Edurne Brouard: «Euskara dagoen lekuan badago, neurri batean, euskaldunberriei esker da»


2005eko martxoaren 20an

Jende askorentzat Korrika beren herritik pasatzean izerdiz bustitako kilometroa da, bi minutuko kontua. Baina zenbat luze, zenbat handi da benetan Korrika?
Herri batean, Korrika, heldu da, pasatzen da, eta badoa. Baina bost minutu horiek daukaten magia guztia eta sortzen duten emozio hori posible izan dadin aurretik bi urteko lan bat dago. Jende mordoaren lana, oraintxe bostehun bat pertsona ariko dira Korrika lanetan murgilduta. Noski, ez da bi urtetan erritmo berdinean egiten, atsedenerako ere hartu behar da tartea, bestela zoramena litzateke, baina praktikan bi urte dira, bata bukatzen denean hasten gara bestearekin lanean.

Bi urtetik bi urtera korrika, horra hamalaugarrena martxan. Hogeita bost bat urtean herri oso baten lasterketa bihurtu da Korrika. Non dago bere magia?
Batetik euskararen eremu osoa hartzen duen manifestazio erraldoi bat da, bakarra berezitasun hori duena. Bestetik lekuko bat dago eskuz esku doana. Transmisioaren irudia zabaltzen du, eta aldi berean denak gara beharrezkoak hasi eta bukatzeko. Gainera horrek mezu bat darama barruan. Inork ez daki zer daraman idatzia baina denek dakite mezu hori eskurik esku pasatzea inportantea dela hel dadin. Eta azkenik, korrika egitea ere bada bere berezitasun bat. Guk ez dugu uste astirik dugunik trankil heltzeko euskararen berreskurapenera, uste dugu korrika egin behar dela.

Eta sinbologia horrez gain, praktikoki, zer suposatzen du Korrikak AEKrentzat?
Animua eta indar berezi bat ematen du lanean segitzeko. Guk behar dugu eta jendeak ere behar du euskararen aldeko olatu hori sortzea. Eta bestetik dudarik gabe, AEK-k, gaur egun, oraindik, tristea da hau hola esan beharra baina, Korrikatik jasotzen du biziraupenerako behar duen diru minimoa. Gaur egun hori bermatua egon behar litzateke administrazioetatik, norbere hizkuntza ezagutzea oinarrizko eskubide bat baita, baina ez dago. Eta AEK-k, horri erantzuteko, Korrikaren beharra eta denaren beharra dauka. Ikas baldintzak hobetu baitira eta esan bailiteke gaur egun minimoetan bagaudela, baina irakasleen baldintzak oso urruti daude oraindik normalizaziotik, oso urruti.

Hamalaugarren Korrika konpromisoaren Korrika da. Euskararekiko konpromisoa galtzen ari dela sumatu duzue?
Galdu baino gehiago, batzuk euskara guztiona eta guztiontzat lelo hori erabiltzen dute euskararen kontra jotzeko. «Onartua dago guztiona dela, beraz inork ez du horretan ardurarik, eta ezin du bere defentsa egin». Horrek asko kezkatzen gintuen eta pentsatu genuen hobeto azaldu behar genuela gure ikuspuntua. Guk uste dugu denona dena norberarena ere badela, bestela ez dagoela modurik denona izateko. Euskara denona bada zurea ere bada, eta zuk ere ardura bat daukazu, hori zaintzeko, eta hori aurrera ateratzeko. Horregatik deitu diogu hamalaugarren Korrika honi konpromisoaren Korrika, eta eskatzen diogu bakoitzari bere eremuan konpromiso berezi bat har dezan euskararekin. Konpromiso pertsonala, uste baitugu badela garaia euskaldun bakoitzari esateko euskalduna den neurrian erabili egin behar duela. Administrazioari berdin, lan munduari ere bai. Eta batez ere dei berezi bat egin nahi genien oraindik euskaldunak ez diren helduei. Oso barneratua baitago Euskal Herrian umeek euskal ereduetan eskolatu behar direla, baina uste dugu ez dagoela horren barneratua benetan ertaineko belaunaldiak daukan garrantzia. Gure ustez ertaineko belaunaldia ez badugu euskalduntzen ez dugu transmisioa bermatuko eta transmisioa bermatzen ez badugu, ez dago hizkuntzaren geroa ere bermatzerik. Hori da bidali nahi dugun mezua. Mezu hori jasota dago, eta orain falta da hurrengo pausoa ematea, Martxelo Otamendik lehengoan esan zuen bezala, Korrika bukatzen denean mundu guztia etortzea Euskaltegietara.

Konpromiso pertsonala Eusko Jaurlaritzak ere hartu zuen euskaltegiak laguntzeko. Zenbateraino bete du?
Euskaltegiek, sare moduan, negoziazio batzuk hasi genituen normalizazio bidean diru gehiagorekin lagunduak izan gintezen. Baina hartu ziren konpromisoetatik oraindik urrun gaude, ez gara heldu minimoetara. Hori gabe gizartea euskalduntzeko politikarik dagoenik ezin da esan. Eta administrazioak ematen ez duena nola betetzen da? Betikoarekin, gure lepo egiten da euskalduntzea. Irakasten ari garenon aldetik behar baino askozaz gutxiago kobratuz eta ikasleen aldetik behar baino askoz ere diru gehiago ordainduz. Azken batean administrazioek ipintzen ez dutena herritarrek ipintzen dute beren borondatetik.

Baina Korrika datorrenean, administrazioan agintzen duten alderdi horiek eskua ematen dizuete. Elkarri bostekoa ematen agertzen zarete argazkietan...
Nik ez dut uste horrek kontraesan nabarmenik dakarrenik guretzat. Guk uste dugu, eta hala esaten dugu, Korrika guztion ekimena dela, edozein euskal herritarrek daukala atea zabalik eta gainera denak direla ongi etorriak. Horretan guk baloratzen dugu alderdi guztiek, eta giza eragile guztiek, egiten duten ekarpena eta erakusten duten laguntza publikoa. Kontraesana ez da gurea, kontraesana azken batean beraiena izango da baldin eta badaukate.

Korrika alderdi politiko ezberdinek sostengatzen dute. AEKra ere tendentzia guztietako ikasleak hurbiltzen al dira?
Nik uste dut aldaketa handia egon dela AEK-ko ikaslearen perfilean, helburuen arrakastaren seinale. Garai batean perfila oso argia zen, oso jende abertzalea etortzen zen, motibazio ia bakarrarekin, euskara hizkuntza nazionala zelakoarekin. Gaur egun esan daiteke esparru guztietatik datorrela jendea, batzuk koherentziagatik ikasten dute, beste batzuk beraien hizkuntza nazionala delako, eta beste batzuk lana topatu behar dutelako. Eta azken batean hori da helburua: denek euskararen behar hori, eta euskaldun izatearen behar hori sentitzea. Euskara normalizatuko badugu hizkuntza normaltzat hartu beharko du edonork.

Matrikulazioak beherantz egin duela eta kexatu izan dira euskaltegiak. Seinale ona behar luke zuek lan gutxi izateak...
Bai, berez hori horrela da, gu desagertzeko jaiotako erakundea gara. Baina nik hori urrun ikusten dut oraindik. Ezagutzaren mailaren aldetik asko falta da, esaten da eskolak euskalduntzen duela, baina datuek ez dute hori erakusten. Eta hori hala den bitartean AEK-k jarraitu beharko du, Korrikak jarraitu beharko du. Bestela, gu lehenbailehen desagertzeko prest gaude.

Matrikulatzen direnetatik zenbat euskalduntzen dira?
Ez daukat daturik. Baina hor duda barik hobetu egin behar da, asko hobetu gainera. Ikasle asko bidean galtzen ditugulako. Korrikaren bideoan oso kuriosoa da zenbatek eta zenbatek esaten duten askotan hasi direla euskara ikasten. Hori oso esanguratsua da. Hor zerbait hobetu beharra dagoela argi dago.

Agian, batzuk dioten bezala, oso zaila izango da euskaraz ikastea...
Denetik dago. Badaude zailtasun asko topatu dituzten pertsonak eta batere topatu ez dutenak. Nik pertsonalki uste dut hizkuntza bakoitzak badituela bere zailtasunak, eta ez nuke esango euskara ikastea gaur Euskal Herriak daukan egoera soziolinguistikoan erraza denik. Baina ez nuke esango beste edozein hizkuntza ikastea baino zailagoa denik.

Badirudi erabiltzea zailagoa dela. Euskal Autonomi Erkidegoan hezkuntzak ia haur denak euskalduntzen ditu, ia denek dakite euskaraz. Baina horixe, jakin bakarrik. Zergatik ez dute hitz egiten?
Ertaineko belaunaldia euskaldundu gabe daukagun bitartean berriak ez du normaltzat hartuko eskolan erakusten dioten hori. Muturreraino eramango dut adibidea, baina nik erro karratua ikasi nuen eskolan, eta jakin nuen bere momentuan, baina ez dut uste ezertarako erabili dudanik sekula, eta orain ez dakit nola den ere. Karikatura bat da, baina nik eskolan ikasten dudanak gero nire bizitza normalean ez badauka inolako eraginik, gertatzen dena da ahaztu egiten zaizula, eta nik gaur egun ez dakit erro karratu bat egiten.

Denok dakigu, hizkuntza bat, dakitenek hitz egiten ez dutelako galtzen dela, baina ikastoletan ez ezik, lan munduan, kalean... zenbat herren egiten duen euskaldun helduak ere erabileraren urratsean...
Egia da gu ezagutzaren alorrean asko tematu garen bitartean, erabilerak, ez bakarrik ez duela aurrera egin, baizik eta esparru batzuetan atzera egin duela. Lehen erdara inguruan sentitu ere egiten ez zuten hainbeste esparrutan gaur egun erdara sartuta dago. Baina egia da bestalde, Bilboko parte zaharrera bazoaz, orain hogei urte ez zenuela inondik inora euskararik entzuten, ez bazen Arratiako baserritarren bat tranbian erosketak egitera jaitsitakoa, eta gaur entzuten da. Gauzak ez dira zuriak, baina duda daukat ez ote garen tematzen beti beltzegiak direlako horretan, eta ez dakit hori oso ona ote den. Nik uste dut ona dela kontziente izatea zenbat hutsune ditugun, zenbat oztopo aurkituko ditugun, baina ez dut uste etsipeneko diskurtsoak laguntzen duenik.

Tira, galdera neutro bat orduan: EGAk euskararen ezagutza egokia frogatzen du. Azken aldian bolo-bolo dabiltza, egoki, zuzen, eta jator hitzak. Baina zer da ezagutza egokia?
Nik uste dut ezagutza egokia izatea dela normaltasunez komunikatzeko kapaz izatea, arlo, eremu, eta leku guztietan. Hortik aurrera, egokitasuna, zuzentasuna, maila literarioa, jatortasuna, hau eta beste, nik uste eztabaida interesgarria dela horretan murgilduta bizi den jendearentzat, intelektualentzat, eta idazleentzat, baina uste dut lehenengo beste pausoak eman behar ditugula. Lehenik lortu behar ditugu komunikatzeko kapaz diren euskaldunak.

Erro karratua entzutean oroitu zait orain gutxi Berrian euskaltegiei idatzitako kritika bat. Urrujulegik zioen gehiegi tematzen zaretela euskararen barrunbeetan, alegia, erro karratuetan. Nor Nori Nork aspergarri gutxiago, eta mahai jirako hitz aspertu gehiago aldarrikatzen zuen. Zer diozu?
Ni zati batean banago ados Urrujulegik planteatzen duen bide horretan, akaso gehiegi sartzen garela egitura gramatikaletan, eta bosgarren edo seigarren urratsera helduta orduak eta orduak ematen ditugula baldintza gora eta baldintza behera, eta ez dela beharrezkoa leku guztietan esatea, «diezagukete», potentziala. Alegia ahaztu egiten dugula erabilera. Baina uste dut hor falta den ñabardura dela hori urteetan zehar aldatuz joan dela. Hain zuzen ere, orain lehen urratsetan askozaz garrantzia handiagoa ematen zaio erabilpenari ezagutzari baino. Beraz ez dut uste orokorrean euskaltegiei halako kritika bat leporatzen ahal zaienik, eta are gutxiago artikulu baten bidez. Eztabaidatzeko gai bat da, baina mahai baten inguruan.

Gaia aldatuz, euskarak zenbat zor die euskaldun berriei?
Gaur euskara dagoen lekuan badago neurri batean behintzat horiengatik ere bada. Ez daukat daturik esku artean, baina uste dut jada kopuruetan erdi eta erdi gabiltzala, eta uste dut esfortzu hori egin duen jendearen kemena goraipatzekoa dela. Zortzi orduan lan egin, gero euskaltegira joan beste bi orduz, eremu erdaldun batean bizi, erabilpenerako oso aukera gutxi eduki, eta hala ere euskaldun oso modura funtzionatzea lortu duenak badu meritua.

Eta euskaldun berriak noiz uzten dio berri kalifikatzaile hori arrastaka eramateari?
Beraiek ere hori galdetzen dute. Egia da akaso bere momentuan ez genuela behar bezala asmatu izena. Euskaldun berria beti da berria nahiz eta laurogei urte izan? Gehienak euskaldun dira besterik gabe, baina azpimarratu nahi denean horrek heldutan ikasi zuela euskara, orduan erabiltzen da euskaldun berri hitza. Egia esan asko eta asko euskaldun osoak dira. Baina beti galdetzen dute: «Ni berria? Noiz arte naiz berria?»

Atzera egingo dugu denboran: Garzonek AEK ere sartu zuen bere sumarioetan. Nola utzi du AEK Garzonen esku sartze hark?
Gaur egun ez dago auzirik AEKren kontra. Botatzen zirenak hain ziren bidegabekeriak eta hain ziren egiarengandik urrun zeuden baieztapenak, ez zutela zirrikitu minimoa ere topatu mantendu ahal izateko. Hala ere oso kolpatua utzi du AEK, eta horren ondorioak oraindik jasaten ari gara. Mediatikoki kristoren indarra eduki zuen, eta horrek eragin zuen matrikulazioan, gure jardun arruntean, denetan. Eta bestalde eragin ekonomiko zehatza ere eduki du, mendeku modura administrazio fiskal bat ipini zigun Garzonek, eta hamabigarren Korrika administrazio judizialpean egin genuen. Segurantza sozialari balizko iruzur bat ere pasa zion, hor dagoena oraindik, eta momentu honetan, beste erremediorik ez dagoelako ordaintzen ari garena. Edozein subentzio jasotzeko estatuarekin ondo zaudela esaten duen paper bat behar baituzu.

Atzerago egingo dugu orain: HBtik parlamentari izan zinen 80ko hamarkadan. Nola oroitzen dituzu urte haiek?
Nik urte askotan militatu dut politikan. Eta gainera hemen inoiz ez dio uzten batek politikari izateari, bakoitzak bere lana egiten du berak ahal duen neurrian, batzutan tokatzen da parlamentuko zerrendatan joatea, eta beste batzutan ez. Hori akaso ezberdina izango da beste alderdi batzutan, PPko jendeari, eta PSOEkoari sarritan entzun diet: «Ni politikara dedikatzen naiz». Nik sekula ez dut eduki sentsazio hori, politikako profesional bat izatearena. Militatu dut, nire bizitzak bide batzuk hartu ditu, batzuk nik aukeratuak eta beste batzuk horrela etorri direlako, baina ez dut oroitzapen txarrik. Etapa bat izan zen, bete nuen, baina orain nire militantzia euskararen munduan dago.

Parlamentari izan zinenean zeuen erabakiz ez zineten parlamentura joaten. Agian laster Batasunak besteren erabakiz ezingo du parlamentura joan. Ikusten duzu Batasunarik gabeko parlamentu bat?
Ikusten dut, beste erremediorik ez daukadalako. Ni gerra zikina delako horrek gogor jo ninduen, hurbil-hurbiletik, eta lehen ere esan izan dudan bezala, gerra zikinak hartzen ditu momentu bakoitzean behar dituen formak. Gure momentuan GAL zen gerra zikin horrek hartu zuen forma, hortik jo zuten ezker abertzalea, eta hainbeste hildako gelditu ziren bidean. Baina ezin dut imajinatu forma zikinagorik aurkari politikoa dekretu legez eliminatzea baino. Uste dut zer edo zer zikina badago, hauxe dela zikinkeria itzela. Ez nuen uste horretara iritsiko ginenik.

Orain auzitegiak euskaldunez betetzen ari badira ere, zuk, Jose Luis Morcillorekin batera, Jose Amedo polizia ohia, eta Rafael Masa koronel ohia ikusi zenituen akusatuen aulkian. Leporatzen zitzaiena: zure aita hil izana. Zer sentitzen da aurpegi horiek epaitegian ikustean?
Askok ez didate sinesten baina nik hiltzaile zuzen horiengan ez dut ezer sentitzen. Ikusten ditudanean bestelako auzietara doazen emakumeak negarrez eta oihuka, nik harrituta begiratzen diet. Nik sekula ez dut hori sentitu. Nik oso argi daukat gure aita hil zutenak mertzenario hutsak zirela eta lan bat betetzera joan zirela. Nik barruan amorru handia daukat, baina amorru handia daukat hori planifikatu, finantzatu, eta agindu egin zutenenganako. Eta ez bakarrik aita kendu zidatelako, uste dudalako horiek eduki zutela herri honen sufrimenduarekin bukatzeko aukera, eta hori egin beharrean sufrimenduaren bidea zabaldu, sakondu eta lehengo bidean utzi zutelako.

Kostako da amorru handia diezun horiek epaitegian ikusten...
Esperantzarik ez daukat ikusiko ditudanik. Nik argi daukat gure aitaren hilketa eta beste hainbeste estatu krimenak izan direla, eta ez dut uste estatuak bere burua inoiz epaituko duenik. Are gutxiago kondenatu. Baina, berretsi nahi dut ni emakume optimista naizela, eta uste dut egunen batean artxibo horiek gure eskuetan edukitzeko aukera izango dugula.

Nola oroitzen duzu aita hil zizutenekoa? Etsipen handi bat bezala, aurrera egiteko indar hartze handiago bat bezala...
Etsipenik ez. Aitarena gertatu zenean guk oso barneratua geneukan hori gerta zitekeela. Gure etxean sarritan hitz egiten zen posibilitate horretaz, eta baita nola erreakzionatu behar zen ere. Nik uste dut horregatik eduki genuela nahiko erreakzio neurtua eta zaindua. Baina hau esan eta batzutan gaizki interpretatzen didate. Edozein heriotzak, beti ematen du kristoren kolpea, eta gure kasuan zer esanik ez. Goizean elkarrekin egon ginen, agur esan genion, eta handik aurrera ez ginen berriro ikusi. Kolpe oso handia da, eta sortzen duen samina, gaur hogei urte pasatuta ere, hor dago, ez dugu gainditu, betirako dago. Eta egon behar du gainera, bere lekua daukalako bakoitzaren barruan. Horrekin bizitzen jakin behar da. Baina ez etsipenik eta ez amorru berezirik aurrera egiteko. Bakar-bakarrik konpromiso bat hori gogoratzeko, azkeneraino jotzeko aferarekin, leku guztietan kontatzeko, eta argi esateko guk ez dugula ez mendekurik, ez negar faltsurik, ez kartzela zigor eredugarririk, ez halako ezer nahi. Nahi dugun bakarra da egia jakitea, errepika ez dadin. Euskal Herriak egoera hori bizi izan du, bizi du eta ez dakit biziko duen hemendik aurrera, baina bada garaia horrekin bukatzeko, eta bada garaia denon artean behar dugun irtenbidea emateko.

Politikan ibili zara, AEKn irakasten, Korrika koordinatzaile... Txikitan non ikusten zenuen zure burua geroan?
Txiki-txikitan ez dut oroitzen, baina gezurra badirudi ere, hamabi urtetik aurrera edo, beti pentsatu izan dut irakasle izango nintzela. Ez dut argi eduki oso berandura arte euskara irakaslea izango nintzenik, baina irakaslea izango nintzela bai. Oraindik ere, ikusten ditudanean, nire kolegioko monjek esaten didate: "Zuk beti esaten zenuen irakaslea izan behar zinela". Ba horretan ari naiz, asko ikasten dut irakasten dudanean, eta ikastearen sentsazio horrek hobeto irakasten laguntzen dit.

Nortasun agiria
Edurne Brouard 1959ko urriaren 23an jaio zen Bilbon. Bere burua erdi lekeitiartzat badu ere, beti bizi izan da Bizkaiko hiri nagusian. Teilatua erabat jantzi gabe zeuden lehen ikastoletan hasi zen ikasten, moja kolegio batean segitu zuen gero, eta UBI Txurdinagako institutuan osatu zuen. Deustuko unibertsitatean pedagogian diplomatzerako hasia zegoen AEKn irakasle lanetan. Geroztik hogei urte baino gehiago daramatza bertan, urte batean irakasle lanak, eta bestean Korrika koordinatzea tartekatuz. Beti ere, AEKren aginduetara. HBtik parlamentari izan zen 1985 eta 1987 bitartean, eta Bilboko zinegotzi aulki bat ere berea zuen lanagatik utzi ez balu. GALek Santi Brouard, aita hil zion 1984an.

Korrika laguntzaile kanpaina
«AEKrentzat oso inportantea den ekimen bat da, diru sartze handia delako. Baina guk hori planteatu genuenean, Korrikak orokorrean daraman filosofiatik planteatu genuen. Guk badakigu asko eskatzen dugula baina horren trukean zerbait eman egin behar dugu. Horrela sortu zen Korrika kulturala. Beraz, Korrika laguntzailearen hamabi euroko inbertsio horrek ere, txartela erabiltzen bada, hamabi euro horiek errekuperatzeko aukera guztiak ematen ditu. Eta ez naiz soilik saltzaile lanetan ari, nahiz horretan ere ari naizen; egia da, badira hirurehun esparru ezberdin, abokatu, dentista, denetarik, eta denetan erabiltzen badira hamabi euro horiek errez dira errekuperatzen».

Hau geldituko duenik ez dago
«Lehen Korrikaren ardura hartu zuenak, Urtz Errastik, esaten du, lehen edizio hartan gain batean zegoela Korrika itxaroten. Halako batean han ikusi omen zuen elur jasa baten erditik, aldapan gora, bazetorrela gizon bat, sorbalda batean harri borobila, eta beste eskuan lekukoa. Aldatz gora, elur azpian, gizona, harria eta lekukoa. Orduan ohartu omen zen Korrika geldituko zuenik ez zegoela».

Historia kontatu
«Historia beti kontatu behar da, onerako zein txarrerako. Gero bakoitzak egingo du interpretazioa, baina gure historiaren parte den heinean hemen GALekin bizi izan dugun egoera kontatu egin behar da. Kontatu behar den modura ETA sortu zela eta ez dakit zenbat hildako eragin dituela. Berdin-berdin, gero bakoitzak pentsatuko du berea».

Nafarroako Gobernua, bakarra munduan
«Nik ez dut ezagutzen munduan halako beste egoerarik; bertako gobernu bat edukita beraiena den hizkuntzari halako erasoa egiten dionik. Egia da munduan eman izan direla hainbeste hizkuntza genozidio, eta hainbeste hizkuntza galdu egin direla, baina uste dut, ni ez naiz historian aditua baina, Nafarroakoa bakarra izango dela munduan. Horrek badu erro politiko bat noski, herri honen egoera politikoak halakoak behartzen dituelako. Baina nik euskararen militante moduan esango niekeena da hori beste esparru batean konpontzeko. Ez behintzat hizkuntzaren genozidioaren bidez».

Bertsoa

Doinua: Zer da gaur

Irudia berez da
ikaragarria,
ematen duelako
denaren neurria.
Elurpean korrika
maldan etorria
dago gogo zaharraren
testigu berria,
baina zenbatekoa
da orain harria?


ASTEKARIA
2005eko martxoaren 20a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude