Landareak: Zizailuaren gozoa


2005eko otsailaren 27an

Beheko suaren ondoan paratu berria dut zizailua. Zedro gozozko zizailua.
Zedroak Eurasiarrak dira: himalaiarra bat -Cedrus deodora- eta hiru mediterraniarrak -Atlas mendien inguruetako Cedrus atlantica, Zipreko Troodos mendietako Cedrus brevifolia eta Libano, Siria eta Turkiako Cedrus libanii-. Zuhaitza 2.000 urtetik gora bizi daitekeela uste da eta mila urtetik gora dituztenak ezagutzen dira. Handienak 15 metroko perimetroko enborra du.
Zedro hitza latineko cedrus-etik dator, zeinek grekoko kedrus du jatorri. Grekoek zura nabarmen usaintsua duten zuhaitzei deitzeko erabiltzen dute hitz hau: hego- eta ipar-ipurua, Tetraclinis-a... Honen degenerazioz amerikarrek zura usaintsua damaien zuhaitzei zedro deitzen diete: zedro gorriak -Thuja plicata, Juniperus virginiana eta Cryptomeria japonica-, zedro txinatarra -Toona sinensis-, intzentsu zedroa -Calocedrus decurrens-, Alaskako zedroa -Cupressus nootkatensis-, zedro zuria -Thuja occidentalis-, Goako edo Bussacoko zedroa -Cupressus lusitanica-, Virginiako zedroa -Juniperus virginiana- eta abar.
Zedro-zura ezagutzen direnen artean onenetarikoa eta preziatuenetarikoa da. Milaka urte badira Egipton, Babilonian, Sirian, Libanon eta abar eraikuntza handiak egiteko erabiltzen zela. Guduetako garaipen-ikur nagusi gisa, galtzaileen tenpluetako zedrozko zutabe erraldoiak lapurtu eta eraman ohi zituzten. Zurak, arina izanagatik (550 kg/m3) iraupen mugagabea duela esan ohi da, dituen erretxin eta esentziak medio ontto eta intsektuek ez baitute erasotzen. Erretxin hau gorpuak momifikatzeko erabili izan da eta esentzia eta olioa lurrinak, xaboiak eta abar egiteko. Bere zuraz ur-ontziak eta sarkofagoak egin izan dira.
Bioeraikuntza modernoan aditu direnek zedroa darabilte barra-barra. Neuk etxea berritu nuenean lodi erabili nuen: teilatuko lata edo txila guztia, eskaileretako bantzuak, eguneroko mahaia, ate-markoak... eta hauxe idazten ari naizen zizailua. Urtetara nabarmena da oraindik etxearen usaina... Zedroaren magia originala bizi nahi duenak Libanora joan besterik ez du, hango baso apurretan historiaren hasierako jainko eta jainkosen aldareen arrastoak han diraute...


ASTEKARIA
2005eko otsailaren 27a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude