Jose Luis Etxeberria "Xapre": «Zenbat urte dauzkagun ez genuke jakin behar»

  • Xapreren ezpainetan.

2005eko apirilaren 24an

Nondik gatoz eta nora goaz?
Ni behintzat etxetik etorri naiz eta etxera noa. Horixe bakarrik dakit seguru.

Baina zein ametsetatik dator Xapre?
Bizitza niri beti ahal den onena gustatu izan zait. Eta behin, Zizurkilen, Tapia eta Landakanda ikusi nituen trikiti eta pandero jotzen. Landakanda txapelarekin zegoen, eta niri iruditzen zitzaidan zaharra zela. Baina bere egoerak txunditu ninduen: «horrek gure aitaren edadea edukiko dik, eta hemen zebilek neska gazteekin parrandan. Hauxe ofizio polita niretzako!».

Amak ordea eskolan saiatu behar zenuela esaten zizun. Zenbat ikasi zenuen eskolan?
Ermitan jaunartzea egin eta gero hasi nintzen eskolan, nahiko berandu, erdaraz batere ez nekiela. Baina eskolarako gogo gutxi nuen, oso gutxi. Gurea beste zerbait zen, errekara joan, pilotan jolastu... Akordatzen naiz bai, amak bultzatzen gintuela ikas genezan eta ikas genezan. Urte batean hasi ginen, partikularra hartu, liburuak erosi, baina uuu... laster utzi nituen. Niretzat orduko ametsa eskolatik ateratzea zen. Gainera gaztetan aditu nuen, «zoriontsu bizitzeko ignorantzia behar da». Eta horrek argitu zizkidan ideiak: «Bueno, ezjakina izateko asko estudiatu beharrik ez zegok, ezta?».

Oraingo gazteek zuek gaztetan baino gehiago al dakite?
Segun zer mailatan. Lagunarteak, herriko bizitzak, uste dut asko erakusten duela, eta hori eskolan ez da ikasten. Oraingo gazteek arlo guztietaz jakin behar dute eta jakintsu gehiago dago, baina guk hogeita bi urterako sei zazpi urte generamazkien lanean, herriko bizimodua egiten, eta orain edade horretan oraindik estudiatzen ari dira. Bestalde, gaurko gazteak denak euren artean ibiltzen dira, eta zaharragoekin ibiltzea, lanean edo kalean, asko ikasteko ibilera da, gazteak zaharragoengandik ikasten du, eta zaharrek gazteagoengandik ere bai. Hori oso karrera polita da.

Adinen arteko inkomunikazio hori nola konpon liteke?
Niretzat, orain, obligazio bezala jarri behar litzateke, hogeita hiru urtetik hamarrera bitartekoak, astean egun batean, ostatuan edo elkartean, herrian afaltzea. Hartara, ehun gazte baldin badaude herrian, egunero hogeik afalduko lukete herrian, eta horrek herriari balorea emango lioke. Euren artean ere jendea ezagutu, zaharragoekin harremanak sortu... Hala sortzen da herri giroa.

Gazterik hasi zinen zu lanean. Lana osasuna dela esaten dute batzuk.
Ez dakit ba, osasunik ez daukatenei ere lana kentzen diete. Nik ere, behin, Marino Lejarretaren etxean afari bat eduki, eta Txomin Perurenarekin silla saltoan ari nintzela, hanka bihurritu nuen. Joan nintzen hurrengo egunean Beteluko petrikiloarenera, hartu zuen hanka, eta esan zidan: «Eta, lan asuntoa zer?» «Bueno, ez daukagu asko egiten dugun famarik...». «Orduan, sendatuko da!» hark. Nik uste alferrentzat medikurik onena hura zela, beti geldi egoteko agintzen zuen eta. Beraz lana ez da osasuna izango.

Egunean hamaika ordu lanean pasatzen dituztenak nola bizi dira?
Lotuta. Nik lanari aurkitzen diodan alde txarra hori da, bizitza lotu egiten duela, bizitzen ez duela uzten. Niretzat lana polita da, lana egin beharra dago, baina bizitzen uzten duen neurrian. Orain tristeena da gazteak lanean hasi orduko erretiratzeko desiratzen daudela, zahartzea nahi dute, eta hori tristea da. Izan ere hamaika ordu egiten baldin badituzu ez daukazu disfrutatzeko denborarik, eta desiratzen zaude astea bukatzeko. Baina astea pasatzen da, segituan dator bestea, hura ere pasatzen da, eta esaten duzu: «Ea, baina nik bizimodu honetan zer?». Segituan bukaera ailegatzea nahi izatea bezala da.

Eta lanik egin gabe bizi daiteke?
Ni soinu jotzen hasi nintzenean askok esaten zidaten: «Afaria zeukaagu, bazkaria zeukaagu, etorriko al haiz?». Denek deitzen zidaten. Eta askotan erdi barrez edo, aitari eta esan izan diet, haiek lana egitea besterik ez baitute egin, eta lehengo jende batentzat langile fama edukitzea garaipen bat izan baita: «Hemen langile fama edukitzea baino alferraren fama edukitzea hobea da. Langile fama baldin badaukazu denek lanerako deitzen dizute. Eta alferrarena badaukazu, inork ez dizu lanera deitzen. Ikusten duzu, niri denek jan eta edan egiteko deitzen didate!». Eta jan eta edan gabe ez dago bizitzerik, lanik egin gabe bai.

Baina trikitia jotzea ez al da lana?
Lana bezala hartu behar duzu. Baina lan honek ona duena da trikitiarekin hamabi ordu edo egun guzia nonbait pasatzen baduzu gero askatasuna duzula, egun batzuk libre, eta beste lanak hori ez du. Beste lana da, egun bat, bestea, bestea... Eta trikitiarekin egun gogorra bai, igual lanean baino gogorragoa, badauzkagu herriak goizeko hamaiketan joan eta hurrengo goizeko bostak arte egondakoak, aurrenak joan eta azkenak alde egin, eta beti besteen mende, baina jendea disfrutatzen ikustea ere polita da. Gainera, zuk pentsatu behar duzu geroko askatasuna irabazten ari zarela, egun batzuk libre etorriko zaizkizula. Eta nik hori asko estimatu dut.

Lan guztiek dute bere ordaina, trikitiarena nolakoa da?
Soinuarekin gertatzen da, ez dela erraza, baina diru erraza ematen duela. Egun gogorra pasa arren momentuan kobratzen duzu, beraz diru azkarra da. Orain, gastatzeko ere kontuan eduki behar da, batera joan eta bestera joan, lanean irabazitakoa baino errazago botatzen baituzu.

Baina dirua zertarako da, gastatzeko ez bada?
Begira, nik bizitza gustatzen zaidan bezalakoa egin izan dut, eta dirua horretarako da azkenean. Gaizki gastatzeak kristoren mina ematen dit, baina jan eta edateko, eta behar den bezala disfrutatzen gastatzeak ez dit penarik ematen. Ni neroni asko ibiltzen naiz lagunartean, egunero, eta egunero ibiltzen baldin bazara, zintzoen ibilita ere dezente behar duzu. Nik, orain ere ez dut sekula etxean afaltzen, aurten oraindik egun bakar batean ere ez dut etxean afaldu. Iaz hiru aldiz. Aldiz, egun bakarrean hiru sagardotegitatik pasa naiz aurten. Eta iaz izan nuen bolada bat, sei egunetan zortzi sagardotegitan izandakoa. Horregatik, kontrolatuta ibiltzen naiz. Orduan eta gehiago ibili orduan eta zintzoago eta kontrolatuago ibili behar duzu. Orduaren kontrolik ez, goizeko bostak, seiak, berdin zait, baina edanaren eta diruaren kontrola bai. Bestela modako kantua bezala zara, urtebetean ibiliko zara, baina gero gehiago ez, desagertu egingo zara.

Beste batzuek dirua, hogeita hamar edo berrogei urtean, pisu bat erosten xahutzen dute...
Edadekoei askotan esaten diet nik, erdi bromatan: «Zuek pentsatzen duzue ezkontzeko etxea behar dela, baina ezkontzeko etxea ez, ezkontzeko laguna behar dik! Neska, edo mutila, laguna aurrena!». Orain etxearekin ezkontzen dira, hark lotzen ditu, eta nik uste dut nahiko gogorra dela hori. Edade batean sartu etxebizitzan eta hura ordaintzerako langile normal bat zahartu egiten da. Baina bada beste zerbait kuriosoa. Udan Zarautzen egondakoetan, hondartza dena jendez beteta ikusi, mundua kalean, eta Andoni Egañari esan izan diot: «Hi, hemen jendeak etxea hainbeste pagatu, eta gero denak hondartzan? Etxea hainbeste pagatuz gero kanpoan nola egon litekek? Probetxua atera behar zaiok, hainbeste pagatu duenak etxetik atera gabe egon behar likek!». Nik ez dut ulertzen, hainbeste diru etxea pagatzen eta gero inork ez du etxean egon nahi.

Beste aukera bat da amaren etxean bizitzea.
Ni hala bizi naiz. Suerte hori izan dut familian. Anaia gaztea dago baserrira ezkonduta, eta aita eta biak oso langileak dira, bien artean baserriko lanak egiteko problemarik ez dute izan. Niri sekula ez didate agindu lanik. Nirea bai suertea! Gauean beti kanpoan afaldu, gero etxera etorri, ordu txikietan igual aritu soinua jotzen ordubete bat edo, eta gero lo. Lo hamaikak edo hamabiak aldera arte, amak hots egin arte.

Ipuin kontalariarena jakingo duzu, beti kanpokoentzat ipuina kontatzen, eta etxekoa joaten zaionean ipuin eske harentzat ez duela izaten. Zuk etxean konplitzen al duzu?
Nik ama harantz eta honantz ibiltzen dut, batean enkargutara, bestean feriara... Gogo txarretik ere eraman izan dut, baina nire buruari beti esan diot: «Kanpoan besteengatik ari gaituk, soinu jotzen hainbeste ordu pasatzen dituk besteentzat, eta etxean ez duk egin behar?». Egun batean herri batean alegrearen papera egiten duena hurrengo egunean itzalitako sua bezala egoten da. Baina, amari eta, ahal dela, aurpegi txarrik ez. Lehendabiziko beti etxea da, gero herria, eta hortik aurrera hasten da bestea.

Egunero etxetik kanpora afaldu, hamabiak arte lo egin... Bizitza honetan nahi duzuna egitera jarrita zaude?
Nahi dena zaila da, baina... tira... bai. Bizitza sinplean ia nahi dudana egiten dut. Berriz jaioko banintz ere, seguruenera ez nuke asmatuko hobeto bizitzen. Azken batean gauza txiki batzuekin disfrutatzea bilatzen baldin baduzu, egin zenitzakeen gauzekin, ondo ibiliko zara. Baina hasten baldin bazara gauza handi baten bila, urteak joaten zaizkizu, eta gero urte horiek joan ahala aldatu egiten zara, eta hark ez badizu jada ilusiorik egiten ezertara ez zara iristen. Eta agian hasten zara nahi duzuna egiteagatik nahi ez duzuna egiten. Hemen disfrutatzetik sufritzera gauza gutxi-gutxi dago. Edo sufritzetik disfrutatzera. Nola hartzen den. Eta niri galdetzen badidate: «Daukazunarekin konforme?», beti esaten dut: «Nik horrela bizi guztirako firmatuko nikek. Kezka bakarra diat, beti horrela izaten zaila dela».

Zu salbuespena zara, gaur egun konformatzen ez den jende asko dago, gehiago nahiak jota bizi dena. Eta datuek diote psikologoarengana gero eta jende gehiago joaten dela...
Nik esaten dut psikologoarena dela ofiziorik onena: beti besteen problemak konpontzen. Berriz estudiatu behar banu igual psikologo ikasiko nuke. Besteen problemak konpontzea baita errazena, eta aholkuak ematea. Horiek bete egin behar dira ordea.

Psikologo lana jarriko dizut orduan: munduko kopetilun tasarik handiena herrialde garatuetan dago, gurean adibidez. Nola sendatu liteke depresio kolektibo hori?
Inguruak asko laguntzen du umorea izaten, eta batak besteari gehiago lagundu beharko genioke umorea azaltzen. Gero eta serioago bizi gara. Hori sendatzeko, lagunarte on bat medikuaren kontsulta baino hobea da. Eta gauza gutxirekin, afari bilera bat dela, beste bat dela, herrian ibilita, sendatu egiten da pertsona. Egunak badira triste etorri, lagunarte on bat egin, eta gero iruditzen zaizunak mundua zurea dela. Askok esaten dute: «Andrea haserretuta daukat, zortzi egunean ez dit hitz egiten». Eta esaten diet nik, «errezeta erraza daukazu: eraman sagardotegira, eta ikusiko duzu etxera joaterako zenbat hitz egingo dizun».

Sagardotegiak, afari bilerak, lagunartea... dena onetik ari gara. Eta gerra etorriko balitz?
Niri gerrak ikaragarrizko beldurra ematen dit, eta hiltzeak handiagoa. Niretzako gerra ez da ona, ni koldarra naiz erabat. Horrelako ederki bizi eta gerra etortzea pena dela iruditzen zait, horren kontrakoa naiz ni.

Penak itzaltzeko soinu joleak umorea saltzen du. Ez al zaio inoiz agortzen?
Umorean egoteko sekretua lan gutxi egitea da, eta orduan soinu joleok ez dugu lanik egin behar, soinu joleak umore ona eduki behar baitu, eta umore ona edukitzeko lan gutxi egin behar da, edo batere ez. Lan asko egiten duenak ez du umore handirik edukitzen. Tira, batzuk badira lan eginda umorea edukitzen dutenak, eta meritua ematen diet. Lan asko eta gainera umore ona, bejondeiela.

Esanak esan, soinu joleak Euskal Herrian beti izan du lana. Baina garai batean soinu joleen plazak erromeriak izaten baziren, orain, maiz, gaueko dantzaldiak dira. Zer dela eta aldatu da festa modua?
Gazte jendea ohitu da beste festa era batera, edo gazte jendea guk ohitu dugu. Azken batean gazte jendea autoaren erremolkea bezala baita, autoa oker joaten baldin bada, atoia ere hala joaten da, eta autoa zuzen joaten baldin bada, atoia ere bai. Gazteak, zer erakutsi zaion, hori egiten du. Eta gertatu da gure aurrekoek ezagutu zutela etxera goiz etorri beharra, goiz eta penarekin, eta ondorengoei askatasuna eman digute. Baina askatasunak bukaerarik ez du. Hortik dator gaurko gaueko festa modua. Baina nik uste beste aldera pasatuko dela berriz. Orain gau guztian festan dabilen jendeak esango du: «Gure ondorengoak ere horrela ibili, gu ibili garen bezala gau guztian festan?». Eurak hasiko dira kentzen. Atzera, buelta dator berriz eguneko giroaren aldera.

Egunez edo gauez izan, noiz da festa bat ona?
Hasteko esan behar da, festa, jaio eta hil arte, denentzako dela, eta herriko festak behar duela jendeak dantzatzeko eta disfrutatzeko. Beraz noiz den ona? Ez behintzat gazte batzuei entzun izan diedan bezala: «Kristoren giroa zegoan!». Joan, eta denak geldi-geldi, bi mila lagun eta dantzan inor ez. Hurrena, berriz, ehun lagun, denak dantzan, eta girorik ez omen dago, jende gutxi. Baina bi mila lagun geldi jartzen baldin badituzu, «hau da lan egitea!» esan behar al duzu? Ehun lagunek, lanean ari badira, gehiago egingo dute bi mila geldi daudenek baino. Eta festa batean ere halaxe da. Baina festa bihurtu da herriko negoziorako, eta festa ez da negozioa egiteko, festa da herria dibertitzeko eta jendea aberasteko, baina barrutik.

Zuk zure barrua batez ere janari goxoz aberasten duzu. Moko finekoa omen zara, Joan Mari Arzakenean noiznahi hartzen omen duzu ostatu...
Bai. Ni ikusi eta jendeak esan izan du: «Jan ezak, hik gutxi jaten duk eta!». Eta Joxean Tolosak erantzun izan die: «Honek gutxi jaten duela? Nik ez dut ezagutu onetik honek adina jaten duenik!». Eta hark arrazoi, nik inbertsiorik gehiena horretan egin dut, jaten eta edaten. Arzak laguna dut, eta pentsa, bere etxeko giltzak ere baditut. Esan izan diot bertako semea banintz ere ez nindukeela hobeto hartuko. Semea banintz joan orduko lanean jarriko ninduke, eta ni berriz, joaten naiz, lanik agindu ez, eta otordu ona. Asko eskertzen diot.

Jende askok dio afari baten truke soldata laurdena botatzea erokeria dela. Zer diozu?
Urtean behin egiteko merezi du. Ni diruan egongo banintz egunero joango nintzateke. Niretzat janak izugarrizko garrantzia dauka, eta orain ez da hainbeste baloratzen. Asko ibiltzen dira beraien autoari dagoen eta oliorik onena botaz, eta gero norberarentzat ardorik txarrena hartuz. Norberari barrura bota behar zaionean produkturik eskasena, eta autoari berriz oliorik onena... Nik ez dut ongi ikusten hori.

Hiztun abila zara, tertulia gustuko duzu, baina munduan dena ez da hitz egitea. Isiltasunak zenbat balio du?
Isiltasuna guk lo gaudela egiten dugu. Eta nik uste dut bezperan kontu asko esanez gero hurrengo egunean isilik egotea komeni dela. Dena den hitz egiteko bezala isiltzeko inguruak zer ikusi handia du. Zure gustuko zerbait entzuten ari zarenean isilik egongo zara. Entzutea ona da, niri gustatzen zait, eta entzuteko isilik egon behar da. Beti ikasten da zerbait, eta gutxiena uste duzunean gehiena igoal.

Kosmosak eta zientziaren aurrerapenak mugarik ez du, espazioraino iritsi dira turistak. Noraino iritsiko da pertsona?
Nik, urrutiegi joan baino lehen, beti esaten dut: «Ondo dagoen lekutik badaezpada ere kontuz mugitu». Gaizki dagoena, tira, «hura txarragoa ez duk izango» pentsatu eta joatea normala da, baina ondo baldin bazaude, kontuz mugitu.

Zu asko mugitzen zara ba...
Baina etxe usoa bezalakoa naiz. Beti ondoko terrenoetan hegan baina egunero etxera. Etxe zalea naiz, familia zalea. Lehen koilararekin lanean ibiltzen nintzenean, astebete kanpoan pasa behar izaten nuen batzuetan, eta niretzat gogorrena izaten zen, lana baino gogorragoa, zortzi egunean kanpoan egotea. Niri orduan gauzarik onena jarri, eta hura utzita herrira etorriko nintzen. Etxera aurrena, eta gero herrira. Orain ere esango balidate urte beterako kanpora joateko, kristoren pena izango nuke, gurasoak eta familia uztean ume batek bezala hartuko nuke pena.

Badirudi barrea beti ezpainetan jantzia daramazula. Baina, negarrez ere jakingo duzu.
Bai. Ez nuke nahi, gauza tristeren bat gertatu behar baitzaizu negar egiteko, baina nik ere ikusi ditut halakoak. Duela puska bat koinata hil zitzaigun. Eta orain dela bi hilabete, iloba eduki nuen koman bost astez, hamazazpi urtekoa. Ospitalera joan eta hura hala ikusteak negarra ateratzen dizu begietatik.

Bizitza bera ere drama bat da azkenean, bukaera jakina du. Heriotzan pentsatu izan duzu?
Bai, eta niri pena emango lidake hiltzeak. Batez ere nire inguruan jende gehiago ez ikuste horrek, maite dituzun lagunak, tokiak, herriak, badakizu zer diren, eta egun batetik aurrera akabo, ezer ez. Ingurukoren bat joaten denean, tira, hura ez duzu ikusten, baina besteekin egon eta ahaztu egiten zara falta denaz. Aldiz, jakitea zerorri bazoazela eta bukatzera doala... Niri ez litzaidake gustatuko azkenetan nagoela jakitea. Eta urteak ere, ezinezkoa da, baina nik pentsatzen dut hogeita bost-hogeita hamar batera iritsiz gero ez liratekeela kontatu behar. Heriotza bezalaxe funtsean, noiz hil behar duzun ez dakizu, ba zenbat urte dauzkazun ere ez. Politagoa izango litzateke, hirurogei urterekin ere igoal pentsatuko genuke berrogei dauzkagula.

Baina ez dago zertan beldurtu. Geroko bizitza hori ezin da hain txarra izan, joandakorik ez da oraindik berriro bueltan etorri...
Ez, ez da bueltan etorri, baina... horrek beste bueltaren bat izango du.

Hitzaren jolasa
«Hitzen jolasa asko gustatzen zait. Horretan nahiko suerte izan dut, Lazkao Txikiren ondoan sarri egon naiz mahaian, eta haren ondoan gozatu nuen izugarri. Soinu jolea izan naizen arren, bertsolarien bueltan gehiago ibili naiz, eta hainbeste ibilita azkenean hitz jokora jarri egiten zara, hitz guztiei buelta ematen diezu».

Nortasun agiria
Xapre 1957ko Santa Ageda egunean jaio zen, otsailaren 5ean, Zaldibiako Saturdi auzoan dagoen Izar baserrian. Sei anai- arreba izanik ere, baserriko lanerako denen beharra izaten zen orduan eta bederatzi urte arte ez zen herriko eskolan hasi. Bost urtean eskolan ikasi beharrekoak ikasi, eta lanean hasi zen Zaldibiako tailer txiki batean. Gerora, iturgin, koilararekin eraikuntza lanean, edo autoak saltzen ere ibilia da. Baina trikiti lanak egin du Xapre Euskal Herri osoan ezagun. Joan den hogei urteak eta gehiago plazarik plaza pasa ditu, eta oraindik ere segitzen du, han eta hemen, soinu txikia astintzen Zarra panderoarekin lagun duela. Mutilzaharra bera, amaren kontura bizi da jaiotetxean, baserriko lanak anaiaren eta aitaren kargu utzi, koinatari bere filosofiak azaldu, eta bi ilobei lo ipuinak kontatuz.

Eskola tontoentzat
«Eskola aldrebes jarria dago. Orain, azkarrak eskolan edukitzen dira, aurrera bultzatu, eta tontoak etxera. Nik esan izan dut, ezetz, tontoei behar zaiela eskolan denbora gehiago eskaini, eta azkarrak bueno, azkarrak ondo egongo dira bestela ere».

Nirekin ezkondu?
«Aurreko batean neroni ere grazia egin zidan. Telefonoak jo zuen etxean, hartu nuen eta neska gazte baten boza: 'Xapre al zara?' 'Bai'. 'Ezkondu egin nahi nuke eta...' -esan zidan- 'Ah, ba ni konforme' nik segituan. 'Ez, ez, baina soinua jotzeko da'. 'Ah, soinua jotzeko... Bueno, bueno, orduan berriz ere mutilzahar segitu beharko dut'».

Bertsoa

Doinua: Xagutxo batzuekin

Nik zugandik ikasi
nuen lezioa,
lasai bizitzearen
bedeinkazioa.
Ez inoiz gehiagoren
amorrazioa,
duzunaz gozatzeko
duzun desioa,
konformidadearen
satisfazioa.

Denda aurrean lo
«Behin iritsi nintzen goizean etxera zazpiak aldera. Arbia egiteko garaia zen, abuztua. Aita konturatu zen orduan etorri nintzela, eta joan eta esan zidan: 'Motel, arbia egin behar diat, gero lo egingo duk eta karea ekarri hidak mesedez'. 'Bueno, bueno, etxekoengatik hau behintzat egin beharko diagu' pentsatu, eta joan nintzen herrira. Baina zortziak aldera joango nintzen eta almazena bederatzietan irekitzen zuten. Almazenaren aurrean jarri nintzen zain, eta lo hartu nuen. Hamaika eta erdietan edo hamabietan esnatu nintzen. Esnatu nintzenean hartu karea eta etxera, eta hala esan nion aitari: 'Aita, karerik ez zegoen, eta almazenekoak ekarri arte han egon naiz zain'. Eta aita gustura: 'Ekarri duk behintzat eta, nahikoa egin duk'».


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude