Euskara koadrilan muturra sartuta dabil


2005eko otsailaren 13an
13-14 urte arteko lagunarteentzat prestaturiko egitasmoa da Kuadrillategi, alegia, DBH-ko 2. eta 3. mailetan dauden gazteentzat. B edo D ereduetako nerabeak biltzen dira proiektuan. Gutxienez bost laguneko taldeak osatu eta astean hiruzpalau orduko saioa egiten dute. Gazteen intereseko gaiak lantzeko hiru elementu izaten dituzte ardatz: jolasa, lagun-taldea eta euskara.

Proiektua hasi eta lagun taldeak hiru aldiz elkartzen dira ikasturtean dinamizatzaileekin, koadrila-saio izenekoan egitasmoaren gorabeherak aztertzeko. Hasi eta buka, ikasturte bat irauten du asmoak, baina eskaintza ikasturtero errepikatu ohi da. Lagun-talde batek gehienez ere bi ikasturtetan jardun ahal izango du, taldeko kide guztiek eta dinamizatzaileek hala adosten badute. Bestalde, egitasmoa herriko eragileek kudeatzen dute.

Sorrera, eta hasierako urratsak

Orain 12 bat urte, Pello Jauregi doktorea gazte talde baten euskalduntze prozesua aztertzen hasi zen. Hari horri tiraka, Pasai Antxon (Gipuzkoa) jarri zuen martxan proiektua. Bi ziren helburu nagusiak: gaztelaniaz bizi zen gazte talde baten hizkuntza ohiturak aldatzea eta aldaketa prozesu horren jarraipena egitea. Hasierako teoria eta metodologia orraztu ostean, proiektua osatu eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa) aplikatu zuen diseinu berria. Bigarren ikerketan esperientzia eta lagun kopurua handitu zituen. Horrezaz gain, lagunarte euskaldunak eta lagunarte mistoak »euskaldunak eta gaztelaniadunak», bildu ziren egitasmora. 2000ko ekainean ikerketa fasea amaitu eta datuen berri eman zuten. Emaitzak oso onak izan ziren, batez ere talde mistoetan hizkuntza ohitura euskararen alde aldatu zelako. Euskaraz egiteko ohitura duten lagun taldeek ohitura indartzea eta gaztelaniaz mintzatzen ziren taldeek euskaraz egiteko ohitura hartzea zen asmoaren helburua. Diseinu berria ere egin zuten gero, adina txikitu, euskara-eskolak bazter utzi eta aisialdi eskaintza erraztuta. Orain arte, dozena bat inguru udaletan jarri dute martxan: Gipuzkoako Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Beasain, Deba, Lasarte-Oria, Bergara eta Urnietan eta Nafarroako Burlata, Uharte eta Atarrabian.

Ikerketa-aholkularitza taldea eta prestakuntza

Lasarte-Oriako esperientziaren ostean, Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza Elkartea osatu zen, hasitako proiektuari eusteko. Euskalgintzan diharduten pertsona, elkarte eta erakundeak euskararen normalizazio prozesuan berezko taldeek duten garrantziaz ohartaraztea da talde horren helburua. Baita euskararen erabilera indartzeko bide berriak ikertzea ere.

Horrezaz gain, Kuadrillategi egitasmoa martxan jarri nahi dutenentzat 50 orduko prestakuntza ikastaroa ere antolatu du Elkarteak, proiektuaren teoria eta metodologia azaltzeko, eta orobat, berezko taldeetan euskararen erabilera sustatzeko Kuadrillategi Elkarteak eginiko ikerketen berri jasotzeko.

Diego Egizabal, Kuadrillategi egitasmoaren zuzendaria: «Gazteen arteko erabilera sustatzeko Kuadrillategi eraginkorra izan da»
Balorazioa oso ona egin duzue. Zein ondorio nagusi atera duzue?
Gure esku-hartzeak euskararen erabilera suspertzen du, koadrilak hainbat baldintza betetzen baditu eta gutxieneko denbora ematen badu esku-hartzean. Gure uste teorikoak indartuta eta baieztatuta geratu dira ikerketan. Horrek ez du esan nahi, ordea, Kuadrillategin izena eman eta helburuak lortzen direnik. Sustatzaileek oso erne ibili behar dute baldintzak bete daitezen, eta baldintzak betetzen ez dituen taldeari kanpora joan nahi ez badu bete behar dituela gogorarazten. Esku-hartzea eragingarria izango bada, esku-hartzean diharduten koadrila guztiek bete behar dituzte baldintzak, salbuespenik gabe. Salbuespenak ezinbestean eragiten dio sistema osoari eta esku-hartzearen muina bera kaltetu dezake.

Datu eta grafiko ugari argitaratu duzue horren harira. Nolakoa izan da euskararen erabileraren garapena?
Lagunen erabilerari dagokionez, Kuadrillategi aurretik 55 gaztek hitz egiten zuten euskaraz. Bi ikasturteen buruan, nabarmen egin du gora joera nabarmenik ez zuten gazteen kopuruak. Euskararen aldeko joera zuten gazteen kopuruak ere gora egin du, baina apalago. Gaztelaniaren aldeko joera zuten gazteen kopurua, berriz, erabat murriztu da. Euskararen aldeko joera zuten 55 gazteetatik 51k eutsi diote. Aitzitik, erabilera hobe zezaketen 50 gazte horien artean 23k lortu dute hobetzea, hau da, gazteen %62k. Horietatik 11 gaztek, gainera, euskararen aldeko joera lortu dute, erabilera hobe zezaketen gazteen %22k. Gainerako 20 gazteek modu nabarmenean hobetu dute erabilera, baina ez dute lortu helburua. Horiek horrela, esan dezakegu gazteen arteko erabilera sustatzeko Kuadrillategi egitasmoa eraginkorra izan dela.

Eta parte hartu dutenen euskara gaitasuna aldatu al da?
Gaitasunari gagozkiola, emaitzak apalagoak izan badira ere, datuek argi erakusten dute egitasmoan parte hartu duten gazteen kopuru handi batek hobetu duela hizkuntza gaitasuna. Kuadrillategi aurretik, 105 gaztetxoetatik 51 gaztek hitz egiten zuten euskaraz oso ongi; hortaz, 54 gaztek baino ezin zuten gaitasuna hobetu. Gaitasuna hobe zezaketenen %37k hobetu dute. Hortaz, hazkunde adierazgarria gertatu da. Edonola ere, multzoak banaka aztertuz gero, ez dirudi multzo guztietan hazkunde esanguratsurik izan denik. Hasieran euskaraz "oso ongi" hitz egiten zuten gazteen multzoan, adibidez, hazkundea txikia izan da; "nahiko ongi" hitz egiten zuten gazteen multzoan, aldiz, hazkundea esanguratsua izan da. Euskaraz oso ongi hitz egiten zuten gazteen multzoan ez da galerarik izan, eta euskaraz nahiko ongi hitz egiten zuten gazteen multzoan lagun bakar batek baino ez du atzera egin.

Zein dira Kuadrillategi proiektuko lan-taldearen helburuak?
Hainbat herri dabil Kuadrillategi egitasmoa martxan jarri nahian. Gure asmo bakarra herri horiei egitasmoa hasten laguntzea da. Esku-hartzea behar bezala gauzatzeko zerbitzuak eskainiko dizkiegu.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude