Agenda 22


2005eko martxoaren 20an


Nondik nora?

genda beti jo izan dugu etsai itogarritzat. Gutiziaren bat, lagunarteko bazkariren bat, egotean egote hutsa... agendak galarazi izan digu urteetan. Lodia, estua, beltza edo arrea, arimadun arerio bihurtu dugu urtea joan eta urtea etorri, beregan eskumenik ez dugula sinistera iritsiz. Bete beharreko koaderno zitala lagun hartzea erabaki dut orain. Oroitzapenen euskarri eta gogoeten sorburu ere bada agenda, ikusien eta ikasien ibilbide, memoria-hutsik gabea.
22 berriz, 21ari kontrajarriz izendatu dut. Bestelakoa delako mugikortasun jasangarriaren kontzeptua, begiratu bulego bateko leihotik edo ibili batetik bestera jendearekiko etengabeko igurtzian. Herrien eta sentimenduen, eta herri-sentimenduen mapa osatzeko bidelagun hartuko dut hilero-hilero agenda. Ez espero izan erabateko zintzotasunik ordea, leku-izenetan. Bisitatu aurretik izen bat duen herriak beste bat har baitezake etxerakoan.


Nor tentatua

Ai baletoz berriz, bertso-bazkari edo afari bakoitzean apaiza bertsolariaren ondoan esertzen zen garai haiek! Izugarri errazten digu lana nor tentatua izateak. Gainera, apaizak, bertsolarion modura, jendaurrean mintzatu gabe etsitzen ez dakitenak dira, eta haien otordu aurreko edo osteko hitzek hari-mutur ezin hobea eskaintzen digute gure jarioa ehuntzen hasteko. Araotzen ondoan izan genuen Martin. Postrea amaitu ondotxoan jaiki, eta Gatzagara joan zen hileta-elizkizun bat burutzera. Bueltan etorri eta zortzietako meza eman zuen Araotzen. Amaitu eta Elkartera berriz sartzean, han aurkitu gintuen gu, oraindik jarriak, lehen utzitako lekuan. Apaizek eta fraideek ere lan egiten dutela adierazi nahi nuen; bidenabar, gu ere ez garela uste bezain alferrak.


Itzalen itzal

Antonomasia: ezaugarri orokor batzuk adierazteko, izen-propio baten erabilera. Izen horrek ordea, itzaltsua behar du oso, garaikideen artean bederen. "Hi haiz hi Indurain!" esanda, gehienok ulertzen dugu edozein pertsona kementsu eta irabazletzat hartu nahian ari garela. Prudenciorentzat arazoak. Zer pentsatu behar zuen, hain Indurain ez zen Indurain batek? Lizartzan izan gara urtero legez. Manolo Handie omendu dugu aurten, xume. Lizartzakoa da, eta soinujolea. Lizartzakoa, soinujolea, artista... eta nor. Ez, ez nintzen Kaxianoz ari. Manolo, anaia da. Ez du anaia zenaren itzalik izango Euskal Herri zabalean, baina oso estimatzen dugu herrian eta lagunok. Bere begiondoak bustitzea lortzeko adinako esanindarra daukagula frogatzeak geu hunkitzen gaitu.


Etxebeste delakoa

"Egutegi" hitza zabaldu baino lehenagokoa da Arantzazuko "kalendarioa". Sukaldean zintzilik ezagutu izan dugu etxe asko eta askotan, orria kendu ahala ze ezuste ekarriko. Sorpresan harrapatu gaitu aurten orri batek, otsailaren hasierakoak. -Akaso, "sos-presan" jarri behar genuke hemen-. «Etxebeste Bertsolaria» zuen izenburu. Ez nuen nik orain arte horrela ezaguturiko bertsolariaren albisterik, eta jakin minez ekin nion irakurketari. Testuak aurrera egin ahala, bestelako akats itxuraz larriago baina hondoan arinagoen artean, Juan Martin Etxebestez ari zela irakurri nuen, azken Gipuzkoako Txapelketan bigarren geratu bide zenaz. Jon Martini buruz ari zen, noski. Baina Juan Martin hari, deitura, ustez lehenengoa, aurkitu behar izan zion, segur aski latz bila ibili ondoren, testuaren egileak. Ez zitzaion nonbait buruan sartzen, lehen deitura Martin izan zezakeenik Jonek. "Abuelo" eta "abuela" ez dira nonbait oraindik, Arantzazura iritsi. Norbaitek barkamena merezi izatekotan ordea, ibiliaren luzeagatik, eta dagoen lekuan dagoelako, Arantzazuko jendeak merezi du. Aita Santua bera ere ez dabil oso katoliko...


Literatura ari du

Txurdinaga eta Azpeitia, hain urrunak itxura batean, literaturak elkartu ditu nire Agendan. Bilbora joan nintzen nire azken liburuaren aurkezpena egitera. Horrek ez luke bestelako misteriorik berez. Baina Santutxuko literaturzale talde bat hilean behin elkartzen da egile baten jiran, liburuari buruzko iruzkinak elkar trukatzeko. Zinez, merezi du osteratxoak. Normala eta ohizkoa behar lukeena, albiste bihurtu digu egungo gizarte-moduak. Azpeitian berriz, Literatuzta taldeko egile gazteekin batera, bertso kantari aritu ginen. Haiek lana bapo egina zeukaten. Gu ere ahalegindu ginen. Baina ez genuen asmatu. Ez dira nonbait uztar errazak literatura eta bat batekoa. Desberdina dute publikoa, desberdina erritmoa, desberdinak bero sentitzeko mekanismoak. Gure hanka-sartzea ulergarri delakoan nagoen bezala, Udalarena ulergaitzagoa egiten zait. Saioa iluntzera aurreratu behar izan genuen, gauez areto berean film bat eman behar zutelako. Presaka amaitu genuen lana. Irten orduko esan ziguten ez zela filmik emango, hiru pertsonak baino ez zutelako sarrera erosi. El aviador zen filma. Non eta Azpeitian! Jarri ba, auto-lasterketei buruzkoren bat!


Elurra teilatuan

"Kanpoan euria ari zuen". Modu horretako esaldiekin amaitzen dira poema asko eta asko. Funtzionatu egiten dute. Barne-sentimenduak azaltzen ari denak, sentimenduen pilaketaren ondoren, kontraste bortitza lortzen du arestikoaren moduko esaldiekin. Gu, hitza emandako lekuetara iritsi ahal izan gara otsail elurtu honetan. Zortea izan dugula aipatu nion lagun bati. Barre-murritxa eginez erantzun zidan: "Zuek ez daukazue arazorik! Elurra kanpoan egiten dik!".


ASTEKARIA
2005eko martxoaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude