Net Hurbil: Enpresa daukat eta deslokalizazioa bultzatu dut

  • Mendebalde honetatik enpleguak Europako Ekialdera edo Asia urrunera daramatzaten enpresaburuak lotsagabe batzuk direla sarri esan da. Frantziako enpresa txiki bateko ugazaba batek aldiz bere kasua kontatu dio kazetariari: nola eraman duen merkatu berriaren logikak bera ere deslokalizazioa bultzatzera.

2005eko martxoaren 20an
Liberation egunkari frantsesean, iazko urrian, gutunen atalean honako titulu hau irakurri ahal izan zen: "Je suis un patron voyou". Voyou hori euskaraz modu ezberdinetan interpretatu ahal izango genuke: alproja, lotsagabea, astakiloa... baina baita ere doilorra, bilaua, gizatxarra. Edonola ere, gizatasunaren arauak hausten dituena. Honela zioen enpresagizonak bere gutunean: "Ugazaba doilor bat naiz. 28 langile eta beren familiak mantentzen ditut (...) 35 orduak aplikatu ditut (...) akziodunei beren etekinak ematen dizkiet (...) eguneratua nago nire betekizun fiskal eta sozialetan eta garaiz pagatzen diet nire hornitzaileei (...) Baina ugazaba doilor bat naiz Ekialdeko herrietara jo baitut hornikuntzen bila, «made in CEE» produktuak hemen baino %30 merkeago erostera (...) Hori eginez, nire azpikontratatzaile frantsesetako bat behartu dut bere lantokia Errumaniara deslokalizatzera (...) Beharrak eraginda, enpresagizon bilau bat naiz".

Gutunean gai mamitsua zegoelakoan, Le Monde egunkariko kazetari bat, Marion Van Renterghem, iritsi da enpresaburua lokalizatu eta bere historia kontatzera. Entre Auvergne et Chine, ma petite entreprise ipini dio izenburutzat, honako esplikazioarekin: "Nola biziraun mundializazioan Frantzian enpresa txiki edo ertain bat daukazunean? Honela moldatzen da borrokan saiatzen den enpresaburua".

Auvergne eskualdean dauka lantokia, Clermont-Ferrand inguruetan. Frederic Larivaille du izena. 28 langileekin Sunlux izeneko lanparak saltzen ditu, Frantziako hainbat bulego, komertzio edo ospitaletan ikus daitezkeenak. Banaketa kate handiak dira bezero nagusiak. Helburu bakarraren bila ari dira egunero lanean: nola ekoiztu gaur saltzen dituzten lanpara berak... merkeago.

"Gaur egun -kontatu du Larivaillek- bezero batekin zaudenean kalitateaz mintzo bazara, ez dizu entzuten. Edozein zokotara begira egongo da". Prezioen gerrarako armatzea, hori omen da bizirauteko modu bakarra mundializazio garaiotan, gainera Frantzia krisi ekonomiko berezia bizitzen ari denean. Enpresaburuak eman dio kazetariari prezio gerra ulertzeko gakoa: alderantzizko enkantea Interneten. Alderantzizkoa, garestiena eskaintzen duenak ez baina merkeenak irabazten duelako. Beste modura esateko: enkantean prezioa ez dute eskainiko erosleek, saltzaileek baizik... behera derrigor.

Alderantzizko enkantearen miraria

Bezero nagusiek prezioa baizik eskatzen ez dizutenean, argudio bila hasteak ez du merezi: hau hil arterainoko borroka da. Sunluxeko salmenta arduradunek honela deskribatu dute aldaketa: "Interneten enpresa handi horrek ez du gehiago lanpara bat erosten, prezio bat erosten du. Iraun ote dezake sistema honek? Kalitatea gutxituko da, eta bezeroak noizbait ohartuko dira material hauek luzera garestiago ateratzen direla, baina banatzaile handiei epe laburra baizik ez zaie inporta".

Hasieran, Sunluxek galdu egin zituen holako enkanteak. Nagusia gainera ohartu zen irabazleek tranpa egin zutela, baldintzen orria erabat ez betez. "Orduan ulertu nuen ekuazioa »dio Larivaillek» edo merkatua atxikitzen nuen edo pikutara gindoazen. Asiako prezioen ideia bat banuen, eta proba egin nuen: nik ere alderantzizko enkantea zabaldu nuen, ea guri ere sistemak funtzionatuko ligukeen jakiteko. Hasi eta hiru ordutan lortuta zegoen".

Ondoren etxe barruan jo zuen hordago. Nagusiak Interneten %25 merkeagoko lanparak lortu zituenez, staff teknikoa bildu zuen Larivaillek eta hau esan omen zion gordin: "Edo lortzen duzue produktuaren ekoizpenean %30 aurreztea, beti ere bezeroaren eskakizun orria errespetatuz, edo bestela Txinara noa. Lanpararen planoa nik dut, eta gaur frogatu dut baldintza horietan han egin ditzakedala".

Nagusiak Le Mondeko kazetariari aitortu dio bere ekipoak lortu duela helburu hori. Nola? Azpikontratekin kopuruen gainean negoziatuz; garesti dagoen altzairuaren ordez aluminioa ipiniz; produktua xinpleago eginez; "alferrikako" piezatxoak kenduz. Ekipo teknikoak alde batera lortu du eskatutako prezio eta baldintzen sartzea, baina beste aldera ohartu da lanpara berria ez dela aurrekoa bezain ona. Ugazabak berriz, garbi dio enpresaren deslokalizazioa urtebeterako atzeratu duela. Baina azkenean deslokalizatu beharko duela seguru dago.

Europan dauden enpresa askoren prototipoa da Sunlux: ez da fabrikatzailea, bere lana da produktua diseinatu, bestek egindako piezak muntatu eta komertzializatzea. Ez da krisiak gehien kolpatu duen enpresa mota, hala ere. Zeren eta erosle handiek enpresa hauei egiten diete presio eta hauek berriz azpikontratei, eta hauek dira globalizazioaren ondorio larrienak pairatu dituztenak.

Kazetariak bisitatu du Sunluxen hornitzaileetako bat, izenik ez ematea nahiago izan duena: X deituko diogu. Merkatuan dagoen lanpara estandar asko honek ekoizten ditu, gehienetan marka duten bezeroentzako. "Guk fabrikatzaileok ez dugu azken prezioan parte hartzen, guk prezioa pairatu egiten dugu. Merkatuko prezio bat ipintzen zaizu eta iristen zara edo ez; askotan zentimo batzuen kontua da".

X-k 2000.ean nabaritu zuen bere jarduera ekonomikoa behera zihoala. Garai horretan heldu omen zen Europa Ekialdeko industri maila bere heldutasunera, aldi berean eskulan merkea edukiz eta Europako gainerako herrialdeek dituzten betekizun sozial, ingurumenezko eta abarrik gabe. Sunluxen salmenta prezioek %40 egin zuten behera bi urtetan, eta 2001ean X-i esan zion ez ziola gehiago erosiko, Europa Ekialdera zihoala prezio hobeen bila.

X-i %25 jaitsi zitzaion produkzioa urtebetean. Ordainketak eten zituen, 450 langileetatik 140 kaleratu eta lantegiaren zati bat Europa Ekialdera deslokalizatu zuen. Eta orduan lortu zuen X-k berriz Sunluxentzako lanparak fabrikatzea. "Deslokalizazioarekin »esan du fabrika honetako nagusiak»- enpresak ur azalean segitzea lortzen dugu. Inor ez da gaur margenaz mintzo. Nire lanpara bakoitzarekin zentimo batzuk irabaztea eskatuz gero, ezingo nuke".

Liberationen gutun famatua plazaratu zuen Sunluxeko nagusiarengana bihurtuz, honek uste du "lehengo garaiak" hobeak zirela, lehen bezeroa fidela zela. "Bezeroa gero eta aldakorragoa da. Krisiaren aurretik jendeak bazion errespetu bat emandako hitzari, ez zintuzten bide bazterrean botata uzten beste nonbait merkeago erosi zutela esanda bakarrik. Ez ziren beste batengana joaten zure planoa hartuta». Krisi garaiko haluzinazioak ziurrenik.

Baina Larivaillek urrun ikusten du Europako Batasunean sartu diren eta ateetan diren herrialdetako ekonomiak gaur guk ditugun arautegi berekin ibiliko diren eguna. Bitartean ez baitu deslokalizazioak etenik izango. "Herrialde horietako soldatak gureen pare jarri bitartean urteak pasako dira. Eta bitartean, hilotzak utziz joango gara bide bazterrean".

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


ASTEKARIA
2005eko martxoaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude