Ez dira berdinak


2005eko martxoaren 20an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Heriotza guztiak ez dira berdinak. Askotan berdinak balira bezala jokatzen badugu ere, inondik ere ezin dira parekatu heriotza guztiak. Izan ere, nork bere modua dauka heriotzak memorian iltzatzeko. Nafarroan alargunen herria badugu, Gerra Zibilean heriotza kopuru handia pairatu behar izan zuena. Bizi-bizirik daude heriotza haiek Sartagudakoen buruetan, ezkerrekoak edo abertzaleak ziren asko hil baitzituzten orduan.

Heriotza haiek duintasunez gogoratzeko monumentua egin nahi dute Sartagudan, eta herrian ez ezik Nafarroa osoan erail zituztenen aldeko oroigarria egin nahi dute. Ez dute konpentsaziorik eskatzen, ezta zigorrik ere, bakar-bakarrik ezkutuan bizi izandako min guztia agertzeko irudia jarri nahi dute. Baina ekimen paraleloen herrian bizi gara, eta Nafarroako Gobernuak bere monumentua egin nahi du, bere gisara, gerra zibilen hildako guztiendako.

Alabaina, ez dago irain handiagorik berdinak ez diren heriotzak -eta, beraz, sentimenduak- berdinak direla eta berdin ager daitezkeela pentsatzea baino. Izan ere, bada hiltzen den jendea batetik, eta hiltzen zaigun jendea bestetik. Nork bere heriotzak oroitarazteak ez du zertan iraina izan bestearendako. Baina Nafarroako Gobernuan ez dira iritzi horretakoak.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude