1980ko hauteskunde kanpaina: politikaren zirkoa kalean

  • Orain dela 25 urte aukeratu zen lehenengo aldiz Eusko Legebiltzarra. Gaurko egunez, orain 25 urte kanpaina abian zen. 1980ko martxoaren 9rako zeuden deituta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako biztanleak euskal parlamentua izango zena hautatzera. Kanpaina otsailaren 15ean ofizialki hasi bazen ere, partidu politikoak aurretik ari ziren lan horretan, gaur egun gertatzen den gisan. Ez dira data berberak, ezta egoera bera ere. Baina orduan bezala aukeratuko dugu aurten apirilaren 17an legebiltzarra. Orduko hartan amnistia, autodeterminazioa, Nafarroa, Espainiarekiko harremana, lana... izan ziren kanpainaren ardatz. Bitartekoak, ordea, igarotako urteen lekuko dira: 1980an hiru astetan 300 mitin inguru egin zituzten alderdiek, kartelak itsatsi zituzten nonahi, festa giroko ekitaldiak ugaritu ziren... Alianza Popularrek abioneta eta guzti erabili zuen bere leloa zabaltzeko. Aurtengo kanpaina hastear dela, orain 25 urtetako oroitzapenetan murgilduko gara.

2005eko martxoaren 06an

Euskal historian ez zuen aurrekari zuzenik, 1839tik 1876a arte autogobernuaren tresna nagusiak izan zitezkeen Nafarroako Gorteak eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Batzar Nagusiak lurralde horien esparru politikotara mugatzen baitziren. Hala ere, 1980an azken eskualde horiengan guztiengan eragina izanen zuen erakunde legislatibo bat jaiotzear zegoen. Izan ere 1931-1936ko Estatutuek, era desberdinean aurreratzen zutena, 1979ko Autonomia Estatutuaren ondorioz gauzatu beharra zegoen Arabarako, Bizkaiarako eta Gipuzkoarako.

Alderdiak lehian 7.ean aidanez

Ohikoa bihurtu den legez, nahiz eta Euskal Parlamentua hautatzeko burutu behar zen kanpainaren hasiera otsailak 15ean izan, Euskal Autonomia Estatutua 1979ko abenduan indarrean jarri zen unetik, alderdien arteko lehia abian zen. Ordurako euskal hiritarrek oso zanpatuta zuten hautestontzien bidea. Suarezek bere Erreforma Proiektua baimentzeko antolatu zuen Erreferendumetik zazpigarren aldia baitzen bozkatzeko. Izan zezaketen aspertzea aparte lagata, erroldako 1.571.775 boto emaileek arrazoi anitz zituzten berriro hautestontzietara hurbiltzeko. Izan ere euskal gobernuarekin batera autonomiaren ardatza izanen zen erakunde legegilea hautatzeaz gain, aurreautonomikoaren bidezidorretik askoz haruntzago joan zitekeen autogobernuari ekitea zuten helburu. Hori bai, Gernikako Estatutuak esparrutzat hartzen zituen hiru lurraldetara mugatuta.

Abagune zaila kanpaina berrirako

Erronka ez zen batere erraza izanen. Alde batetik, berriki onarturiko Autonomia Estatutua gauzatzeke zegoen. Euskal Erkidegorako onartzen zituen eskuduntzak gorpuztu gabe jarraitzen zuten eta eraikuntza instituzionalaren oinarri nagusienetakoa, Kontzertu Ekonomikoek bermatuko zuten ogasunezko arlokoa alegia, lortzetik arras urrun zeuden Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba. Ekonomiaren oinarri horretan desberdintasun latza bistan zegoen: 1937ko ekainean, Bilboratu bezain laster, Francok kontzertu ekonomikoak deuseztatu zituen lau egunetan, baina bera hil ostekoan, lau urte igaro arren, berreskuratu barik zituzten "lurralde traidoreak". Bestetik, Euskal Parlamentuak eta Jaurlaritzak sinesgarritasuna izateko gainditu beharko zuten Consejo General Vasco delakoak 1978-1979 artean izandako eragin apurra. Abagunea ere ez zen deus lagungarri, diktaduraren ondorengo trantsizioaren aldagai politiko eta ekonomikoen larritasuna areagotzen ari baitzen. Krisi ekonomikoak arlo guztiak baina bereziki industriala astintzen zituelako, langabeziak gero eta gorago jotzen zuen. Era berean, 1980an hildako eta zaurituen kopuruak laster oso gaindituko zuen indarkeriak 1979an izandako atentatuen maila. Hala eta guztiz ere, hauteskunde autonomikoen emaitzek eratuko zuten erakunde politiko berrietan alderdi politiko gehienek ahalik eta hobekien kokatzea nahi zuten. 1979ko martxoko hauteskunde orokorretatik urtebete pasa berria zelarik, hori egiteko aukera izan zuten baita beraien indarrak neurtzeko ere.

Bezperetako auzietatik kanpainakoetara

Dena den, hainbat partidutan, kanpaina hastear zegoenean, zerrendak osatzeko tenorean arazoak eta liskarrak piztu ziren. Emaitzak ikusita, hauteskundeetan nagusi izanen zen EAJren kasuan, kanpaina hastear zegoenean itxi barik zeuden Bizkaiko erakundean Ormazaren eta Arzallusen jarraitzaileen arteko krisiaren zauriak. Lehendabizikoak, Sabinianoak deiturikoak, Bermeo bezalako herrietan militantziaren erabateko gehiengoa zuten eta hautagaien zerrendetatik erabat baztertuak izan zirelako, beraien botoak HBren alde joanen zirela uste zuten anitzek. Joera hori amatatzeko alderdi nazionalistak 84 urte zituen Jesus Maria Leizaola lehendakari ohia jarri zuen Bizkaiko zerrenda buru, bide batez, Parlamentuko adineko mahaia osatuko zenean bereganatzeko asmoz.

Alderdi Sozialistan ere, 1979ko azaroan buruturiko II. Biltzarrak oso nabarmen utzi zituen bere baitan zeuden desberdintasun politikoak. Txiki Benegasek eta Juan Iglesiasek gidatzen zuten zuzendaritza batzar hartatik garaile atera bazen ere, Ricardo Garcia Danborenearen irizpide politikoak nagusitu ziren. Horiek oihartzun zuzena izan zuten zerrendetan eta batez ere kanpainako jokabide zein helburutan. 1977ko ekainaz geroztik izandako hauteskundeetan, PSE pairatzen ari zen boto galerei aurre egiteko egundoko lema kolpe bat eman zioten Danboreneak eta enparauek: euskal politika nazionala eginez gero, nazionalisten alde jotzen zutelakoan, hobe zutela ikusmolde euskaltzaleei bizkarra ematea eta komunitate ez euskaldunaren baitan botoen bila aritzea. Sozialistek kanpainan zehar erabilitako lelo nagusiak -Una Euskadi para todos (Euskadi bat guztiontzat)- nazionalistak garaile izanez gero bazterturik suertatuko omen zen komunitate espainolistaren babesa eskuratu nahi zuen. Are gehiago, ordurarte Consejo General Vasco delakoan kide izandakoak, jeltzaleak alegia, arerio bilakatu zituzten sozialistek. Estatu mailan PSOEkoek, UCDrekin zuten lehia bazterrean lagata, euskal nazionalismoa kritiken jomuga bihurtu zuten. Hori atzerakoi eta erreakzionario zen bitartean, alderdi sozialistak etorkizuneko gizartea hurbilduko zuen Euskadira. EAJri buruz hitz egiterakoan, hitz larriak plazaratzen zituzten behin eta berriro: bai Danboreneak baita Benegasek ere "programarik gabeko alderdia, ganorabakoa eta euskal herriaren etsai nagusitzat" jo zuten adierazpen desberdinetan.

Herri Batasunari dagokionez, dezente kostatu zitzaion kanpainari heltzea. Batez ere, erabakitzea zer nolako jarduna garatuko zuen jaiotzear zuten Parlamentuan. Horri buruz iritzi hagitz desberdinak zeudelako, koalizio hori osatu zenetik lehen hausturak gauzatu ziren. Azkenean, lurraldetako asanbladetan, HASIkoen eta independenteen analisi eta erabakiak nagusitu ziren. Horien arabera, estatuak eragindako neurri errepresiboak areagotzen ari zirelako, prozesu autonomikoan zegoen eskuduntzen eza zela medio, presoen arazoan irtenbiderik ez zegoelako eta langileriaren interesak defenditzea ezinezkoa izanen zelako ez zen komenigarria Euskal Parlamentuan parte hartzea. Horren ondorioz, Herri Batasunakoak hauteskundeetan jarduteko prest baziren ere, ez zuten legitimatu nahi Estatutuaren kimuberri hori. Gainera, kanpaina hasi berria zelarik, otsailaren 18an hain zuzen ere, HBko Mahai Nazionalak koalizio horrek zituen kargudun guztiak instituzioetatik erretiratzea erabaki zuen. Oso kontrako jarrera zuten ESBkoek eta LAIAkoek. Parlamentuetan eta gainontzeko instituzioetan parte hartzeko prest zeudelako erabaki horren aurka azaltzeaz gain, HB behin betirako laga zuten. LAIA bereziki oso gogor mintzatu zen esanez HBren baitan zeuden alderdiak deuseztatuak izan zirela eta asanbladaren bitartez erabaki beharrean "independenteek" era autoritario batez agintzen ari zirela koalizio ohian. HB kritika horien aurrean makurtu beharrean, KAS alternatibaren programak biltzen zituen bost puntu -Amnistia, Alderdi Independentisten legalizazioa, FOPkoen alde egitea, Estatutu burujabea eta langileendako hobekuntza sozioekonomikoak bermatzea- hauteskundeetarako ontzat eman zituen eta bere zerrenda buruak aurkeztu zituen, independenteen nagusigoa adieraziz: Telesforo Monzon Arabakoa zen bitartean, Miguel Castells eta Paco Letamendia "Ortzi" Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa ziren, hurrenez hurren.

Gainontzeko alderdiek arazo berezirik gabe osatu eta plazaratu zituzten beraien zerrenda eta egitasmoak. Estatu mailakoen artean, eskumatik UCD eta AP aurkeztu ziren. Lehena, Madrilgo Gobernuan egonik, TVEren laguntzaz eta marketineko enpresen bitartez saiatu zen Euskal Herrian zituen indar apurrak puzten. Hainbat ministro -Ricardo de la Cierva, Rafael Calvo Ortega- Euskadiratu ondoren, kanpainaren bukaerarako laga zuten Adolfo Suarezen etorrera azkarra. Espainiako presidentea, hiru hiriburuetatik tximista bezala ibili zen, eta ozta-ozta bildu zituen egindako mitin bakarrean 300 entzule inguru, horietatik asko polizi eta kazetari andana. Masen berotasunik eza ez zen oztopoa izan UCDk aurreikuspen baikorrenak zabaltzeko. Zentristen arabera 12tik 15era irits zitekeen diputatu taldea eskuratzea kalkulatzen zuten. Era berean, EAJren aurka oso gogor aritu ziren arren, alderdi jeltzalea gobernu kidetzat jotzen zuten UCDko buruzagiek. ABC egunkariaren laguntzaz, EAJk, EEk eta HBk osatu beharko omen zuten Fronte Abertzalearen mamua zentristek astintzearekin batera, UCDtarrak alderdi nazionalistarekin etorkizuneko gobernuan aritzeko prest azaltzen ziren.

Bitxiagoa edo estralurtarragoa izan zen beste talde estatal eskuindarra zen APren kanpaina. Alde batetik, Fragak ohikoa zuen ahoberokeriarekin, ezohiko neurrien alde hitz egin zuen Euskadiratu bezain laster. Bere ustez ezarri behar zen salbuespen egoeraz horrela mintzo zen: "Oraingoz ez da beharrezkoa, horregatik aurkeztu gara, baina martxoak 9a arte egun asko ditugu tartean". Bestetik, APren ahulezia konpondu nahian Bartzelonako matrikula zuten kotxeen karabana hiriburuetan barrena paseatu ez ezik, hegazkin bat ere erabili zuten Euskadiko zeruetan barrena bere lelo nagusia -La razón de la Derecha en el Parlamento Vasco (Eskuinaren Arrazoia Euskal Parlamentuan)- haizeratzeko.

Igeltsero eta kartelistak lanean

Ezker estataleko bigarren indarrak, hau da Alderdi Komunistak, Por la reconstrucción de Euskadi y la unidad de la Izquierda izenburua zuen liburu mardula kaleratu zuen bere asmo politikoak azaltzeko. Inkesta guztiek ematen zioten eserleku bakarra erdietsi nahian -Bizkaitik Roberto Lertxundik bereganatuko zuena-, Santiago Carrillo, Marcelino Camacho edo Ramon Tamames bezalako buruzagi komunistak mitinlari etorri ziren. PCEko idazkari orokorrak UAR, GEOkoekin eta neurri polizialekin euskal arazoa ez zela konponduko zioen bitartean, argi eta garbi gogorarazten zuen berak gogoko zuen euskal nazionalitatearen eta Espainiaren arteko dialektika: "Euskadi eta bere autonomia defenditzen dugu baina euskal komunistok, euskaldun izateaz gain, Espainiaren parte osatzeaz harro gaude. ¡­Gora Euskadi Askatuta! ¡­Gora Espainia demokratikoa!». Euskadiko komunisten idazkari Roberto Lertxundik, bere aldetik, HBko boto emaileengana jo nahi izan zuen esanez: "HBri botoa ematen dionak zaborretara botatzen du. Politika egiteari uko egiten dion HBren alde bozkatzea, ETAren pistolak hornitzea da".

Igeltsero zaleak genituen Euskadiko Ezkerrakoak ere. PCEkoen antzera beraiek ere Euskadi ezkerretik eraiki nahi zuten. Programaren zati handi batean -Autonomi Estatutuaren garapen aurrerakoia eta Euskadiko instituzionalizazio politiko, sozial eta kulturalean- komunistekin bat egiten zuten arren, beste arazo batzuetan arras jarrera desberdina zuten. Indarkeria giroa desegiteko, esate baterako, polizia autonomoaren beharra aldarrikatzeaz gain, presoen auziari heltzen zioten esanez: "Eusko Jaurlaritzak ezin du onartu autonomiaren alde borrokatu duten presoak egotea". Kanpaina osoan zehar behin eta berriro aldarrikatu zuten ez zirela geldituko "amnistia lortu arte" eta hori gauzatu bitartean Euskal Parlamentutik Euskadira presoak estraditatzea eskatuko zutela. Autodeterminazioa ere une egokian eskatuko zutela azaldu zuten, aro konstituziogilea amaituko zenean eta Estatutuak dituen eskuduntza guztiak martxan izanen zirenean, hain zuzen ere. Bide batez, PSEtik aldenduz, behin eta berriro jorratu zuten Nafarroaren gaia: "Euskaldun sentitzen diren nafarrak etengabeko oihartzuna izango dute EEren bitartez Euskal Parlamentuan". Planteamendu horiek oso agerian uzten zuten orduko EE gertuago zegoela beste indar abertzale eta iraultzailetatik, PSE edo EPK bezalako alderdietatik baino. Nafarroari arreta berezia eskaintzea, esate baterako, izan zen LKIren kanpainako ardatz nagusienetakoa. Kartelen bitartez íQue hable Navarra! (Hitz egin dezala Nafarroak!) eskatzeaz gain, alderdi horretako Nafarroako militante euskaldun batzuek mitin zentraletan lurralde horretako auziak konpondu gabe jarraitzen zuela azaldu zuten. Halaber, errepresioari dagokionez, beste indar politiko batek, EMK-k alegia, lortu zuen bere jardun propagandistikoaren muina izatea. Gobernuak Saenz de Santamaría generala, GEO eta UARkoekin batera Euskadira bidali zuenean alderdi horrek "Euskal Herriaren aurkako gerra adierazpentzat" jo zuen. Hori dela eta militar hori karteleratu zuen honako argazki oinarekin: Herriak ez du nahi zigorrik. Lana eta libertatea baizik. Kartela debekatu ostean, poliziek inprimategian bertan 5.000 ale inguru konfiskatu zizkieten. Hala eta guztiz ere, kanpainak iraun zuen bitartean jarraitu zuten Saenz de Santamaría hormaratzen. Bozketaren bezperetan, errepresioa salatzea baldin bazen helburua lortua zegoen, 103 militante atxilotuak izan zirelako kartela paratzeagatik.

Mitinak, zirkuak eta iragarleak

Ekimen propagandistiko horiekin batera, ohiko mitinak ugaritu ziren alderdien egitasmoak herriratzeko asmoz. Otsailak 15etik martxoak 7ra bitarteko hiru astetan 300 inguru burutu zituzten, hain zuzen ere. Kopuru horri begiratuz gero, Eusko Alderdi Jeltzalea emankorrena izan zen 84 mitinekin. Bere atzetik HB zetorren 55ekin, baina horiek, ezbairik gabe bilkura jendetsuenak suertatu ziren. Jose Angel Iribarrek estraineko aldiz Urdulizen eskaini zuen mitinean, frontoia jendez gainezka zegoelako, hainbat bozgorailu kaleratu behar izan zituzten kanpoan zeudenek entzun zezaten. Anoetako Belodromoan PSEk, Felipe Gonzalez hizlari zuelarik, 4.000 entzule bildu zituen bitartean, HBk areto bera leporaino bete zuen, sozialisten entzulegoa hirukoiztuz.

Hainbat alderdi saiatu ziren ohiko mitinetan festa giroa txertatzen. Euskadiko Ezkerrakoek esate baterako, Bilboko Ferialekuan "Txarriboda" ospatu zuten arrakasta handiz. EMKkoek berriz, EMKZirkusen saio berezia egin zuten Donostiako Trinitate Plazan. LKIkoek aitzitik, hain berea zuten internazionalismoari eutsiz, IV. Internazionalaren lagun ospetsuetaz baliatu ziren euren mitinetan. Hori dela medio, erakunde horren buruzagi zen Ernest Mandel eta burkide irlandarra zen Bernardette Devlin ekarri zituzten hizlari gisa aritzeko. Beste muturretako taldeak ia hutsaren hurrengoak izan ziren mitinak atontzeko garaian. FETk bakarra egin zuen baina UCD bera ez zen oso urruti ibili, kanpaina osoan 5 bakarrik antolatu zituelako.

Hala eta guztiz ere, hauteskundeetako emaitzek agerian utzi zuten mitinen termometroak eta etekin elektoralek ez zutela nahita nahiez bat egiten. Herri Batasunak mitineratutako jendetzak boto zenbakian isla nahiko zuzena izan zuela bistan gelditu zen. Baina alderantzizko adibidea PCE-EPKkoan antzeman zitekeen. Alderdi komunistak 55 mitin arras jendetsu burutu ondoren, diputatu bakarra erdietsi zuen. Antzeko zerbait suertatu zen inkesta gehienekin. Guzti-guztiek EAJren garaipena iragarri zuten arren, inork ez zuen aurreratu hartuko zuen neurria. Berdintsu EEk eta bereziki HBk izan zituzten emaitzekin. Publikatutako aurreikuspen gehienek kale egin zuten, lortu zituzten boto eta eskainuak baino dezente gutxiago eman zizkietelako. Halaber UCDk eta PSEk izan zuten porrota ez zen azaldu, inolaz ere, kaleratutako ikerketetan.

Hauteskundeetako emaitzak: abertzaleen garapenetik EAJren gehiengora

Inkestak inkesta, hautestontziak ireki zituztenean, martxoak 9ko gauez, berehala jabetu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko benetako mapa politikoaz. Boto gehienak talde abertzaleek bereganatuak zituzten, eta horien uste baikorrenak txiki geratu ziren. Botoei zegokien parlamentarien banaketa jakin zenean bistan gelditu zen indar erlazioa: 60 eskainuetatik, 42 alderdi abertzaleek bereganatu zituzten. Lurralde bakoitzeko 20tik, Gipuzkoan 16, Bizkaian 14 eta Araban 12. Hiru barruti horietan EAJ alderdirik bozkatuena izan zen 350.283 boto eta 25 parlamentari erdietsiz. Bigarren indarra, PSE eta UCD atzean utziz, Herri Batasuna izan zen, 152.162 botoekin eta 11 eskainurekin. Hirugarren lekuan, Alderdi Sozialista genuen, 130.542 boto eta 9 ordezkarirekin. Geroxeago, nahiz eta seina parlamentari bereganatu, UCDkoak eta EEkoak zeuden. Azken hauek 90.100rekin aise gainditu zituzten alderdi zentristaren 78.310 botoak.

Guztiek azpimarratu zuten Madrilen gobernua zuen alderdi horren porrota. Izan ere, 1979ko martxoaren 1eko bozketetan lortu zituen 168.607 boto, urtebete geroago 78.310 ziren, hau da, erdia baino gutxiago. Estatuko bigarren alderdia PSOE ez zegoen hobekiago. 1977ko ekainaz geroztik, hauteskundez hauteskunde, etengabe jaisten ari zen eta orduko 267.753 boto 130.542ra murriztu zitzaizkion. Bi horiek euskal gobernuan parte hartzeko gonbidatu ordez, barne gogoeta sakonak egitera eta oposiziora bidali zituzten sozialistak eta zentristak. EAJren agintebidea aldiz, HBk berak argitu zuen, kanpainan zehar agindutakoa, hau da, bere hautetsiek Parlamentuan ez zutela parte hartuko berretsi zuenean. Horren ondorioz, legebiltzarra 49 eskainutara murriztuta, EAJk aski zuen bere 25 parlamentarirekin gehiengoa izateko eta bide batez, amets izan zuen alderdi bakarreko gobernua eratzeko.


Azkenak
2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Eguneraketa berriak daude