Dinouart abade frantsesaren L'Art de se taire, principalement en matière de religion izeneko liburutxoak 1771n ikusi zuen argia. Liburuan, Ilustrazioko hainbat ideiari kontra eginik, isiltasunaren inguruko kontsiderazio moral eta erlijiosoak bildu zituen Dinouartek, atzerakoiak bezain harrigarriak: liburu gehiegi argitaratzen zirela zioen, baina berak ez zion uko egin liburuak idazteari, eta irakurleen zein idazleen kopuruak gora egin izana kritikatu bazuen ere, nahikoa ez zela idazten utzi zuen esana. Kontraesanik ez, ordea, haren hitzetan: erretoreak disimulurik gabe adierazi zuen bere ideologiaren gustuko obrak baino ez zituela nahi ikusi argitara emanak.
Guztiarekin ere, Isiltzearen artea egungo liburu praktikoen aurrekari bitxia da, bere laburrean. Dinouartek, besteak beste, isiltzeko printzipioak zerrendatu zituen, eta isiltasun motak eta horien zergatiak sailkatu, isiltasuna, betiere, baliabide etiko eta erretorikotzat harturik, baina inongo xede mistikorik gabe.
Naizen kalakari honi liburuaren izenburuak eman zion atentzioa, berritsuoi izugarri interesatzen baitzaigu isiltasuna. Jende lagunkoi eta irekia zaretenok konprenituko didazue: mintzo ugarikook badakigu, ohartzen gara, astunak izateko arrisku handia dugula, edo indiskretuak, edo, besterik gabe, fidagaitzak. Normalean miresmena baino ez diogu jende isilari, esaten ahalko luketena isilpean iraunarazten dakiten pertsona zuhur horiei. Hiztunok badakigu, ohartzen gara, jende isilak askoz itzal handiagoa duela guk baino, eta ausaz hobe izanen genukeela isiltzea. Dinouartek berak zioenez, "oro har, arrisku handiagoa hartzen da mintzaturik isilik egonik baino", nahiz aldi berean, batzuetan hitz egitea zuhurra dela gaineratu zuen!
Eskarmentuak erakusten du, bestalde, badela munduan besteen isiltasuna eta diskrezioa izugarri ongi aprobetxatzen dakien jendea. Mobbing edo bulling fenomenoak ia ezinezkoak dira isiltasunik gabe. Emakume anitzek jasaten dituzten tratu txarrek ere sekretua dute osagarri printzipalenetako bat, haurrei egindako abusuek bezala. Adituek diote: egoera bortitz horiei hitz eginik egin behar zaie aurre, egoerak jendaurrean azalaraziz.
Anitzetan gizarteak berak zedarritzen du zerk iraun behar duen isilpean gorderik, zer isildu behar dugun. Euskaldunok gure kulturan arras barneraturik dugu, esaterako, trapu zikinak etxean garbitu behar direla, kanpoan aireratu gabe. Horrek zer onik eta zer txarrik dakarkigun aztertu beharko genuke, agian.
Badira, ordea, adibide orokorragoak, mendebaleko kulturan txertatuak. Anitz eta anitz emakumeoi dagokigu, eta horietako bat da hilekoaren inguruko isiltasun ozena: emakume anitzek segitzen dute pentsatzen ez dela egokia hilekoaz mintzatzea jendaurrean, batez ere, gizonen aitzinean, eta errefus horrek egungo neskatila anitzengan dirau, ahalke naturaletik haratago.
Demokraziaz mintzatzen denean, sistema politikoaz besteko gairik ez da aipatzen. Ez dira eztabaidatzen egunero inork aipatu gabe gure bizitzak mugatzen dituzten kontuak, ez ditugu kolokan paratzen afektibitatea edo maitasuna kudeatzeko porrot egin duten manerak, ez zaigu bururatzen jendearen arteko harremanek egokiagoak eta erosoagoak izan beharko luketela, demokrazia autentikoago batean, ez diogu gure buruari galdetzen nori egiten dion mesede gure ekonomia partikularren berri jendaurrean emateko debeku adierazi gabeko horrek, eta isilik segitzen dugu, otzan, gure sekretutxoak gordeta... Dinouart apaizak herritarrok horrela, isilik, egoteko esaten zuen. Eta guk, bi mende luze geroago, kasu egin hari!