Andoain: Atxulondoko errekan burdinola bila

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Gure helbururako Adunako plaza abiagune egokia izan arren, Andoaingo kaleetatik abiatu gara Belkoainen atzealdean galdurik dauden Atxulondoko hondakinen bila (50 m). Txistokiko pasealekutik aurrera izen bereko zubitik zeharkatu dugu Oria ibaia, jarraian N-1 errepide azpitik igaro eta Bazkardo baserria igarota ezkerrera jotzeko. Hormigoizko bidean gora ezkerrean utzi dugu Sorabilla auzoa eta bertara daraman bidea. San Migel eta Goiko Etxeberri baserrietara iritsi baino metro batzuk lehenago, berriz, ezkerrera abiatzen den lasterbidetik jo dugu, pinudi eta zelai bana igarota, atzera hormigoizko bidera itzultzeko. Ezkerrera karobia dagoela dio zutoin adierazleak. Metro batzuk aurrerago, hormigoizko bidean gora bihurgunean topatutako zutoinak, Belkoainera igotzeko ezkerrera agindu digu eta hala egin guk, Erramueta baserrira lehenik eta Garateraino igotzen den hormigoizko bidea utziz.


Mareako lepotik Belkoainera

Pista maldatsuan gora Elordi izeneko parajera heldu gara, hartxintxarrezko pista zabalagoarekin bat egiteko (265 m). Bertatik gora, eskuinera joz, igoera samurrean eta ibilbide laburretako arrastoak bidelagun, Mareako lepora heldu gara (405 m). Bidegurutze honetan bost bide elkartzen direnez, zutoin adierazleek azaltzen dute bakoitzetik nora goazen. Atxulondora joateko aurrez aurre dugunetik jo beharra badugu ere, hau da, Ernio edo Zarate bezala adierazita dagoenetik, gu eskuinekotik gora abiatu gara, Belkoaineko tontorrera azkarrago igotzearren.

Bizkarrean gora berehala heldu gara tontorreko gurutze erraldoiaren albora (484 m). Hori bai, azken malda gogorxeagoa gainditu behar izan dugu. Bai gurutzea, ikurrina eta guzti, bai buzoia bertan egon arren, gandorra jarraituz ekialderago dago Belkoaineko gunerik garaiena (489 m), eta han paratuta dago hain zuzen erpin geodesikoa. Alabaina, zuhaiztia dela eta ikuspegia lehenengoan baino murritzagoa da. Izan ere, Oria ibaiaren erdi arroa, hau da, Buruntzatik Loatzo eta Uzturrerainokoa, primeran ikus daiteke talaia honetatik.


Zizurkilgo lurretan

Mareako lepora itzulita, hasieran mendebaldera abiatzen den bidetik jo dugu, iparraldera biratu eta Mareakogaina edo Txingorrigain (426 m) bezala ezagutzen den muinotik igaro eta malda beherari ekiteko. Pista batekin egin dugu topo eta berau jarraituz, Arizkurutzeta eta Zaratera daraman zidorra ezkerrean utzi, Gelitako gaina (397 m) gainditu eta malda beherari ekin ondoren Itzumitz baserri aurrera jaitsi gara (300 m). Zizurkilgo lurretan gaude, eta hala daude beherago dagoen Sarobetxueta baserriaren aurriak eta Atxulondoko burdinola ere. Bere garaian hustutako baserria da Itzumitz, egun eroria. Azken urteetan kaleko jendeak erosi eta kontu eginda mantentzen da, nahiz eta bertan bizi ez. Ataka parea gainditu behar izan dugu baserri aurrera iritsi ahal izateko eta beste bat eraikuntza berriaren eskuinetik beherantz abiatzen den bidetik jarraitzeko.


Atxulondo

Sagarrondoz betetako zelaietatik pinudira igaro gara eta pistan behera segi. Bihurgune zenbait eman eta ezkerrerako joera hartu duenean, eskuinerantz abiatzen den bide estuagotik jo dugu, beti ere beherantz. Ezkerreko bidetik joz gero, aurri dagoen Sarobetxueta baserrira eta ondoko kare-labera ere helduko ginateke. Gure bidean bada, ataka parera iritsi, pinuditik irten eta Abalozko sakaneko ikuspegi ederrak ikusi ahal izan ditugu. Ezkerrean, sakonean, Asta erreka dugula, bide zaharraren trazak dituenetik behera Atxulondoko hondakinekin egin dugu topo, nahiz eta hondakinak azken unera arte ikusi ez, landaretza joriko inguruan, ezkutaturik, inguru hezearekin bat eginik baitaude (160 metro).

Olagizonen etxea zena topatu dugu lehenik eta atzealdean, metro batzuk harantzago 18x12 metroko oinarria duen burdinola. Ingurua tentuz aztertu ondoren, Asta nahiz Atxulondo erreketan zeuden presa eta zenbait ubideren aztarnak antzeman ahal izan ditugu. Bi errekek bat egin ondorengo Abaloz errekan behera jarraitzen ere ahalegindu gara, baina gune batetik aurrera igaro ezina da bidea. Errekan behera Lasarteko Mitxelin lantegiak duen presa eta ur hartzera irits gaitezke eta aurrera jarraituz gero, N-1 errepide eta Oria ibaira, Abalozko zentral elektrikoaren parera.


Tarzanduta Garate baserrira

Argazki eta datu nahikoa jaso ondoren, zoko umel honetatik goranzko bidea hartu dugu. Etorritako bide beretik igo beharrean, ordea, ahal moduan, errekak gaurkoan ur emari handia duenez botak erantzi eta hanka hutsik, Atxulondo erreka gurutzatu eta Garate baserrira bidean abiatu gara. Ezkerrera doan pista zahar eta gutxi erabiliari kasu egin gabe, une batez arrasto hori batzuk jarraitu ditugu eta hauek, Itzumitz baserrian amaitzeko, berriro erreka gurutzatzera doazenean, goranzko bidea hartu eta pistaraino igo gara, zatarra eta putzuz betea. Garate baserri dotore berrituan amaitu dugu (350 m).


Telegrafo dorrea

Pagarte baserrira doan hormigoizko bidera irtenda, Andoainera jaisteari ekin diogu. Baina jaitsi aurretik Erdoizta baserrirako bidetik Telegrafoko gainera hurbildu gara, bertan aurkitzen den telegrafo aparatuarentzako dorrea zena bisitatu eta ikuspegi ederreko gaina ezagutu asmoz.


Itzulera

Andoainera jaisteko Erdoizta baserrira itzuli gara lehenik. Bertatik, horizontalean jarraitu dugu gertuko zelai batera irteteko. Handik behera bide zahar batekin egin dugu topo eta hark, erreka zoko bat gurutzatu ostean, lepo batera igo gaitu. Borda jatetxea zenaren gainetik, Andoaindik gora datorren bidearekin batu gaitu. Arrasto eta zenbait geziz adierazia dago, lekuz kanpo dagoen mendiko txalet zeharo itsusi baten parean. Bidean behera laster iritsi gara hasierako urratsak eman ditugun Bazkardo baserri aurrera eta Andoaingo kaleetara.

Atxulondo, 20 olagizoneko burdinola
Atxulondoko burdinola, burdin minerala urtu eta lantzeko ola edo lantokia, Abalozko sakanaren goi partean kokatuta zegoen, Asta eta Atxulondoko errekek bat egiten zuten gunean. Gipuzkoan sortu zen lehenengotako industria izateaz gain, burdinola honen garrantzia handia izan zen, "Real Ferreria" deitua izan baitzen eta garai oparoenean 25 bat olagizonek egin omen baitzuten bertan lan.

XV. mendea zen Gaztelako Enrique erregeak Zizurkilgo lurretan lehen burdinola eraikitzeko agindua eman zuenean. Dakigunez burdinolaren eskubideak bere lagun Garcia de Arevalo jaunari eman zizkion. Gerora, 1497ko dokumentu batean ageri denez, Juan de Abendaño deituriko batek hartu zituen burdinola honen eta inguruko beste batenaren eskubideak. 1573an Zizurkilgo alkateak Martin Perez de Luzuriagari eman zion Atxulondo errekan ubide eta presa berri bat eraikitzeko ardura. Ez dago idatzizko erreferentzia gehiagorik 1735. urtera arte, zenbait lan egiten da orduan antepara edo botana deitutako zatian Francisco de Izagirre jaunaren ardurapean. 1756an Zizurkilgo herriak errentan emango dio burdinola Gabriel de Ameztoiri, zeinak 1758an Zizurkilgo herria auzitan jarriko duen, presa egoera txarrean baitzegoen eta ur asko galtzen omen zuelako. Orduan agindu zuten zulatua zegoen presa berreraikitzea eta oinarrietaraino desegin eta karez estalitako horma berregitea.

1625ean Lope de Isastik jasotzen duenez, garai hartan Gipuzkoan gutxi gora behera 80 ziren burdinola nagusiak eta 38 txikiak, urteko 120.000 kintaleko produkzioarekin. Juan Garmendia Larrañagak De etnografía Vasca liburuan dioenez, 1752an 73 ziren Gipuzkoan zeuden burdinolak. Bi Zizurkilen zeuden eta hauetako bat Atxulondo dugu. Honela agertzen da agirian: "Zizurquil: Ay una llamada Asulondo labra seincientos quintales, su ferrón Agustin de Goicoechea".

Burdinola hauen ondoren etorriko zen industria txikiagoa, errementeriak, burdinazko tresnak landuko zituztenak: laborantzarako tresnak, laiak, puntak, ferrak, eta abar. XIX. mendean industria garapena medio, Bilboko Boluetan Euskal Herriko lehen labe garaia eraiki zenean, burdinolaren akabera iritsi zen.


Azkenak
2025-09-04 | ARGIA
Hizkuntza politika “ausart eta berrituaz” eztabaidatuko dute TMeLaborategiaren udako eskoletan

Irailaren 9an eta 12an egingo dituzte udako eskolak. Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintzaren Laborategiak hizlari potenteak gonbidatu ditu, besteak beste, Iñaki Iurrebaso, Olatz Altuna, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel, Josu Aztiria, Iñigo Urrutia eta Miren Zabaleta... [+]


Barkoxeko pastoralaz

Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.


Elizondoko Benito Menni egoitzako langileek 60 greba egun bete dituzte

Greban dira Benito Menni egoitzako langileak joan den abuztuaren 25etik, irailaren 8ra bitarte. Hermanas Hospitalarias enpresak agindutako kaleratzeen eta unitate itxieren aitzinean, Nafarroako Gobernuak ez duela arduratsuki jokatzen ari salatu dute.


2025-09-04 | El Salto
Genoako portuko zamaketariek Israelerako bidalketak blokeatuko dituzte, sionistek elkartasun ontzidiari eraso eginez gero

2010ean "Mavi Marmara" itsasontzia abiatu zenetik, Palestinarekiko elkartasun itsas operaziorik handiena osatzen du Global Sumud Flotillak. Israelgo Gobernuak terroristatzat jo ditu nazioarteko ekintzaileak.


Espainiako Vueltako Bilboko etapa geldiarazi dute Israelen aurkako protestek, eta ez dira helmugara iritsi

Bilboko erdigunean amaitu behar zuen txirrindularitza etapak, baina Deustun sartzear zirela antolakuntzak erabaki hori hartu du, helmuga ingurua manifestariz beteta zegoelako. Aurretik ere igaro dira helmuga puntu horretatik, eta istiluak izan dira. Ertzaintzak gutxienez hiru... [+]


Jerusalemgo tranbiaren proiektuaz “gogoeta etikoa" eskatu dio CAFi Pradales lehendakariak

Kontratua segi ala eten, enpresaren erabakia "errespetatuko" lukeela argi utzi nahi izan du Imanol Pradales lehendakariak, Euskadi Irratiari egindako elkarrizketan. Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza.


Analisia |Txiki eta Otaegi, fusilamenduaren 50. urteurrena
2025: Egiaren Ministerioa

Valle de Odietako makroetxaldearen epaiketa
Digestato kutsadura handia izan zen, eta isurketa, antza, Valle de Odietak eragin zuen

Astearte honetan egin da Valle de Odietako makroetxaldearen aurkako epaiketa Iruñeko Justizia Jauregian. Epaileak ebatzi behar du ea 2021ean haien lur sailetan egindako isuri baten ondorioz, lur eremu horiek larri kutsatu zituzten ala ez, eta nork eragin zuen. Aditu... [+]


2025-09-03 | ARGIA
Baionako Atalante zinema-ohia jarduera politiko eta kulturalerako okupatu du Kontseilu Sozialistak

Baionako Herriko Etxearen jabetzapean, eraikinak bost urte daramatza hutsik, eta espazio hori hartu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, “elkartzeko, kolektiboki pentsatzeko eta borrokak antolatzeko”.


Euskalduntze prozesu osoa doakoa izateko pausoak eskatu ditu AEK-k

Aurtengo ikasturtean A2 mailara arteko ikastaroetako dirua itzuliko dute EAEn, baita C1ekoak 16-18 urteko ikasleei ere. Nafarroan A1 mailan matrikularen prezioa itzuliko diete.


2025-09-03 | ARGIA
Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen aurkako protestek Vueltaren Nafarroako etapa hartu dute

“Israelgo Estatuaren enbaxadore” gisa datozen txirrindulariei parte hartzen uzteagatik, zale ugarik protesta egin du Vueltaren aurka, hamargarren etapan. Irunberrin, errepidea mozten saiatu diren herritarrak baztertu eta bi pertsona identifikatu ditu Poliziak.


Venezuelak gezurtatu egin du AEBek ontzi baten aurka egindako erasoa

Trumpek asteartean baieztatu du Venezuelako ontzi bati eraso egin eta bertan zeuden 11 lagunak hil dituela. Hildakoak Tren de Aragua "talde terroristako" kideak zirela eta droga trafikoan ari zirela adierazi du Donald Trumpek. Venezuelak dio bideoa Adimen Artifizialez... [+]


Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua:
“Jaurlaritzarena zehaztasunik eta daturik gabeko txosten politikoa da”

Pentsioak osatzeko 145.000 sinadura bildu dituen herri ekinaldi legegilea eztabaidatzeari ezezkoa eman ondoren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua oso gogor agertu da Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin eta "bi aldiz engainatuta" sentitu direla azaldu du. EH Bilduk eta... [+]


Eguneraketa berriak daude