Aita Saindua


Gizon horren hiltamuan gauza bat baizik ez dut ikusten ahal: botereari atxikia den edozein diktadoreren agonia. Francorenarekin nahikoa izan genuela uste, El Pardo Jauregian egin ebakuntza heroikoak eta guzti... baina ez. Beste hamaika izan dira geroztik, eta azkena Erroman. Gogaituta nago.

Gero, hizkuntzaren ajeak. Gure tradizioan, Erromako jainko ttipia izendatzeko Aita Saindua baizik ez dugu, eta Anjel Lertxundiri bezala, "Aita Saindu" horren erabili beharrak hastiatzen nau. Aita eta Saindua. Zerbait baikor eta beneragarri gisa idatz, irakur eta entzun behar, beste aukerarik gabe. Nahiz eta historian gaindi "Aita Saindu" anitz jendeen zanpatzaile krudelak izan eta azken hau jarrera moral hertsi eta baztertzaileen defentsari sutsua...

Jaungoikoarekin ere gauza bera gertatzen zait. Jainkoa, berez, guztiz ahaltsua eta guztiz ona izan behar, gure heziketa giristinoak ez digu beste aukera kontzeptualik ematen. Hitza erabiliz geroz harrapatuak omen gaude, zeren eta argudio ontologikoak dioen bezala behin Jainkoa izendatu ezin baita haren existentzia ukatu: Jainkoa gauza on guztien gordailua izanik, buruan ez da sartzen zerbaiten izateko oinarrizko gauza, existentzia, ez duela. Kontzeptuak berak galarazten omen digu fedegabeko, ateo, izatea.

Alta, munduan jende askok beste kontradikzio nabariagoei eman die lehentasuna. Horrela, aspalditik dakigu "ona" eta "guztiz ahaltsua" ezin daitezkeela batu. Munduan den hainbeste dolore, min eta oinazeren aitzinean, eta mundua "kreaturik" izan dela aurresuposatzen bada, edo egin duena ez zen guztiz ahaltsua, edo ez zen batere ona. Nola konpreni daiteke sufrimenduaren existentzia zeruak eta lurrak egin zituena zinez ona bada? Bai, bai, teologoek denetarako daukate erantzuna, jendearen libertatea behar zen, hori behintzat zor zion kreatzaileak bere irudiko kreaturari; eta askatasunak gaizkiaren posibilitatea sortzen du... Baina espiritu humanistak ez dira konbentzitu: beste modu batez egitea, alferrikako oinazeen gabekoa bederen, ez zen hain konplikatua ahalguztidun batentzat, eta, gehiago dena, inozenteen sufrikarioen aurrean, haur trisomiko baten leuzemiaren aurrean adibidez, zer leku du askatasunaren ondorio den oinaze "justifikatu" horrek?
Manikeoen logika zorrotzagoa da. Jainko ona eta jainko gaiztoa, biak oso ahaldunak, bakoitzari berea eta erdian, pitoak bezala, gu.

Gero, badira gurekiko hain mespretxu ez diren posibilitateak.

Igual kreazione anitz bada, eta gure galaxiarena suertatu zitzaion erdipurdiko jainkotxo bati, ahal zuena ahal bezala egin zuela, eta gero dena aldrebestua atera zitzaion. Zer eginen diogu bada? Badira ofiziale txarrak, zergatik ez jainko malestrukak? Kasu horietan, behintzat, ez genuke errebelatu eta mingots ibiltzeko arrazoirik, jainko hori gure izorratzaile izan beharrean gu bezalako malerusen artean izanen baitzen.

Baliteke beste interpretazio bat, politikoagoa. Behar bada, gure unibertsoa sortu zuen demiurgoa zahartzen ari da, Aita Saindua bezala, eta Parkinsonek jota, Alzheimeren laguntzaz, gutaz ahaztu da; eta hau guzti hau pikutara doan bitartean, bere gela zaintzen duten eskuin-muturreko aingeruek ez diete deus kontatzen, esperantza baitute humanitatea aspertuko dela eta errebelatuko, eta orduan, eskuin muturreko aingeruen ametsa hori baita, Mikel Goiaingeruak hartuko duela ertzainen burua eta denak igorriko gaitu Belzebu, Barrabas, Satanas eta beste horiengana, betiko. Zeren eta teologoek jakinarazten duten bezala, kreatura ttipiaren bekatu zirtzilak betiko infernua merezi du jainkoa, hau da, infinitoa, ofenditzen duelako, eta zigorra ofendituaren duintasunaren araberako izan beharko da, infinitoa oinazez eta denboraz... Jende lasaia bezain saldua dira teologoak.

Gure gaztaro eroan uste izan genuen erlijiotik askatu ginela. Orain, komunioneak, hileta-elizkizunak, Europako ondare kulturala eta Aita Sainduaren »bi maiuskuluekin!» osasuna direla eta, badirudi gure usteak ustel eta gaindituak direla. Betikoa betiko! Baina ez niretzat. Mingotsa eta errebelatua, errepikatuko: ez jainkorik, ez eta nagusirik ere! Eta jainkoa zeruan balego? Bakuninek erran bezala, handik hustu beharko genuke!


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude