen Seaskaren diru beharrei erantzutea, gero eta handiagoak zirelako, batez ere bigarren mailaren ondotik. Hasieratik gaur arte, ikaragarri garatu da Iparraldeko ikastolen egoera. 1969an ikastola bat eta 8 ikasle zeuden Iparraldean, urteek aurrera egin ahala baina, egoerak hobera egin du, eta aurten, 24 ikastola eta 2.129 ikasle dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. 2 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteak hezten dituzte.

Seaska, proiektu ondua

Seaskak, Iparraldeko ikastolen federazioak, irakaskuntza laiko adar bat abiatu zuen orain 30 urte. Hezkuntza Nazionalarekin 1982an izenpetu zuen lehen hitzarmena eta 1994an estatuarekin elkarte-kontratu bat egin zuen. Estatuarekin sinaturiko hitzarmen hark hainbat berrikuntza ekarri zuen eskolara. Batetik, hezkuntza zentroak aitorpen ofiziala jaso zuen eta hari horretatik, estatuaren antolamenduaren araberako funtzionamendua finkatu zen Seaskan. Estatuak hartu zuen irakasleak ordaintzeko ardura eta hezitzaileak hautatzeko irakasleek hainbat azterketa pasatu behar izan zuten. Ikasleentzat ere izan zen berrikuntzarik, izan ere, hitzarmena egin aurretik, ikasleek hautagai libre moduan aurkeztu behar zutenez, batxilergoa amaitzean eskolan urteetan landutako gaien azterketa egin behar izaten zuten agiriak ofizial egiteko. Hitzarmenak zentroa ofizial egin zuen eta azterketa horiek guztiak atzean geratu ziren. Horrezaz gain, hainbat hezkuntza-programa ezarri zen, ordutegiak eta bestelakoak ere bai. Geroztik, Seaskako ikastolek Azterketa Akademikoaren ikuskaritzapean funtzionatzen dute, alegia, estatuaren hezkuntza-sistemaren arabera.

Euskara, Seaskaren espiritua

Frantzian euskara ez da ofiziala baina Seaskan D ereduaren, Murgiltze sistemaren, aldeko apustu sendoa egin dute. Ikastolako eta ikastolaren inguruko jardueretan euskaraz bizitzea da murgiltze sistemaren ezaugarri nagusia. Seaskako zentroetan euskara batua irakasten da baina horrez gain, eskola bakoitzak tokiko euskalkia eta hizkera lantzen ditu. Euskal eskola publikoa egitea dute helburu nagusi baina egungo sistema publikoak hainbat gabezia ditu Seaskakoen iritziz eta diru pribatuak finantzaturiko zentroa da. Hala ere, oztopo guztien gainetik, gogoak indar handia du Iparraldean eta ohiko hezkuntza programa eskaintzeaz gain, integrazioari ere garrantzia handia ematen diote Seaskan. Hari horretatik, ahalmen urriko ikasleak hezten dituzte. Mixel Etxeberrik berak esan digunez, Frantziako Estatuan bereiz tratatzen dituzte ezinduak, aparteko eskola eta zentroetan. Seaskan, ordea, bestelako bidea hasi dute. Ezintasun fisiko eta psikikoak dituzten pertsonak gainerakoekin harremanetan, testuinguru eta gizarte egoera normaletan hezten saiatzen dira. Laguntza berezia ematen diete, ikasketa ordu gehiago, laguntzaile bereziak, eta abar. Baina baldintza eta egoera normalak eraiki nahi dituzte ahalmen urrikoei garatzen laguntzeko.

Mixel Etxeberri (Herri Urratseko antolatzailea eta Seaskako lehendakariordea): "Beharbada gure lana ez da asko baloratzen edo ikusten"
Zertan dira euskara eta euskalduntze prozesua Iparraldean?
Iparraldean D eredua ez dago legeztatuta. Hari horretatik, Seaskan euskara egoera onean bada ere, ez da antzekorik gertatzen Iparraldean. Hizkuntza ez da legala, eta beraz, D eredua ere ez. Seaskan haurrek D ereduan ikasten dute, baina batxilergora iristen direlarik, frantsesez pasatu behar dute azterketa. Iparraldean euskara ez da ofiziala, eta horrek zail egiten ditu euskalduntzea eta euskal giroa.

Seaska zentro pribatua da, baina administrazio erakundeek inolako laguntza edo babesik ematen al dio?
Seaskak kontratu bat du sinaturik, kontzertatua, eta horri esker irakasleak Frantziako estatuak ordaintzen ditu. Baina zailtasunak ditugu behar ditugun postuak lortzeko. Urtero eskas ditugu irakaskuntza orduak, batez ere bigarren mailan. Urteroko borroka da hori. Seaska ikastola pribatua da legez, baina ez espirituz. Seaska federatua da Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioan. EAEko Partaideko eskolekin ere pedagogian eta bestelakoetan, hainbat proiektu bideratzen dugu baina Estatutu juridikoak ez du baimentzen elkarrekin eskola bera izatea, bakoitza bere estatuko irakaskuntza sisteman dago sartua. Orduan, Iparraldeko ikastolak Frantziako estatuaren estatutu hezkuntza legepean daude.

Orain arte nolako laguntzak jaso dituzue Hegoaldetik?
Laguntzak lortu ditugu, baina laguntza horiek ez dira erabiltzen hemen Frantziako Estatuaren konpetentzietan. Esan nahi baita, ezin dela erabili irakasleei ordaintzeko eta horrelako gauzetarako. Azpiegiturentzat baditugu diru-laguntzak eta horri esker bi ikastola eraiki genituen, Hazparnekoa eta Garazikoa. Eta orain, laguntza horiei esker sarea sendotzen jarraitzen dugu.

Euskara nola bizi da kalean eta eskolan?
Euskara bultzatzeko Hegoaldean bezalatsu hainbat ekitaldi eta kanpainatan hartzen dugu parte, Bai Euskarari, Euskaraz Bizi eta bestelakoetan. Baina euskararen egoera ez da ona hemen. Nola izango da ona? Ikastola ez da publikoa eta euskararen erabilera kalean ez dago babestua. Euskararen egoera ezin da ona izan, baina okerragoa izan da. B eredua sortu da, esaterako. Badakigu eredu horrek ez duela euskalduntzen baina familiako transmisioa badelarik, euskara nolabait atxikitzea baimentzen du. Hala ere, haur txikien gurasoei egindako inkestetan ikusi genuen, ehuneko kopuru handi batek, %60k, euskararen kezka zutela, eta nahi zutela euren haurrek euskara ikastea.

Beraz, euskara gazteen artean bultzatzeko gogoa eta interesa bada kalean...

Euskara bultzatu eta indartzeko gogoa, nahia, badira, baina oraindik ez du merezi duen laguntzarik, ez da ahalbidetzen behar den heinean. Ikastolak azpiegitura eta gainerakoetan ez gara lagunduak. Gainera, legeak ez du baimentzen diru publikoa ematea gauza pribatuentzat, eskola pribatuentzat, estatutu pribatua dutenentzat. Guk zerbitzu publiko bat eman arren gure estatutu juridikoa pribatua da, horretan da gakoa. Kontua baina besterik da, izan ere, gu pribatuak gara bestela ezingo genukeelako aurrera egin, ez dugulako beste biderik, alegia. Proposatu zigutelarik integrazio publiko bat, ezin izan genuen onartu. Euskara ofiziala ez izateagatik ez zuten D eredua onartu nahi eta orduan, eskaintza hura tranpa zela deliberatu genuen.

Zein da aurtengo Herri Urrats jaiaren asmo nagusia?
Dema edo desafio handia dugu orain, bi kolegio baititugu sortzeko. Bat kostaldekoa, Ziburun, eta bestea barnealdean, Garazi inguruan, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleak biltzeko. Bi proiektu horiek erraldoiak dira guretzat eta Herri Urrats 20 urtean engaiatuko dugu horretarako. Hau da, datozen 20 urteetan Herri Urrats jaian bildutako dirua proiektu horretara bideratuko dugu.

Nolako deia egin nahi diezue aurten Senperera biltzen direnei?
Denen beharra dugula esan nahi dugu. Nafarroa Oinezen gertaturikoaren ondotik, han erantzun ikaragarria izan da, baina jendeak jakin dezala, ez bagaituzte anitz entzuten ere, guk behar handiak ditugula. Gu hemen, Iparraldean, sufritzen ari gara. Bakarrak gara D ereduan lan egiten, bakarrak gara berreuskalduntzeko lanetan irakaskuntzan eta orduan ez da beharbada asko baloratzen edo ikusten gure lana eta ez da beti neurtzen nolako beharretan gauden. Noski guk mezu baikorrak bidaltzen ditugu, ikusiz urtero haur kopuruak eta gazte eta ikasle kopuruak gora egiten duela. Hari horretatik, kopuruak ez dira biderkatzen baina bai erregularki handitzen. Nolanahi ere, sufritzen dugu, zailtasunak ditugu eta orduan jendea animatu behar dugu. Gainera, jakinik hori dela euskararen festa nagusia Iparralde osoan, denen beharra dugu. Animatzeko eskatu nahi diet beraz euskaldunei, autobusak antolatu eta gu bisitatzeko, ondo pasatzeko Herri Urrats egunean, euskararen eta ikastolen egunean.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude