Osasun fakturek hondatzen dituzte AEBetako familiak


2005eko otsailaren 27an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Rose Shaffer-en bizimodua gozoa zen duela bost urte. 1970etatik erizain lanetan, Chicagoko zenbait ospitaletan jarduna zen, eta ardura handiagoak eskaintzen zizkioten. Tartean hiru haur munduratu zituen. Orain dela bost urte etxez etxeko zainketa agentzia batean erizainen buru lana eman zioten Roseri. Soldata on baten jabe, etxearen amortizazioa azkar bukatzea espero zuen.

Baina lantegi berrian zazpi hilabete zeramatzala, bihotzekoak jo zuen. Estu eta presaka Advocate kateko ospitale batera eraman zuten. Rose Shaffer lasai egon zitekeen gastuei zegokienez, horretarako zeukan-eta osasun segurantza. Hiru egunez egon zen ospitalean. Ezustekoa hurrengo astean jasoko zuen, Advocate-tik (izen hori eraman arren abokatutik gutxi dute) 18.000 dolarretako faktura iritsi zitzaionean.

Advocatetik gutunak bata bestearen ondotik iritsi zitzaizkion, azkar ez pagatzekotan auzitara eramango zutela mehatxu eginez. Osasunez erabat sendatu ezinean eta gainera Advocateri ordaindu beharra, etxearen kredituaren hileroko zorrak garaiz ezin pagatu... AEBetako legediak familientzako aurreikusten duen kiebra arautegian ("Chapter 13" famatuan) sartu behar izan zuen Rose Shafferrek 2002ko abenduan. Orain bere soldataren zati bat automatikoki kentzen diote zorrak ordaintzeko. "Ospitaleak bizia salbatu zidan, eta orain berak akabatuko nau", deklaratu dio Dan Frosch kazetariari.

The Nation astekarian kontatu ditu Dan Froschek amerikarrek osasungintzarekin dituzten buruhausteak Your Money or Your Life (atrakatzaileek filmetan erabiltzen duten «Dirua ala bizia" formula) izenburu duen artikuluan. Rose Shafferren kasuak ongi adierazten du AEBetako milioika familiatan gertatzen dena. 1981etik 2001erako epean, osasun kontuengatik kiebra jo duten familien kopurua %2.200 handitu da. Epe berean kiebra pertsonalen kopurua %360 igo zen.

Kiebran erori diren familiak gehienbat (%90) klase ertainekoak dira. Ez gara hitz egiten ari gizarte segurantzarik gabe bizi diren milioika familien egoeraz (horiena are latzagoa dela esan beharrik ez dago). Ikertzaile batek kazetariari aitortu dionez, kiebran erortzen diren familiak "jende hezia dira, lanpostu, etxebizitza eta familia txukunak dituztenak. Estropezu bat izan dute eta mediku fakturek hondoratu dituzte". Agintari kontserbadoreak prestatzen ari diren lege aldaketek laster are gordinago jarriko dizkiete gauzak familia horiei.

Arazo medikuengatik kiebra jotzea ia gauza ezezaguna omen zen AEBetan 1981a arte. Gaur aldiz kiebra pertsonalen atalean bigarren arrazoi nagusia mediku fakturak dira; lehen arrazoia lanpostuaren galera da, noski. Eta zergatik halako buruhausteak osasun fakturekin?

Osasungintzaren kostuak izugarri igo dira, alde batetik. Estatu Batuetako 14,3 milioi familiatan kostu horiek irensten dute irabazien laurdena edo gehiago. Beste aldetik, ziztu bizian handitu da asegururik ez edo aseguru eskasa duten familien kopurua urteotan. Gaur 45 milioi amerikarrek asegururik ez dute, 1990ean baino 10 milioi gehiagok. Aldiz, brok egin duten amerikar gehienek bazituzten aseguruak, baina hauetan ere hainbat gaitz larriren kasuetan asegurudunak berak pagatu behar ditu medikuak eta botikak, zati bat edo osorik.

Hautatu: etxea ala bizia?

Beste kasu batekin argitu du Dan Frosch kazetariak zein azkar hondora daitekeen familia "formal" bat osasun kontuengatik, hauen fakturak eta lanpostu galera aldi berean egokitzen direnean. Judy eta Phil Specht lasai ederrean bizi ziren New Mexicoko Alburquerque hirian, lan on banarekin. Phillips multinazionalaren faktoria batean ari zen Judy, eta Phyl berriz mantenimendu postu batean. Bien artean 40.000 dolar irabazten zuten urtean. Horrekin ondo pagatzen zuten etxe berriaren kredituaren 787 dolarretako faktura hilero, eta zerbait aurreratzeko gai ere baziren. Lanpostuengatik aseguru banaren jabe ziren. 50 urteak ondo pasata erretiroari begira jarrita zeuden.

Phil senarrari 2002an leuzemiarekin lotutako gaitz bat aurkitu zioten hezurretan. Jubilazioa hartu zuen Philek eta gizarte segurantzaren ezintasun funtsetik hilean 1.080 dolar jasotzen zituen. Paga oso txarra ez eta asegurua berekin, beraz dena zihoan O.K.

Baina Phillips New Mexicoko zenbait lantoki ixten hasi zen, eta kalera bidali zuten Judy emaztea. Laster aurkitu zuen maila bereko beste lanpostu bat, baina sei hilabeteren buruan kale gorrian zegoen berriro. Nonbaitetik atera behar bizimodua eta etxe garbiketan hasi zen Judy.

Ikus ditzagun senar-emazteen gastuak: Philek onkologia kontsulta 50 dolar pagatzen zuen hilero. Odol aldaketa hilero 507 dolar. Hori gutxi balitz (50 urtez goiti denek dute zerbait) emazteari tentsio altua aurkitu zioten, kolesterola, azido errefluxua eta tiroide alferra. Aurrezteagatik, Judyk hartu behar zituen botika guztiak dosi erdian hartzen zituen, eta batzuk utzi egin zituen, kolesterolarena adibidez. "Aukeratu beharra zegoen, nire botikak ala teilatu bat bion buru gainean".

Ez zen aski. Philen erremedioak ordaintzeko Specht-tarrek zituzten harribitxi bakanak saldu zituzten eta beste hainbat tresna, argazki kamera horien artean. Baina 2003rako mediku zorrak 4.000 dolarretakoak ziren, eta artean 90.000 dolar falta zitzaien etxearen kredituan. Kiebra legearen "Chapter 7" atalean babestu eta lortu zuten kredituaren ordainketa atzeratzea, baina trukean etxea saldu eta 55 urtetik gorako jendearentzako apartamendu txiki batean sartu behar izan zuten. Hala ere zorrak handitzen segitu zuen. Emazteak lanpostu bat (aseguru eta guzti) aurkitu zuen arte. Bidean galdua zen hainbeste lanekin eraikitako etxea. "Etxe hartan hartu nahi genuen erretiroa. Eta hondoa jota geratu ginen" aitortu dio Judyk kazetariari. «Batzutan nahiago nuke hilko banintz, baina nire burua akabatzeko kobardeegia naiz».

Specht-tarrena bezalako kasuak hainbeste ugaritu dira, ezen eta maila ezberdinetako erreakzioak ari baitira gertatzen AEBetan. Alde batetik, abokatu asko ari dira fakturak neurririk gabe gizendu dituzten ospitaleen kontrako auzietan. Ospitale kateek ordainetan (Advocatek adibidez) dirurik ez dutenentzako karitatezko zerbitzuak ugaldu dituzte, beren irudia zuritzeko. Nekez konponduko dira ordea arazo hauek auzien bidetik.

1981etik Texaseko unibertsitatean gai hauek ikertzen ari den Jay Westbrook-ek esan dio kazetariari: "Kiebrak gertatzen dira krisi bat dagoenean. Hori da beren arrazoia". Gaur egun kalkulatu da 20 milioi familia ari direla borrokan mediku zorrekin. Eta ugaritzen segituko dute: asegururik gabeko biztanleria handitzen, lanez gainezka dauden ospitaleek beren fakturak potolotzen, botiken prezioek gora jotzen eta ugazabek beren langileen aseguruen baldintzak estutzen segitzen dutelako.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Dopina

Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]


Gorpu bat aurkitu dute Nagoreko urtegian, Nafarroan

Herritar talde batek bainua hartzen zegoela gorpua aurkitu eta Polizia deitu zuen. Iruñera eraman dute gorpua autopsia egiteko, eta heriotzaren zergatia argitzeko. Gizonak 51 urte zituen.


Ukrainako Independentzia Egunean, Kievek eta Moskuk 146na preso trukatu dituzte

Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin lortu dute preso trukea gauzatzea. Zelenskik adierazi du Ukrainak "askatasunaren alde" borrokatzen jarraituko duela, herrialdeak independentzia aldarrikatu zuenetik 34 urte bete direnean: "Bakea behar dugu, eta gure... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez hemeretzi pertsona hil ditu, tartean lau kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean lau kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Imanol (edo futbola gizartearen isla, beste behin)

Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.

Ez zait... [+]


2025-08-25 | Thomas Barlow
Hizkuntzaren ertzetik erdialdera

Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]


2025-08-25 | Haritz Arabaolaza
Irakasleon figura

Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]


2025-08-25 | ARGIA
Euskaltzale independentistak Behorlegiko kanpaldian bildu dira, Nafarroa Behereko EHEk gonbidatuta

Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.


Israelek eta Hamasek su-etenerako negoziazioekin jarraitzen dute, Gazan gosetea “larritzen” ari den bitartean

AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]


Gaskoia irakatsiko dute lehenengo aldiz Samatzeko eta Bidaxuneko eskoletan

Martxan daude okzitanieran jatorria duen hizkuntza berpizteko hainbat ekimen. Ipar Euskal Herrian galzorian dagoen hizkuntza da gaskoia; aurreko mende hasieran galdu zen Hego Euskal Herrian.


Itsas salbamenduak 236 pertsona erreskatatu ditu Kanaria Handitik 429 kilometrora zegoen txalupa batetik

Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Gazte boluntarioak frankismoko memoria berreskuratzen

Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.


2025-08-25 | Euskal Irratiak
Zigor Akixo
“Euskal Herriari, Miarritzeko herriari eta itsasoari atxikia zitzaion Maite Maniort”

95 urte bete zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte, 2025eko uztailaren 10ean.


Jose Manuel Gorospe zendu da, Euskadiko Filmategiko sortzaileetako bat

Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]


Eguneraketa berriak daude