Margaret Bullen: «Munduan ez da gizarterik matriarkala izan denik»

  • Margaret Bullen antropologoa da. Peruko Arekipako bi herri berri izan zituen aztergai doktorego-tesia egiten ari zen garaian. El poder y lo popular, cultura y comunicaciones en dos pueblos jóvenes de Peru. Kitxua eta aimara andinoak herri handietara lanera jaitsi eta nozitzen zituzten aldaketak aztertu zituen. Lekualdaketa horrek haiengan eragiten zuen aldaketa: identitatean, hizkuntzan, kulturan... Kitxua eta aimara gabe, Irun eta Hondarribiko alardeen gaineko lana argitaratu zuen iaz: Tristes espectáculos: las mujeres y los alardes de Irun y Hondarribia. Bi herri han, bi herri hemen... eta emakumearen egoera ikergai aspaldian.

2005eko martxoaren 13an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Euskal Herriko emakumea hartu duzu ikergai, kulturaren transmisore izan den aldetik. Zertan da emakumearen lana arlo horretan?
Kultura transmititzea zer den zehaztu behar lehenengo, hau da, kultur ezaugarriak gure ondorengoei uztea: transmisio "bertikala", nahi izanez gero. Ezaugarri horien artean da hizkuntza, jakina. Nik esango nuke oso ukitu erromantikoa nagusitu dela emakumeak egin duen transmisio lanari dagokionez. Etxean jardun duela, seme-alabekin, hizkuntzaren transmisioa berak egin duela... Horrelakoak esaten dira. Adibidez, "ama hizkuntza" esaten da, nahiz eta "aita hizkuntza" ere badagoen. Gure etxean, esaterako, denetarik hitz egiten dugu: gure seme txikienak euskaraz hitz egiten du. Euskara dela eta, "aita hizkuntza" du euskara, nik ingelesez hitz egiten diot eta. Beste bi umeei dagokienez, berriz, gaztelaniaz mintzo dira ondoen; nik ingelesez hitz egiten diet eta beraien aitak, berriz, euskaraz. Hortaz, non da "ama" hizkuntza? Baina horrela hitz egiten dugu. Horixe da ohitura. Kulturaren transmisioa dela eta, emakumeak jokatzen duen rola dela eta, zehazki, arlo pribatura mugatzen da gehienbat, eta gizonak jokatzen duen rola baino gutxiago baloratzen da, gizonak baitira idatzizko literaturaren transmisore, eta horrek izan du prestigio handiena orain arte. Alde horretatik jo dut nire azterketan.

Baitezpadako lana egin duela esango genuke?
Ez dago esaterik bataren lanak bestearenak baino garrantzi handiagoa duenik. Hori baino bihurriagoa da kontua. Orain arte baloratu ez diren gauzak baloratzea da koxka. Seguru, batak lan handiago egin duela arlo batean, eta besteak bestean. Baina ez dago lehiarik. Baloratu ez diren gauzak baloratzea da kontua. Horretan naiz ni. Eta emakumearen historiari dagokionez, jakina da haren lanari ez zaiola garrantzirik eman, etxe barruan egin duen lana ez dela behar bezala baloratu: seme-alabei erakutsi dien hizkuntza, kontatu dizkien ipuinak, kantatu dizkien kantak, erakutsi dizkien jolasak... ez da behar bezala baloratu. Edo herri mugimenduetan egin duten lana! Dela Korrika-n edo bestelakoetan. Horri balioa eman behar zaio. Zeinek egin duen gehiago, zeinek gutxiago... kontua ez da neurtzea, egindakoa baloratzea baizik.

Eta euskal kulturaren baitan jokatu duen rola, berezia da, edo Mendebaldeko kulturan emakumeak ohi duen lana bete du, beste zehaztapenik gabe? Matriarkatua dut gogoan...
Antropologiari dagokionez, eta emakumearen ikasketei dagokienez, bateko eta besteko kulturetan diren emakumeen arteko berdintasun eta ezberdintasunak zehaztea izango litzateke lana. Antropologo asko saiatu da ikerketa horretan. Emakumearen otzantasuna eta genero ezberdintasuna unibertsalak diren ala ez aztertzen saiatu dira. Eta ematen du unibertsalak direla. Baina, horrekin batera, oso era ezberdinetan gauzatzen da mendean hartze hori. Aldatu egiten da kultura batetik bestera, eta gizarte batetik bestera. Ez dago esaterik, beraz, euskal kulturan emakumeak halako egoera jakin bat izan duenik, emakumearen egoera guztiz dinamikoa baita eta eragileak beraiek aldarazten ari dira momentu oro. Euskal kulturari dagokionez, zenbait arlotan emakumeak beste leku askotako emakumeek bizi duten egoera biziko du, baina beste zenbait arlotan, berriz, berezko idiosinkrasia izango du, berezko kultur ezaugarriak.

Eta non da "euskal matriarkatua"?
Matriarkatuarena, topiko handi bat iruditzen zait. Gainera, asko ikertu da. Ni kontu hori desmitifikatzen saiatzen naiz. Ez naiz arkeologoa, ezta Historiaurrean aditua ere, ez dakit behar beste eta ezin esan garai hartan matriarkaturik ote zegoen edo jainkosa bat gurtzen zuen erlijiorik. Matriarkatu horrek mitoak ditu oinarri, Barandiaranek bildutako ipuinetan ageri den Mari, alegia. Mitoak interpretatzen hastea beste upel bateko ardoa da. Barandiaranek Mari aukeratu zuen, beste hamaika mitoren artean, lamiak eta beste. Hortik ezin esan garai batean euskal emakumeak aparteko ahalmena zuenik. Baina, horrez gainera, emakumeak baserrian izan duen rola aztertzen bada, erritoen iraupenean izan duen inportantzia eta abar, suaren eta kandelen zeremonia, hildakoen arima bizirik iraunarazteko lanak, eta hau eta hori, emakumearen rola nabarmendu egiten da. Horretan ez da dudarik. Baina matriarkatua izan dela baieztatu baino lehen, emakumeak benetan boterea izan duela frogatu beharko genuke; arlo pribatuan, etxe barruan nagusi izatea ez da nahikoa. Zenbait daturen arabera hemengo baserriko emakumeak beste zenbait emakumek beste zenbait lekutan izan duen inportantzia baino handiagoa izan du: dirua kudeatu du, erritoak zaindu ditu... Baina hortik euskal gizartean emakumeak agindu duela esatera, matriarkatua horixe da eta, alde handia dago. Kontrola, boterea, erabaki garrantzizkoak... ez ditu hartu emakumeak. Ikerketa mordoa egin bada ere, ez da munduan gizarterik matriarkala izan denik. Amerikako zenbait tributan emakumeak gizonezkoak baino protagonismo handiagoa du arlo jakin batzuetan, baina bat bera ere ez da matriarkala.

Aldiz, ematen du mitoa oraindik indarrean dela. "Euskal matriarkatua", alegia.
Horretan oso lan interesgarria da Teresa del Vallek eta Carmen Diezek egindakoa: Mujer vasca, imagen y realidad. Alegia, zein den irudia eta zein errealitatea. Matriarkatua topiko bat da oraindik. Beharbada ez unibertsitatean, baina bai kalean. Oinezkoek, uste hori dute oraindik. Irun eta Hondarribian ere, alarde mistoaren kontra dauden emakumeek horixe diote: "Guk ez dugu feministen irakaspenik behar: matriarkalak gara, geuk agintzen dugu", diote.

Emakumeak abertzaletasunaren barruan izan duen presentzia eta egin duen lana ere aztertua duzu. Sorne Unzueta ez da hil zaharra...
Emakumeak herri mugimenduan parte hartu du. Lan interesgarriak egin dira gai horren inguruan. Mertxe Ugaldek, adibidez, emakumeek PNV barruan egindako lana aztertua du. Gaur egun, gero eta emakume gehiago ikusten dira, eta ikusiko dira, politikan. Horien rola ere aztertu egin beharko litzateke. Emakumeek mugimendu nazionalistan lan handia egin dute. Batzuetan, familia barrutik egin dute, edo etxean. Begoña Aretxaga zenak, emakumeak hileta elizkizunean jokatzen zuen rola aztertu zuen, lan etnografiko fina. Ardura politikorik gabeko emakumeak egindako lana da. Beste lan bat aipatzekotan, Elixabete Garmendiak Yoyesi buruz egindakoa: emakume bat ETAn, haren proiektua emakume zen aldetik, eta erakundeko militante zen aldetik; eta emakume zelako erakundean goraino heltzeko izan zituen eragozpenak eta gainditu behar izan zituen aurrejuzkuak. Zer pentsatua ematen du lan horrek. Gaur egun protagonismo handiagoa du emakumeak politikan, baina erabakiak hartzeari dagokionez, oraindik bada zer eginik.

Senideak elkarteko bilkura eta gainerakoetan bistan dira emakumeak. Ez dakit gehiago ere ez ote diren.
Egoera askotan, jendea elkarrizketatzen dutenean, amak erantzuten du. Beharbada horixe da ama horren rola: askotan, familia buru balitz bezala mintzo da, familia atzera batzeko ahaleginetan. Beharbada horixe da estereotipoa. Gainerakoan, politikan eta bestetan, goi karguetan gizonezko dira gehienak. Emakumezkoei ez zaie behar besteko protagonismoa ematen. Eta, bestalde, kritikoago gara emakumearekin: gutxi dira eta nabarmenago. Haien gainean hitz egiten denean, gehienetan gaizki hitz egiten da. Condoleezza Rice bat eta... Tira, beharbada Condoleezza Rice ez da adibide onena.

Eta zergatik ez zaio behar besteko garrantzia aitortzen emakumeari?
Aldatzen ari da hori ere. Bidean gara. Ematen du emakumeen gaiak emakumeei zuzentzen zaizkiela. Desoreka hori iraultzeko asmotan, adibidez, Andra kazeta sortu zen, baina ez du eraginik Gipuzkoan gehien irakurtzen den prentsan. Emakumeen lana nabarmenarazteko, doi-doi emakumeena bezala azaldu behar du oraindik. Hurrengo aldi batean, gizonaren ekintza eta emakumearena, biak integratuko dira, biak batera, berdin. Baina oraindik bidean gaude.

Emakumeak diasporan izan duen rola ere aztertu duzu. Zerk bultzatu zintuen horretara?
Emakumeak euskal kulturan ikertzen hasi nintzen eta, ondorioz, ezin alde batera utzi orain arte idatzitako lanak. Besteak beste, William Douglassenak. Neu ingelesa naiz, ez naiz amerikarra, baina diasporako emakumearen irudiari begira hasi nintzen, leku batetik bestera dabilen horren irudiari, haren identitateari. Nola aldatzen den jakin nahi nuen. Inmigrazioa, bestalde, alderdi maskulinotik aztertu da. AEBetan, artzaina izan da. Hego Amerikan, indianoa... baina emakumea behin ere bistara ekarri gabe. AEBetan, Douglassek liburu eder horiek idatzi zituen: Beltran eta (Beltran: Basque Sheepman of the American West), Joxe Malleak artzainek arboletan egindako marrak aztertu zituen... Baina, izan, Jeronima Echeverriaren lanak bistaratu zuen emakumea lehenengo aldiz. Horren lana da abiapuntua. Horixe gertatzen da: alegia, nahiz eta ikertzaileak sentiberatasun handiko izan, era batera baino ez zaigu azaldu errealitatea.

Uste nuen zenbat eta gizarte aurreratuagoa, orduan eta protagonismo handiagoa zuela emakumeak. Diasporaren mundu kongresuetan nabarmen ageri da hori...
Arriskugarria da horrela hitz egitea. Gizartea bera aztertu behar da horretarako, eta inmigrantearen ibilbidea bera. Gizarteak zein leku ematen dion emakumeari, errebindikazioagatik den ala ez... Batzuetan zuk esandakoa pentsatzen dugu. Eman dezagun Kanadan eta AEBetan gizartea aurreratuago dela; baina beharbada legez besterik ez dira aurreratuak, baliteke praktikan, etxean edo kaleko bizimoduan, horrelakorik ez izatea. Esaterako, AEBetako zenbait ikasle ditut eta haiek diotenez, hemen bertan familia eta laneko bizitzak askoz ere hobeto uztartzen dira han baino; familiaren aldeko neurri gehiago direla hemen esango dizute, eta amatasun baimenak emango dizkizute adibide. Batzuetan, ikusten den alderdi horrek engainua besterik ez du: "Zein aurreratuak, Zein liberatuak!...», baina atzeko aldea ikusi eta orduantxe kontuak!

Diaspora aipatu dugu, Euskal Herritik haranzko jende mugimendua, nahiz eta oraintxe bestelakoa dugun joera: honanzkoa, alegia...
Euskal Herrian mugimendu txikia da oraindik, baina Jaurlaritzak, erakundeek, antropologoek... joera hasi berri honen aztarnak aztertzeko borondatea dute. Identitatea, hizkuntza... gauza askori eragingo dio mugimendu honek. Hemen, gainera, hizkuntzarekiko sentsibilitate handia dago: urte askoan egin da lan euskara eskoletan irakats dadin. Orain datorren jendeak, berriz, bestelako hizkuntza beharrak ditu beharbada, eta hortaz, nola lagundu horiei da kontua, euskal kultura eta identitatetik betiere. Migrazioari dagozkion ikasketetan, emakumea ikusezin dela konturatu gara, beste hamaika arlotan bezain ikusezin. Begoña Petxarromanek eta biok emakume inmigranteei buruzko lana egin dugu Gipuzkoan eta Araban, lan munduan duten sarrera aztertuz, batez ere. Jakina da inmigranteek etxeetan lan egiten dutela, edo ostalaritzan. Guk haien lan egoera aztertu dugu, nola lotzen diren familiekin, eta orain horren jarraipena egin nahi dugu.

Aizu, eta lehen femeninotasuna besterik ez zen aipatzen. Orain, maskulinotasuna ere aztergai da, oker ez banaiz...
Bai, femeninotasuna bezala. Alardean, adibidez, genero ikuspegitik aztertzen hasi eta gizartea aztertzera jotzen duzu: emakumeak beste pertsona batzuekin bizi dira, gizonekin batera. Hortik, izateko eta jokatzeko postura jakinak hartzen ditu emakumeak eta, ondorioz, kultura batek halako femeninotasuna, edo maskulinotasuna sortzen du. Ez da "emakume gara eta kito". Ez gara izaki biologiko soilik, soziokulturalak ere bagara. Femeninotasuna, eraikitako identitatea da, emakume izateko modua. Genero ikasketetan emakumea bistaratzea izan da lehenengo lana. Gero, jabetu gara, emakumea bistaratu egin behar dugula baina gizonarekin harremanetan. Hurrena, gizonak aztertu behar ditugu, gizon direla onartuz, baina gizon izatea -maskulinotasuna-, kultur eraikuntza dela jakinez. Emakume izateko era asko dago, eta gizon izateko era asko ere bai. Maskulinotasunak arau hegemonikoa du, eredu dominatzailea, gizonak rol hori jokatu behar duela dio arau horrek. Gaur egungo gaia da, eta zenbait lankide maskulinotasuna eta bide segurtasuna ari dira aztertzen.

Bide segurtasuna? Zer esan nahi duzu?
Maskulinotasuna eta trafiko istripuak, gazte jendearen gidatzeko modua. Azkar gidatzea, hau da, arriskupean gidatzearen eta gizon izatearen arteko lotura. Autoaren rola eta norberak autoarekin duen rola. Aplikazio praktikoa ematen du, ezta?

Nortasun agiria
Margaret Bullen (Ingalaterra, 1964). Antropologoa. Espainiar eta Frantses Filologiak ikasi zituen eta doktorego-tesia lantzen ari zen Liverpoolen gaur egun senar duena ezagutu zuenean. Honek ekarri zuen Hendaiara. Hamahiru urte darama Euskal Herrian. Lehenengo, Donostian irakasle Renoko (Nevada) Unibertsitateko USAC programaren baitan, Euskal kultura irakasten. Irakatsi ez ezik, ikasi eta ikertu du. Euskara ere ikasi du hamahiru urte honetan, hiru ume hazteak eta eguneroko lanak galarazi ez dioten tarteetan: HABE eta AEK probatu ditu eta Irungo Hizkuntza Eskolan ari da. Egun, UPV-EHUn da irakasle.

Atzerritarren lepotik
«Hemen, familia aldatzen ari da, emakumea etxetik kanpo ari da lanean. Aldiz, emakume atzerritarra etxean ari da lanean. Erronka berria du hori feministak: nola liteke emakumearen liberazioa, etxetik kanpora irten lanera, ordainetan beste emakume batek egiten badu lan hori? Atzerritik etorritako emakume horiek, gehienetan, familia utzi dute sorterrian eta, onenean, amama dute seme-alaben kargu. Zaila da egoera. Kontua da arazoa etxean konpondu beharrean, kanpora jotzen dela hori konpontzera, eta besteren lepotik konpontzen dela arazoa, etxean lan kooperazioa eragin gabe».

Emakumea bistara ekarri
«Egun, jende gehiago ari da emakumearen lana bistara ekartzeko lan horretan: Begoña Petxarroman, adibidez. Ea lana bukatzen duen eta irakurtzeko modua dugun. Petxarromanek AEBetako artzainen ondoan ari ziren emakumeen lekukotasunak bildu zituen. Etnografia purua egin zuen; interpretazio lana dator gero. Barandiaranek ere horixe egin zuen: bildu. Hark bildu izan ez balu, akabo. Horixe etortzen zait burura askotan: hiltzen ari den jende horrek informazio pila du. Horien lekukotasunak bildu beharra dago. Diasporan horixe da polita: ez da gizonari lekua kentzea, baina emakumeari ere hitza ematea».

Bertsoa
Doinua: Lagundurikan danoi

Genero banaketan
guztia aztergai
bihurtu dugu eta
lanak hortan darrai.
Bakoitza da bakoitza
ala bestea nahi?
Bakoitza da bat eta
bestea ere bai,
baina nor da noiz zer den
konturatzeko gai?

Irun eta Hondarribiko alardeak
«Ikuskaria triste da oraindik, baina eboluzioa ere ikusten da. Erasoa eta biolentzia ez dira hain nabarmen gaur egun. Hasieran bezain nabarmen ez behintzat. Keinu esperantzagarriak ikusi behar dira, oraindik egoera tristea den arren. Keinu horietan, adibidez, Irunen, desfile paraleloari begiratu behar diogu, harrera handiago duen ez duen, edo alarde batetik bestera igaro den jendeari, edo esperantza neska-mutiletan jarrita duen jende taldeari... Elkarrizketa honetan zehar ere horixe ari gara behin eta berriz esaten: zenbat kostatzen zaigun jaso dugun herentzia aldatzea. Ez dira gure bizitzak bakarrik, baita aurrekoenak ere, eta beraz, denbora behar du horrek. Urrats handiak egin dira, eta egingo dira: berdintasun legea ere hor da, onartu berria, ikusiko dugu nola aplikatzen den...».


Azkenak
Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Eguneraketa berriak daude