Josemiel Bidador: «Campion arte katakonbetan geunden»

  • 'Materiales para una Historia de Literatura Vasca en Navarra' (Pamiela) liburuaz.

2005eko otsailaren 27an
Laurehun orrialdeko ikerlan mardula osatu duzu.

Eta kanpoan utzi dudana! Batez ere mugatu naiz argitaratutako gauzetara, niretzat oso inportantea delako lana publikatuta egotea. Hortaz, liburuan agertzen den %95a publikatutako gauzak dira, eta gainerako %5 hori batez ere bertsolarien lanekin osatu dut. Bertsolaritza jaso dut literaturaren forma bat dela iruditzen zaidalako niri, eta jaso behar zen, gal ez zedin. Beste herri literaturarik ez dut jaso, ez, baina bertsolaritza bai, batez ere egile bat dagoelako argi. Xalbador, esate baterako. Agian ez zuen idatzi, baina, beno, pertsona ezaguna da, idazle baten rola betetzen duena.

Nafar guztiak hartu al dituzu gogoan?

Hori beste kontu bat da. Pamielara nire lan hau eraman nuenean, esan zidaten: euskara eta Nafarroa baldin bada aitzakia, behe-nafarrera utz ezazu kanpoanà Mugaren bat jarri behar zen, eta muga hori neurri batean isildu gaituztenei erantzuna baldin bada, haien parametroa edo neurria jarri behar zen lanean. Nik konpartitzen ez dudan parametroa izan arren. Horregatik, Axular aipatzen dut, niretzat lapurtarra den arren. Mikelestorena oso inportantea da hemen, Mikelestorena Gipuzkoara begira bizi zen lesakarra izan arren. Ezin da ulertu Mikelestorena XVIII. mendean Gipuzkoan batez ere Larramendiren inguruan zegoen tradizio literarioa kontuan hartu gabe... Nafarroa gezur handi bat da. Esan nahi dut, Euskal Herriaren barruan gaur egun oso garbi ager daiteke Nafarroa forala, bai, baina historian zehar Baztangoek batez ere Lapurdi aldera jo izan dute, eta Aezkoakoek Behe Nafarroara, eta Erronkarikoek bere momentuan bai Erriberara, bai Zuberoara... Alegia, hor badaudela mugimendu, hartu-eman eta eragin batzuk, eta euskaran ere bai, noski. Garbi dagoena da ezin dela hitz egin Nafarroa abstraktu bati buruz. Nafarroa Euskal Herriaren barruan dago, eta Nafarroako literaturaren historia Euskal Herriko literaturaren historiarekin batera doa. Nafarroan garrantzitsua izan zen Campion, eragile izan zelako pizkundean, baina Campionek ez zuen Nafarroan bakarrik eragina izan, Euskal Herri osoan baizik.

Zein dira zure lanean onartu behar izan dituzun mugak?
Nafarroako literaturaren historia egin zuten horientzat eginiko erantzuna baldin bazen nirea, euskara isildu duten horientzat, horien hizkuntzan eman behar zitzaien. Batetik, erdaraz eta, bestetik, beraiek ulertzen duten Nafarroari buruz. Haientzat Urdazuri Nafarroa baldin bada, historiak Axular jaso beharko du -nire iritziz obraz lapurtarra den arren, Saran aritu izan zelako- eta ez Etxepare -haien iritziz frantsesa delako, nire iritziz nafarra den arren-. Niri gustatuko litzaidake muga hori gainditzea eta hemen dauden datu inportanteenak Euskal Herriko literaturaren historia "kanonikoan" sartzea.

Zenbat euskal idazleren lana aipatzen duzu?
Aurkibide onomastikoan seiehun idazle inguru aipatzen ditut. Alde batetik, katakonben garaia ikusi dut, Campion iritsi arteko garaia. Bonaparte aipatu ohi da, baina Bonapartek lan filologikoa-edo egin zuen batik bat, eta ez zuen eragina izan herrian; Campionek egindakoak ere ez, baina bai behintzat noble edo burges klaseetan. Beraz, esan daiteke Campion arte katakonbetan geundela.

Nolakoa zen katakonben garai hori?

Badira saio batzuk, niretzat oso inportanteak, eta badago tradizio bat, oso txikia bada ere. Eta tradizio hori Sancho Eltsorekin hasi zen, XVI. mendean; gero, urte gutxi batzuetara, baditugu poeta batzuk, Iruñean apezpikuak antolatutako lehiaketetan poemak aurkeztu zituztenak. Lehiaketa bat antolatzen bazen, horrek esan nahi du poeta talde bat bazegoela. Garai bertsuan, Martin Isastik 1620an bere Compendio historial de Guipúzcoan euskarari buruz hitz egiterakoan aipatzen du: "... Entre los escritores vascongados más importantes hay que mencionar al pamplonés Miguel de Sueskun...". To! Eta Miguel de Sueskun horri buruz ez dakigu ezer, besteak aipatzen duena bakarrik! Jakinik Sancho Eltsoren liburua ez zaigula iritsi, Martin Isastik hori aipatzen badu, hemen Iruñean zerbait bazegoela esan nahi du.

Euskarazko liburu gehiago argitaratu zen?

Jakina. 1621ean eta 1624an Gares ondokoa zen Beriainek bi liburu plazaratu zituen. Horrek esan nahi du bazegoela halako tradizioa, literarioa ez bada editoriala behintzat. XVIII. mendean, Larramendiren eraginez, jesuiten eskolaren inguruan sekulako mugimendua egon zen hemen, inork aipatzen ez duena. Eta nire ustez, Sarako eskola aipatzen den bezala, aipatu beharko litzateke Iruñeko eskola hori ere, hor elkartu baitziren Mendiburu -euskal literatura klasikoaren barruan ia inportanteenetakoa-, Mikelestorena famatua... Kardaberaz Loiolan zegoen, baina liburu gehienak Iruñean argitaratu zituen. Liburuak publikatzeko kudeaketa lanak arabar batek egiten zituen, Lamiz izenekoak, eta horrek ere idatzi zituen euskaraz hainbat poema eta beste. Beraz, giro handia zegoen. Lizarraga ospetsuak ere jesuitetan ikasi zuen Mendibururekin, hor bazegoen eskola literario bat, hemen prosa modernoaren aurrekari zuzena izan zitekeena, XVIII. mendean Espaniako Carlos III.ak jesuitak bere lurretatik bota ez balitu, eta hauek guztiak 1765ean Italiara joan ez balira. Lizarraga Elkanokoak orduan utzi zuen ordena; bere herrira itzuli, eta han idatzi zituen 7.000 inguru eskuizkribu, poliki-poliki publikatzen ari direnak. Eta Elkanoko euskaran idatzi zituen guztiak.

Hor moztu zen Nafarroako tradizio literarioa, beraz?
Eta 1765 urtetik Campion etorri arte itxaron behar izan genuen, ehun urte baino gehiago! XIX. mendean Campionekin hasi ziren gauzak aldatzen.

Euskararen berpizkundea hasi zen orduan?
Uste dut Nafarroa neurri handi batean aitzindaria izan zela horretan: lehendabiziko euskara elkartea Nafarroan sortu zen, lehendabiziko lore-jokoak Elizondon izan ziren eta gero Gipuzkoara eta Bizkaira esportatu ziren. Nolanahi ere, Larramendik XVIII. mendean egin zuen lana egin zuen Arturo Campionek XIX. mendean.

Campion nahiko baztertua ez al da gelditu?
Lan ikaragarria egin zuen Arturo Campionek, baina esango nuke gaur egun deserosoa dela ezkerreko nazionalistentzat, ez zuelako zuzenean erabateko independentzia aldarrikatzen, Espainiaren barruan ere ondo egon gintezkeela-edo zioen. Ez da erosoa EAJrentzat, Sabinoren laguna ez zelako eta tesi "nabarristagoak" aldarrikatzen zituen, ez egungo nabarrismoaren zentzuan baina. Eta gaur egungo nabarristentzat ere ez da erosoa, euskaltzalea zelako. Beraz, inorentzat ez da eroso.
«Askozaz ere literarioagoa da Etxepare Arcipreste de Hita baino»
Garrantzi handia al du Sancho Eltsoren katiximak?
Eltsoren eskuizkribua argitaratu zelako da garrantzitsua. Noiz edo noiz liburua topatuko bagenu, nago ekarpen gutxi egingo digula. Euskara aldetik, itzulpena da, itzulpen kanonikoa -hau da, latinezko forma zaindu behar zuen itzulpena-, eta gainera edukiz katixima da. Izan daiteke liburu txarra, dotrina bat, euskara aldetik ezer aportatzen ez duena, nahi duzuna. Baina Hegoaldean inprimatutako lehenbiziko liburua da, eta hori oso datu garrantzitsua da, beti aipatzen diren horietako bat izan beharko litzateke, sekula aipatzen ez den arren. Eta aipatzen ez bada, lapurtu digutelako da. Gainera, argiratua izateak jada ekartzen du zerbait, hemen komertzialki gauzak ez direlako itsuki egiten: erosleren bat bazegoela adierazten du gutxienez. Inprimatzailea, berriz, ez zen bertakoa, Amberesekoa baizik. Ez dut uste horrek euskararen alde ezer egingo zuenik, diruaren alde baizik. Eta horrek ere zerbait erakusten du: alegia, argitaratze mugimendurik bazegoela.

Eltsok argitalpena Erriberan saltzea espero zuen.

Epaitegietako kontu hori agertu zelako dakigu dakiguna: hau da, Cintruenigoko apaiz batek Eltsori eskaera egin ziola, eta Tuterako mandazaina atzeratu egin zela. Beno, liburua elebiduna izanda pentsa daiteke Cintruenigoko apaizak gaztelaniaz zegoelako eskatu ziola batez ere; izan ere, arazoa orduan gauzak batez ere latinez zeudela zen. Dudarik gabe, XVI. mendean Cintruenigon euskaldun batzuk baziren, dokumentatua dago. Nafarroa Beheretik etorritako burgesak askotan frankoak ziren, beste batzuetan okzitanoak, baina euskaldunak ere etorri ziren, abizenetan Sola, Armendariz eta horrelako asko dago Erriberan.

Nolanahi ere, gauza bat: apaiz horiek benetan literatura egiten al zuten?
Betiko matraka da hori. Arcipreste de Hitak ez al zuen helburu erlijiosoekin idatzi? Harena institutuetan irakasten da, ordea; eta askozaz ere literarioagoa da Etxepare bat Arcipreste de Hita bat baino. Askotan sekulako gutxiagotasun konplexua daukagu.
Ahaztutako euskal idazle nafarrak
Ikerketa lan honi zergatik ekin zion galdetzen zaionean, Joxemiel Bidador argia da oso: "Nafarroako literatura zaharra zela-eta, Nafarkarian kolaborazio batzuk egiten hasi nintzen. Konturatu gabe, material piloa nuen metatua. Eta halako batean ohartu nintzen hor bazegoela Nafarroako euskal literaturaren historiarako materiala, nahiko ezezaguna baita. Orduan zeuden euskal literaturaren historiak -Villasanterena, Mitxelenarena, Juaristirena, Sarasolarena- orrialde gutxitan ikuspegi oso zabala eskaintzen zuten lanak ziren, lehen mailako idazleak baino kontuan hartzen ez dituztenak, eta horietan Nafarroako idazleetatik oso gutxi agertzen dira. Pentsatzekoa da Mitxelena, Villasante eta horrelakoek ez zutela nafarren aurka ezer; ezjakintasuna baino ez zegoela, datuak ez zitzaizkiela iritsi. 1977an Torrealdaik ere barregarri jo zuen Nafarroan euskaraz egindako literatura, eta nik ez dut zalantzarik, gizon horrek hori idatzi baldin bazuen, benetan ezagutzen ez zuelako izan zela. Gero, Patri Urkizuk euskal literaturaren historia potoloa argitaratu zuen, bostehun orrialde edo gehiago dituena, eta han Nafarroako idazle batzuk bilatzen hasi eta ez zeuden. Nafarroarentzat behintzat inportante izan daitezkeen idazleak -esate baterako, Larreko- ez zituen aipatzen, Gipuzkoa zein Bizkaiko hainbat bigarren edo laugarren mailako idazle aipatzen zituen bitartean. Beraz, behar horren aurrean, lan hau egitea erabaki nuen; inolako haserrerik gabe, guk egiten ez badugu ez digutelako egingo".

Euskal literaturaren historia liburuetatik idazle nafarrak bazterrera uztea zimiko izan bazuen Bidadorrek, are gehiago Nafarroan bertan gertatua: "Duela ez asko Nafarroako Gobernuak enkargua egin zion Nafarroako Unibertsitateari, Nafarroako literaturaren historia egiteko. Hiru liburukitan atera da. Bada, hirugarrenak, XX. mendeko antzerkia eta poesia jasotzen ditu, eta benetan negargarria da euskarari egiten dion aipamena...".

Azkenak
Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security enpresa isaraeldarrarekin sinatu duen kontratuaren aurkako kexak aurkeztu dituzte

Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security S.L. segurtasun-enpresa kontratatu zuen apirilean. Horren aurrean, kexak aurkeztu dituzte dozenaka herritarrek Metro Bilbaoren bulegoetan, Bilbo-Palestina Herri Ekimena eta Nodo BDZ-Bizkaiak deituta.


48 eragile batu dira Donostian turistifikazioaren aurka antolatutako manifestaziora

BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko Donostiako plataformak ekainaren 15erako deitu du manifestazioa. Turistifikazioa salatu eta hiri eredu alternatiboa aldarrikatuko dute.


2025-06-04 | Caitlin Johnstone
Analisia
Baliteke arratoiak genozidioaren itsasontzitik alde egiten hasi izana

Urtebete eta erdiz sarraski genozidak gauzatu ondoren, Erresuma Batuko zenbait hedabidetako kontseilu editorilek hitza hartu dute, bat-batean, Israel Gazan egiten den sarraskiaren aurka. Establishmenteko gizatxar mediatikoek aldaketa usaina hartu diote haizeari.


Asteazken goizean du desalojo eguna Gasteizko Korda espazioak, eta “erresistentzia” egitera deitu dute

Astelehenean bilera egin zuten gune okupatuko kudeatzaileek 21 Zabalgunea sozietate publikoko ordezkariekin, baina ez zuten inongo akordiorik lortu. Goizeko 8:00etatik aurrera Alde Zaharreko espaziora hurbildu eta erresistentzian parte hartzera deitu dituzte herritarrak.


Israelek janaria jasotzera joaten diren palestinarrak hiltzen jarraitzen du: 27 hil ditu asteartean, eta 90 zauritu

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, AEBek eta Israelek kontrolatzen dituzten laguntza humanitario banatzeko zentroetan 102 palestinar hil dituzte azken zortzi egunetan: "Gerra krimen beldurgarria da, nahita egindakoa eta behin eta berriz errepikatutakoa". Erasoa... [+]


Osakidetzak kargu hartu dio pediatra bati, hil zorian zegoen ume bat artatzeko ospitaleko baliabideak “lan ordutegitik kanpo” erabiltzeagatik

Faltan Botatzen Dugu plataformak eman du gertakariaren berri, eta zaintza aringarrien zerbitzuaren "egoera kritikoa" salatu du. Medikuak haren kontakizuna argitaratu du sare sozialetan, eta jakinarazi du lana utzi duela denbora batez: "Ezinezkoa zait baldintza... [+]


Analisia
Diruz konpondu dira “etxe barruko arazoak”

Urteroko oroimen eta sari banaketa ekitaldia egin du Ertzaintzak Arkautin, Eusko Jaurlaritzako agintarien parte hartzearekin. Duela bi urteko kronikatik aurtengora auziek edota gaiek berdintsuak izaten segitzen badute ere, nabarmena da begiratzeko moduak nola aldatu diren.


Bilboko epaitegi batek arrazoia eman dio ‘phishing’ biktima bati eta Santander bankua zigortu du

Kontsumitzaileen eskubideen defentsan, epaileek ebatzi dute bezeroak ez duela arduragabekeriaz jokatu eta bankuak 1.923 euro itzuli beharko dizkio biktimari.


Amnistia Legea konstituzionala dela ebatziko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak

PPk ezarritako helegiteari erantzunez, legearen testua ia bere osotasunean konstituzionala dela dio auzitegiaren ebazpen proposamenak. Hala ere, legea pertsona gutxi batzuentzat dela dioen argudioan arrazoia eman dio eta herritar guztiei aplikatzea proposatu du.


“Eskola txikiak, herri eta auzo txikiak, bizirik gaude, eta hori ospatzeko elkartuko gara”

Herri txikiak bizirik dauden eremuak direla eta bizirik jarraitzeko herriari begiratuko dion eskola gakoa dela aldarrikatuko dute, aurten ere, Gipuzkoako Eskola Txikien Festan. Ekainaren 8an ospatuko dute, igandean, Ezkio-Itsason, landa guneko herri txikiak hezkuntzarako zein... [+]


2025-06-03 | Mikel Aramendi
ANALISIA | Shangri-La 2025
Elkarrizketa eta harenga nekez etortzen dira bat

Asiako herrialde gehien-gehienak bertan izateak oso izaera eta giro berezia ematen diolako, eta hedabide-estaldura ere halakoa duelako, aparteko sona lortu du hogei urteren buruan IISS-International Institute for Strategic Studies britainiarrak Singapurren antolatzen duen Asia... [+]


Ukraina eta Errusia berriz bildu dira Istanbulen, Kievek Moskuren gerra hegazkinei drone bidez eraso egin berritan

Duela bi aste bezala, mila preso inguru trukatzea adostu dute Ukrainak eta Errusiak, eta batak besteari 6.000 soldaduren gorpuak ere itzuliko dizkio. Trukea egiteko, Moskuk hiru eguneko su-etena eskatu du fronteko hainbat eremutan, eta Kievek Putin eta Zelenski aurrez aurre... [+]


Israeldarren %82 daude Gazako biztanleak bortxaz kanporatzearen alde, inkesta baten arabera

%56k, gainera, bortxazko kanporatze hori "are gehiago zabaltzearen alde" daude: horien esanetan, 1948an Israelek okupatutako lurretan ez litzateke arabiarrik bizi beharko.


Eguneraketa berriak daude