Ander Izagirre: «Kirolari buruz literatura eskasa dago»


2005eko otsailaren 20an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Nondik dakarkizu Beruna poltsikoetan hori?
1924a zen, Pelissier anaiak ziren garai hartako izarrak. Baina Tourreko arauak oso ankerrak eta absurduak ziren, pentsa, arau batek zioen txirrindularia irteeran atera zen arropa berarekin iritsi behar zela helmugara. Orduan komisarioetako bat aurreko urtean Tourra irabazi zuen Pelissier anaiarengana joan zen eta zenbat arropa zeraman begiratu zion. Hori iraingarria iruditu, arauak ankerregiak zirela salatu, eta Tourretik erretiratu zen. Sekulako saltsa sortu zen, eta eskandalu horren erdian elkarrizketa bat egin zion kazetari batek. Bertan esplikatu zuen Pelissierrek zein gogorra zen Tourra, dutxan nola zorabiatzen ziren, oinetako behatzak ez zituztela sentitu ere egiten... eta esaldi famatu hura bota zuen gero: "Laster beruna sartuko digute poltsikoetan jainkoak gizona arinegia egin duela esanez!".
Bestalde, beruna beste istorio batzutan ere agertzen da. Jean Robic ziklista txikia zen, 1947an Tourra irabazi zuen. Eta jakina, oso txikia zenez, aldapa gora oso ondo ibiltzen zen baina aldapa behera abantaila galtzen zuen. Esaten zutenez laguntzaile bat izaten zuen mendi altuetan, eta berunezko bidoi batzuk ematen zizkion, poltsikoetan edo bizikletan jartzeko. Beraz, beruna sinbolotzat har daiteke. Berun bat da Tourraren sufrimendua, karga hori, gogortasuna, eta beste bat irabazteko irrika hori, azkarrago joateko edozer gauza egiteko ahalegina.

Badirudi Henry Desgranges-ek, Tourraren sortzaile eta antolatzaileak, txirrindulariak torturatzen zituela...
Tourra kazetari batzuen asmakizuna izan zen. Beraiek nahi zutena ahal bezain bat egunkari saltzea zen. Eta egunkariak saltzeko espektakulu handia behar zuten, ziklistek zer nolako komeriak pasatzen zituzten kontatu behar zioten jendeari. Saiatzen ziren urtetik urtera mendi berriak bilatzen, gero eta altuagoak eta zailagoak, gero eta arau zorrotzagoak jartzen. Gaurtik begiratuta harrigarriak dira garai hartako arauak; absurduak ziren zinez. Dena, proba gogortzeko. Baina Tourra gero eta gehiago gogortzeko prozesu horretan mugarria izan zen Tom Simpsonen heriotza. Eskandalua izan zen. Simpson, egiten zuen beroagatik eta hartu zituen pastillengatik hil zen, mendia ahalik eta azkarren igotzeko ahalegin horretan. Eta hor sortzen da eztabaida, zer puntutaraino sor daitekeen sufrimendutik espektakulua. Izan ere, esaten da sufrimendu horrek ekartzen duela gero dopina. Eta dopina ordurako nahiko zabaldua zegoen, beraz ikusi zen gutxienez kontrolak jarri behar zirela.
Kontu zaharrak dirudite, baina azken urteetan ere bizi den eztabaida da hori, non dagoen sufrimenduaren eta espektakuluaren muga. Espainiako Vueltan Angliru mendia sartzen dute, ez dakit nongo puntaraino doan bidexka batean sartzen saiatzen dira. Dena espektakulua sortzeko.

Norbaitek pentsatuko du txirrindulariak masokistak direla. Beste motiboren bat egongo da Tour beldurgarri horietara joateko, ala?
Batetik txirrindulari profesionalek horixe dute beraien ogibidea. Baina horrez gain badago beste zerbait, eta esplikatzea oso zaila da, baina bizikletan ibili garenok badakigu zer den, sufrimenduarekin gozatzea. Minaren memoriarik ezin da eduki, ezin dut gogoratu bizikletan nola sufritu izan dudan, baina gogoan dut sufrimendu hori oso handia zela, eta hala ere saiatzen zinen beti pixka bat gehiago estutzen. Norberak bere borondatez hori egitea beti iruditu izan zait oso deigarria. Esaten da animaliek ez dutela kirolik egiten doaneko sufrimendurik ez dutelako hartzen, baina gizakiak hori egiten du.

Espektakulua sufrimendutik sortzen dela diozu, eta zuk ere iturri beretik sortu duzu literatura. Tragikotasunetik baino ez dira sortzen istorio ederrak?
Askotan bai. Sufrimenduaren inguruko istorio asko dira, Tom Simpsonena berarena esaterako. Baina bila eta bila hasi nintzenean, bestelako istorio bitxi eta entretenigarriak ere aurkitu nituen. Izan ere orduko Tourra ez zen gaur egungoa. Gaur egungoa puntako kirola da, ordukoa lau txororen abentura. Orduko katramilak gaur ez dira gertatzen: janaren bila ibili behar zuten, gauerako leku baten bila, bizikleta inoren laguntzarik gabe beraiek konpondu... Horiek tragikoak izan gabe oso politak dira, arinak, eta kontraste polita sortzen da liburua tartekatzeko. Ez da dena drama handi bat.

Gaurko Tourra puntako kirola den arren, oraindik ere aurkitu liteke epika hori?
Bai. Nire liburuan azkeneko istorioa Armstrongi buruzkoa da, iruditzen baitzait inoiz gertatu ez den istorioa dela, oso epikoa. Minbizia pasa duen norbaitek inork baino Tour gehiago irabaztea kristorena da. Euskal Herrian ez da oso maitatua, baina agian galtzen duenean gehiago baloratuko dugu gertatu dena.

Baina oraingo tropelean ez dira ipuinetarako gorabeherak gertatzen.
Ez, eta segur aski ezin dugu hori eskatu. Orain dela ehun urteko jendearen bizimodua ere ipuin baten antzekoa izango zen guretzat, baina gu ez gara orduan bezala bizi. Beraz ezin duzu eskatu ziklistak Pariseko irteeraraino etxetik bizikletan joan daitezen, edo egarri direnean putzu edo iturri bat bila dezaten. Garai bateko gauzak harrigarriak dira garai batekoak direlako.

Zure liburuaren inguruan zabal daiteke hausnarketa gai bat: kazetaritza eta literaturaren arteko harremana. Zer ematen dio batek besteari? Zenbateraino da libre literatura integratzea kazetaritza lanean?
Nire ustez biak soka beraren bi punta dira, biek kontatzen dute hitzekin istorioa, baina hor paktu batzuk badaude errespetatu behar direnak. Ez dakit zeinek esaten zuen: "Kazetaritzaren kasuan protagonistek nortasun agiri zenbaki bat dute". Hemen ere, liburuan agertzen diren guztiak existitu ziren, kontatzen direnak egin zituzten. Beraz, nik uste mugak argi agertu behar direla, batez ere irakurlea ez engainatzeko. Bilaketa lana kazetari moduan egin behar da, ez bakarrik agiri, paper edo txostenen dokumentazioan, baita jendearekin hitz egitean ere. Eta Tourraren bilaketan nik ere kazetari batek egin dezakeenaren antzeko lana egin dut. Idazteko modua da literaturarekin lotzen dena.

Beraz ez duzu ezer asmatu, dena da egia?
Nik ezartzen dudan paktua hori da: kontatzen ditudan istorioak Tourrean benetan gertatuak izatea. Karrera garaian idatzi nituen txirrindularitzari buruzko istorio batzuk, eta haietan bai, istorioak borobiltzen nituen gertatu gabekoekin. Baina orain iruditzen zait ezin dudala horrelako tranparik egin. Kontatu nezake zer gertatu zen, zer ez dagoen argi, zer bertsio dauden, baina gertakariak benetan gertatuak dira, elementu berririk ez dago, kontatzeko modua bakarrik. Zeinen ikuspuntutik kontatu, denboran nola ordenatu, horiek bai, teknika literarioak dira, eta kazetaritzan normalean aurkitzen ez direnak. Baina aurreko lan guztia kazetaritza lana da.

Txirrindulariei egiten zaien galdera tipikoa: nolako prestaketa lana egin zenuen? Espero zenuen irabaztea?
Nik hamar istorio labur nituen aurrez idatziak, Tourraren ehungarren urteurrenarekin Zabaliken euskaraz eta Nuestro Tiempon gazteleraz argitaratu zirenak. Marcaren lehiaketa ezagutu nuen, ikusi nuen ehun orritik gorako liburua idatzi behar zela, eta pentsatu nuen kirolari buruz eta horrelako luzeran ez zela jende asko egongo kalitate pixka batekin idatziko zuena. Gainera sariak oso potoloak ziren. Saiatzea erabaki eta hilabete pare batean egin nuen lana: aurrez idatzitako istorio horiek garatu, luzatu eta beste bost gehitu. Egia esan zerbait lortzeko esperantzarekin bidali nuen, kirolari buruz literatura eskasa dagoelako, eta oso zaila delako topikotik ateratzea. Aldiz, ziklismoak badu literatura kutsu bat, lehengai ona da, eta pentsatzen nuen liburu txukuna atera zitekeela. Sariketa baino hilabete lehenago deitu zidaten lau finalisten artean nengoela esateko, eta azkeneko egunera arte ez nuen jakin irabazi nuenik.

Irabazi duzu ba, eta orain, 30.000 euro, zuk duzu beruna poltsikoetan. Zer egitea pentsatzen duzu?
Unibertsitatean irakasle laguntzaile moduan nabil, praktikak zuzentzen, eta hasi aurretik esan nien lana otsailera arte egin nahi nuela, gero urtea libre izateko. Bidaia bat egitea nuen buruan, Hego Amerikan hilabete batzuk pasa edo... Baina orain beste asmo bat sortu zait, agian furgoneta erosi, ohea eta sukaldetxoa edukitzen dituzten horietakoa, eta Mediterraneoari buelta eman. Oraindik oso berde dago dena, bidaia oso luzea da, zaila ere bai leku batzutan, baina behintzat udaberritik aurrera saiatuko naiz.

Pangeako bidaiaria
«Kontinente bakoitzaren punturik sakonenaren bila egin zen Pangea bidaia. Nik ere parte hartu nuen eta arrasto handia utzi zidan. Etxetik kanpo hilabete asko izan ziren. Astero idatzi behar nuen kronika eta horri esker etekin handiagoa atera nion bidaiari. Astero bilatu behar nuen gaia, dokumentatu, sakondu, jendearekin hitz egin... Gehien harritu ninduena izan zen, jendea nola bizi den hain baldintza guretzat arrotzetan, ezezagunetan, askotan kaskarretan. Hemen ikusten ez direnak ikusi nituen, bidaiatzea ez baita bakarrik paisaiak jatea, baizik eta jendea ezagutzea, eta haien bizitza eta istorio bereziak ikastea. Bestalde asko ikasi nuen Josu Iztuetarengandik. Bera ez da kazetaria baina kazetari batek bezala bidaiatzen du, leku batean sartu, jendearekin hitz egin, han nola bizi diren galdetu, zergatik bizi den jendea basamortuaren erdian... Bidaiatzen ikasi nuen. Hemendik aurrera egingo ditudan bidaiek Pangearen marka hori izango dute».


Azkenak
Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


Jaizkibel konpainiak gutuna eman dio alkateari, desfilean: “Estrategia aldatzeko garaia dela adierazi diogu”

Jaizkibel konpainia berdinzaleak bi ekintza berezi egin ditu Hondarribiko alardearen egun honetan. Batetik, urte luzez ukatu zaion eta Alarde Tradizionalak baino erabili ez duen espazio oso sinbolikoa bere egin du; bestetik, gutuna eman diote alkateari, mahai gainean bestelako... [+]


Gida bat Donostiako Zinemaldiaren atarian

Euskarazko ekoizpenek presentzia nabaria izango dute aurtengo edizioan. Bestelakoen artean, espektatiba handiko lan eta gonbidatuak izango dira Donostian: George Clooney protagonista duen Jay Kelly pelikula; Angelina Jolie ere ikusiko dugu Couture-rekin; Julliete Binoche... [+]


Euskarazko ekoizpen ugari, Zinemaldian

Sail Ofizialean erakutsiko dira hiru: Maspalomas, Karmele eta Zeru ahoak. Lehia nagusitik kanpo, zuzendari onenaren saria irabazten ahaleginduko da Irati Gorostidi Aro berria pelikularekin. Beste zenbait lan ere aurkitu ahalko dira.

Zinemaldiaren atariko orokorra beste [+]


ANALISIA
CAFek Israelekin kontratua eteteko asmorik ote du?

Etengo du. Hori da kaskora supituan etorri zitzaidan pentsamendua, gosaria ahoan eta Euskadi Irratia sintonian, Imanol Pradales lehendakaria entzun nuenean CAF “gogoeta etikoa” egitera gonbidatuz, Palestinako lur okupatuetan trena eraikitzeko duen kontratua eten edo... [+]


Tunisian dira, abiatu eta astebetera
“Flotillaren aurkako eraso bat Palestinaren aldeko greben pizgarri balitz, ongi etorria izan dadila”

Astebete igaro da Bartzelonako portutik Global Sumud Flotilla ekimeneko lehen ontziak itsasoratu zirenetik, Gaza helburu. Tunisian lurreratu berri erantzun ditu ekimeneko euskal ordezkaritzako kide Itziarrek ARGIAren galderak, igande arratsaldean. Flotillako Tunisiako ontziekin... [+]


Enpatia garaia

Ekofeminismoak bizitza nondik eta nola baloratzen duen, ikuspegi konplexuagoa eraikitzeko proposamena dakart. Desazkundearen inguruko ekofeminismoa eta antiespezismoa ezagutzearen ondorio dira datozen lerroak; landa eremuan jaio eta hirigunean bizitzeak dakartzan ikuspegiekin;... [+]


2025-09-08 | Nagore Zaldua
Itsas izar arantzaduna
Izarren hautsa

Izarrak, ortzi mugagabean, keinu egiten diguten argi izpi dardarti liluragarriak dira, osotasuna eta ezereza bateratuta, zer garen ulerrarazteko oroitarri zaizkigunak: izan sua, izan ondotik joan zaizkigun kuttunak, gizakiaren txikitasuna edo Anbotoko Mariren edertasuna;... [+]


2025-09-08 | Jakoba Errekondo
Orria egitera

Orriuldu gabe daude oraindik zuhaitzak eta arbolak. Hostoak ihartu gabe daude, bai. Eta hostoa jasotzeko sasoi aproposa da. Hostoa, batez ere geroago jasotzen da; zuhaitzaren adaburua janzten duen orritza edo hostotza erortzen denean edo orriultzen denean, lurraren instantziako... [+]


2025-09-08 | Garazi Zabaleta
Amama
Lursail bakoitzak bere arnoa

Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu du. Ama mahastizaina eta aita ardi gasnagilea ditu, eta beraz, beti... [+]


“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


Eguneraketa berriak daude