Net Hurbil: Teheranen ere IKEA nahi dute kopian bederik


2005eko martxoaren 13an
Txistularien doinuz eta aurreskuarekin inauguratu dute gure artean Barakaldoko IKEA, hainbeste esames eragin eta euskarari ematen dion tratuagatik polemikaren bat ere piztu duena. 60 milioi eurotako inbertsio hori gureganatu, eta hemengo kontsumitzaile askok amestu du lehen baino coolagoa izango dela diseinu suediar horiek etxean sartuz.

Gauza bera nahi dute Iran islamiarrean ugaltzen ari den eta atzerriko modak erosi nahiko lituzkeen klase ertaineko herritarrek ere. Baina IKEAk ez du oraingoz interesik Iranen saltokirik irekitzeko. Eta ondorioz, hemengo herritarrek Suediako altzari famatuak eskuratzeko modu irudimentsuagoak antolatu dituzte.

Iranen horrelako tresneria eskuratzeko erarik zabalduena bertako arotzei IKEAren modeloak kopiatzeko eskatzea da. Artisauak bestelako zereginetan ikusten ditugun Mendebaldekoon begietan sinesgaitza dirudi, baina horretan ari dira Teheran eta beste hirietako hainbat arotz.

Izan ere, globalizazioaren ikurretako bat den IKEAren erredizak baino lehen katalogoa iritsi zen Iranera. Urtero berritzen den liburu famatu horren 5.000 kopia saltzen dira urtero Iranen. Baimenik gabe inprimatutako kopiak dira noski, eta IKEA multinazionala saiatu da Teherango auzitegietan horien zirkulazioa eragozten. Baina gaur arte ez du lortu.

Eskutik eskura zirkulatzen duten kopia horiek zabaldu dute moda. Mendebaldeko tresna horietako bat nahi duen herritarrak katalogoa begiratuta egiten du eskaria. Nori? Inguruko artisau bati. Teherango kasuan, eskariak altzari bihurtzen dira gehienetan hiriburuak ofizialeentzako sortu duen Jarjud industrigunean. IKEAren baimenik gabe eta inolako copyright-tik ordaindu gabe artisau irandarrek egindako ohe, mahai edo aulki. Horrek guztiak nola funtzionatzen duen deskribatu du Cyrus Schayegh kazetariak Beiruteko The Daily Star egunkarian.

Teherandik 30 kilometrotara hiriburuko Udalak (hiri barruko kutsadura izugarria arintzeko) eraiki duen Jarjud industri poligonoa bisitatu du kazetariak. Han aurkitu ditu atarian IKEA dioten afitxak dauzkaten artisauak. Hauetako gehienak duela urte gutxi arte altzari tradizionalak eginez bizi ziren, gurasoengandik jasotako usadioak eta estetika landuz. Etena 1988an gertatu zela dio Cyrus Shayeghek.

Urte horretan bukatu zen Irak-Iran gerra odoltsua. Ondoko urteetan, herritarrak antzinako gauzen memoria garratza alde batera uzteko irrikaz bizi omen ziren, eta bizimodu berri baten ilusioa emango zieten berrikuntzez gosetu omen ziren. Aldi berean, Teherango herriko etxea apartamentuz osatutako eraikinak hasi zen altxatzen, bestalde. Eta hauek hornitzeko, antzinako altzari handi eta zaharkituak baino gehiago, txiki eta modernoagoak bilatzen zituen jendeak.

Horrela hasi omen ziren Mendebaldeko modak hedatzen Teherango karriketatik, eta horien eskutik iritsi ziren IKEAren katalogoak. Liburuen ondoren, dendak etorriko ziren: dozena erdi bat IKEA denda (Suediako multinazionalarenak ez direnak eta bere frankiziarik ere ez daukatenak) daude Teheran eta beste hiri txikiagoetan. Horietan saltzen diren produktuak hein batean atzerritik inportatuak dira.

Bertako ofiziale askok aldiz IKEAren katalogoetan azaltzen diren altzarien kopiak egiten dituzte, lehendik ere kopiak egiten trebeak direnez. Tailerrean duten katalogoan hautatzen dituzte bezeroek etxera eraman nahi dituzten trasteak, eta artisauek bertan egin. Horrela, atzerritik inportatuta (eta bidaia luzearekin garestituta) dendek saltzen dituzten altzari orijinalen oso antzekoak prezio laurdenean ematen dituzte zurgin hauek.

Jainkoa eta copyright eskubideak

Altzari suediarren modarekin gertatzen denak islatzen ditu Persia zaharrean gaur egun gertatzen ari diren kontraesan eta aldaketak. Tartean daude nazioarteko merkataritza itunen betebeharrak eta gobernu islamiar batek kudeatzen dituen gizartearen garapena.

IKEAk Iranen bere frankizia ez saltzea argudiatzen du esanez, bere produktuen marka eskubideak ez direla errespetatzen; auzitara jo du baimenik gabe bere izena eta produktuen diseinuak erabiltzen dituztenak zigor ditzaten, baina orainokoan ez du irabazi. Eta hau gertatu da Irango legeek eta auzitegiek ez dituztelako onartu jabego intelektualari eta marka komertzialei buruzko nazioarteko legeak.

1980etan, Iraultza islamiarraren ondorengo beroaldian, lege horiek onartzea Mendebaldeko kapitalismoa onartzearekin parekatzen zen. Gero, ordea, denborarekin gauzak pixkanaka "bere onera" (hala esan beharko dugu Inperioaren garaiotan) etorri dira hemen ere, eta joan den abenduan sinatu zuen Iranek Madrilgo 1989ko Ituna, Marken Nazioarteko Erregistratzeari dagokiona.

Teherango gobernuak Munduko Merkataritza Erakundearekin negoziaketak ireki nahi ditu, gaur Estatu Batuek blokatzen dituztenak. Hori hala da Irango aginteak ulertu duelako beharrezkoak dituen inbertsio atzerritarrak eskuratu nahi baditu, lege horien arrastoan sartu beste erremediorik ez daukala.

Enpresa irandar handienek ere kalkulu bera egin dute. Cyrus Schayeghek idatzi duenez, argitaletxe handienek, esate baterako, ez dituzte gehiago plazaratuko baimenik gabe atzerriko hizkuntzetatik itzulitako liburuak. Eta duela hiru urte, lehenbiziko aldiz, Teherango liburu azokan zenbait obra copyright eta guzti azaldu omen zen.

Hori ordea etorkizunari begira hasitako bide luzearen lehen urratsa baino ez da. Estatuak lanak izango ditu (eta horretarako denbora luzea beharko du) copyright eta marka komertzialen legeak ekonomia osoan orokortzen, aldaketa handiak ekarriko baititu honek milaka komertzio txiki, lantegi eta artisauren artera.

Bitarte horretan, IKEA izena daraman Teherango Jam-e-Jam auzoko dendak markako altzari autentikoak behar ditu bezero aberatsentzako (zurgin irandarrek egindako kopiak aski ez dituztenentzako), eta bertako zuzendariak aitortu dio kazetariari sarri joaten dela abioiz Alemaniara eta Dubaira (Arabiar Emirerri Batuak) erosketa handiak egitera. Hamburgen edo Dubain bezero normalen prezioetan erosten ditu komertzianteak altzariok, eta bidaiaren kostuak gehi dendariak behar duen irabazia erantsita, tresna garestiak bihurtzen dira.

Schayeghek idatzi du akaberan: "Hasieran Suedia sozialdemokratan langileen esku altzari kalitatezko eta ongi diseinatuak jartzeko asmoarekin sortutako tresnak, Iran bezalako herrialde batera eramaten direnean oso jende gutxik eskuratzeko modukoak bihurtzen dira". Amigo, baina horrela funtzionatzen du modak.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude